www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia
Juan Jose Mogel
1845; 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia, Juan Jose Mogel (Bitor Uragaren edizioa). Euskal Editoreen Elkarte, 1991.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKUSALDI X.a

 

        Mundubaren arrisku ta lazubak ez dira bakarrik gazteentzat, baita bere beste guztientzat. Ezin dirianak aztertu neizubeez, baña, iraitzian bada bere, aitatuko deutsubeedaz batzuk, argitasuneen bat emoteko.

        Oi dira baserritaarren artian bere tratu ta artu emonak. Euretariko batek baño geijagok zer pensau emon oi deutsee, eskola andijetakuak izan arren, erabagiteko zillegi edo lizito ete diran. Orregaitik dirautsubeet, tratuba ezpada ezagun garbija, itunduteko konfesore jakitun edo beste gizon aitu ta konzienzija onekoren bategaz ta jarraituteko bere eretxijari. Bide bagako irabazijak asko daukee infernuban; ta interesak erraz itxutu oi dituz arimako begijak. Tratuba garbija bada, esango deutsubee egin zinaijeela ta ez dozubee galduko itandubagaz; garbija ezpazan, librauko zaree diabrubaren sare andi batetik. Batzuk ez oi dabee itandu gura, ez, izanik eureen gisako jakiturija bagako edo ardura gitxikoren bati; eta onetan bertan erakusten dabee eureen kodizila ta konzienzija zabala. Zenbat usurerija ikusten ez da tratu askotan? Zenbat atxakija gero estaldu edo ontzat emoteko? Irabazijagaz pozturik, nok itxi eragin tratu deungiari, biurturik gaiski irabazi guztijak? O, kodizijaren egarri, iños ase baga, geruago ta egarri geijago emoten dabena! Kodizijaren itxutasun, sartubago ta illunago egiten ditubana! Ikusten dira irabazi deungaak darueezanak, beste gauza batzubetan aiñ begiratubak, baita deboto edo debotaak dirudijeenak: batzuk promesaak egiten, bestiak mezaak ateraten, errezu luziak egiten, sarri konfesetan... Baña, itxi tratu txaarrai ta biurtu bakotxari beria? Ori gitxitan. Onelakuentzat dator egoki: Leenago da obligazinoia, debozinoia baño. Estaldu gura litukeez eureen tranpaak azaleko debozinoiakaz. Ipokrita zorigaistokuak! Ara ezagututeko irudi bizi bat. Komedija baten atera ebeen tximiño bat kaballero jantzirik: peluka ta sonbrellu ederrak buruban, bastoia eskuban ta guztija apainduta. Pasietan ebillen komedijako salaan baterik bestera, jentiak eroturik berari begira eukazala. Alan egozanetatik batek esan eutsan alboko lagunari: «Gura dozu jakin nor edo zelakua dan pasietan dabillen kaballero ori?» Erantzun eutsan baietz. Orduban, aterarik poltsikotik esku bete almendra, bota zituban saliaren erdira. Izanik tximiñuak aiñ almendra zaliak, entzun ebaneko eureen otsa, aazturik komedija ta kaballerotasunagaz, salto eban kolpez eureetara, jausi jakozan peluka ta sonbrelluba batera, bastoia bestera ta gelditu zan billosturik, baña pozik bere almendraak jaaten. Ikusi egizube egoki ete jatorkeen jazoera au, esan ditudan tratalarijei. Laster billostuten dira azaleko debozinoietatik, interes galdubaren usaiña sentietan dabeenian.

        Izan oi dira beste tranpa batzuk bere gauza baten baño geijagotan. Onelakuak dira ganadubak saldutia, agertu baga errenkura kaltegarri ta esan biar diranak. Laboriak edo beste gauzaren batzuk emotia neurri laburregijagaz edo pisu arinegijagaz. Ikatz orde, illintxaz zakubak beteetia. Baso examiñaak konzienzijak erakusten deutseen baño geijago edo gitxiagotzat egitia, jazo oi dan legez, konbit, interes edo adiskidetasunakgaitik. Examiñiaz gañetiko arbola edo egurrak ebaglila, gaiski ta larregi iñaustia, geijago atera nairik... Errenterubak ikatz, arbola edo oneraak eureentzat artu edo saldutia ta eureen ardurara daukeezan basuei... ondo begiratu ezaz, kaltiak egiten istia. Ugazabaak biar baño errenta andijaguak ezarri ta kendutia edo errenta duiñekuaz ostian dugaik eragitia alogera zor jakeen lanak, jakiñik errenteru gaixuak ez dirala azartuko, bildurrez, ezer esan, ez eskatuten. Onelakuak sarri egin oi dira, errenterubak nora urtenik ez daukalako edo besteren batek geijago eskiñi deutseelako. Baña, jakin biar dabee ugazabaak, ezin artu leijeela, gizon aitubeen eretxijan, duiñ dan baño errenta goragorik, eskiñi deutseelako, beste baga. Usurerubei bere eskiñi oi jakee, baña ezin eruan leijee logrerijako interesik. Pobre nun sartu ez daukeenak, erraz eskintzen dabee edozer errenta; beste batzuk eskintzen dabee, auzo ta al dabenari ostu edo amarren primizijaak urritu ta inorenetik pageetako.

        Ugazaba asko prestago oi dagoz errenta larregijak artuteko, etxeetan biar dana egiteko baño. Gauza jakiña da etxiak biar ditubana familijaren duiñeko gela edo kuartuak; ta negargarrijak dira ez eukijak oi dakartzan arimako kaltiak. Leleengo arduriak izan biar dau matrimonijoko oiak albait aldendubeen imintia beste guztietatik. Bigarrenak, krijaurik badago ta etxian alaba edo krijadarik, nai semerik badago ta krijadarik, albait urrindubeen etzaa lekubak egokitutia. Irugarrenak, txikarretatik aparte erazotia seme alabatxubak. Diabrubak ez dau lorik egiten ta askok ez leuke sinistuko zein umetatik eragiten deutseezan okerkerijaak, ta eurak ez euki arren artian pekaturik, ezaguerarik ezaz, daukee erruba ugazaba biar diran gelaak egiten ez ditubeenak ta guraso eureen erruz arriskuban iminten ditubeenak. Batez bere, bost urtera eldu ezkero, euki biar da onetan ardura andija. Askok, ganadu tokijakaz ardura geijago artu oi dau, familijaren etzaa lekubakaz baño.

        LUISEK: Aitatu dituzun ezkero amarren primizijaak, gura neuke entzun eureen gañian jakin biar dana.

        AITAK: Antxiñako legian pagau ziran amarren ta primizijaak Jangoikuaren aginduz. Luurra egin ebanak berak emon eutsan, ta emoten deutsa, frutubak emoteko indarra ta, bera baga, alperrak litzaatez gizoneen izerdi ta alegiñak. Jangoikuaren borondatian dagoz euri, aixe, iruntz, edur gozatsubak, baita bere trumoe, txingor, arri ta indriskaak. Ikusi oi dira urte uste baño ugarijaguak, baita bere urrijak. Batzubetan erneeratik ta nosbait leleengotik asko eskintzen dabeenak, azkenik, ordu bateko arri abar batek ezer ezera biurtuten ditubala, bai gizoneen pekatubak kastigeetako, ta bai ezagutu daijeen ez daguala Jangoikua bagako ondasunik. Baldin lurrak erantzungo baleutsa beti gizoneen izerdi, neke ta alegiñei, usteko leukee, biar bada, emotian lurrak labore ta oneraak, ez dabela egiten beste gauzarik, eureen izerdi ta nekei zorra pagetia baño. Barriz, ikusirik alegiñik andijeenak imiñi, esperantzarik gozuenagaz poztu ta, orregaitik, bein baño geijagotan uts emoten dabela, erraz gomunteetan dira luur ta elementu guztien jaubia dala ondasuneen emollia. Alan, leleengo gizonak eskiñi eutseezan fruturik onenak Jangoikuari ta agindu zitubanian amarren primizijaak, pageetan zitubeen pozik; bada, guztia beria ebanak, bere eskuban eukan izenteetia zati bat beretzat, au da, bere tenplu, ministro ta oneen karguko gauzeentzat, zeintzubeen artian kontau biar diran pobre ixill ta agiri asko. Gauza jakiña da Jangoikuari emongo jakonak garbijak izan biar dabena. Gauza jakiña da, izan biar dana, batez bere, berak izentauriko premiñetarako duiña. Eta, zer gauza garbijagorik, Jangoikuaren indar ta gizoneen izerdijagaz lurrak emoten ditubanak baño? Barriz, beste irabazi askotan, sartu deitekez tranpa, lapurrerija ta irabazi deungaak, Jangoikuari eskintzeko baño, diabrubari opa izateko duiñaguak diranak. Zer abegi izan leijee Jangoikuaren aurrian, usurerija ta beste edozein bide okerretiko eskintsarijak? Ermoado esaten jakon gizon batek, geixo aldi estubak arturik, bialdu eutsazan San Launomaurori berrogei eskudo limosna, erregutu eijon Jangoikuari bere osasunagaitik. Artu zituban erreguben erreguz. Juan zan eurakaz oratorijora ta, imiñirik altara gañian, eskatu eutsan Jangoikuari ontzat artu egijala eskintsarija gaixuaren osasunagaitik. Andik urtenda asi zan bana bana dirubak konteetan ta, gelditurik bat bakarrik, biurtu eutsazan beste guztiak mandatarijari, zirautsala: «Esan eijozu gaixuari, diru bat artu dodala, bera bakarrik garbirik aurkitu dodalako; beste guztiak lapurrerija ta geistakerijaz loitubak dagozala ta ez daukeela indarrik Jangoikuaren aserria bigunduteko. Geistakerijako eskintsarijak gorrotaubak dirala bere aurrian». Eta, zer gauza aiñ duiñik, egijazko premiña guztietarako, lurraren frutubak baño? Nundik urteten dabee janak, jantzi geijak eta bizi biarrak eskatuten dituban gauzaak? Alan, Eleixa santubak lege barrijan, leenguaren irudijan, esan diran ta beste errazoe askogaitik, aginduten ditu amarren primizijak garbijenetik; ta gure obligazinoia da zuzen pageetia. Nekazari onak, ez bakarrik zuzen, baita bere pageetan ditu pozik, Jangoikuari jakon zorra legez, ezaguturik gauza guztien jaubetzat. Alan, gijau ta botaten ditubanian lurrera azijak, atseetan dau Jangoikuagan ta, ikusten dabenian eguzkijak berotu ta euri iruntz gozuak ezkotuten ditubala, bedeinkatuten dau, azkenik esker andijak emoten deutsazala, bere laboriak batutian. Ondo pageetan ez ditubanak, ukatuten deutsa Jaungoikuari zorra ta, gogo txaarragaz emoten ditubanak bere, agertuten deutsa esker deungia. Wielef herejiak erakutsi eban amarrena limosna bat zala ta kondenauba izan zan Konstanzako Konzilijo nausijan. Azkenik, uts egite au ta beste batzuk gaitik, aterarik eleixatik bere azurrak, botaak izan ziran kanpora.

        LUISEK: Gauza jakiña da obeidu biar izatia Eleixiaren agindubei, bere semiak izanik.

        AITAK: Jesukristok berak esan eban: «Eleixiari entzuterik emoten ez deutsana» (au da, obeiduten ez deutsana) «izango da zuretzat jentil ta publikanua legez». Zeiñ berez Jangoikuak agindu, zeiñ berak atarako izentaurikuen bidez, beraganik dator agindubeen indarra. Berez erakutsi ta agindu zituban amar mandanentu santubak, beti ta leku guztietan bardin ta aldakuntza baga gorde biarko ziranak legez. Berez itxi zituban sakramantu santubak ta emon beste erakutsi asko gure bizi modurako. Berez imiñi eban Eleixa santuba ministruakin, Pedro buru zala, leenago erakutsi neutsubeen legez. Ta berez emon eutseen Eleixako burubei eskubidia, iminteko premiñiak, arimeen mesediak ta bere honra ta glorijak eskatuten dituban legiak. Berak emondako eskubide onetatik datoz Eleixiaren agindubak. Oneek aldatu leiz Eleixiak berak, premiñiak, arimeen onak ta Jangoikuaren honra ta glorijak alan eskatuko baleu; baña berak ez aldatutera, obligauko gaitubee beti, ez dagualako lurrian Eleixiaren gañetiko eskubiderik. Alan, nosbait aldatu ta bigundu ditu Eleixiak bere aginduren batzuk. Oraingo barubak ez dira aiñ gogorrak zeinda antxiñako gizaaldijetakuak. Ez dira orain ikusten pekatu mortal bakar batgaitik, urte askotako ur ta ogizko barubak, beste penitenzija askogaz batera, komulgau bere baga egoten zirala, penitenzija guztijak osotu arte. Emendik bertatik dator jai geijago izatia erreiñu edo probinzija batzubetan beste batzubetan baño, ta bardin aurkitutia desbardintasunen batzuk amarren ta primizijak pageetiaren gañian. Bakotxak egin biar dogu geure probinzija edo erreiñurako Eleixiak aginduta daukana, izango bagara Eleixiaren semiak ta salbau gura badogu.

        Esan dot Jangoikuak berez erakutsi zitubala amar mandamentu santubak, beti ta leku guztietan bardin gorde biarko ziranak legez. Alan, ezin aurkitu lei motiborik euretatik bat austeko, munduko ondasun, ez bizitzia beragaitik bere. Baña Eleixiaren agindubak lotu edo obligeetan gaitubee bere borondatia dan aiñaan; ta ez da bere borondatia beti edo zirkunstanzija guztietan lotu edo obligeetia. Esaterako, Eleixiak aginduten dau meza osua entzuteko jai ta domeketan; gelditu zara meza entzun baga osasunik ezaz edo zeuri, nai beste projimoren bati, kalte andiren bat etorri ez ekijon, zu mezatara juanaz, nai benetako lotsari andi bat zeunkalako agirira urteteko, edo beste gauza astunen baten bildurrez. Bada, ez dozu ausi agindurik, ez egin pekaturik, zerren ez dan Eleixiaren borondatia obligeetia kalte aiñ andijak eukitera.

        AGEDAK: Nosbait ikusi dot ogeta bat urte igarotako jostun osasun onekua, baru egunian bere lanera juan, baña ez egiten, norbaitek esanik ez zedilla izan sinplia ta jan eijala, bestiak legez.

        AITAK: Ala gaiski. Iñoren esan ta burlaak ez dira asko baruba austeko, egin biar dabenarentzat. Mundutarren esanak ez dabee iñor librauko obligazinoietatik ta ez Jangoikuaren justizija zuzenetik. Baña jazo deiteke alako jostuna aurkitutia aiñ etxe pobrian, zeinda imiñi ezin leijuen baru egin ta bere lanei erantzuteko duiñeko janaririk; ta alde onetatik librau deiteke baru egitetik, pekatu egin baga. Janari ta alimentubak ez dira bardiñak izaten erri ta etxe guztietan. Alan, ezta baideetan ibilli baga, onduen da jostunak leenaz itundutia kura edo konfesore jakitun bategaz zer egingo dabeen onelako edo alako maijetan aurkituten diranian ta jarraitutia bere esanari.

        LUISEK: Berba egin dozun ezkero Jangoikuaren ta Eleixiaren mandamentubeen ganian, esan eiguzu zerbait bakotxak bere burubari imiñi oi deutsazan obligazinoe barri, au da, boto edo promesakgaitik.

        AITAK: Asko legoke zer esan eureen gañian, baña bakarrik aitatuko dot biar biarra; ta onetan bere diñot onduen dala itundutia konfesoriagaz, egin orduko. Baita, eginda bere, luzabideren bat badago; ta bardin seme alabaak promesik egin badabee, zerren geijenak oi diran gurasuak desegin leijeezanak, senarrak emaztiarenak legez. Borondate, desio edo guraari bat artutia ez da promesa, baldin obligau gura ezpadau atara Jangoikuaren aurrian. Promesak ondo pensaurik egin biar dira, sarri arin egin ta nekez bete edo kunplietan diralako. Geijenak oi dira konfesoriak aldatu leizanak; ta negargarrija da ikustia urte askotan oi dagozanak, ez aldatu, ez kunplidu baga. Promesak izan biar dau Jangoikuaren honra ta norbere arimiaren onerako; ta, alan ez izanik, ez dago promesik. Promes egiten bada gauza andi edo astuna, kunpliu biar da pekatu mortalaren beian; ariña bada, ta kunplidu ez, izango da beniala. Baña ara jakitun andi batek esan eustana. Boto edo promesak (estadukuetatik ostianguak), izanik norberak bere burubari iminten deutsazan obligazinoiak, ainbestian lotuten dabee, zeinda norberak gura daben, egiten ditubanian. Alan, izan arren gauza andi edo astunaren gañekuak, obligau gura ezpadau pekatu mortalaren beian, ez da obligauko ta bakarrik egingo dau pekatu beniala, kunplietan ezpadau. Berbarako, diño batek, «nik promes egiten dot, meza bat atara, limosna andi bat egin, baru... baña ez dot obligau gura pekatu mortalaren beian, ezpada obligazinoe ariñaren azpijan». Ai! zenbat konzienzijako kezka gitxiago izango litzaatian, onan egiñak izatera askoren promesak! Ez dot berba egiten erromerijeetara juateko promeseen gañian, eurakgaitik esan zanetik, ezagutuko dozubee jakin biar dozubeena.

 

aurrekoa hurrengoa