www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia
Juan Jose Mogel
1845; 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia, Juan Jose Mogel (Bitor Uragaren edizioa). Euskal Editoreen Elkarte, 1991.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKUSALDI V.a

 

        Aitaren berbaak eleixaan ikusi zitubeen gauzeen gañian, gelditu ziran txito josijak seme alaba guztien biotzetan. Ezagutu jakeen, batez bere, sarri konfesau ta komulgeetako gurari bizi bat; ta ez gitxien txikarrenari, zeñek oraindik ez eukazan zortzi urte. Konfesetan zan illian illian zazpitik aurrera, baña ez zan artian komulgetan. Agindu eutsan aitak juan zedilla bijaramonian konfesetara ta egijala konfesoriak aginduten eutsana; ta bestei juan zitiala aldizka urrengo egunetan. Arritutekua zan ikustia zertzuk egiten zituban ume inozentiak prestetako. Belauniko jarririk Santo Kristo baten aurrian, eskatu eutsan Jaungoikuari argitasuna, beste biar zituban prestaera guztiakaz, iminirik bitartekotzat Jesusen ama. Egin eban bere examinia ta, uts egite txikartxuren batzuk baño ezpeukazan bere, esanik biotzez iru bidarreragiño Neure Jesukristo Jauna, egin zituban, guenian, fede, esperanza ta karidadeko aktuak. Juan zan bijaramonian ta, zelan ekijan aiñ ondo doktriñia ta zan txito iratzarrija, agindu eutsan konfesoriak komulgetako. Ez da erraz adierazoten bere poza. Biurturik etxera, dirautsee gurasuei: «Konfesau nas kura jaunagaz ta, beste gauza on askoren artian, esan deust maitatu daidala arimako garbitasuna bizitza guztian. Ai, zeiñ andijak izan biar daben, erakutsi deustanez, bautismoko grazija galdu baga, eriotzako orduban Jangoikuari arimaak entregeetan deutseezaneen zorijontasuna! Agindu deust komulgeetako ta, ondoren, eskini nakijuela Jesus ta aniari eureen alabatzat, opa daijuedazala neure biotzeko giltzak, gorde naijeen beti pekatutik, ta barristau daikedazala eskintsari oneek, batez bere komulgeetan nasanetan. Alan egin dot ta poz andijagaz igaro jat orduren bat eskerrak emoten».

        AITAK: Asiera onak asko egiten dau, baña ez dago zerurik jarraitu ta ondo amaitzen ezpada. Orregaitik bizi biar dogu beti Jangoikuaren bildur santuban, geure eretxitasun baga, ta eskatu berari irauteko grazija. «Zorijonekua beti bildur dan gizona», dirausku Espiritu Santubak. Bizi gara munduban iru arerijo sendoren erdijan, dakizubeen legez. Saul, Ozias, Joas ta Roboan erregiak aldi baten onak izan ziran, baña galdu ziran, iraun ez ebeelako. Eleixako historijeetan aurkituten dira Pelajiuak, Pelaijuak, Sapriziuak ta millaak ta millaak, galdu ziranak iraun ezagaitik; ta euren artian, ara zer dirauskun Kasianok Eron eritxon monje batgaitik: Bizi izan zan bakartadian berrogeta amar urtian, penitenzijarik gogorreenak egiten. Aiñ zan gogorra bere gorputzarentzat, zeiñda bildurrez oi eguan Paskua egunian bertan katillu bat indidar jaateko. Alan bere, engañau eban diabrubak azkenerako, galdu eragin eutsan obedienzija ta ill zan penitenzijaren señale baga.

        LUISEK: Diabrubaren tentazinoe andijetatik batek, pekatuban jausi gaitian, izan biar dau sinistu eragitia txito erraza dala pekatutik urtetia edo penitenzija egitia.

        AITAK: Errazago da grazijaan daguanian Jangoikuaren agindubak gordeetan, zeinda ez diabrubaren mendian jausi, andik urten, penitenzija egin ta aurrera leijal izaten. Gauza andijagua da arima illa grazijara biurtutia, gorputz illa biztutia baño. Jesusek berba utsagaz biztuten zituban illak, baña bere bizitzia galdu eban, guri grazijaren bizitzia eskintzeko ta atarako bidiak edegiteko. Orregaitik, egija da diabrubak, pekatuban jausi eragitearren, sinistu eragin gura deutsala askori, erraza dala penitenzija egitia; ta gero, bera izaten da, urten ez daijeen indarra egin ta pekatu barrijetan jausi eragiteko lazu gogorraguak iminten deutseezana. Jausi eragiñik pekatu baten, luza erazoten deutsee konfesinoia ta, engañaurik errazago bigarrenian, daruaz lotuba, pekatutik pekatura. Orduban dakarkijue gogora geruago egingo dabeela penitenzija ta, imiñi eragiñik Jaungoikua azkeneengo lekuban, jarten jakee bera aurretik, adorau daijeen pekatubeen inzensuakaz. Kristinau batek ezagutu biar leuke zer burlia dan aragi ta mundubari mamiñak emon ta azur igarrak Jaungoikuari eskintzia. Al dan artian, pekatubari jarraitu ta, izango daben ez dakijan denporarako, Jangoikua istia. Ezagutu biar leukee zer arrera izan leijen eureen egilla zuzenaren aurrian. Bai, ta zein egoki diñuan San Bernardok infernuba beterik daguala geroko propositu onez. Egijaz, mesederik asko egiten deutsa, pekatu bakar baten jausi danari, ordu atan bizitzia ez kendutiaz, Zanbri, Giezi ta beste askori legez. Mesederik asko egiten deutsa deitutia penitenzijara laster ta urrengo egunerako itxi baga. Ta, orregaitik bere, oi dirautsee alako pekatarijak ezetz, eurak artuko dabeela nai dabeen denporia pekaturako ta eurak jakingo dabeela nos penitenzija egin. Au ezpada Jaungoikuari burla egin gura izatia, ez dakit zer esan. Jangoikua egon dedilla zain, pekatarijak nai daben arte, erantzuteko, bitaartian, pekatu barrijakaz bere pazienzija edo eruapenari. Berba baten esateko, eurak artu gura ditubee zeruko giltzak, nai ditubeenian edegiteko, ta jokatu otuten jakeen legez Jangoikuaren justizija ta miserikordijagaz. Diabrubaren itxutasun negargarrija! Baña Jangoikuaren berbia da, ez deutsala iñok burlarik egingo.

        Ezin kontau neiz, uste baga, beingo baten ilten diranak, ill orduko buruba galdu ta konfesinoian zer esaten dabeen ez dakijeenak, arrastaka legez sakramentubak artzen ditubeenak, arrija baño gogorrago geldituten diranak eureen pekatubeetan; bakarrik berba egin gura deutsubeet, gaztetako pekatubei itxi ta urte luzeetan bizi diranen gañian. Uste oi da, onelakuak biurtu zirala Jaungoikuagana, baña ez da alan jazoten askogaz. Ez da bardin mundubak ta pekatubak norberari istia, zeinda norberak itxi ta Jangoikuaren amodijo egijazko batera biotz guztiti biurtutia. Diabrubak zainduten dituz gure griña, urte ta estadubak; ta guztioentzat daukaz berarizko tentaziñoe ta sariak. Gaztetan lotuten zitubanak lujurija ta bere okasinoiakaz, lotuten ditu gero, bata gorrotuakaz, bestia tratu gaistuakaz edo murmuraziñoe, ordikerija edo bestelako pekatuko lazuren bategaz; baña, batez bere, ejenplu txarreko matrimonijuagaz ta seme alabeen azaijera deungiagaz. Onelako gurasuak oi dira eureen gaztetako pekatubeen oiñordiak isten ditubeenak, munduko okasinoe nasai ta aragizko idoluei jarraituteko. Nun da, bada, penitenzija zintzo ta benetakua? Nok esan daike biurtuten dala Jangoikuagana, pekatu batzubei itxi ta beste batzubetan sartuten dana?

        INESEK: Konfesore on bat artutiak lagunduko dau asko, diabrubaren sariak ezagutu ta Jangoikuaren bidiai jarraituteko.

        AITAK: San Basiliok dirausku, imini daigula ardurarik andijeena billatuten konfesore betiko salbazinoeko kai edo portura ondo zuzenduko gaitubana. Lan guztien lana, irabazi guztien irabazija da gure arimeen salbazinoia. Beragaz irabazten dogu guztija, ta bera baga, guztija izango da galduba betiko. Ikusirik San Ignaziok Jabier (bijak Parisen estudijuan ebiltzala) aiñ argi, jakitun ta naturaleziaren doez betia, mundubak palagu andijakaz beraganatu gura ebala, esan eutsan bein, itzal santu bategaz: «Ai Jabier, Jabier! zer aterako dozu munduko onera, anditasun ta leunkerijeetatik, baldin galduten badozu betiko zeure arimia?» Berba zorijonekuak, grazijagaz batera biotz bigunian jausirik, emon eutseenak Eleixa santubari San Franzisko Jabier Indijeetako apostolu andija! Izanik, bada, berba areek, leenago Jesusek berak guztioentzat esandakuak, zelan billatuko ez dogu, geure arimaak salbeetako, al dogun laguntasunik oneena? Gaixuak gura oi dau medikurik jakintsubeena, auzilarijak abogaurik argijeena: zer egin biar ez dogu, bada, geure arimako osasun ta betiko auzija irabaztearren? Konfesoreen duintasuna ezagututeko, ara argitasun batzuk: Iru lan edo ofizijo dituz konfesoriak: maesubarena, erakusteko; medikubarena, emoteko sendagarrijak, pekatuban jausi ez gaitian ta jausi diraneentzako; ta juezarena, erabagiteko zuzen, nos ta zelan emon, edo luzatu naiz ukatu, absoluzinoeko sentenzija. Guztietarako biar dau jakiturija andija; bada, ain baga, zelan izan deiteke ez maesu, ez mediku, ez juez ona? Maesu izatiak, eskatuten deutsaz ontasun ta birtutiak, berbia otza oi dalako, ejenplubak lagunduten ezpadeutsa. Medikuba legez, aztertu biar ditu ondo pekatu ta eureen jatorrijak, ebagiteko pekatubeen bidiak ta osatuteko sustraiz arimako gatxak. Jueza danez, euki biar dau zuzentasun ta sendotasuna, erabagiteko bardintasunagaz aberatsakaz zein pobriakaz, ezagunakaz zein bestelakuakaz, begiraturik bakarrik bere prestaerara.

        Errukarrijak arako pekatari itxu, konfesore nola nai igaroko ditubeneen billa oi dabiltzanak! Ta onikuak oi dira asko, konfesorerik jakitun ta onenaren premiñarik geijen daukeenak. Baña, osatu gura ezpada pekatubetatik, zetarako dabee konfesoria? Zetarako absoluzinoe infernuban ondoraago sartuko ditubana? Ta, osatu nai badabee, zelan billatuko ez dabee, eureen pekatu ta okasinoiak ondo aztertu ta osagarri egokijak emongo dituban arimako medikuba? Berbarao: norbait jausi da pekatubetan, dala eskuz, berbaz, pensamentuz, gurariz edo, ostian, lagun deungaakaz batu dalako, adiskidetasun txaar bat artu dabelako edo onelako edo alako ibillera nasaijetara juan zalako. Konfesau arren pekatuko ekanduba, baldin konfesoriak artuten ezpaditu azterrenak, nundik sortu ziran, eta ebagi eragiten ezpadituz bidiak, ezagutuko dau pekatarijak berak, leengo okasinoiakaz barristauko dituzala leengo pekatubak eurak. Zelan, bada, alde egin, konfesore eureen gatxak ondo aitu ta osatuko deutseezanetati ta, eureen ordez, billatu, ardura gitxiko, arin igaro baña leen baño deungago itxiko ditubenak? Bardin aituten da beste pekatarijakaz. Jesusek diño: «Itxubak itxuba badarua, bijak jausiko dira zulora». Santa Teresa Jesusek, San Franzisko Salesek ta beste santu andijak dirauskubee, konfesore askoren artian, al daigun oneena billatuteko; ta zenbat arrisku geijago nai konzienzija nastaubago, ainbat dago onetarako premiña estubagua.

        Konfesore on bat arturik, txito da ondo ainbat sarrrijeen konfesau ta komulgeetia, batez bere gazte denporaan, zeñetan oi daguan nekerik geijeen amodijuaren griña edo pasinoia eziten. Gure biotza ezin legoke zerbait maitetu baga; orregaitik dirausku San Agustinek: «Maite izan egizubee, baña begira zer maitatu biar dozubeen». Ez beintzat lurreko usteltasun ta nasaikerijaak, zeintzubeen menpeko izateko ez jakuzan emon biotzak, ezpada, Jangoikua, arimaak ta birtute garbijak. Nok amodijo geijago biotzetan, Luisak, Estanislauak, Teresaak ta Katalinaak baño? Nok ainbeste poz, atsegin ta gozotasun? Zorijoneko biotzak, alako amodijo garbijak billatu ta eurakaz ordituten diranak. «Neure maitiak», dirausku Jangoikuak Salomonen aoz, «orditu zaitezee nigan». Orain, bada, ez dago gauza aiñ indartsurik, biztuteko geure biotzetan Jangoiko, geure arima ta birtuteen amodijua, zeinda diran konfesinoe ta komuniñoeko sakramentuba. Amodijo garbi onek desegiñik geure biotzetan amodijo deungaak, argalduten dau okerrerako griñia, erakusten dau amodijo nasaijeen ezaintasuna ta jarten da geure arimiaren jaube, biotzak eskatu biar dituban gozotasunakaz. Alan, batez bere, diñot ostera, gazte denporaan, aurkiturik biotzak ain samur ta maitatu naijak, ainbat sarrijeen konfesau ta komulgetia izango da biderik erraz ta segurubena, eureen arimaak garbi gorde ta zeruba irabazteko. Ez da au esatia zaarrentzat ez dala guztiz ona; bai, bai, ona baño obia da, baña berezko mesedegarrizkua gazteentzat ta zaartzarako bere balijoko dabena. Barriz, edozeñek daki gaztiak ibilbide obia ta sendotasun geijago daukeela zaarrak baño, sarrijago juateko. Ez daikedan orain esan tontoren batek: ez daukat pekatu andirik ta, zergaitik juango nas aiñ sarri konfesetara? Bada, konfesinoiak, pekatubak parkatuten dituban legez, ondo egin ezkero, geituten dau guztiz grazija ta indartuten dau pekaturik ez daukan arimia, leenagoko pekatu andi nai benialen baten damuba euki ezkero. Ta, zenbat geijago komuniñoiak? Ostian, zenbat induljenzija irabazten ez dira geuretzat ta arimeentzat, sarri konfesau ta komulgaubagaz?

        LUISEK: Entzun dot iños esaten baserrikuen bizitzia arrisku gitxijagokua dala beste lan ta opizijo batzubeena baño; ta aurreratu leitekiala asko birtuteko bidian, ainbeste nekeren artian.

        AITAK: Nekazarija izan zan Adan, nekazarijak Abrahan ta antxiñako patriarka santu asko. Eleixako historijeetan millaka aurkituten dira nekazari santubak, ta, eureen artian ondo entzuna, San Isidro atxurlarija. Baña nekazarija izan zan Kain zorigaistokua bere ta bardin beste ezin kontau aña, Jangoikuaren bildur santuba galdu ta kondenau ziranak. Ofizijo, lantegi ta kargu guztietan, nai dirala gorputzeko, nai arimeen preminetarikuak, izan giñaindez onak ta txaarrak. Egija da batzuk arrisku geijagokuak dirala; baña guztietan dagoz arriskubak ta bakotxak bere saillaren kontuba emongo dau. Apostoluba izatiak ez eban Judas salbau, ezta Saprizio ta beste asko bere sazerdote izatiak. Jangoikuaren agindubak dira zerurako bide bakarra. Baserrikuak, beste tratu ta artu emonetan naastetan ezpadira, aldendurik dagoz errijetako okasiñoe askotatik, baita bere alperrerijak oi dakartzan ekandu deungeetatik. Baserriko batek, goixian bere lan izerdijak bijotz garbijagaz Jangoikuari eskiñi ta bere izenian ondo badaruaz, zenbat irabaziko ez dau arimarako? Diñot arima garbijagaz, zerren pekatu mortalian egiten diran gauzaak, illak izanik, ez daukee merezimenturik. Baserrikuak daukaz urreen urreen Jangoikuaren ontasun ta altsutasunaren gomuntagarririk bizijeenak. Esnaatuten dabee gabian oillarren soñubaak, ganadubeen orruaak ta Jangoikuak gizonarentzat egin zituban patarijeen zarataak. Goix jagirik, dakus eguzkijaren urtaiera pozgarrija, estalduten ditubala illargi ta izarreen argitasunak, entzunik, bide batez, txoritxubak eureen soñubakaz egunari emoten deutseen ongi etorrija ta gizonari bere albistia. Etxetik urten orduko, agertuten jakoz begijeen aurrian arbola, bedar, lora, fruta ta Jangoikuaren erregalu agirijak. Ereitera badua, gogoratu daikez azi erdi usteldutik urten daruen ondasunak, miraarituteko Jangoikuaren altsutasunagaz; ta, batuten ditubanian, bedeinkatu pozez beterik guztien jaube ta emollia. Gei benetan egokijak, Jangoikua goguan euki ta bere esker onian bizi izateko. Baña diabrubak ez dau lorik egiten ta luzatuten ditu bizimodu guztietara, Jangoikuagaz aaztu ta bere sarietan sartu eragiteko okasinoe ta asmuak. Eta, zelan konbideetan daben aragijaren erara, zabaldu dira ugari baserrijetan euretan, gero esango deutsubeedan legez.

        LUISEK: Egijaz, zerubak ta lurrak gauza arrigarrijak erakusten deuskubeez ta itxubenari argitu eragin leijuee Jangoiko eureen egilliaren anditasuna.

        AITAK: Baita bere adierazoten dabee gizonaren anditasuna. Ai, eta zenbat bidar gozatuten naben neure artian, pensamentu onek! Entzun ta aitu ondo. Ikusten dogunian luurrian jasoten palazijo edo jauregi bat, bere anditasun, edertasun ta apaingarrijak erakusten deusku izan biarko dabela andi edo guztiz aberatseen baten bizi lekuba. Egin zituban, bada, Jangoikuak osaro zeru ta luurrak, eureen edergarri guztiakin; ta ara jauregija. Baña ez eukan oraindik jauregi onek bizijaube edo ugazabarik. begitanduten jat emen, aingerubak itanduten eutseela alkarri: «Norentzat egin ete dau Jangoikuak jauregi eder baño ederrago au? Nor imiñiko ete dau bere nausi ta ugazaba?» Baña laster atera zituban ez jakin onetatik, egiñik gizona bere irudira, iños amairik izango ez daben arima edo espiritubagaz, ta emonik ugazabatasun guztija, eskintzen eutsala oraindik jauregi ederragua zeruban, leijala izaten bajakon mundukuan.

        Gura dozubee ezagutu oraindik argiruago, zelan jauregi eder onek erakusten deuskun gizonaren anditasuna? Egon zaitezee adi. Ez dago iñor aitu daikianik, izarretatik asi ta palazijo onen zabalera ta anditasuna. Luurra, bere ibai ta itxasuakaz, ain da txikarra palazijo onetan, zeinda aree garau bat itxaso guztietako areien aldian. Jakitunak dirauskubee eguzkija millinoe bat bidar andijagua dala, luurra, bere itxaso ta ur guztiakaz, baño. Eguzkija guztiz da txikarra izarreen aldian. Lurretik eguzkira botaten ditubee ogeta bost millinoe legua; baña askozaz ta askozaz geijago izarreetara; ta urrintasun onek egiten dau gure begijei aiñ txikar iruditutia. Nok kontau daikez zeruko izarrak? Nok neurtu zenbat bide egon deitekian batetik bestera? Zelako zabaleria daukee, bada, lurraren ingurubak, goitik beerako guztian? Bakarrik daki egin zituban Jaungoikuak; Orregaitik, edozeñek ezagutu daike zein txikarra dan lurra eureen aldian. Baña Jangoikuak imiñi eban lurrian gizonaren bizi lekuba edo gelia; eta, zelan ugazabaren gela edo aposentubak eruan biar daben atenzinoe edo ardura guztija jauregi edo palazijuetan, beretzat izan biar dabelako serbitzari guztien alegin ta menpetasunak, orregaitik munduko gauza guztijak emon biar deutseez eureen ezaugera ta oneraak lurrari, zeñetan bizi dan gizon eureen ugazaba. Alan, dakusku eguzkijak botaten ditubala lurrera bere argitasun ta berotasuna, zerubak bere iruntzak, odeijak eurijak ta irargi izarrak, ez bakarrik gozatuten ditubeela gizoneen begijak, baita bere emoten deuskubeezala geure bizitzarako oraindik iñok aitu ez dituban onerarik asko. Beraz, munduko palazijo andi ta eder onetako gauza guztijak, izan arren askozaz andijago ta ederraguak, dagoz lurrari begira, pageetan gau ta egun ugazabarentzat, au da, gizonarentzat, eureen onera guztien zorra. Pensau egizubee sarri ta astiro, artuteko gizonaren anditasunaren ezaugeraren bat. Ezin aspertu nas gauza oneek aztertuten, Jaungoikuari eskerrak emon ta alabeetako.

        LUISEK: Ez dakit zelan aaztu deitekian gizona alako anditasunagaz ta bat egin gura daikian bere buruba lurreko aberiakaz. Eta Jangoikuak munduban imiñi beuskuzan ainbeste onera ta edertasun, zertzuk ete daukaz zeruban anima eijaleentzat?

        AITAK: Ez miiñak esan, ez gure adiñak ezagutu daike zenbateragiñokuak diran zeruko edertasun ta glorijaak. «Aiñ da andija, diño San Agustinek, «Jangoikua ikustiak emoten daben atsegiña, zeinda pozik itxi biar gendukez lumari bizitzarik luzeenian izan ginaizan guztijak, egun bakar baten zeruban egotearren». Onetarako dakartz Dabid errege santubak Jangoikuari esaten eutsazan berbaak: «Jauna, oba da ni egun bakar baten zure aurrian egotia, ez izan arren etxe barruban bertan, edolabere ateetan, zeinda ez milla urtian bizi izatia lurreko atsegiñetan». Aurkiturik monje bat koruban kanteetan Dabid beraren berso au: «Jauna, milla urte zure aurrian dira atzo igaroriko eguna legez», sartu jakon guraari bizi bat jakiteko zelan milla urte iruditu zaatezan aiñ arin edo labur. Pensamentu onetan eguala, agertu jakon aingeru bat txorijaren itxuraan ta, aillagiña gozatu eban bere soñubagaz ze, nundik nora ez ekijala, senetik aterata legez, geldi geldi eruan eban basamortu batera. Emen egon zan pozez zoraturik, nun aurkitzen zan ez ekijala, soñubak zirauban artian, jan, edan, lo ta premiña guztiakaz aaztuta. Ezkutau jakon txorija ta, denpora puska bat igaro ebalakuan leku atan, biurtu zan konbentura, koruko orduba zalako ustez. Baña, ez berak iñor, ez bestek bera ezagutu ebeen. Esan eutseen zala konbentu atako sakristauba ta emon zituban bere abat ta laguneen izen ta señaliak; baña ez eutseen emoten sinisterik, entzuterik bere ez eukeelako. Azkenik, azterturik konbentuko liburubak, ezagutu ebeen irureun urte leenago aldendu zala bere izen ta señaleetako monje bat konbentu atatik. Bada, baldin aingeru baten soñubak bere gozotasunagaz ain labur egiten badituz gizaaldijak lurrian bertan, zer izango da ainbeste millinoien millinoe aingeru, espiritu argi ta zorijoneko guztien artian, Jangoikuaren arpegi ederra ikustia? Ta, zer betiko edo amaibagaak dirala bere atseginak ziur jakitia? O, zorioneko inozenzija! Zorijoneko penitenzija! Zorijoneko Jangoikua gauza guztien gañian maitatutia ta pekatuko bide ta pekatutik aldendutia!

        LUISEK: Eta, zer esaten deuskuzu, zerurako bidiai jarraitu gura ez deutseenakgaitik?

        AITAK: Ez dago guretzat beste bitaarterik, zeru ta infernubaren artian, lurreko egoera labur au baño. Emen irabazten da bata edo bestia. Jangoikuak egin genduzan zerurako: zerura deituten gaituz grazija ugarijakaz, benetan gura badogu. Geuk egin gura ezpadituguz atarako eskatuten diran gauzaak, geuria izango da erruba. Esan dot benetan nai badogu, zerren guztiok nai genduke, zeruba berekautan emongo balitxakegu. Baña diño Espiritu Santubak: «Alperrak gura dau ta gura ez dau; orregaitik, biarra egiten dabeen arimaak aberastuko dira». Nekazari alperrak bere gura litukez labore ugarijak; baña ezin esan deiteke daukala egijazko borondaterik. Nekazari onak biarra egiten dau, ta onen borondatia da zintzo ta egijazkua. Alan, zerurako bidian nekatu gura ez dabenak, ez dauka salbeetako biar dan borondaterik. Bakotxak esleiduten dau naijeen daben bidia: batzuk zerurakua, bestiak infernurakua.

        «Eruan daigun pensamentuba infernura, lurrian bizi garian artian», diño San Agustiñek, «gero juan ez gaitekezan, urten ezingo dogunian». Egijaz, ondo ta sarri pensaurik ikaragarrizko leza atan, ez litzateke arako biderik egingo, ta bai pozik salbeetako biar dan guztia. Baña askok ez oi dau pensau gura, etorriko ezpalitxakee legez penseetan ez dana. Borondatezko itxutasun negargarrija! Ez dago epe edo plazu beteko ez danik; ta alan osatuko jako pekatarijari, Jangoikuaren justizijak erabagirik daukan ordu ta instantian. Ara zer dirauskun Santa Teresa Jesusek infernubaren ganian: «Egun baten, orazinoian aurkituten nintzala, uste baga ta zelan ez nekijala, iruditu jalan infernuban nenguala. Ezagutu neban Jangoikuak gura ebala ikusi neijan kondenaubeen tokija. Guztija igaro jatan denpora puska baten, baña uste dot ezin aaztuko jatala, bizi nasan artian. Begitandu jatan sarreria kale estu, luze ta illun bat legez. Uste neban beian ikusten nebala ur atsituzko pozu antz andikua ta pistija dongaz betia. Azkenian dago toki bat orma artia dirudijana, zeñetara eruana izan nintzan estu estu. Artietakua utsa zan anguaren aldian. Sentiu neban neure arimaan, esan al neijan baño su gorijagua. Gorputzaren tormentu ain andijak ze, igaro baditut bere, medikubeen eretxijan, munduban igaro leitezan andijeenak utsak ziran eureen aldian. Baña au bere gitxi da arimiak daukazan agonijeetarako. Ito biar ta ito ezin, esturasun desesperau ta amorruzko adierazo ezin dodana, zerren gitxi da esatia, dala beti arimia ateraten egotia legez. Ezin, bada, aituten emon nei, arima barruko su ta amorruba, oñaz ta tormentu andijeez gañetik. Sentiduten neban erre ta zatituten nenguala ta ez neban ikusten nok egiten eustan. Ez dago an jarterik, etzuterik, ez lekurik; bada, imini banindubeen bere orma zulo baten legez, ormaak euraak estutu ta iminten dabee ito biarrian. Ez dago argirik: guztia da illuna; ta, orregaitik, ez dot aituten zelan, baña ikusten dira pena eta tormentuba emoten dabeen gauzaak. Utsa da irakurri, entzun ta penseetia. Gelditu nintzan aiñ bildurtu ta izutuba, zeinda, sei urte igaro badira bere ordutik ona, begitanduten jat gorputzeko indar guztijak juatazala bere gomuntiaz. Emendik sartu jatan alako penia ainbeste arima kondeneetan diralako, ze, uste dot ziur ziur, pozik artuko nitukiala eriotza asko, arima bakar bat ara juatetik libretaarren. Ikusten dogunian emen penaz, ondo gura deutsaguneen bat, errukitu ta, sarri, estutu oi gara, azkenik eriotziak amaituko baditu bere lurreko penaak. Baña ikusirik demoniuak egunoro daruazala ainbeste arima, amaituko ez diran tormentu ikaragarrijetara, zelan atseen edo sosegau giñaindez!». Orain artekuak izan dira santiaren berbaak. Irakurri bediz, ostian, San lgnazioren ta beste santu askoren liburubetan iminten diran infernuko tormentubeen irudijak, baña ez dira elduten eureen keriza labur bat emotera. Pekatu mortal bat da asko kondeneetako. Geijago egiten dabenak, izango dituz tormentu geitubak, bere pekatubeen neurrijan, pekatu mortalian dagozan arima gaixuak, eldu ditiala laster baño laster garbitutera penitenzijako iturrijan. Ez dakit zelan lo egiten dabeen, ez jakinik iratzartuko ete diran infernuban. Gau bakotxak, bataz beste, daruaz eternidadera berreun milla edo geijago arima, jakitun andijak dirauskubeenez. Eta nok daki bere azkenengo orduba? Nok daki, oera osasunagaz juan arren, gau atan bertan esnaatuko ete dan eternididian? Esan danetik ezagutu deiteke, ez daguala eureen buru kaltekuagorik, betiko bizitziagaz aazturik bizi diranak baño.

 

aurrekoa hurrengoa