www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia
Juan Jose Mogel
1845; 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia, Juan Jose Mogel (Bitor Uragaren edizioa). Euskal Editoreen Elkarte, 1991.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKUSALDI VI.a

 

        Jangoikuari ta arimako gauzei eurena emonda, ez zan iñun obato biarrik egiten baserri atan baño. Bake, poz ta alkarren amodijuak gozatuten eutseezan eureen neke ta izerdijak. Aitaren aginduba zan guztien borondatia. Jangoikuak bedeinkatuten zituban eureen alegiñak ta erantzuten eutseen frutu ugarijakaz. Bizi ziran Jangoikuaren bildur santuban, askori mesede egin, iñori bere kalterik ez ta munduko esamesei jaramon baga. Ez zan entzuten eureen etxe, ez soluetan, birao, murmurazinoe, ez berdekerijarik. Jaijegunak ziran benetan Jangoikuarentzako berarizko egunak. Aldizka juaten ziran meza nagusi ta bezpereetara; konfeseetara, barriz, txito sarri. Irakurten zitubeen liburu onak ta entzun aitaren erakutsijak. Ikusirik azijaz juakola familija, dirautsee egun baten.

        AITAK: Gurasuen obligazinoe astunetatik bat da adierazotia seme alabei mundubak arimaak galduteko daukazan arriskubak ta euretatik alde eragitia. Begira ze arduria oi daukeen animalijaak eureen umiakaz. Oillo batek, ozta sentietan dau gabillaia, deiturik karkarasija estubakaz bere txitai, erakusten deutsee zein dan eureen arerijua ta artuten dituz egapian, imiñirik, sarri, arriskuban bere bizitzia, euretatik bat galdu ez dekijon. Zer egin biar ez dabee, bada, gurasuak, erakusteko seme alabei eureen arimeen arerijo ta galdu bidiak? Zer eureetatik aterateko? Entzun, bada, arduraz. Kristandadeko leleengo gizaldijetan, kristinaubak bizi ziran, geijeenez, lurreko aingeru batzuk legez, imiñirik eureen poz guztija geroko bizitza amai bagaan ta josirik eureen biotzetan eternidadeko kastigubeen bildur santuba. Ardurarik andijeenagaz aldenduten ziran pekatu ta mundubaren okasinoietatik, emonik pozik, biar zanian, gorputzaren bizitza laburra, pekatu bakar bat ez egitearren, Jesusen arima leijalak emon biarko dabee legez denpora guztietan. Baña arerijo geistuak beti ereiten zituban azi galdubak ta asi ziran ugarituten eureen frutubak. Alan bere, bakartade ta baserrijetan iraun ebeen luzaruago Jangoikuaren bildur santu ta ondoreengo oitura onak, azkenik, badakusku bere damu andijagaz, zabaldu zirala eureetara, leen aitatu ta orain azaldauko deutsubedazan ekandu nasai ta arimak galduteko sare negargarri asko. Dakuskun zer igaroten dan baserri askotan.

        Jentia batuten danian solo nai baso lanetara, esan oi dira murmurazinoeko berba asko, izan arren ixil ta astunak. An urten oi dabee projimuaren argaltasun egijazko edo guzurrezkuak, sarritan begitandubak, deungaro aitubak ta geitubak. Askok entzungo ditu atsegiñez ta kontau gero pozik, zabalduteko murmurazinoeko azi zitala. Bat asiko da, bestiak tentau ta askok, jakin naija agerturik, emongo deutsee jarraituteko bidia. Orregaitik diño San Bernardok murmuradoriaren miiña dala sugiaren eztena legez ta ezarten deutseela lupu edo benenua gitxienez iruri, au da, bere arimiari, lagunaren honriari ta entzuten jagokanari. Jangoikuak kastigau eban Maria, Moisesen arrebia, lepra gogor bategaz murmurazinoiagaitik; ta Moises santubaren erregubak ez ziran asko izan osasuna jaristeko. San Basiliok dirauskun legez, Kore, Datan ta Abiron iruntsi zituban lurrak, pekatu onen kastiguban. Badakigu lagunaren argaltasunik, erregutu daijogun Jangoikuari beragaitik ta ito daigun barruban, geure aldetik dana egiñik, bestek bere esan ez daijan. Guztiok egiten dogu gorputz bat Jesukristogan, apostolubak diñuan legez, ta guztietara zabaldu biar dau edozeñen gatxaren naibagiak. Maitatu daigun alkar beragan ta amaituko da murmurazinoia.

        Oi dira biargintzeetan beste Luziferren alguazil batzuk, berba berde, tentagarri, umore gaistoko, nasai edo ipuin, kanta ta kopla zikiñakaz lujurijako azija ereiten dabeenak. Ez dago adierazo al daikianik onelakuak egin oi ditubeen arimeen kaltiak. Izanik lujurija likia baño itxaaskorragua, alakuen miiñak biztuten ditubee entzuleen griña argalak ta, Jangoikuaren bildur andirik ez eukitera, jausi oi dira atsegin gaistuetan, alan ikusten dala Espiritu Santubak esaten dabena: «Berbeeta deungaak ustelduten ditubee oitura onak». Au da, desterreetan ditubeela birtutiak, usteldurik ta loiturik biotzak. Ez dago infernuko asmo arima geijago galduten dabenik, berba loijak baño. Zenbat gaztetxuri edegiten deutseez begijak gaistakerijarako? Zenbati gogoratu eragin, iños burubak emongo ez eutseezan nasaikerijaak? Euretatik sortuten dira ainbeste pensamentu gerorako bere. Batzubei entzunik, bestiak ikasten dabee aragizko eskolia ta zabalduten da Luziferren doktrinia. Orregaitik, askok entzun oi dituz alako esakuniak atsegin loijagaz ta egin beraganik sortutako barre algara gozuak. Batzuk eukiten dabee diabruba miiñetan, bestiak belarrijetan. «Auak berba egiten dau biotzeko ugaritasunetik», diño ebanjelijo santubak. Alan, iturriko askia bete dediñian, urteten daben legez urak gañez eginda txurrutik, urteten dabee, geijenez, miin nasaijetatik, biotzetan gañez egindako lujurijaren ur atsitubak. Gitxi gora beera, bardin esan deiteke algara barrez entzun oi ditubeen askogaitik: berba loijak irakin eragiñik eureen biotzetako lujuriari, agertuten jakeela arpegira. Ai! zeiñ egoki jatorkon emakume ta neskatilla askori, Espiritu Santubak dirautseena: «Jarri jatsu emakume galdubaren bekokija; ez zenduban lotsatu gura izan». Egijaz, emakume honesta ta neskatilla garbijak lotsatu oi dira alako gauzaak entzunda, baña nabarmen bardaskaak agertuten dabee arpegijetan eureen lotsabagekerija. Egin biar da alegiña miin zikiñak ixilduteko ta, atarako, euki goguan guztija entzun ta ikusten daben Jangoikua.

        LUISEK: Jangoikuak emonik miiñak bera alabau ta geure premiñeetan alkar aituteko, zelan allagiña zabaldu leiteke berba nasaijeen ekanduba?

        AITAK: Ara zer entzun neuntzan bein, baserrikua bera izandako predikadore bati: «Negargarrija da berba loijak artu daben indarra baserriko lantegi, eureenez ain garbijetan. Nai dala lan jenero bat, nai bestia, zerbait lagun batuten bada euretara, ortik edo emetik urteten dabee berba nasai ta lotsagarrijak; allagiña ze, gaurko egunian iñoren biar danak bere lanen baterako, aurrez atera daike kontuba zelako lagunak batu, ikusiko ezpadau bere etxe edo lantegija nasaikerijako eskola egiñik. Erregututen deutsubeet biotz guztiti, alegiñez, denporia leenaz artu ta, zerbait estututa bere, familijari eragiteko zeuben lanak; ta, ezin leitezanian, billatuteko Jangoikuaren bildur ta konfiantzako lagunak, ez iñola bere alako miin ta oitura galdukorik, aaztu baga ez istiaz, batez bere zeuben mendeko gazteri, alakorik aurkituten dan iñungo lanetara juaten bere. Bedeinkatu biarrian Jangoikua ta eskatu indarra norberarentzat, biarra egiteko, ta lurrarentzat, izerdieen frutubak emoteko, erakarten da, sarri laboreetara ta beti arimeetara, pekatubeen madarikazinoia. Lotsatu bitez oraingo baserritaar asko. Diñot orainguak, bada, biztuko balira gure aasabaak, negar egingo leukee, ikusirik, eurak Jangoikua alabeetan izerdija bota oi ebeen lantegijak, biurtu dirala nasaikerijako eskola izatera. Ezpada, berba egin daijeela mendi, baso ta eremubak, adierazoteko antxiñako baso euskalduneen kanta ederrak, solo ta lantegijak, euretan esan oi ziran historija, ejenplu ta berbakuntza garbijak. Baña, gaurko egunian? Ai, zetara jo dabeen guraso ain zorijonekuen ondorenguak! Kanta garbi batek, ejenplu santu batek, berbeeta deboto batek ez dau aurkituten, alakuen artian, abegi onik. Lujurija da saltsa guztietarako gura dabeen gatza. Ondo diño San Remijiok lujurijako pekatubak berak bakarrik arima geijago daruala infernura, beste pekatu mueta guztijak bat eginda baño. Ta ez uste gitxi dirala bestelakuakgaitik duazanak».

        LUISEK: Goguan eukitekuak dira esan dituzun predikadoriaren berbaak, baña ziaztau egizuz geijago esaten asi zarian okasinoiak.

        AITAK: Zelan lagun geijago batuten dan biargintza batzubetara, alan euretan izan oi da ugarijagua nasaikerija. Gal jotiak, ira edo garo ebatiak, orbel batzee, lino apaintze edo ezpatetaak, arto zuritze ta beste onelako lan batzuk egin oi ditubee al dabeen gazteerija batuta, geijeenez, nekazari alper beti atzeratu oi dabiltzanak edo seme alaba ibiltaubak daukeezanak. Etxeko andria alper lotija ta alabaak amaren ozpalekuak badira, asmeetan dabee gau gorubetia. Egunezko gaistakerija askori gitxi eretxirik, etxe batzubetan, batez bere arto zuritze, ezpateeta, gorubeta ta neke gitxiko laneen ondoren, egin oi dira gau jolas bigiria esaten jakeenak. Eureen biarra nola nai amaituta, asten ditubee dantzarik naastu ta nasaijeenak. Oi dira atxakijaz argija amateetan dabeenak. Dantza ostian edo leenago, etxe baten baño geijagotan, egiten ditubee amar amarka, ardijak aparteeta, amoriak egite, alkar jasote ta aitatutiak lotsatu leijan gauzarik ezain, ero ta nabarmeneenak. Gurasuak begira barrez, edo lotara. Baña Jangoikuak ez dau lorik egiten. Ez dago beretzat illunik ta guztija dakus. Zer penseetan dabee alako emakumeen lan onduetara juaten diran mutillak? Jangoikuaren bildurra batera itxirik, ez dira lotsatuko emakumeen esklabo eureen burubak egitiaz ta, areek nora, eurak ara, mundubari eureen argaltasunak erakustiaz? Nora begira dagoz neskatillaak? Nun da eurei jaokeen modestija, garbitasun gorputz ta arimako edergarririk maiteena? Zer da au? Umetxubak lotsagarritzat esan oi deutsee alkarri: «neska zale, mutil zale». Ta gero, biarren danian, galdu inozenzijati jatorkun lotsia? Bigiria amaiturik, duaz gabaz mutil, gizon ta neskatilla eureen etxetara. Ai, eureen aingerubak emongo dabee, egunen baten, bidian esan ta egiten ditubeen gauza guztien testigantzia! Entzun neutsan esaten, leen aitatu dodan baserriko izandako predikadoriari, ezin absolbidu leizala guraso eureen etxeetan alako batzaarrak euki gura zitubeenak, euretara seme alaba edo otsein gaztiak borondatez bialduten zitubeenak, ez eureeri guraz juazan gaztiak. Baña, akusetan ete dira? Eurak jakingo dabee nogaz ta zelan. Ai, zenbat arima daguan infernuko sugarretan zorigaistoko bigiraakgaitik! Garbitasuna modu askotara galdu deiteke. Lujurijako pekatubak guztijak dira mortalak, borondatez bere atsegiñari leku emoten bajako. Alan, atsegin loizko pensamentu, gurari, berba, begirakune, mosu, oratute, kolpe zantar, eskuka ta beste egitada asko, borondatezkuak izanik, dira pekatu mortalak. Eta, zenbat onelako, bateriko edo besteriko, igaroten ez da alako batzaarretan? Zorijonez, ez dago onelako bigirarik erri askotan ta, dagozanetan bere, ez etxerik geijenetan: leen euki zitubeenak bere, ezagutu ta kendu ditubee. Gaztiak, zelan zaletu liburu onetara ta sarritxu konfeseetara, itxi deutsee pozik. Bakarrik etxe eureen ardura bagatasunagaitik ondo ezagunak oi diranak jarraituten deutsee, beti iraun daijan munduban infernuko azijak.

        LUISEK: Amaituko al dira euskal erri garbijetan olako pekatubeen lazubak. Asko alegreetan nas, gitxitubaz duazalako. Nok ezagutu biar ez dituz eureen arimako kaltiak?

        AITAK: Gauza guztirako imiñi oi dituz diabrubak esesiñoe edo atxakijaaak, balijoko ezpadabee bere Jangoikuaren aurrian. Nekazari on askok egiten dituz bere lanak etxeko familijagaz, biar danian alogerekuak artuta edo, premiña estuban, beste senide edo konfijanzako auzokoren batzubekin. Denporaz asita egiten ditubeez arto zuritze, ezpateetaak; ta lotsatuko litzaatez gorulaak ekarten eureen familija eztaltzeko. Jostun edo neskatilla alogerekuei, beranteetan bajakee, emoten deutsee gabian etzaa lekuba, ordu txaarrian ibilli ez ditian bide luzeko arriskubetan. Orregaitik darabillez ondo bazterrak ta bizi dira kezka baga. Baña beste batzuk, ondo jakiña da zegaitik alan egin oi ditubeen onelako ta beste lanak, lagun biar diralako atxakijagaz. Sarri izango dira besteen premiña alper, ibiltau ta tratu artu emonak nekia baño gurago oi ditubeenak. Eta, zer irabazten dabee, amar amabi lagun etxera ekartiaz, baldin beste arenbeste ordiaz egin biarko badabee eurak? Ibiltia ta Luziferri irabazijak emotia. Eta, zelako biarrak egin duaz alako batzaarretan? Esakunia da ta benetakua: «Gabeko biarra, egunazko lotsaarija». Alan jazoten da: asten dira alkarren leijaan gorubetan, batak meia, bestiak lodija; batak biurregija, bestiak biurt ariña; arrastaka ezpatautako liñuak bere izango dau ugari erbatza. Ta gero, probaurik leleengo Euleen pazienzija, guenian, agertuko da laster praka ta alkondareetan zulua. Gaba galdubak dakar bijaramoneko lua ta egun erdi bat galtzeia. Orra zelako irabazijak! Baña, irabazirik balego bere, zer balijoko deutsee, eureen ta beste askoren arimaak galduteko bidiak emonik, alako bigiraakaz? Ez deitekian iñor aaztu Jangoikuaren juizijo ikaragarrijagaz. Keriza bat legez duaz gure egunak, baña jarraituko deuskubee egitadaak; ta eureen sari edo kastigubak izango dira amaibagaak. Onetan penseetan bada, laster amaituko dira bigiraak.

        LUISEK: Aztertu egiguzuz beste edozein lanetan aurkitu leitezan arriskubak.

        AITAK: Laijeetan bere sarri beraariz imiñi oi ditubee neskatilaak mutilleen erdijan. Ez dago onetan berezko okasiñoe andirik batzubeentzat, baña izan oi da nasai askorentzat berba, ikutze ta lujurijako atsegiñetarako atxakija, sarri gurasuak erremedijau leijeena. Alan, premiñaz aurkituten diran neskatillaak, emon biar deutse lotsia eureen burubei ta urristau alako tentatzalliak. Lenago da arimia, mundubaren errespeto ta lotsa guztijak baño. Aldats andiko soluetan, luur, simaur edo satsa beetik goruntz jasotian, leporik lepo edo burutik burura zara kargaubak emotian bere, oi dira alako gauzaak ta, emakumiak biar legez jantzi ta eztalijak ezpadabiltz, begirakune deungaak. Apal oste batzuk ez dira izaten asko obaak. Ez dau diabrubak lorik egiten ta, Jangoikuaren bildur santuba ondo josirik ez daukanak bere biotzian, usterik gitxienian aurkituko ditu laban arrijak. Eta, zer igaroten da karobija askotan? Ardura andija euki biar dabee gurasuak, alaba ta krijada gazterik ez bialduteko iñungo karobijeetara; ta seme krijaubakaz bere begiratu biar dabee ze lotsatakuak diran eurak ta ze jenteren artera juan leitezan. Badira guraso ardura andikuak, zainduten ditubeenak karobija ingurubak; ta eureen errespetuak gitxituten dituz arriskubak. Baita bere mutil zentzun andiko ta begiratu, besteen ejenplu txaarrari jarraituten ez deutseenak. Etxeko karobija danian, egin biar da guraso edo beste lotsa onekoren bat an eukitera; zerren emakumiak nosbait oi ditubee juan biarrak, janagaz, edarijagaz ta ostian. Baña berarizko arduria euki biar da, gabian ez isteko neskatilla, ez emakume gazteri. Diabruba illun zalia da ta uste ez eban askok galdu ditubee arimaak karobija aldeetan. Nosbait jazoten da jaijak artutia, karobija sutan daguala. Jakiña da biarra egin leijeena, baita bere, lagun gitxi oi daukeenian, estu bizi diralako, gelditu leitekezala, batzuk edo guztijak, zelan dan premiñia, meza entzun baga, kalte andija etorriko bajake meza entzutetik. Baña, alako jai egubarteetan, oi duaz gaztiak jolasera legez karobija aldera, lagun egiteko atxakijagaz, ta igaro oi da nasaikerija asko. Eta, zetara juan leitez, batez bere neskatillaak, ezpada okasinoe emotera ta eureen modestija edo lotsarik eza erakustera? Nausi ta gurasuak euki biar dabee ardura andija onelako okasinoiak kenduteko. Beste leku batzubetan oi duaz neskatillaak oleetara, neguko gabetan, gorubaren atxakijagaz. Edozeñek daki zelakua dan olagizoneen premiñazko jantzija; ta berak asko izan biar leuke, neskatilla modestija puska bat daukana, premiña baga euretara ez juateko. Baña, onez ostian, nok ez daki zenbat okasinoe, berba ta gauza zantar oi dan, gorula zorigaistokuak dirala bide? Orregaitik, guraso askori ardura gitxi emon oi deutsee arimako kaltiak, egur puska bat etxian aurreratu edo alabei gusto emoten badeutsee. Eguneen baten ikusiko dabee. Zorijonez, ugazaba ta ijela begiratu askok ez deutsee lekurik emoten alako gorulei.

        Emen esan gura ditut predikadore bati entzun neutsazan berbaak: «Lotsagarrija da», ziñuan, «emakume askoren ibilgura ta modestijarik eza. Ez da izango gizonezkuen batzaarrik, eurak sartuko ez diranik. Nai dala merkatu, erija, pelota, palanka joko, proba edo beste alako gauzaren bat, an dira eurak. Tabernara konbideetan baditubee, nai merijandara, duaz lotsa gitxigaz. Egiten ezpadabee obrazko pekaturik, edo azaldeetan ezpada, beste berba loi, eskuka zikin ta ibillera nasai guztijak botaten ditubee utsera. O, itxutasuna! O, doktriñarik ez jakin edo ez aitu gura izatia! Zenbat lujurijoso dago infernuban, obrazko pekaturik iños egin baga, pensamentu, guraari, berba ta eskuka loijakgaitik? Ez dago kontau daikezanik. Euki, bada, arren, goguan erija andi au; ta ez aaztu kartilliak erakusten dabenagaz, au da, seigarren mandamentubak aginduten dabela, izan gaitiala garbijak gogo, berba, egite ta guraari guztietan.

        LUISEK: Neuk bere entzun neutsan predikadore ari ta gomuta ditut azkenengo berba oneek: «Hebreotaarrak neskatilliari emoten deutseen izena da Alma. Esan gura dau bakartadeko edo erretiradia. Euskaldunak emoten deutseen izenak esan gura dau garbija, naastu bagia. Jentillak eurak honretan zituben donzella garbi ta modestaak ta, turkubeen artian, ez zenduke ikusiko gizasemeen ondora juaten euretariko bat. Txiñako erreiñu andijan ez dabee iños urteten eureen etxetatik kanpora. Ez dira bardiñak leku guztietako oituraak ta premiñaak; ta ez dau Jangoikuak iñor allagiña lotuten. Baña edozeñek ezagutu daike eurak arpegijan emoten deutseela gure arteko askori, darabilleen lotsabagerija ta nabarmentasuna. Eta, uste ete dabee, alako neskatillaak, ondo ikusijak dirala? Uste ete dabee mutil juiziozkok gurako ditubala bizitza guztirako laguntzat? Askogana zabaldutako biotza nekez batuten da. Alakuak, geijeen bere, aurkituko dabee beste gangar bat, gero zeloz, aserrez ta bake gaistuan izateko. Orregaitik ikusten dira ainbeste matrimonijo negargarri».

        AITAK: Jarraitu gura deutsat okasinoien sallari. Oi dira mutill errondaak bere ta nosbait batu oi jakeez neskatilla lotsa bagaak, eurak bagako saltsarik izan ez dedin. Entzunenak dira zenzerrada, gabon zaar ta ziurrena Santa Ageda bezperakua. Jangoikuak daki zelan oi dabiltzan, zer kontau ta egiten dabeen. Orduban batuten dabeenagaz ta neskatillak etxetik ostuta daruenagaz, egin darue sarri merijendia urrengo jaijan. Ez dago zetan esan zelakuak oi diran onelako merijandeen frutubak. Alan, gurasuak berarizko ardura bat euki biar dabee, gau jakin areetan iñok etxetik urten ez daijan. Zarratu ondo ate bentanaak eta errejistrau oiak gabian. Jagiten dira, premiña danian, ganadubei begiratutera. Eta, ez dabee seme alabaakgaitik, ganadubakgaitik oi daben beste ardura eukiko? Ala esango ete dot, San Juan Krisostomogaz, ardura geijago daukeela aberiakaz seme alabaakaz baño? Eta, zelan erantzungo deutsee Jangoikuari gurasuen obligazinuen gañian?

 

aurrekoa hurrengoa