www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia
Juan Jose Mogel
1845; 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia, Juan Jose Mogel (Bitor Uragaren edizioa). Euskal Editoreen Elkarte, 1991.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKUSALDI XIII.a

 

        Seme alaba ain ondo azijak jarraitu eutseen gurasuen erakutsijei ta artu ebeen estaduba kristinau egijazkuen prestaera garbijagaz. Bizi ziran guztijak poz andijan; baña Jangoikuak probau ta sendatu gura izan zituban eureen birtutiak, neke ta kurutze gogorreen bidez. Eureen ona ikusi nai ez ebeen batzuk egin eutseezan kalte andijak baso ta irabazijetan. Galdu jakezan makiña bat ganadu gaixo gogor bategaz; ta, azkenik, ill jakon Juani bere emazte birtuosia. Orduban ikusi zan iñosko onduen baserritaar jakitun onen biotzeko sendotasuna. Ezaguturik Jangoikua zala gauza guztien jaubia, ez eukala gizonak berak emon bagako gauza onik, ez arbola baten orrijak zirgiñik egin leijala, ez beste gauzarik jazo leitiala Jangoikuak gura izan edo laketu baga, gauzarik garratz ta mingotxenetatik atera biar zitubala irabazirik andijeenak Jesus kurutzian ill zanaren diszipulu edo jarraitzalle izango zanak, eskerrak emoten eutsazan Jangoikuari, zirautsala: «Zuk, Jauna emon zeustazan; zuk kendu deustazuz; dontsu edo bedeinkatuba izan zaitiala gauza guztietan. Billosik jaijo nintzan ta billosik gelditu nadilla, alan biar bada, zu geijago maitetu ta neure arimia salbeetako». Baturik emaztiaren gaubelara senide ta auzo on batzuk, dirautsee.

        JUANEK: Gaubelia gauza bitarako da: leleengo eskatuteko Jangoikuari difuntubaren arimiagaitik; ta bigarren, bakotxak ondo pensau daijan zetarako jaijo zan ta zetan gelditu biarko daben. Jangoikuaren justizija izanik aiñ zuzena, eta ezin sarturik iñor zerura samarrik txikarreenik euki ezkero, bizitza ustez guztiz garbi ta santuba euki arren lurrian, gitxi gitxi izango dira purgatorijuan sartuten ez diranak. Orregaitik, eskatu biar dogu sendaro eurakgaitik. Difuntu batek ez dauka senide ta adiskideren biarrik beste gauzatarako. Baturik bere inguruban, alabau edo goratu daikeguz bere birtutiak, agertu malkuakaz geure sentimentubak; baña alperrik beretzat. Erregu ta orazinoia da bere erruki ta amodijuak eskatuten deuskuna. Onetarako da gaubelia. Baita bere geure ezaguerarako mesede andijak aterateko. Jangoikua beti jaoku deiez. Batzubeen erijotzia da bestei prest egon ditian albistia bialdutia. Ai, zein sermoe bizija dan guretzat difuntu bat ikustia ta berari ondo begiratutia! Ni gaur ta zu bijar. Bai, ariña ta ez jakiña da gure lurreko bizitzia. Arboleen orrijak neguantzian jausten diran legez, alan banaka biñaka jausiko gara guztijak obi edo sepulturara. Denporia ez dago iños geldi. Gaba ta eguna beti jaokuz ostuten geure bizitza labur onetatik. Aberatsak ill biar dau pobriak legez ta aiñ billosik geldituko da zein jaijo zanian. Zek allagiña lotu lei gizona lurreko argaltasunetara? Zek aaztu eragin leijo betiko bizitziagaz? Ai, erijotzia ta bazeunkaguz sarri goguan! Zer ikusi oi da gizonakaz erijotzia urreratuten jakeenian? Orduban biraotijak asten dira Jesusi deiez, esku zikiñak oraturik, estututen dabee Santo Kristua; ta ezpan loijak makurtuten dira bere oñetan. Orduban ez dago lurreko arrotasuneen gomuntarik, labankerijeen pozik, ez gauza onei burla egiterik. Munduba betiko itxirik, agertu biar da beriala Jangoikuaren justizija artez ta ikaragarrijaren aurrian ta bakotxak artuko dau irabazi dabeea. O, juizijo santubak eurak ikaratuten zitubana! Juizijo aiñ ziur zeinda eriotzia bera elduko jakuna! Zek darabill gizon asko beragaz aaztu nairik? O, diabrubaren itxutasuna! Zarratu gura deuskuz arimako begijak, edegi eragiteko betiko infernuban. Ez gaitezan izan aiñ geure buru kaltekuak. Gomuntau daigun sarri ta ondo eriotza ziurra; bizi gaitian orduban gurako dogun legez. Orain errezau daigun errosarijo santuba difuntiaren arimiagaitik; ta gero irakurriko deutsubeedaz gauza on batzuk, alan oitu zaitezeen gaubelatara elduten zareen guztian ta jausi ez zaitezeen beste batzubeen ejenplu gaistuan.

        Bada, zer jazoten da orain gaubela batzubetan? Ikusita bere gatx egiten da sinistutia. Norbait txaarto jarten danetik, juan duaz auzuak gaubelara. Eta, nortzuk? Geijeenez gazte mundutarreenak. Zetara edo ze asmogaz? Ez beintzat gaixuari lagundu edo, ill bazan, beragaitik erregututera; ta, gitxiago oraindik eurei etorriko jakeen erijotziagaz gomuntetara. Errosarijo bat aringa ta otz otzik errezetan da; ta gero, zer berba on entzuten da? Murmurazinoia ta berdekerija. Zer gauza on ikusten da? Kiñu, ikutze nasai ta nabarmentasuna. Zer frutu ateraten da? Biurtutia goixaldian etxeetara zabarkerija guztietan. Eta dira batzaar oneek gaubelaak, ala bigira zorigaistokuak? Ai, zelan burla egiten jakon eriotziari berari! Nos artian ete? Esan dot ikusita bere gatx egiten dala sinistutia. Baña irakurririk Espiritu Santubak dirauskuna: Gaistuak elduten danian bere gaistakerijeen oxiñera, desprezijeetan dau; edo ez deutsee lekurik emoten grazijaren argitasunei. Ezagututen dot gogortasun onen sustraija. Bai, ain gortubak dakuskuz arima asko Jangoikuaren dei edo abisubei, zeiñda barre egiten dabeen eureen aragizko gozotasunetan, zemairik argijeneen aurrian. Ta egija onen testigantza ziur bat dakusku gaubela nasai askoren ispilluban. Baña ez deijuela luze eretxi, zerren pekatuko barre arin ta laburrei jarraitu biar deutseen betiko negarrak.

        JABIERREK: Oba izango da, aita, ez zu enterrura etortia, geitu ez dakizun sentirnentu ta naibagia.

        AITAK: Ez diñot naturaleziak agertuko ez ditubala bere sentimentubak. Espiritu Santubak esaten dau: «Egijozu difuntubari negar, merezi edo jaokan añaan». Alan, Jangoikuaren erri esleidubak negar egin eban Jakob, Jose, Moises ta Makabeuen eriotzeetan, Dabid, Sunamitis ta Sareptako alargunak eureen semeenetan, San Gregorio ta Anbrosiok, anae ta adiskideenetan. Zenbat malko gori bota ez eban San Agustinek, bere ama Santa Monika ill zanian? Diñot, bada, ez luzatutearren, Abrahan patriarkiak bere negar egin ebala bere emazte birtuosiaren erijotzaan. Ez dot au esaten bardinduteko asmoz gizon aiñ santubagaz, ezpada, erakusteko naturaleziaren sentimentubak ez dabeela galerazoten Jangoikuaren borondatiagaz bat egitia ta bai lagundu difuntubakaz sarrijago gomuntau ta eurakgaitik erregututeko. Guazan, bada, enterrura bat egitera geure orazinoiak Eleixako ministruenakaz.

        JABIERREK: (Enterru ostian) Lutuba daukagun ezkero, jakin gura genduke zetarako dan ta zelan gordeko dogun.

        AITAK: Lutubaren izenak esan gura dau negarra. Alan adierazoten deusku difuntubaren eriotziak emoten daben oñaz edo doloria. Jentillak eurak bere artu oi dabee lutu mueta au, berezko edo naturala dalako illeen sentimentuba. Baña kristinaubeen lutubak dauka ostian itu edo objeto goratubagua. Erakutsirik fediak geure erregu, penitenzija ta egite oneen bidez arindu, laburtu ta atera bere daikeguzala purgatorijoko arimaak su ta pena gogor areetatik, amodijo egijazkuak erakusten dau berarizko aleginak imintia geure senidiakgaitik. Gogoratu zaitezee oraiñ zelako batutasuna gorde ta ze penitenzija gogorrak egin oi zitubeen leenagoko gizaaldijetako kristinaubak argaltasuneen bat izaten ebeenian, zeintzubei esaten eutseen negarti edo lutudunak. Beste batzuk, alako argaltasun baga, artuten ebeen lutu au batutasun ta santidade andijaguan bizi izatearren. Eureen irudijan sartu zan difuntubeen lutuba, eskintzeko Jangoikuan erregu ta penitenzijako egitadaak arima errukarrijeen alde. Erropa txito humildia zan lutubaren azaleko señale edo ezaugarrijetatik bat, koloria edonolakua izan arren. Emendik ezagutu daikezubee zetarako dan ta zelan gorde alegiñezko on guztiak eskiñirik Jangoikuari zeuben ama onaren arimiagaitik.

        Orain askok uste dau lutuba ez dala beste gauzarik erropa baltza erabiltia baño. Baña, zer deutsa erreetan daguan arinia gaixuari gure erropa baltzagaz, baltzian bertan apaindurija ta arrokerija billatuten bada? Eskintzen ezpadira bizitza batu edo erretirau garbijagaz, erregu, penitenzia edo eite onak eurakgaitik? O guraso ta senide askoren arimaak! Soñeko baltzakin dabiltz zubeen seme alaba ta aidiak, mundubagazkua egitearren, baña humiltasunaren usain baga. Eriotziak ezkutau zendubeezan eureen begijetatik, baita gogo ta biotzetatik bere. Ikusi egizubez bat baño geijago plaza ta erromerijei bere itxi nai ez deutseela. Dantzarik egiten ezpadabee oiñakaz, mundubaren zer esanagaitik, egiten dabee biotzakaz, damu geijago daukeela agirijan egin ezinaz, zuben eriotziagaz baño. Bai, ikusi gero bide ta bazterretan. Ai, zelan konteetan ditubeen lutuko egunak! Zein pozik botaten ditubeen erropa baltz edo zuben gomuntiaren erlikija otz ta laburrak! Arima gaixuak! Erre zaitezee. Garbitu munduko su guztijak baño gorijagoko laba orretan azkenengo samarreragiño, bada, ez dago zubentzat usteko zendubeen erruki ta laguntasunik. Ez dot esan gura geijago, Aingeru eder Jangoikuak arima gaixuentzat izentaubak, eta zein barri tristiak eruan biar deutsazubeezan mundu onetatik purgatorijoko arima askori!

        JABIERREK: Purgatorijoko suba aitaturik, oi dira itanduten dabeenak, zelan izan leitekian su gorijagorik karobija, ola ta labeetakua baño.

        AITAK: Zenbat ederraguak diran gure arimaak, zenbat ederraguak zerubak, zenbat zoragarrijagua betiko glorija, ainbat garbijaguak izan biarko dau an sartuko danak. Jangoiko altsu ta edertasuna bera danaren jauregi edo palazijuan ezin artu daike jarlekurik natu edo mantxiaren samarrik daukanek, dirausku San Juanek. Ezin izango da aingerubeen lagun egokija, guztiz garbirik ez daguana; ta zeruko glorija ta edertasunak ez litzaatez osuak izango norban edo loitasunaren izpirik aurkituko balitz. Munduko metalik ederrenentzat dago urria; ta bera ondo garbituteko asmau biar izan zan ezagututen dan labarik gorijeena. Orregaitik, laba onek denporia biar dau metala urtuteko, zelan biar daben oliak agoia egiteko. Baña jausi bedi oñaztarrija urre zati baten gañera ta, ikutubagaz beste baga, urtuten dau guztija. Zegaitik? Zerren dan askoz indartsubago ta beruagua bere suba, esan dan labiarena baño. Begira, bada, eguzkira. Ogeta bost millinoe legua ezarten dabee beraganik lurrera; orregaitik berotuten deutsaz bere inguru guztijak ta, ezpalitz bitaartian daguan aixiagaitik, kiskalduko lituke beingo baten bazter guztijak. Lurreko laba ta su guztijei legua lauren aldendurik, ez dira sentietan. Zegaitik ez? Zerren eureen berotasunak ez daukan geijagorako indarrik. Nok emon deutsee, bada, allagiñako berotasuna oñaztarri ta eguzkijari, ezpada Jangoikuak? Ta, nok lotu leijoz bere eskubak, geijago ta geijago emon gura baleutsee? Alan nai izanik, imiñi eban purgatorijuan ain su gorija gure arimaak guztiz garbituteko, zeinda, diño San Agustiñek, lurreko guztijak eureen irudi argal edo pintura bat baño ez dirala. Ai, eta ondo pensauko baiitz onetan! Zenbat penitenzija geijago egingo litzaatian lurrian! Zenbat alegin andijaguak imiñiko gendukezan induljenzijaak irabazteko! Ta, azkenik, ze ardura andija artu, pekatu arin edo benialetan bere ez jausteko!

        JABIERREK: Ez zara, aita, aaztuta egongo honraak egitiaz gure amari.

        AITAK: Enterruko egunetik nago berbatuta ainbat lasterren egiteko. Batzuk luzatu oi ditubeez, jan, edan ta ospe andijagaz egitearren, begiratu baga zer igaroten daben arima gaixuak; ta, arrokerija utsez, gastau oi dabee sarri, zorrak pagau edo familijak ondo leukiana. Honrara batuten diraneen lanak izan biar dau erregututiak Jangoikuari difuntubaren arimiagaitik. Baña, zer ikusi oi da ospe andikuetan? Luze erestia eleixako erregubei, juateko laster moskortutera. Ez dot nik ikusi gura emaztiaren honrako eguna, lotsagarrizko egun izatera biurturik. Neuk aterako deutsadaz mezaak. Adiskide benetakuak ez dabee jan edanera begiratuten, erregutu ta mezaak aterateko. Neuk alan egin izan dot.

        JABIERREK: Jan edan ugaririk honreetan emoten ez dabenakgaitik esan daruee ez dirala prestubak.

        AITAK: Ez dakit zelan tonto batzuk aitu gura leukeen prestutasuna. Zorrik pagau ez edo geitu, etxiak ondatu, umiak erdi billosik ta biar bada gosez. Ta, orregaitik, pitxarragaz badabiltz honra, fiesta ta taberneetan, prestutzat daukeez eureen burubak. Prestutasuna da bakotxari beria zuzen emon, inoren kalte baga bizi, alegiñez lagun projimuei mesede egin, batez bere pobriai, ta gasteetia premiñiak eskatuten dabenian, au da, norbere edo projimuaren mesederako damari. Baña, ze prestu usain ikusten da alakuetan? Zenbat emon oi deutsee pobriai? Zenbat dugarik iñori bere? Eureen konbitak oi dira beste ainbeste gitxienez artuteko: nik gaur zuri ta zuk bijar niri ibillteko. Alan dira bakarrik prestubak eureen sabeleentzat.

        Ordikerija aitatu dodan ezkero, egingo ditut berba bi bere gañian. «Ordikerija gizatasunaren lotsaarija», diño San Krisostomok. Egijaz, zer gauza lotsagarrijagorik, Jangoikuak emon euskun adin edo errazoia galdutia baño? Zer gauza lotsagarrijagorik, animalijaak baño beerago geure burubak imintia baño? Pausuba aaztuta, bidiak artu ezin ditubala, begijak gorriturik, prakaak jaso ezinik, dakuseenak barrez, baña eureen etxeko ta umiak arpegirik emon ezin deutseela. Au da gizonak bere burubari emon leijon tajuba? Esango dabee, orregaitik, ardaua gizonarentzat egin zala. Nik erantzungo deutseet baietz; baña ez zala egin gizona ardauarentzat. Ardaua gizonarentzat izatiak esan gura dau edan leijala on egingo deutsan neurrijan; baña ez osasun ta errazoiaren kaltian. Gizona ardauarentzat ez izatiak erakusten dau ez dabela iños ardauaren mendian jarri biar, jarten diran legez ordijak.

        Nekez aurkituko da, gizoneen artian bere, bakarrian ordituten danik. Alkarregaz baturik, asten dira berba ta berba, txurru ta txurru, zuk nire eskutik, nik zuretik; orain pitxar bat, gero beste bat, bakotxak zenbaten konturik eruan baga; edanago ta naijago daruez ordubak eureen saillian; ta, azkenik, jagi gura dabeenian, ez dago eurakaz gizonik. Orregaitik esango dabee, uste baga orditu zirala. Jazo deiteke nosbait ardauak gatx egitia, baita bere orditutia uste baga, ta pekaturik ez egitia. Alakuak ondo erreta gelditu oi dira, aurreruntzian ardura geijago iminteko. Baña sarritan jazoten jakeenak erakusten dabee argiro eureen ardura txaar ta erru lotsagarrija. Ordikerija da zaartzara geitu oi dan gatxa. Barru otzak berogarri geijago eskatuten dau, baña, zelan ez daukan sabelak ainbeste indar eijoteko, igoten dau askoz leenago burura. Gaztetan eragiten ez eban neurrijak erasoten dau zaartzara; ta goguan euki biar dau egija au galdu gura ez dabenak. Edaaten astian, pensau biar dau bakotxak zenbat ondo jatorkon; ta itxi, neurrira eldu dediñian. Oitura txaarrian sartuta badago, itxi biar jakee taberna ta okasinoiei. Badago beste batzuk, guztiz orditu ez arren, edan gaistuak ta pekatu asko egiten dabeenak, aserre, okasinoe, berba nasai ta etxeetako bake gaisto ta eskandalubakaz.

 

aurrekoa hurrengoa