www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia
Juan Jose Mogel
1845; 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia, Juan Jose Mogel (Bitor Uragaren edizioa). Euskal Editoreen Elkarte, 1991.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKUSALDI III.a

 

        LUISEK: Entzun dogu poz andijagaz zelan zabaldu zan lurrian Jesukristoren doktriñia; baña, aurkiturik munduban asko, eureen erara ebanjelijua bera aitu gura leukeenak edo doktriña barrijak asmeetan ditubeenak, gura genduke jakin, nun daukagun ta billatuko dogun ziur Jesukristoren doktriña garbija berbera.

        AITAK: Eleixa ama santu Erromakua da Jesusen esposa maite, bere doktriña garbijaren jaube ta erakusla itxi ebana. Badakizubee Eleixia dala kristinau fiel guztiok egiten dogun gorputz bat, zeñen buruba dan leleengo Jesukristo bera, baña aragijaren begijakaz ikusten ez doguna, ta urreengo Erromako Aita Santu, bere bikarijo edo ordiazko lurrian geugaz bizi izateko imiñi ebana. Jesusek itxi zituban izentaurik Eleixa onetan, batzuk agindu ta erakusteko ta beste guztijak ikasi ta obeiduteko. Apostolubak izan ziran leleengo autubak agindu ta erakusteko, San Pedro guztien buru zala. Baña, izanik Eleixia gizaaldi guztietan beti iraungo ebana, biar ziran oiñordiak apostolubeentzat ta eureen ta guztijoen burubarentzat. Alan daukaguz obispo jaunakgan apostolubeen ta Erromako Aita Santubagan San Pedrorena, bere eskubide guztien osotasunagaz. Agindurik Jesukristok beti egongo zala Eleixiagaz ta bardin Espiritu Santubaren argitasun ta jakiturija, gauza agirija da, Eleixa erakusla onetan aurkituten dogula ziur Jaungoikuaren berba, Jesusen doktriña ta zerurako bide bakarra. Orregaitik esaten eban apostolubak, iñok erakusten beeban beste doktriñarik, madarikatuba izan zedilla.

        LUISEK: Orain aituten dogu argiruago, zelan fedia dan ikusi ez doguna sinistutia, Jangoikuak Eleixiari agertu ta Eleixiak guri erakusten deuskulako.

        AITAK: Bai. Ezin euki giñai testigantza ziurrik erlijinoe ta arimako gauzeetan, Jangoikuarena baño. Bera da egijaz jakiturija bakar utsik ezin leijana. Gizoneen eretxitasunak ainbeste desbardintasun ta gora beera badaukee lurreko gauza geure begijakaz dakuskuzaneen gañian, zer ziurtasun euki daikee geurez gañetikuetan? Nundik aterako eban gizonaren jakiturijak bere leleengo sorreria, Jangoikuak erakutsi ezpaleusku? Nundik mundubaren asieria? Nundik gizonarena berarena? Zetarako egin eban, zer aginduten eutsan ta zer sari edo kastigu itxaroten jakon? Zenbat zorakerija esan ta eskribidu ez ditubee gauza oneen ta beste askoren gañian, Jangoikuak Eleixiaren aoz erakusten deuskun berbiari jaramon ez deutseenak? San Agustiñek, bera leenago euretarikua izanik, dirausku ez eguala itxutasun ta zorakerija erakutsi ez ebeenik, errazoiaren argi utsakaz pensau ebeenak. Zenbat filosofok urten dau mundubaren gizaaldijetan? Alan bere, ez dituzu aurkituko bi bardiñak eureen eretxijetan, gauzarik premiñazkuenetan bere; ta herejija guztien historijak erakusten deusku au berau argitasunik andijeenagaz. Alan, leenagoko filosofuen doktriñei darraikuee beti barrijak; herejija zaarren ondoren urteten dabee beste batzuk. Bakarrik egija izango da beti bat, dan legez, Jangoikuaren berba ta doktriña Eleixiak erakusten deuskuna. Baña, obato aitu daizubeen Jaungoikuaganik urten biar ebala gizonaren jakiturijak, esango deutsubeet erraz aitu daikezubeen egija au: Gizonak ez eban berbeetan bere jakingo, Jangoikuak leleengo gizonari berba egin ta erakutsi ezpaleutsa.

        LUISEK: Ezagututen dogu dakigun guztija ikasi dogula bestei entzun ta sinistuta. Ez genduban jakingo noren semiak giñan, berbiagaz esan ezpaleuskubee. Ez genduban jakingo Erromako errija eguanik, bertan izan ez garianok, berbiagaz esan ezpaleuskubee; ta, batera esateko, ikusija baño ez genduke jakingo, besteen berbiaren esana sinistu ta bestiakganik ikasiko ezpagendu. Alan, nai ta ezkua da jakiturijaren iturrija berbia izatia; ta txito gura genduke adierazo daiguzun eskini deuskuzuna, ezagututeko jakiturijaren jatorrija.

        AITAK: Ikusi dituzubeez iños bildots jaijo barrijak? Zer soñu entzun deutseezu? Bee ta bee. Nok erakutsi deutsee? Iñok bere ez; bada, dakarree izatez edo naturalezaz. Bardin dakarree txakurrak saunkia, idijak orroia, txori mota edo jenero bakotxak bere soñuba. Sartu bitez amar txori mota edo jenero kaijoleetan; imiñi ditezala banaan, ez daijeela amarik euki; baña bakotxak aterako dau bere erikuen soñuba. Bota bitez gero kanpora ta aituko dira bestiakaz, biar ditubeen gauzeetarako, beti alkarregaz izan balira legez. Leleengo jilligeruaren soñuba orainguak ta alan ondoreengo guztijak; ta bardin beste txorijak. Emengo soñuba bera joten dabee Indijeetan ta mundubaren bazter guztietan, alkar iños entzun ta ikusi ez arren. Au berau jazoten da txakur, ardi, idi ta animalija guztijakin; bada, naturalezaz datozan gauzaak beraganik sortuten dira ta ez daukee ikasi biarrik. Igaro gaitian, bada, orain gizonagana. Ikusi dozubee seintxuba jaijo ta beriala? Ze berba ateraten dau amaren erraijetatik? Negarraren soñuba besterik ez. Azi bitez amar nai geijago banaan ta bakarrian, iñok berbeetarik egiten ez deutseela; urten daijeela gero gizaartera ta, ez berbarik egingo dabee, ez aitu, ikasi arte. Sartu bitez gela baten beste amar nai geijago; bizi ditezala alkarregaz, azi arte, baña kanpokuen berbarik entzun baga; bada, ez dabee iños berbarik aterako, mutubeen gisako siñu ta garrasijak baño. Alan, muturik geijeenak dira mutubak, gorrak diralako ta, entzun baga, ikasi ezin leijeelako. Gizonak berezko edo naturala baleu berbia, aterako leuke, nai bakarrian azi, nai lagunakaz. Berezkua baleu, bardiña ta bat izango litzaate guztioen berbeetia denpora ta leku guztietan. Baña, alan ez izanik, daukagu ikasi biarra bestei entzunda. Orregaitik, euskeera entzuten dabenak, ikasten dau euskera; erdeera entzuten dabenak, erdeera; ta bardin pranzes, latin, nai dana dalakua. Nori, bada, entzun eutsan gizonak lelengo berbia? Noganik artu edo ikasi eban? Berez ez ekarririk, billatu dedilla zeruko izarretatik asi ta munduko bazter guztietan nok erakutsi euskijon; ta, ezin aurkiturik, esango deutsubeet, eskritura santuban ikusten ezpagendu bere, eguzkija baño argijago dala, Jangoikuak, gizonaren egillia legez, berba egin, iraatsi edo erakutsi eutsala leleengo berbeetia.

        LUISEK: Aita, ez neban uste ainbeste zenkijanik.

        AITAK: Premiñiak ikasi eragin deust, zerren gaurko egunian, esan lei gizon askok aaztu gura leukeela eureen egijazko izatiagaz, eureen egilla ta jaubiagaz, berari zor deutseezan mesediakaz ta bizi bakotxak berez guztia baleki legez. Aiñ andija da eureen arrokerija, ze neurtu gura leukee Jaungoikua bere egite guztietan ta, kontubak artu biar baleutseez legez, asten dira penseetan zelan izan deitekezan onelako edo alako gauzaak; eta, ezin aiturik gizonaren adiña baño goratubaguak diranak, jaramon baga bere erakutsijei, asmeetan ditubee eureen aragizko guraarijak eskatuten deutseezan doktriña galdu ta infernurakuak. Entzun: Itandu eutseen bein filosofo andi bati nor zan Jangoikua. Erantzun eban egun batzuk artu biar zitubala penseetako ta gero esango eutseela. Egunak igarota, dirautsee onan: «Esateko nik nor dan Jangoikua, edo ez litzaate Jangoikua jangoiko izango, edo neuk izan biarko neuke Jangoikua bera». Berba labur baña jakiturija andikuak. Egijaz, Jangoikua ezin izango litzaate jangoiko, ezpalitz neurribagia; ta ezin izan leite neurribagia, sartu al baledi gizonaren adin laburraren neurrijan; edo bardin dana, gizonak guztiz aitu al baleu: anegia ez litzaate anega izango, imillaunian sartu al baledi. Jangoikua bera da bakarrik bera nor dan osaro dakijana ta bere egite guztiak ezagututen ditubana. Luziferrek bardindu gura izan eban beragaz ta jo eban infernura. Luziferrek eskiñi eutseen leleengo gurasuei Jangoikuaren jakiturija bera ta, galdu eragiñik leen eukeen egijazkua, gelditu ziran illuntasun andijan ta kondenazinoeko bidian. Ondo diño, bada, Salomon errege jakitunak, Jangoikua aztertu gura dabena, azpiratu edo illundurik geldituko dala. Alan jazoten jakee, Jangoikuaren jakiturijaren sakontasunak aitu gura ditubeen gizon arruei. Itxu zorigaistoko oneek ez dabee gomuntau gura San Pablok erakusten deuskuna: miragarri ta adoragarrijak dirala guretzat Jangoikuaren jakiturijaren aberastasunak, baña iñundik aitu ezin giñaizanak.

        Gauza ain goratubetara igon baga, aurkituko dituguz geure begijeen azpijan gei ugarijak, lotsatuteko gizonaren jakiturija arrua Jangoikuaren egitadeen aurrian. Begiratu daigun izar, eguzki, illargi ta zeru ederretara; aztertu puska bat odeijak, zein bardin botaten deuskubeezan euri tantaak, zelan jausten diran edur matasa ederrak. Batian txingor ta bestian arri gogorrak; orain iruntza, gero izotza. Jaungoikuaren erakutsijei jaramonik egin baga, eurenez guztija dakijeela uste dabeenak, esan daigubeela zelan ta nundik sortuten diran gauza oneek. Bardin itandu ginaijuee patari, egazti, arrain, arbola ta bedarren ganian. Jarri dedilla filosoforik andijeena erletxu baten onduan; ikusi daijala zelan alkar artu ta lagunduten dabeen; begiratu deijuela bere abao ta eztijei ta ezagutuko dau bere jakiturijaren laburtasuna. Zer esango ete leuskegubee itxasuen gora beera ta olatubakgaitik? Itandu bekijuee zer zimendu daukan luurrezko mundu aiñ astun onek bere ibar, mendi, erreiñu ta itxaso guztijakaz. Erantzungo deutsubee guztiok dakiguna, au da, bat bere ez daukala, aixia dala bere inguru guztia. Baña bola bat, ez pelota bat, egon al dira aidian, jausi baga; ta, nok edo zelan imiñi dau edo dauka alan allagiñako lurraren pisuba? Zelan aixia baño beste zimendu baga? Ai! Eta zenbat legokian onetan zer esan, asko ta laarregi ezpalitz esan dana, ezagututeko gizonaren jakiturijaren laburtasuna ta Jangoikuaren erakutsijeen premiñia.

        LUISEK: Zetatik sortu dirala deritxazu, ainbeste itxutasun gizoneen artian?

        AITAK: Gizon pekatuban jaijoten danaren griña edo pasiñoiak beti dagoz okerrera makurtubak. Griña oneek jasoten deuskubeez biotzetan lurreko ta aragijaren atsegin deungeen guraarijak. Onei leku emonik, illundu ta ordiantzian legez iminten dabee gizona. Alan jazo jakon Salomon erregiari berari. Biotz galdubak erraz galduten dau adiña. Asko maite ta itxi gura ez dan gauzia, ontzat emon gura oi da. Ta onetatik datoz kodizioso, mundutaar, lujurioso ta beste edozein pekatutan etsigirik dagozaneen atxakijaak, eureen ekandubak ontzat artu ta egija adierazo gura deutseenei entzuterik ez emoteko.

        Igarla santubak, Jesusen etorreria baño gizaaldijak leenago adierazo zitubeen barri argi ta ziatzak; bere santidade ta millagro arrigarrijak argituko zitubeen gizon guztien begijak, bardin Jesusek dugarik eskiñi balituz zerubak edo bat egin izan al balebee bere doktriñia eureen munduko oitura ta aragizko guraarijakaz. Baña, erakutsirik Jesusek doktriña ain garbi, nai ta ez gorde biarko zana salbeetako, erakutsirik, diñot, munduko arrokerijei itxi, aragijaren guraarijak ukatu, arerijuei bere parkatu ta ondo egin, griña edo pasinoiak azpiratu ta umildade, karidade, garbitasun ta birtuteko bidiari jarraituteko, orra mindu zitubana judegubeen arteko sazerdote, maesu... soberbijaz betiak, filosofo arruak, idolatra nasaikerijeetan ondatubak ta eureen ekandu gaistuei itxi gura ez eutseen jentiak. Orregaitik diño San Agustin erakusla andijak: «Zurtuten ziran Jesusen millagro, santidade ta jakiturijaren aurrian; baña ez ziran beragana biurtuten». Au berau jazoten da ta jazoko da aragi ta mundubaren legiakaz bizi gura dabeenen artian. «Ibilliko dira itxubak legez», diño Espiritu Santubak, «eureen pekatubeen indarrez». Izango dira, biar bada, argijak lurreko gauzeetarako, baña ez dabee arimarako jakiturijarik aurkituko, ez ditubeez espirituko gauzaak aituko. Ez daukagu, bada, zer zurtu, eureen illuntasunagaz.

        Jesusek berak adierazo eban etorriko zirala eskandalubak, jagiko zirala herejijaak ta Eleixa santuba, bere seme egijazkuakaz, izango zala olatubeen arteko ontzi bat legez, persekuzinoe ta arerijuen artian; baña ez zala iños ondatuko, ondatu ez dan legez, munduko malizija, gaistakerija ta indar guztijak infernubagaz bat eginik emon ta emoten deutsazan gerra guztijakaz, zerren, San Krisostomok diñuan legez, leenago illunduko litzaate eguzkija, Eleixia ondatu edo amaitu baño.

        LUISEK: Erraz egiten jat oraiñ sinistutia zetatik datorren askoren itxutasuna, mundubaren begijetan jakituntzat egon arren; bada, geijeenez, gizon anditzat dagozanak, aberats ta arruak bizi dira, mundu ta aragijari iratsijenak. Eta, zenbat kalte egiten ez dabee eureen esakune ta liburubakaz? Zenbatek gogo obia erakusten ez dau alakuei entzuteko, Jangoikuaren berba santuba bere ministruen aotik baño?

        AITAK: Asko ta andijak dira kaltiak. Ara zelan: Jangoikuaren berbia, izanik egija bera ta mundu guztijak aldatu ezin leijana, erakutsi biar dabee Jesusen ministruak bera berez dan legez, estalgi ta labankerija baga, nai ontzat artu dedilla, nai ez. Berba santu au guztijentzakua da; aberatsa zein pobria, agintarija zein mendekua, guztijak lotu edo obligeetan ditu bere esanak. Erakutsi biarrik, bada, dirianei zerurako bide garbijak ta imiñi atarako pekatarijei begijeen aurrian eureen bide galdubak, erraz ezagutuko dozubee nundik sortuten dan askoren gogo txaarra, biar dan legez entzuteko. «Gizonei atsegin emongo baneutsee», ziñuan San Pablok, «ez nintzate izango Jaungoikuaren serbitzarija». Egija ez da belarrijak gozatuteko, goguan artu, bijotzian josi ta egite edo obra onetan agertuteko ezpada. Alan sortuko dau gure arimeetan benetako atsegin ta betiko zorijontasuneen poza. Barriz, erakusten ditubenak gizoneen asmazinoeko doktriñaak, berba egiten deutsee bakotxari bere gurarijeen erara ta, apaindurik eureen esakuniak leunkerija ta labankerijaakaz, gozatuten deutseez eureen belarrijak, eskinirik biotzetarako aragizko zabalera ta libertadiak. Orra zegaitik aurkituten dabeen askogan alako abegija. Legia gorde gura ez dabenak, ez dau gura mandamenturik; zabal bizi gura dabenak ez dau nai infernurik; ta Jangoikuaren ordez. Luzifer maite dabenak, desegingo leuke, al baleu, Jangoikuaren izatia bera. Alan oi dabiltz, leleengo eureen burubak ta gero besteenak itxutu gurarik, erijotza gogorra urreratu arte. Orduban asi oi dira iratzartu nairik, baña, geijenez, berandu, Antioko legez, zerren goguan euki biar da: zelakua bizitzia, alakua erijotzia. Ez dago Jangoikuak egin ezin leijanik. Eskritura santubetan aurkituten dogu bat, ziur salbau zana, erijotzako orduragiño pekatuban bizi izanda, zein izan zan Jesusegaz kurutzian ill ziran lapur bijetatik bata. «Bakarra da», diño San Agustiñek, «iñok ernegau edo desesperau ez daijan; Bakarra da, iñor ordurako pozagaz gaiski bizi ez dedin».

        LUISEK: Gauza negargarrijak jazo biarko leukee munduban, eldu al baleitez gizonak aaztutera Jangoikuagaz ta geroko bizitzarako imiñirik daukazan sari ta kastigubakaz.

        AITAK: Bai, ta iñok adierazo al leizan baño andijaguak. Orduban biziko litzaatez eureen gurari galdubetan, Jangoiko ta arimarik ezpalitz legez; ta, zelan guraari oneek diran desbardiñak ta bakotxak daukazan beriak ta iños aseetan ez diranak, ezin pensau lei zetara joko leukeen. Konzienzijako bildurrik ez eukitera, bardiñak izango litzaatez egite on nai deungaak. Ez litzaate izango txaarrago lapurra, ez obia limosnia egiten dabena. Bardin izango litzaate guzurra esatia zein egija, mesede zein kalte egitia, norbait osatu nai bizitzia kendutia... Orduban andijak azpiratuko leuke txikarra, senduak argala, bijotz gogorrak biguna. Aitak salduko leuke semia, onek gurasua, emaztiak senarra ta onek emaztia. Batez bere, aberats, malmutz ta asko jakiñak menpetu ta ostikopetuko leukee al dabeen guztija. Eurak imiñi eragingo litukee lurrerako legiak, besteentzako grillu, katia ta presondegijak, billaturik eureen aldera armadun aguazil ta jagolaak. Berba baten esateko, erraz asmauko leukee eureentzako libertade oso bat, besteen katigarijorik gogorrenagaz.

        LUISEK: Aitatu dozun ezkero gizonaren adiña, gura neuke zerbait entzutia bere gañian.

        AITAK: Badakizubee Jangoikuak egin zitubala animalijaak gizonarentzat, baña lurrian jaijo, lurrian ill ta guztiz amaituteko, gerokorik baga. Alan, izanik bakarrik lurrerako, emon eutseen izatez edo naturalezaz, bizitza onetarako biar ebeen guztija. Jaijoten dira jantzita, edo urteten deutsee berekautan luma, lana edo biar dabeen estalkijak. Topeetan dabee janarija, ereiten nekatu baga. Ez dabee biar mediku ta botikarik; bada, eurak billatuten ditubee osa bedarrak. Txoritxubak egiten ditubee beti abija bardiñak ta ez da aurkituten euretan asmautako gauzarik. Leengo luma ta koloriakaz datoz oraingo eperrak; leen legez azerijak ostuten dituz orain egaztijak ta katubak artuten dituz arratoiak; daukee bakotxak bere sen edo susmia, zeñen indarrari darraikuen. Baña Jangoikuak emon eutsan gizonari arima, betiko espiritu orain ta gerorakua, iños azkenik izango ez dabena. Arima onen almena da entendimentu edo adiña, bai ezagututeko, bai asmetako. Ezaguera onek igoten dau zeruragiño, jasten da infernu sakonetara ta aztertuten dituz mundubaren inguru ta gizaaldijak oñaztubaren arintasunagaz. Alan, Aristoteles, Sokrates ta filosoforik entzuneenak, errazoiaren argitasun utsakaz ezagutu ebeen Jangoiko bakarra ta gure arimiaren betikotasuna, beste egija andi askogaz batera. Adin edo entendimentubak asmautako daukan altasunetik ateraten dituz gizonak erropaak billostasuna eztali ta otz beruei jarkiteko, etxiak, errijak, eraz bizi izateko, erremientaak, biarra errazago egiteko, eziten dituz animalijaak, dan uzubeenak ta senduenak izan arren: txakurrak kazarako, zaldijak ibilteko, idijak biarrerako... Beragaz asmau ditu armaak eizerako nai gerrarako, txalupa ta ontzijak arrantzurako ta itxasuetan ibilteko... Asmo onetatik dator gizonaren egite edo obreen desbardintasuna: gaur erropa mueta bat, bijar beste bat; emen txabola ta etxe txikija, an jauregi ederra; erri bat onelakua, urrengua bestelakua; alan beste ezin esan aña gauzatan. Arrigarrijak dira gizonaren adiñaren doe ta asmazinoiak. Aiñ argal, billos ta premiñaz betia jaijotzaz izanik, jagiten da kriatura guztiez gañetik, jarteko eureen buru ta nagusi ta, egijaz, alan jaoka Jangoikuak bere irudira ta betiko egin eban munduko kriatura bakarrari. Emon daijoguzan, bada, eskerrak geure egilla maitiari ta, itxirik aragizko gizoneen burutazinoe galdubei, jarraitu daijogun leijal bere doktriña santubari.

 

aurrekoa hurrengoa