www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia
Juan Jose Mogel
1845; 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Baserritaar jakitunaren etxeko eskolia, Juan Jose Mogel (Bitor Uragaren edizioa). Euskal Editoreen Elkarte, 1991.

 

 

aurrekoa hurrengoa

ERAKUSALDI IX.a

 

        Guraso oneen arduria ez zan bakarrik seme alabaakaz, baita bere otseiñakaz. Doktriñia erakutsijaz gañera, emoten eutseen eleisbidia ta eukiten ebeen eureen bizimodubaren ardurarik andijeena. Ondo begiraturik, artu orduko, zelakua zan otseiña, leenaz adierazoten eutseezan izango zituban obligazinuak ta, eureen artian bat, ez ebeela iños juan biarko fiesta, erromerija, dantza, bigira, ez beste okasiñoe jakiñetako lekutara. Ostian, ziran txito errukiorrak eurakaz: pageetan eutseen soldatia zuzen ta agillanduakaz ta alkarren leijan oi ziran serbidu gura zitubeenak. Astegunian emoten eutseen astija erropaak konponduteko edo egiten eutseezan etxeko alabaak. Ez ebiltzan etxe onetako otseiñak beti arrastaka, esklabo edo erosijak legez. Ezagututen ebeen ez zirala ostikopetu biar, pobriaguak ziralako, ta bai errukijago izan. Askok ondo goguan josirik euki biar leukiana. Ugazaba alper edo zeken batzuk, al baleijee, bota eragingo leuskijuee odola izerditan otseiñei. Erruki geijago daukee txalakaz eurakaz baño. Jana nola alakua, gois jagi, belu oera ta, bitaartian, beti arrastaka. Ez deutsee emoten astirik erropaak konponduteko, jaijetan ezpada. Meza nausi, sermoe ta konfeseetara, albait gitxien. Bakarrik emoten deutsee libertadia, biar ez leukenerako, au da, batzaar ta okasinoe gaistuetarako. Guraso pobre, eureen seme edo alabaak serbietara aterateko premiñaan aurkituten diranak, gomuntau ditiala, iñok baño neke edo pena geijagogaz azi zitubeela eureen seme alabaak, sartu ez daijeezan buztarri ain gogorreen azpijan. Gomuntau ditiala, pobriak izan arren, Jesusen odolagaz erosijak dirala, ugazaba gogor ta ardura bageen mendian imiñi ez daijeezan.

        AITAK: Berba egiñik okasinoe batzubeen ganian, gura deutsubeet zerbait esan beste tontakerija ta arrisku batzubeen ganian bere. Oi dira errijetan mutill arro ta bake txaarreko, burruka, makillaka ta okasinoe zaliak. Beroturik ardao puska bategaz, esan darue: «Ez nas ni baten bildur». Billaturik eureen gisako lagunik, ez dabee galduten erarik, aterateko aserreren bat. Emendik oi datoz etxeetako naibagiak, auzo ta errijetako gorrotuak, beste kalte askogaz batera. Gizonaren bildur ezpagiña bere, guztiok izan biar dogu Jangoikuaren bildur, gauza txaarrik ez egiteko. Jangoikuak emoten daben indarra da neke ta premiñeetarako, baña ez lagunari gatxik egin ta bere buruba arriskuban ipinteko. Gatxik asko dauka gizonak munduban, alkarri gatx barrijak emoten ibilli baga bere. Indarrari alan jagiten jakozanak, lotsatu biar leukee, ikusirik asto batek eurak baño geijago daukala ta ostikada bategaz botako litukiala lurrera. Gizona jagi biar jako errazoe edo zenzunari; ta onek argitu ta neurtu biar dau Jangoikuaren lege santutik. Burruka ta makillakaak erakusten dabee tontokerija ta biotzeko karkabu zitala, baña ez prestutasun ta balorerik. Prestutasun ta egijazku baloria ezagutzen dira gerra zuzenetan ta Jangoikuaren glorijak eskatuten daben premiña ordubetan. Baña, geijeenez, ikusiko da taberna ta plazeetan arrokerijarik andijeenak botaten ditubeenak dirala billaubeenak premiñazko okasinuetan, ezagutu dedin, biotz zital txatxarrak ez daukeela benetako balorerik. Dabiden jazoeraak erakusten deuskubee biar dan guztija gauza onen ganian. Filisteo sendo ta gogorrak artu ebeen gerria israeltaarrakaz. Ejerzitu bijak aurkituten ziran alkarri begira, baña eskubetara sartu baga. Goliat esaten jakon filisteuen arteko soldau ikaragarri bat agertuten zan egunoro Israelgo ejerzitubaren aurrian, burla ta desapijoz zirautseela, urten eijola berari nai ebanak ta, goituten beeban, filisteo guztijak menderatuko jakeezala, baña bestera jazoten bazan, Israelek jarri biarko ebala filisteuen azpijan. Saul Israelgo erregiak egin zituban eskintsaririk andijeenak, Goliat goituten ebanarentzat; baña, ez ejerzituban, ez ostian, aurkitu eban Goliaten anditasun, indar ta armaak ikaratuten ez ebanik. Dabid, artian, artzain gazte mendijan ebillen bat zan. Entzun ebanian filisteo arro ta Jangoikuaren arerijuak erlijiñoe santubari ta Israeli egiten eutseen burlia, eskini zan beriala guda atarako ta urten eban makilla bat ta bost arri baño beste arma baga. Ikusi ebanian Goliatek mutil gazte, gorri ta ederra, soldau antz ez armarik eukana, esan eutsan burlaz: «Uste dozu txakurren bat nasala, makilla orregaz joteko? Erdu ona, laster prestauko da zure aragija txorijeen janaritzat». Baña Dabidek, ikaratu baga, imiñi eban artzanak aiñ artuba ebeen abaillia, ta lelengo arrikadiagaz ezarri eban lurrera; atera eutsan gerritik ezpatia ta beragaz ebagi iduna. Jarraitu eban, arrezkero, gerra askotan ta bere baloriagaz irabazi zituban biktorijaak, zabaldu eutseen izena mundubaren bazter guztietan; ta ez da aaztu, ez aaztuko, gizaaldijetan. Dakuskun, bada, oraiñ, zer egiten daben Dabid onek beronek lagun projimuaren injurija edo bide bagatasuneen aurrian. Enbidijaz beterik Saul erregia Dabidek artu eban entzutiagaz, persegidu eban ezin geijago ta modu askotara. Ta, zer egiten eban Dabidek? Alde ta ezkutau. Izan zituban erarik oneenak Saul illteko ta bera buru geldituteko; baña, zer egin eban? Jangoikuagaz gomutau ta parkatu. Semei esaten jakon gizon zital batek bete eban lotsabagekerijaz jente askoren aurrian. Abisaik kendu gura izan eutsan bzija; baña Dabidek galerazo eutsan, esanik: «Itxi eijotu bakian, Jangoikuak laketu deutsa; ta berak, biar bada, entongo deust bendizinua, orrek bota deustazan maldizinoien ordez». Bardin erakutsi eban beste jazoera askotan zelan goitu biar ziran griña ta guraari gaistuak, gorderik indar ta baloria gauza andi ta zuzenetarako. Biotzeko sendotasuna ez dago zitalkerija ta tontakerijeetan.

        LUISEK: Beste aserre asko bere ikusi oi da; ta arrituteko gauzia aurkitutia ainbeste gorroto kristinaubeen artian, esanik aiñ sarri Jangoikuari: «Parkatu egiguzuz geure zorrak, geuk geure zordunei parkeetan deutseegun legez».

        AITAK: Bai, ezin esan lei zeinbat arima galduten dituban diabrubak gorroto zorigaistokuen bidez. Egiten dira miñagaz Jesusek erakutsitako erregu areek, baña ez da biar legez penseetan euretan. Orregaitik, askok ez dituz aituten edo ez dituz aitu gura. Gizoneen artian aurkitu oi dira amodijo mueta asko. Partikular edo batzubeen artekuak, nai senidiak diralako, lagunak edo idiak, jenijoz alkarren antzekuak edo mesederen baten bidez. Ez dot orain amodijo oneen gañian berba egiten, ezpada jeneral edo guztientzakuen gañian. Amodijo au izan deiteke jatorrizko edo naturala, guztiok garialako odol berekuak, guraso batzubeen umiak; bada, ez izan da ta ez izango da lurraren gañian gizonik, Adan ta Ebaganik ez datorrenik. Alan daukagu guztiok anaetasun bat, Jangoikuaren probidenzija agirija, erraztuteko karidadeko agindu andi ta aiñ mesedegarrija, zeñen gañian dan nire oraingo berbakuntzia. Dago, bada, amodijo guztientzako bat, naturaleziaz gañetikua, Jangoikuaren berarizko agindu batetik datorrena ta bere grazijagaz gorde biar duguna. Jesusek emon eban odola guztiokgaitik ta erosi genduzan bere erijotziagaz. Orregaitik dirausku San Pablok: «Egiten dogu gorputz bat Jesu Kristogan, ta gara bata bestiaren zatijak». Jesu Kristo da buruba ta gu bere zatijak karidadeko gorputz onetan. Zelan, bada, maitetu giñai Jesu Kristo, geure ta bere zatiban gorroto izanik? Orra zegaitik dirauskun San Juanen aoz: «Esaten dabena maite dabela Jangoikua, lagun projimuari gorroto deutsala, guzurtija da». Alan, karidadeko amodijua dago ameetian Jangoikua bera beragaitik ta projimua Jangoikuagaitik. Amodijo bi oneek birtute bat egiten dabee, San Gregorio andijak dirauskun legez. Jakin biar dogu, bada, Jangoikuaren gorrotuan jarten gariala, projimuari gorroto artuten deutsagun guztian ta erakutsirik daukala neurtuko gaitubala, geuk lagun projimua neurtuten dogun neurrijagaz beragaz. Karidadiak ez dati begiratuten nor ta zelakua dan maitetuko dabena ta parkatuten deutsana, asko dabelako jakitia projimua dana; ta, zenbat esker gaistokuagua lagun projimua, ainbat izango da argijago ta irabazi geijagokua gure karidadia. Jesusek eskatu eutsan Aita eternuari bere eralla edo ilten ebeenakgaitik. San Estebanek erregututen eban arrika bizitzia kenduten eutseenakgaitik. Doktriña oni jarraitu eutseen apostolubak, burla ta persekuzinoerik gogorreneen erdijan, ta gorde dabee martiri, konfesore ta kristinau egijazkuak, mundutaarrak emon deutseezan karzela, desterru ta bidebagetasun guztien artian. Batzuk ezer eztzat oi daukee gorrotua artutia, gero parkatu ezkero; baña au da engañu edo diabrubaren lazu bat. Gorrotua artu dabenak egin dau pekatu ta, astuna izan ezkero, ezin salbau leite parkatute utsagaz, damu egijazkuagaz konfesau baga. Gorrotorik ez artutia, au da karidadiak aginduten dabena. Beste batzuk diñue gauza gatxa dala arerijuei parkatutia. Munduko errege batek aginduko baleutsee maiorazko andi bat, lagun projimuari egitada txatxar edo injurijaren bat parkatutiagaitik, erraz egingo litxakee parkatutia ta, biar bada, egongo litzaatez guraariz beteta, egin daijueen, maiorazgo izatearren. Baña gizon aragizko, mundubari iraatsijak ez deutsee jaramoten zeruko erregeren agindu ta eskintsarijei ta, alan, egiten jakee gatx, eureen fede otz ta Jangoikuaren amodijorik ezagaitik. Ez jakee alan jazoten Jangoikua gauza guztiez gañetik maite dabeenei ta zeruko betiko maiorazkuen pozian, munduko blultza labur au daruenei. Baña aitu biar da ondo ez dala bardin sentimentuba, zein gorrotua. Sentimentuba da naigabia artutia geure biotzian, biztuten dala sarri odola geiago edo gitxiago, gura ez gendukian gauzaren bat egiten deuskubeenian. Au ez da pekatu, bada, ez dago geugan sentietia edo ez sentietia; ta zenbat dan andijagua, atera daikegu irabazi geijago goitubagaz Jangoikuaren grazija ta geure alegiñakaz, lekurik emon baga borondatian karidadia ausi eragiteko pensamenturi. Gorrotua da opa izan edo desietia lagun projimuari gatx, kalte edo naibagereen bat ta au da pekatu mortala, gauza astunian izan ezkero. Izan gaitian errukiorrak projimuakaz, izan dedin Jangoikua geugaz. Euki daigun bera goguan, batez bere iñok gatxik egiten deuskunian, bada, berak isten deutsa, gu probau ta sari geijago irabazi daigun. Ez gara izango lurrian arerijo baga. Jesusek izan zituban. Zorijonekuak, beragan sendaturik, munduko gerra onetan biktorijagaz urteten dabeenak.

        LUISEK: Lurreko bizitziari begiratuta bere, mesede andija genduke alkarren argaltasunak pazienzijaz igarotia, bizi izateko bijotzeko bakia galdu baga.

        AITAK: Jentillak eurak ezagutu ebeen egija ori ta eureen arteko jakitunak iminten zitubeen alegin andijak jenijo edo griñaak ezi ta biotzetako bardintasuna gordeetako. Ara ondo erakusten dabeen ejenplu batzuk. Mutil gazte bat sartu zan filosofo jentil baten eskolaan, zeñek euki eban iru urtian nai ez eban guztia egin ta bere borondatia ukatu eragiten. Beste iru urtian, ez bakarrik isillik igaroten, esan edo egiten eutseen gatx guztija, baita bere sari edo erregalua emoten, gaiski esan edo egiten eutseen guztiei. Ikusirik maesubak zein ondo gorde zituban bere agindubak, esan eutsan: «Guazan orain Atenasko eskola andira». Ziudade onen sarreraan egon oi zan filosofo zaar bat, ezagutu edo probeetako estudijora juazaneen prestaeria. Urreratu jakonian mutil gaztia, asi jakon burla ta ez ikusi andijak egiten, baña ez eutsan mutillak irribarre baño egiten. Aguriak geitu eutsazan esakunerik zitalenak, ta asmau alako txaarkerijaak; baña beti erantzuten eutsan mutillak irribarriagaz. Orduban, filosofuak esan eutsan: «Adiskidia, zer da ori? Ainbeste burla nik zuri egin ta, orregaitik bere, barre egiten deustazu?» Erantzun eutsan mutillak: «Iru urte osuan bizi izan nas beti sari emoten gaiski esan edo egin deustan guztijari. Zuk dugarik egin deustazu; zelan, bada, barre egingo ez neutsun?» Entzun orain, Sokrates jentillaren bizitzaan irakurten dana. Filosofo andi onek izan eban emazte bat, lurrian ikusi zaatian zitaleena ta sugiaren eztena baño miin zorrotzagokua. Esaten eutsazan Sokratesi asmau al zituban gaiski guztijak ixildu baga, iturrija baño geijago. Baña Sokratesek ez eutsan jaramon geijago egiten txakur txikar baten saunkiari baño. Egun baten, baziarduban emaztiak, berak esan ta bera sutu, ta, ikusirik alan bere ezin mindu ebala bere senarra, artu eban ur loiz beteriko ontzi bat ta bota eutsan burutik beera. Orduban, Sokratesek, barre eginda, esan eban: «Banekijan ainbeste trumoek zaparradareen bat laster ekarri biar ebana». Alan gelditu zan Sokrates leen baño entzute geijagogaz ta emaztia lotsatu ta goiturik.

        Filosofuak errazoiaren indarrez ta munduko entzute uts batgaitik, onelako irudi edo ejenplu asko itxi badeuskubeez, zelan da kristinau askok, Jesusen amorez ta betiko atsegiñeen pozian, karidadeko agindu errazaguak ez gorde gura izatia? Ai, eta zelan Jangoikuak aterako dituban eguneen baten jentillak eurak, kristinau argalak lotsatu ta juzgeetako! Eta, zer erantzungo deutsee? Ai, itxubak! Ez dago eruapen baga karidaderik, ez, karidade baga, zeruko saririk, eta bai betiko kastigubak.

        LUISEK: Zer dirauskuzu egin oi diran ganadu probeen gañian?

        AITAK: Berba gitxitan erantzungo deutsubeet. Ganadubak probetiak, berez, ez dauka gauza txaarrik. Nosbait izan leitez premiñazkuak saldu erosijetan, ikusteko gauzako ete diran biarrerako. Egija da, ganadubak urriñekuak ezpadira, jakin oi dala leenaz eureen barri. Saldu erosirik euki ez arren, adiskide batzuk, biar arte baten, olgantzaz legez, bake ta armonija andijan, probau gura oi ditubee eureen ganadubak; ta orduban izango da dibersinoe inozente bat, zelan dan kazadore batena, pozez begira dagokanian bere txakurrari, erbijaren ondoren doianian. Baña oi dira proba aposte andi ta desafiozkuak, zeintzubei txito sarri darraikueezan aserre gogor ta ordikerija ez gitxi. Nekatuten dira laarregi gizonak ta galduten ditubee asko ganadubak. Onelakuak ekarri oi ditubee etxeetara gastu ta kalte andijak, arrokerija utsez. Alan, ezin iñok ontzat emon daikez.

        INESEK: Erakutsirik San Gregoriok diabrubak tentau oi dabela bakotxa argaleen dan aldetik, esan eiguzu ze griña izan oi dan geijeenez, zeñetatik imiñi oi deutseezan emakumei bere tentazinoeko lazubak.

        AITAK: Griñarik bizijeena emakumeen artian izan oi da burubak erakutsi ta eder eretxi naija. Emendik sartu oi ditu apaindurija laarregijaren guraarijan, ta ugaritu da allagiña eureen banerija. Ez dot berba egiten honestidade ta dezenzijaz ondo jazten diranakgaitik, bakotxaren euki, estadu edo bizimodubari jaokan apaindurijagaz. Banerijaren izenak berak esan gura dau ezer ezkerija edo, argiruago esateko, engañuba. Ta alan da: bada, banerija izaten da diran baño ederrago irudituteko, edo ezaintasunak eztalduteko. Bata ta bestia dira engañubak, baña guztirako daukaz asmuak banerijak. Izanik gauza au aiñ agirija, ez nas luzatuko asko bere gañian. Orregaitik, ezin itxi nei esan baga, leleengo banerijak daruala sarri etxeko obligazinoietarako biar litzaatiana, eragiten ditubala zorrak edo atzeratu leenagokuak pageetia. Bigarren egiten dirala lapurreta jenero asko beragaitik, bai etxeko laboreetan, bai tratu ta errenteetan; bada, apaindurija arrora emonak ez oi dabee atzerapenik euki, biar ez litzaatezan irabazijak eruateko, errenta laarregijak iminteko, soldatarik otseiñei ez emoteko ta iñoren izerdija txupeetako, baldin eureen guraarijak beteetan baditubee. Irugarren, iruntsten dabela pobreen herenzija. Ai! Zenbat ikusten da erdi billosik ta gosez, gaixorik ta premiñaz, ondo legokezanak banerijak daruanaren lauren bategaz! Baña itxuturik biotzak moda ta apaindurija laarregijan, aaztuten dira zetarako emoten dituban Jangoikuak ondasunak eta zelan erantzun biarko jakon eruakgaitik. Laugarren, galdu eragiten dabela modestija, ikusten dan legez moda askogaz, aragijak ondo eztali baga, ta beste modu askotara. Azkenik, ez dabee alan apaindu gura ezkutuban egoteko; ta soñeko arruak berak emoten deutsee ibillteko aisia, begiratu baga nora, ez zelan. Gura dabee ikusi daijeezan, ikusten ditube berak bere bestiak ta alkarren leijan ta pozian sartuten dira mundubaren olgantza zoro ta okasinoietan, itxu itxurik bera adoreetako. Emen gomunteetan nas Jakiturijaren liburuban irakurten danagaz: «Erbubee», esan eutseen pekatarijak alkarri, «gozatu gaitian lurreko atsegiñetan, ez dekigula igaro denporiaren loria. Imiñi daiguzan larrosazko koroiak, liortu baño leenago. Ez dedilla gelditu zelairik, zeñetara elduko ez dan gure lujurija. Itxi daiguzan leku guztietan alegrijaren señaliak, persegidu daigun justuba, gure egitadeen arerijua dalako ta emoten deuskuzalako arpegijan geure pekatubak. Alan pensau ta uts egin ebeen, itxutu zitubalako eureen gaistakerijak», Ispillu argija, gure egunetako gazte askorentzat. Ara, azkenik, txito egoki jatorkeen Isaias igarla santubaren zemaija: «Jagi diralako laarregi Siongo alabaak, ostikopetuba izango da eureen arrokerija, billostuba apaindurija ta, bitxi ta usain gozuen ordiaz, izango ditubee tormentubak».

        Oi dira beste emakume ta neskatilla batzuk, guztija bestera, bardiñ eutsi edo ardura bagaak, dezenzijak eskatuten daben soiñ estalgarririk iminten ez dabeenak. Au ikusten da sarri lan edo biarretan dabiltzanian; ta lotsagarrija da zelan juaten diran batzuk iturri edo ibaijetara, lexiba jote nai beste zerbait garbitutera. Ez dot gitxiago esaten emakume señak azten oi dagozan askogaitik, ardura puska bat imiñten ez dabeelako biar legez eztaliteko, iñoren aurrian ugatza emoten deutseenian. Ama alper ez gitxik bere oi darabilleez erdi billosik eureen umiak. Euki biar da, bada, ardura andija, dezenzijaz ondo eztaliteko, erropaak pobretxubaguak izan arren.

 

aurrekoa hurrengoa