www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia
Juan Jose Mogel
1845; 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia, Juan Jose Mogel (Bitor Uragaren edizioa). Euskal Editoreen Elkarte, 1991.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKUSALDI II.a

 

        Jaijo jakeen guraso onei seme bat. Billatu zitubeen ejenplu oneko aita besuetakuak ta batiatu eragin ebeen luzabide baga. Imiñi jakon Luis Gonzagaren izena ta, biurtu ziranian eleixatik etxera, daruako amari seña ta dirautso:

        SENARRAK: Ara nun daukazun zeruko aingerubeen irudirik bizijeena. Nor zurtuko ez da, pensaurik ondo zelan geldituten dan batismua artuten dabena? Espiritu Santubak aututen dau Trinidade txito Santubaren tenplutzat, Jesusek bere odolaren seme barritzat. Bai, emen daukagu zeruko zorijontasuneen egijazko jaubegeija, pekatubaren norban baga aurkituten dana ta illtiaz besterik falta ez dabena Jaungoikuaren arpegi ederra ikusteko. Ai, zein ondasun andija geldituten jakun geure ardura ta mendian!

        AMAK: Laztandurik pozez seña, diño: Badakit entzun ala guztija gitxi dana, aituteko seiñ onen arimako edertasuna; eta, baldin geure erruz galduko balituz grazijazko doe aiñ ugarijak, zer erantzungo geuskijo egunen baten Jaungoiko emon deuskunari? O juizijo, gurasuak iños aaztu biar ez doguna!

        Osatu ta laster, juan zan eleixaan sartutera ta, eskerrak emonik, egiten deutsa Jaungoikuari señaren eskintsarija, dirautsala: Jaun guztijen Jaun ta Jaungoiko bakarra: ara emen nire erraijetako frutu, allagiña dontsutu dozuna. Zeuria da ta artu egizu zeuretzat betiko. Ez, arren, itxi demonio mundu ta aragijaren lazubetan jausten, ainbeste maite dozun arima oni. Neure biotz osuagaz dirautsadaz Dª Blanka Franzijako erregiñak bere seme Luisi esan eutsazan berba oneek: «Nai jago zendukedaz illik ikusi, neure semia, zeure bizitza guztijan pekatu mortal bakar bat egingo dozula jakin baño». Berba dontsu ta ondo entzunak; bada, eureen frutuba izan zan San Luis Franzijako erregia.

        SENARRAK: Badakizu naturaleziaren zorra dana, al izanik, norberak bere seña aztia. Eukiko dozu, bada, arduria, beintzat urte betian zeugaz ez eratzoteko. Sarritan jazo da ama luak artu ta jiraren baten oian bertan seña itotia. Ugatz galdurik bere, ez jakee aleginez emon biar ta begiratutekua da nun nai ez istia, animalijaren batek galdu ez daizan. Berba egiten asten danetik, erakutsiko deutsazuz Jesus ta Marijaren izen gozuak; ta lau bost urtetik aurrera, ikasiko dau buruz, gero, adiñera dediñian, aituten emon edo esplikau biarko jakon doktriñia. Saritxubakaz eta kastigu eurai jaokeenaz ekarten dira erraz eskura umiak. Lelengotik asi ta mendian daukaguzan arte guztijan, imiñi biarko dogu alegin osua eurakaz. Umetan, oraindik umiak dirala; gaztetan, eurak geruago konturatuko dirala; ara guraso ardura bageen atxakijaak, esateko, azkenik, azurrak gogortu jakeezala ta ezin dabeela ezer eurakaz. Obligazinoe guztijei batera itxi ta Jaungoikuaren agindubei burla egiteko bidia. Baña da diabruaren sare ezaguna, zerren, ume, gazte nai azijakaz, beti daukeez gurasuak ardura ta obligazinoe astunak, gorde biar ditubeenak, eureen mendian daukeezan arte guztijan.

        Izan zitubeen guraso oneek beste seme bat ta iru alaba, zeintzubei eritxuen Jabier, Ines, Ageda ta Sinforosa. Azi zitubeen amodijo bardiñagaz, erakutsirik buruz doktriñia txiki txikitatik eta, jakinik utsa zala jakitia, aituten ezpazan, argituten asten ziranetik, dirautsee:

        AITAK: Neure semiak: ikusten dituzubeez zerubak ta luurra eureen edertasun guztijakaz? Zelan eguzkijak argituten daben eguna ta illargijak gabari emoten deutsan laguntasuna? Zenbat izar eder goi zabaletan! Zenbat abere, egazti, patari, pistija, arrain, arbola, lora, bedar... luurrian! Bada, guztijak dira Jaungoikuak ezer ezetik atera edo egiñak. Ez zan leleengotik zeru, infernu, mundu, aingeru, ez gizonik. Jaungoikua iru personatan, asiera baga, bera beragan zorijontasunez beterik. Ez eukan ezeren premiñarik, ez iñoren biarrik. Baña bere ontasun ta amodijo utsez egin zituban zeru, luur, aingerubak ta gizona. Jaungoikuak berak, luur puska bategaz, egin eban leleengo gizonaren gorputza, iraatsi eutsan arima espirituba dana, apaindurik grazija ugarijakaz. Gizon oni imiñi eutsan Adanen izena. Artu eban Adan lo gogor batek ta, sentitzaka, atera eutsan Jaungoikuak saiets azur bat, zeñegaz egin eban emakumiaren gorputza ta, iraatsirik arima grazijaz apainduba, imiñi eutsan Ebaren izena. Iratzartu zanian Adan, emon eutsan emaztetzat ta dontsutu zituban, bete egijeen luurra eureen seme ta semeen semiakaz. Alan, eurak dira jaijo ta jaijoko diran gizon guztien leleengo gurasuak. Jantzi zituban jakiturija andi bateaz; emon eutseen eskubidia abere, arrain ta lurreko gauzeen gañian; ta librau orain daukaguzan gatx ta eriotzatik. Pekaturik egin ezpalebee, eurak ta ondoreengo guztiok biziko giñan luurrian zorijontasun andi baten ta, Jaungoikuak gura ebanian, eruango genduzan zerura.

        LUISEK: Zelan, bada, galdu zituban gizonak doe ta grazija ain ugarijak?

        AITAK: Jangoikuak gura izan eban gizonak bere aldetik zerbait egitia, ainbeste onera munduban ta betiko glorijaak zeruban izango bazituban. Atarako, emon eutseen onerako nai txaarrerako aukera edo libertadia, eskinirik sarijak oneentzat ta kastigubak deungeentzat. Imiñi zituban Adan ta Eba ortu gozatsu paradisukuan, zeñetan aurkituten ziran luurrian opa izan eukeezan egijazko onera guztijak. Beste arbola askoren artian, eguan bat onaren ta txarraren jakiturijaren arbolia esaten jakona; ta agindu eutseen unen frutatik ez jaateko, jausi gura ezpeebeen bere aserrian eureen ondoreengo edo jenerazinoe guztijagaz. Agindu erraz au zan, ezagutu ta autortu egijeen, bera zala Jaungoiko gauza guztien egilla ta jaubia. Baña ausi ebeen; ta ara zelan: Jangoikuak egin zituban aingerubak gizona baño leentxubago. Gorde eutseen geijeenak leijaltasuna, baña ez guztijak. Arroturik leleengo Luzifer, jarraitu eutseen askok bere eskintsari labanei ta, galdurik zeruko jarleku ederrak, jo ebeen infernura, Jangoikuaren justizijaren indarrez. Jakinik, bada, Luziferrek, irauten beebeen Adan ta Ebak Jangoikuaren obedienzijaan, eureentzat ta ondoreengo guztijeentzat izango zirala, berak ta bere lagunak galdu zitubeen zeruko glorijazko jarlekubak, enbidijaz beterik, artu eban asmua jan eragiteko arbola debekaubaren frutatik. Sarturik atarako sugiaren barruban, jarri zan arboliaren onduan. Urreraturik Eba, esan eutsan diabrubak: «zegaitik agindu deutsubee Jangoikuak, ez daizubeela jan arbola guztien frutatik?» Erantzun eutsan Ebak: «Guztietatik jaaten dogu; bakarrik galerazo euskun jatia Paradisubaren erdijan daguanetik». Orduban dirautsa diabrubak: «Ez jatzubee, jan arren, etorriko, bildur zareen kalterik. Badaki Jaungoikuak, jaaten dozubeen egunian, argituko dirana zuben arimeetako begijak ta ezagutuko dozubeena berak legez ona ta txaarra». Pozturik Eba eskintsari onegaz ta eretxirik ain ederra frutiari, jan eban; ta, emonik Adani, onek bere bai. Au da gure leleengo gurasuen pekatu orijinal edo jatorrizkua esaten jakona ta ondoreengo guztiok dakarguna, sustrai loitu ta galdubaren emokaijak legez.

        Adan ta Ebak, pekatu egin ta beriala, ezagutu ebeen diabrubaren engañuba. Atera zituban Jangoikuak Paradisutik ta aurkitu ziran Luziferren katiapian loturik. Galdurik ainbeste doe eder ta jakiturijaren aberastasunak, arroturik eureen griña edo pasinoiak, uzuturik aberiak, luur leenago oneraak aiñ erraz emoten zitubana, asi zan laar ta sasijak eskintzen, fruturik emon gura ez ebala, izerdi ta neke andi baga. Mundubau berau gelditu zan erbeste egiñik, bizi izateko gizona egun laburretan, premiña, gaixo ta naigabez inguratuba. Ez gaitian, bada, zurtu, Adanen seme alabeen jaijotzako leleengo soñuba izatiaz negarra; ta ezagutu daigun beragan etorkizuneen albistia, pekatu jatorrikuaren señale argijagaz batera. Begira zelan patari asko, jaijo orduko, asten diran salto, brinko ta parlantzuban; ta gizona negarrez! Esan daigun milla bidar ta pensau oraindik geijagotan: «bizi gara erbeste ta negarrezko ballian, pekatubaren kastiguban». Seneka filosofo jakitun baña jentil ta fede bagiak, ezin aiturik nundik ta zegaitik etorri eikiozan gizonari ainbeste neke, gatx, naibage ta negargarritasun bizitza labur onetan, ziñuan: «Naturaleziaren tranpa edo engañu bat da jaijotia gizona zentzun edo ezaugera baga. Baleki nora datorren edo zer itxaroten jakon luurreko bizitzaan, ez leuke jaijo gurako». Baña pekatubaren kalterik andijeena izan zan galdutia Jaungoikuaren amodijua, zarraturik alan betiko zeruko atiak.

        LUISEK: Zer egin eban, bada, gizonak, Jangoikuagaz baketuteko edo bere amodijora biurtuteko?

        AITAK: Utsak ta ezer ezak ziran gizonaren aleginak, erantzuteko Jaungoikuari, pekatubagaz egin eutsan injurijagaitik. Zer da gizona, Jangoikuaren aurrian? Pekatubaren erru edo kulpia da amai bagia, dalako Jangoikuaren amodijo neurribagiaren kontrako egitada eskergaistokua; barriz, gizonaren berezko alegiñak dira labur ta neurtubak. Biar zan, bada, pagatzalle amaibagako bat, pekatuba garbitu ta zorrari erantzuteko; ta onetarako ez eguan besterik Jangoikua bera baño, zeñek, Jangoikua zan aldetik, ezin ezer padezidu eukian. Zer egiten dau, bada, ontasun guztien ontasunak, bere justizijari osoro erantzun ta gizona salbeetako? Ondo dakizubee bigarren personia egin zala gizon ta emon zitubala atarako bere odol ta bizitzia.

        LUISEK: Nos egin zan gizon Jangoikuaren semia ta emon eban bizitzia gure amorez?

        AITAK: Bost milla eun ta larogeta emeretzi urte igaro ziran gizonaren leleengo pekatutik Jesusen jaijotzara ta ogeta amairu urtegaz emon eban bizitzia. Alan prestau biar eban mundubak egunik dontsubeen atarako. Orregaitik, aurreratu jakeezan Jesusen irabazi edo merezimentubak bitaarte atako gizonei bere; baña zelan zarraturik egozan zeruko atiak, justubeen arimaak juaten ziran Abrahanen seno edo linbora, nun itxaron ebeen, Jesusegaz zerura igon arte.

        LUISEK: Ondo gendukez barri ziatzago batzuk gauza orren gañian.

        AITAK: Jangoikuak agertu eutseen leleengo Adani ta gero patriarka santubei, zelan askatuba izango zan gizona pekatutik ta edegiko ziran zeruko miserikordijeen iturrijak. Adierazo euten jentei igarla santubeen aoz, nos, nun, ze jatorritatik ta zelan jaijoko zan donzella garbi baten erraijetatik. Eldurik erakutsitako denporia, aingeru ta izarrak agertu ebeen bere jaijotzia; ta zerubak lutubagaz, luurrak ikariagaz emon zitubeen eureen egilliaren ilbarrijak. Ogeta amairu urte igaro zituban munduban ta azkeneengo iru urteetan predikau eban bere ebanjelijo santuba. Biztuten zituban illak, argitu itxubak, zuzendu errenak, osatu gaixuak, garbitu pekatarijak ta agertuten eban gauza guztietan bere Jaungoikotasuna. Ill ta irugarren egunian biztu zan; andik berrogeigarrenian igon eban zerubetara, jente talda andija begira eguala. Aurrez agindu eutseen apostolu ta diszipulubei bialduko eutseela Espiritu Santuba argitutera, bere ebanjelijo edo lege santuba predikau ta zabalduteko, izanik judegubeen leenagoko legia barri onentzako prestaera bat.

        LUISEK: Irakurri dot sarri, txito galdu ta nasaituba eguala munduba, Jesus ebanjelijo santuba erakusten asi zanian: Jaungoiko guzurrezkuak adoreetan zirala mundubaren bazter zabaletan ta, judegubeen artian bere, geijeen geijeenak egozala itxutasun ta gogortasun negargarri baten ondaturik. Zelan, bada, zabaldu zaatian aiñ laster doktriñarik garbijeena lurreko bazterretaragiño?

        AITAK: Jesusek esleidu edo eskojidu zituban atarako amabi gizon argal, ez jakiturija, ez ondasun, ez entzute, ez agintaritza, ez beste munduko indar gauzarik eurakaz ebeenak, alan argiruago erakusteko nor zan bera ta ez ebala munduko andijeen biarrik, bere doktriña garbija zabalduteko, egiñik tonto batzuben bidez, luurreko jakiturija guztiak ez iños egin ta ez egingo al ebana. Imiñi eutseen apostolubeen izena. Bialdu eban zerutik, agindu eban legez, Espiritu Santuba, zeñek beingo baten aberastu zituban mundukuez gañetiko jakiturija ta eureen lan andijetarako biar zitubeen berarizko doiakaz. Asi ziran predikeetan, aituten zitubeela guztiak eureen sermoiak, egon arren berbeta desbardiñetakuak entzuleen artian. Barristetan zitubeen Jesusen millagruak illakaz ta bizijakaz. Zabalduten zan entzutia, urreratuten zan pilloka jentia eureen berbara. Duaz itxasoz ta liorrez, erririk erri, probinziarik probinzia, erreiñurik erreiñu, ta zabalduten dabee buter guztietan subaren arintasunagaz Jesusen zeruko berbia.

        Baña ez zan asko doktrinia zabaldutia, ez millagro andijak egitia; itxi biar ebeen gizaaldi guztijetarako testigantza argi bat, ezagutu eragiteko, ez zala asko ikastia, gorde biarko zala legia, goiturik izan leitezan eragozpenak, ta lurreko indar guztijak ezer ezak zirala Jangoikuaren gauzaak desegiteko. Begitandu jakeen munduko agintari, errege ta enperadore askori, Jesusen doktrinia zala eureen eskubideen kontrakua ta asi ziran apostolu ta leleengo kristinaubakaz, ta jarraitu ebeen gerokuakaz, billatuten alde guztijetatik, tormenturik gogorreenetan ilteko, baldin itxi gura ezpeutseen Jesusen legiari, eureenari jarraituteko. Lau gizaalditako historija, asieratik bertatik, dago gorriturik kristinaubeen odolagaz. Desegin ta aaztu eragin nai ebeen lurrian kristinaubeen izena; ta esan eukian gizon andi ta arruak neurtu gura zitubeela eureen indarrak Jangoikuagaz. Baña, ai! Eta zein itxubak diran gizoneen eretxijak! Zein argalak eureen alegiñak Jangoikuaren aurrian! Bai, guztijak urten eutseen bestera. Tormentubeen artian geiturik miraarijak, argituten ziran ugari arima itxubak. Kristinaubeen sendotasunak lotsatu ta, sarri, bigunduten zituban borreru gogorrak. Ume, zaar, gazte estadu guztietakuak erakusten ebeen atsegiñik andijeena, emotian lurreko bizitza laburra betiko zerukua irabazteko, ezagututen zala Jangoikuaren indarra instrumentu argaletan. Kristinau bakotxa illten ebeenian, dirausku Tertuliano jakintsubak, bere odol tantaak zirala beste ainbeste azi garau, ugarituteko millaka kristinau barrijak. Ara, bada, zelan zabaldu zan aiñ laster bazter guztietan Jesusen doktriñia.

 

aurrekoa hurrengoa