www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu Berriko Kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu berriko Kondaira, Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1998

 

aurrekoa hurrengoa

AMABOSTGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. San Pabloren joanera Jerusalenera

 

        Ibilli onetan sei illabete egin zituen, eta bildu zuenarekin Jerusalengo anaia errukarriai laguntzen prestatu zan; baña etsaia ere lo etzetzan, eragozten ote zitzaion egin-alak egiteko. Eman ziozkaten limosna ugarien gañean iñork gaizpensatu etzezan, diruaren eramantzalle artu zituen Bereatik Sopatro, Tesalonikatik Aristarko eta Segundo, Derbetik Kaio eta Efesotik Tichiko eta Trofimo, guziak, nor bere erriak lanbide artarako autuak; eta Korinton elkarganatu ziran, emendik itsasoz irteteko asmoan. Juduak jakin zutenean nola San Pablo zijoan, eralle edo gizon-iltzalle batzuek ontzian sartu zituzten itsasoan iltzeko edo, au ezin bazan, San Pablo lurreratuko zan tokietara beste batzuek bialdu zituzten, atzitzen zuten lekuan il zezaten.

        Zer zerabilten San Pablok igerri zien, eta lagunak aurrera ontzian bialduta, bera San Lukas adiskide maitea berekin zuela Mazedoniatik barrena abiatu zan, eta Filipora eldu zanean gelditu zan, Pazkoako sei egun emen egiteko. Gero itsasoz bost egunean Troade-ra joan zan, non arkitu zituen aurrera bialdu zituela arestian esandako lagunak. Troaden zazpi egun zeramazkien, ango kristauai atsegin ematen; eta San Pablo bere gogoz luzaroago egongo bazan ere, Jerusalenera iritsi nai zuen Pazkoa Espiritu Santukoa baño lenago, eta apirillaren ogeita batgarrena irteteko izentatu zan. Troadeko kristauak jakin zutenean San Pablo eta onen lagunak zein egunetan irteten ziran, bezperan jendetza andia bildu zan Apostolua ostatuz zegoan etxera, atzen agur egitera, eta komunio santa goizean artzeko asmoan. Apostolua asi zitzaien onetarako zegozkien erakutsiak egiten, eta onetan ziardutela, ez-arian eta oarzaka, gauerdia eldu zan. Argi asko zeuden irazekiak, ez ainbat gauagatik zenbat artzera zijoazen Sakramentu Santu Aldarekoagatik.

 

 

2. San Pablok Eutikio illa biztutzen du

 

        Eutikio zeritzan gazte bat San Pablori aditzen leio gañ batean jarri zan, eta predikuak luzatuta, loakartu zuen, eta irugarren bizitza edo endanatik atarira erori, eta il zan. Zorigaitz onek guziak atsekabetu zituen: ikustera lasterka joan ziran, baña ilda arkitu zuten. Lurrak eskualdirik etzuen il hura biztutzeko, eta San Pablok zeruari eskatu zion. Apostolu andi au uste oso-osoan mutil illaren gañean etzan zan, eta jaikita, esan zuen: Iñor larritu ez bedi: gorputz onek anima berekin dauka. Eutikio bereala biztua jaiki zan. Mirari berri onekin guziak arritu ziran. San Pablok esan zien Jainkoari zer eskerrak zor ziozkaten. Gero Komunio Santa eman zien, eta goizean goiz prestatu zan irteteko.

        San Pablo Troadetik Ason-go portura zijoala, Eutikioren guraso eta etxekoak berarekin bidera irten zitzaiozkan eskerrak ematera. San Pablok txit begitarte ona egin zien; eta iñolaz ere Eutikio geroz bere ongilleari jarraitu zitzaion, seguru esaten ez bazagu ere. Asongo portuan itsasoan sartuta, bostgarren egunean Miletora iritsi ziran, eta lurra egin zuten. Emendik gaztigatuta, Efesoko obispo, apaiz eta zarrak beregana eraman zituen: esan zien zer neke eta eramankizunak zetozkion, batez ere Jerusalenera zijoanean; baña etzala atzeratuko, zeren Jainkoak agindua egiten zuen. Aiek ere nork galduak izango zituztela, eta kontuan ibiltzeko, iru urtean eman izan ziezten ikasbideaz aztu gabe. Atzenean esan zienean menturaz berriz ikusiko etzutela, negarrari eman zitzaiozkan. Gero, ordua bete zanean ontzian sartuta Tirora iritsi ziran, Troadetik irten ziranetik amalaugarren egunean. Tirotik aldatu zan, ogei urtez lenago galdu nai izan zuten juduai iges egiteagatik utzitako Zesareara, non arkitu zuen San Felipe, Apostoluak beren laguntzat artu zituzten zazpi diakono aietatik bat, zeñaren etxean ostatuz jarri zan.

 

 

3. Agabo profetak San Pabloren Jerusalengo nekeak adierazten ditu

 

        Emen atsedeten zeudela, Jerusalendik joan zitzaien Erromako enperadore Klaudioren denboran zetorren gosetea aldeaurrez asmatu zuen profeta Agabo, lenago aitatu dana. San Pablori urreratu zitzaion; gerrikoa kendu zion, eta onekin bere esku-oñak lotu zituen, guziak zekustela, eta deadar egin zuen: Ara Espiritu Santuak zer dion: gerriko onen jabea juduak Jerusalenen onela lotuko dute, eta jentillen eskuetan ipiñiko dute. San Felipe eta gañerako an ziran guziak erregutu zioten, Jerusalenera, arren, ez joateko; baña San Pablok erantzuten zien, esan eta erregu aiekin etzutela ezer aurreratzen; bada prest zegoala Jesusen izenagatik Jerusalenen lotua izateko ez ezen, iltzeko ere. Ikusirik etziotela oñik atzeraerazotzen, esan zuten: Jainkoak nai duena izan bedi.

 

 

4. San Pablo Jerusalenen

 

        Zesareatik Jerusaleneronz irten zan, berekin zeramazkiela lenagoko lagunak, eta berriro batu zitzaiozkan beste ikasle asko, zeñaen artean Nason zeritzan txiprear, Jesusen anziñako ikasle bat ere bai. Onen Jerusalengo etxea zan ango kristauen eliza, eta San Pablo eta bere lagunak ere ostatuz emen jarri ziran. Jerusalengo kristauak txit arrera on eta pozgarria egin zieten. San Pablo biaramonean Jerusalengo obispo Santiagori joan zitzaion ikustera, eta emen zar guziak bilduta, itzaldi gozo bat egin zuten. San Pedro an etzan, Aita Santutzako lanetan kanpoan izan, edo ordurako Erromara aldatua zalako. Zortzi urtez lenago San Pablok arterañoko bere lanak esan izan ziezten, eta orain gerozko guzien berriak eman, eta Jainkoak Asian, Frigian, Galazian, Mazedonian eta Grezian bere bitartez egindako gauza arrigarriak, zenbat jendetzari Jesusen legea erakutsi eta bataiatu zituen, zearo esan zien. Eta zar beneragarri entzuleak Jainkoari eskerrak eman eta altxatzen zuten. Baña San Pablori Espiritu Santuak barrunen esana betetzera zijoan.

        Lenengo ikusi au Santiago eta besteai emanda, ondorengo egunetan etxez etxe ibilli zan, eraman zuen limosna-dirua persona bearrai ematen, erri ongille aietatik artutako mandatari edo diru-eramalleak beti berekin zituela, ezer esateko biderik izan etzedin. Pentekostes edo Primiziaetako Pazkoa zeritzana egitera Asiatik etorritako judu Jesusen legea artu nai etzuten batzuek San Pablo ikusi zuten etxez etxe nola zebillen, Trofimo berez jentilla lagun zuela: eta gero berriz Elizan ikusi zuten bein batean eskuak ezarri ziozkaten, zerasatela: Israelko semeak, lagundu zaguzute: Au da erriaren, legearen eta leku santu onen kontra erakusten non-nai dabillen gizona. Gañera jentillak ere onara ekarri ditu. Trofimorekin etxez etxe ikusi zutelako, uste izan zuten Elizan ere berekin zuela; argatik zioten leku debekatura jentillak eraman zituela; baña gezurra zan. Ala ere, uriko jende guzia asaldatu zan, eta Elizara bilduta, San Pablori eldu zioten, Elizatik kanpora atera zuten kolpez iltzer uzten zutela, eta ateak itxi zituzten, berriz sartu etzedin, aren odolarekin Eliza ez loitzeko aitzakitan. Bereala il nai izan zuten; baña Elizari kontu artzen zioten erromar soldaduen agintari Lisias jendearen iskanbilla adituta zijoakiela oartu ziranean, utzi zioten. Orduan Lisiasek San Pablo bi katerekin lotuerazo zuen; eta galdetu zuen ea gizon hura nor zan edo zer egin zuen. Batzuek bat, besteak bestea erantzuten zioten, eta ikusirik ezer garbirik ateratzen etzuela edo iskanbilla hura zertatik sortu zan ezin jakin zala, agindu zuen gaztelura eramateko. Onen eskalleraren lenengo mallara orduko, judutzar asko bildu ziran, zerasatela: «il ezazu, il ezazu» eta soldaduak elduta, eraman bearrean arkitu ziran. Gazteluko atera iritsi ziranean, San Pablok Lisiasi esan zion: Itz bi esaten utziko didazu? Lisiasek galdetu zion ea Greziako itzkuntzan al zekien, edo ez al zala iskanbilla izugarri bat orañago jaso, eta lau milla lapur lister eremura eraman zituen ijito hura? San Pablok erantzun zion, berez judua eta Tarsoko semea zala; baña jendeari itzegiteko baimena eman zizaiola. Lisiasek eman zion, eta eskalleraren goeneneko mallan jarrita, jendeari itzegiten asi zitzaion, eta Hebreako itzkuntzan ziarduela zekusatenean, are ardura geiagorekin jarri zitzaiozkan.

        Kristauak jazarri edo persegitzen zituenetik asita, arterañoko bere bizitza guzia esan zien; eta aditu ziotenean, arako Jainkoaren itza jentillai erakustera bialdua zala, lenago isillik egon bazitzaiozkan ere, deadarrari eman zioten, tribunoari eskatzen ziotela gizon galgarri hura ilerazotzeko, eta kapak bota eta autsa airean banatzen zuten. Au ikusita, tribunoak agindu zuen gazteluan sartzeko eta azoteak emateko, jakin zedin ea zergatik ots aiek aren kontra juduak ateratzen zituzten; gero abe bati ualakin ondo lotzeko, erromarrak mendeko edo esklaboakin egin oi zuten bezala. Soldaduak prestatu ziran nagusiak agindu guzia egiteko; eta asitzera zijoazen unean, San Pablok kapitanari esan zion: Erromar bat bide onez azotatu dezakezute zergatik esan edo ikusi gabe? Kapitana bereala tribunoari joan zitzaion esatera, begira zezala gizon arekin zer egiten zuen, bada erromarra zala ziola. Tribunoa San Pablogana joan zan, eta galdetu zion ea erromarra zan. Bai, San Pablok erantzun zion. Orduan tribunoak esan zion: Nik izen ori diru askoren truke erosita det. Ni bada jaiotzatik naiz, Apostoluak erantzun zion. Geiago gabe, burlazko kastigu hura ematera zijoazkion guziak isill-isillik aldegin zuten, eta tribunoa bera ere txit larritu zan, lotu eta azotatzeko agindu zuena erromarra zala aditutakoan.

        Tribunoak biaramonean juduen batzarrea bilduerazo zuen, eta San Pablo, lotura guziak kenduta, aurkeztu zien, aren kontra zer esankizun ote zuten ikusteko. San Pablo asi zitzaien itzegiten, eta nai etzuten gauzaren bat esan zuelako, masallako bat eman zioten. Gero batzarreko Jaunak erdiratu ziran, batzuek San Pabloren alde, eta besteak kontra. Guziak itzegiten zuten, eta elkarri ezin ezer adierazo zioten. Atzenerako aserre latza sortu zan; eta San Pablo bertan galduko zuten, baldin tribunoak, bere soldaduakin artuta, gaztelura itzuli ez balu.

 

 

5. Jainkoak San Pablori itzegiten dio

 

        Urrengo gauean Jainkoa San Pablori agertu zitzaion, eta esan zion ez bildurrik izateko: Jainkoaren Izena Jerusalenen erakutsi zuen bezala, Erroman ere erakutsi bear zuela. Esan onekin San Pablo bizkortu zan, ez anbat irrisku gogor artatik ateratzen zan usteagatik, zenbat aren Izen santua eta legea Erroman erakusteko aututzen zuelako. Baña irrisku berri batean, eta Jainkoak esana egia zala pensatzeko bidean laster arkitu zan.

        Juduak ikusirik tribunoak gazteluan gordetzen zuela ain aier zitzaiozkan Apostolua, berrogeita geiago lagunek promestu edo boto egin zuten, San Pablo bizi zan artean ez ezer jateko, ez edateko. Promes gogorra zan, eta San Pablo bereala ez iltzera, goseak eta egarriak asko galdu bear zituen. Eta, nola il gazteluan gordeta zegoana? Ezin au bazekusten, eta apaiz-buruai esan zieten, tribunoari eskatzeko batzarrean berriro ikusi zitzatela San Pablori egozten zitzaiozkan gauzak; eta gaztelutik batzarrera zeramaten bitartean, berak bidean ilko zutela. Zer sare ondo zabaldua! baña Jainkoaren eskuarentzat indargabekoa. Aien asmo guziak, bada, kea bezala desegin ziran.

        San Pabloren arreba bat Jerusalenen bizi zan, eta onen seme batek jakin zuenean bere osabarekin zer egiteko zebilzan, osabari gaztelura joan zitzaion eta jakiñean ipiñi zuen. San Pablok bereala zenturion edo kapitan baten bitartez illoba tribunoagana bialdu zuen; eta esan ziozkan juduen barau, eskaera eta beste lan guziak, eta zer asmo zerabilten, eta bere eskuetatik ez, arren, San Pablo uzteko. Tribunoak guzia aditu zion, eta isillik gorde zezala illobari esanda, kapitan biri agindu zien, bere-bereala prestatu zitzatela berreun soldadu oñezko, irurogeita amar zaldizko berreun aiotzekin, eta abere bat San Pablorentzat; bada arratseko bederatzietan irten bear zirala, San Pablo segurantza guziarekin Zesareako eraentzalle Felixi eramatera. Gauza guziak zuzenduta, Zesarearonz irten ziran. Tribunoak Felixi txartel batean gaztigatu zion juduakin gertatu zitzaion guzia, eta bialtzen ziola, alde biai aditu ondoan, zeritzana egin zezan. Onetarako salatzalleai ere esan zien, zer esanik bazuten, Zesareara joateko. San Pablorekin zijoazenak Zesareara iritsi ziranean, Felixek Apostolua ipiñi zuen Herodesek egindako etxe galant batean, kontuartzalleak ondoan zituela, salatzalleak zetozenean auzia ikusteko.

 

 

6. San Pablo Zesarean

 

        Bost egunen buruan Ananias apaiz-burua eta beste kargudun batzuek, Tertulo iztun ots andikoa berekin zutela, aurkeztu ziran Felix eraentzalleagana. Onek salatzalleak eta salatua bildu zituen; Tertulok San Pabloren kontra egin-al guzian itzegin zuen. Gero gobernadoreak San Pablori agindu zion, zer erantzunik bazuen, esan zezala. Felixek bi aldekoai aditu zien, eta garbiro ezagutu zuen juduak San Pabloren kontra zekarzten espa guziak ezer etzirala; baña juduai atsekabe osoa ez emateagatik, esan zien donarioz pensatuko eta erabakiko zuela. Bitartean agindu zuen San Pablo itxian idukitzeko; baña begiramen guziarekin, bear etzanik egin gabe; eta iñor bereetakorik ikustera bazijoakion, sartzen uzteko.

        Andik egun batzuetara Felix bere emazte Drusilarekin San Pablori joan zitzaion, itxian zegoan tokira. Jesusen legeko gauzaetan itzaldi luze bat elkarrekin egin zuten; baña San Pablo asi zitzaionean zerbait esaten zuzentasun, garbitasun eta Jainkoari egunen batean guziok eman bearko diogun kontu estuaren gañean, Felix izutu zan, eta etzion geiago itzegiten utzi, esanaz beste batean itzketa hura berrituko zutela. Felixi gai aietan asko ukitzen zitzaion, argatik alako gauzarik aditu nai etzuen. Berriz eta berriz ere elkarganatu ziran; baña Felix biguntzen etzan, ez zeukan bidegabeko itxi artatik Apostolua ateratzeko, ez onek erakusten zion legera jartzeko. Juduakin izan zuen itzketatik Felixek igerri zion Jerusalenera persona berriai dirua eramatera joana zala, eta oraindik txit ustua izango etzalakoan, eraentzalle diru-zale ark San Pabloren esanai, itz-bitarteak sartu eta geroko epea ematen zien, itxitik ateratze-truke ezer eskeñtzen ote zion ikusteko. Bi urte onetan igaro ziran, itxian zeukana ez lotu, ez askatu egin gabe, agintean bere ondorengotzat Porzio Festo joan zitzaionean.

        Esan zitekean Felixek agintea uztean, San Pablori nai zuena egiteko eta noranai joateko eskubidea emango ziola, bere etsaiak egozten ziozkaten gauzaetatik garbi zegoala ziekien ezkero; baña dirurik iritsi ezin izan zuenean, juduakin ere osotoro autsi nai izan etzuen, Erromara zetorrenean bere alde izateko ustean.

 

 

7. San Pablok Zesargana gañdeitzen du

 

        Festok bere egiteko berria Zesarean artuta, irugarren egunean Jerusalenera joan zan. Apaiz-buru eta judu andizkiak bereala aurkeztu zitzaiozkan San Pablo Jerusalenera bialdu zezan eskearekin, bidean ilerazotzeko asmoan. Jainkoaren eskua, lenago bezala orain ere bere Apostolu onekin zan. Festok erantzun zien, San Pablo Zesarean zegoala, eta onen kontra zer esanik bazuten, ara joateko eta adituko ziela. Jerusalenen zortzi edo amar egun eginda, Zesareara itzuli zan. Biaramonean Festo erabaki-leku edo tribunalean eseri zan eta San Pablo erakarri zuen, eta Jerusalendik jatsitako juduak bereala asi zitzaiozkan gaiztakeria eta gaiztakeria egozten; baña egiak zirala sinisterazotzeko ezer agertu gabe. San Pablok batere malmetitu gabe erantzuten zuen, ezertan ere ukitu etziela ez juduen legeari, ez Elizari, ez Zesar-i. Orduan Festok galdetu zion, juduakikoa obeto egiteagatik, noski, ea Jerusalenera igo nai zan, eta egozten ziozkaten gauzai aren aurrean erantzun. San Pablok esan zion, Zesar-en tribunalean zegoala, eta emen juzgatua izan bear zala. Juduai gaitzik egin ez diet, esaten zuen, zuk zerorrek obeto dakizun bezala, eta ezer egin badiet edo iltzeko biderik zerbaitekin eman badet, ara ni emen prest. Baña dioten gauzarik ez badidate arkitzen, iñork ez dauka ni oiei uzteko eskubiderik. Zesargana gañdeitzen edo apelatzen det. Orduan Festok bere konsellariakin itzeginda esan zion: Zesar-i deitzen diozu? Zesargana joango zera. Cesarem apellasti! ad Cesarem ibis.

 

 

8. San Pablo Erromara ekartzeko prestamenak

 

        Egun batzuen buruan San Pablo Italiara ekartzeko prestamenak egiten zebilzan bitartean, Galileako errege Agripa eta onen arreba Berenize Zesareara joan ziran, Festori ongietorria egitera, eta itzak itzbidea emanda, Festok Agripari esan zion, San Pablorekin juduen artean zer gertatzen zitzaion. Nik neronek ere gizon orri aditu nai nion, erregeak esan zion: eta biaramonean ikusteko gelditu ziran.

        Agripa eta Berenize anai-arrebak ordu jakinerako tribunalean aurkeztu ziran, anditasun guzian, eta erriko andizki eta persona bikañ danak lagun zituztela. Festok bereala San Pablo erakutsi zien, esanaz: Ara emen gizon au, zeñaren bizi eske judu guziak Jerusalenen jarri zitzazkidan, baña nik ezer topatzen ez diot iltzeko. Zesargana joan nai du, eta bialtzera noa; baña nere nagusi enperadoreari zer esan ez dakit. Zuek itzegiozute, eta gero erakutsiko didazute zer esan bear diodan: bada, ondo ez deritzat gizon bat lotuta edo preso bialtzea, zergatik bialtzen dedan esan gabe.

        Errege Agripak San Pablori esan zion itzegiteko. Apostoluak etzuen galdu nai izan aurkeztutzen zitzaion ain era ona, bere ikasbidea edo dotriña agertzeko. Erakutsi zien, bada, ezin ukatu zezaketen moduan, Jesu Kristo juduak il zutena dala Jainko-Seme eta Mesias egiazkoa. Profetaen anziñako esan guziak onegan bete zirala. Au ondo ezagutu, eta lenagoko bizitza utzirik, Jesusen Ebanjeliora jarri zala. Esan zien mirarizko bere itsutzea, argitzea eta gertatu zitzaion gañerako guzia. Festok, jentilla zalako, etzion San Pabloren itzketari igerritzen, eta esan zion: Zuk buru guzia nastua daukazu. Ez, Festo, ez, San Pablok erantzun zion. Nik diodana egia garbia da. Aditzen dagokidan erregeak ondo daki, eta egiztatu nazake, zeren gauza oiek gertatu diran ez bazter isill batean, ezpada Jerusalenen, Judean eta Palestina guzian; eta Moises eta profetak eskribatuta utzi zizkiguten. Gero, Agripari itza emanda, esan zion: O errege Agripa! Zuk profetai sinisten diezu? Badakit, bai, sinisten diezula. Orduan Agripa larritu zan, eta San Pablok bere esanakin geiago estutu etzezan, esan zion: Gitxigatik kristau egiten ez nazu. Ai, bada, ori egingo bazendute zuk eta aditzen didazuten beste guziok! San Pablo isilldu zanean, erregea, arreba, Festo eta gañerakoak jaiki ziran, eta elkarri esan zioten etzitzaiola iltzeko ez ezen, itxian idukitzeko ere biderik ezertan arkitzen; eta Agripa erregeak Festori esan zion, baldin Zesargana joateko konturik aitatu ez balu, nai zuena egiteko eskubidea eman zizaiokeala; baña barreatu zan ezkero, Zesargana bialdu gabe ezin utziko zala.

 

 

9. Zesareatik Erromarako San Pabloren bidajea

 

        Gauza guziak biderako zuzenduta, illabeteren barruan Festok San Pablo beste preso batzuekin Erromara itsasoz bialdu zuen, Julio zeritzan euntari edo kapitan erromar bat kontuartzalle zuela. San Pablok berekin zeramazkien, Jerusalenen eskuak ezarri ziozkaten ezkero beti lagun izan zuen San Lukas eta limosna-diruaren eramalle aietatik bat, Aristarko zeritzana. Juliok laster ezagutu zuen San Pablogandik beste presoetarako berdin-eza, eta iñori ez bezalako begirunea agertzen zion. Bidean itsasoak txit aldi gaiztoak izan zituen: itotzeko zorian askotan arkitu izan ziran, eta esturasunik latzenean, «oraintxe itoko gera» esanaz zebilzanean, Jainkoak San Pablori iragarri zion ontzia porrokatu eta ondatuko zala, bai; baña ontzian zijoanik iñor ere galduko etzala. Berri onekin guziak bizkortu ziran, eta ontzi erdi-autsiari egin-alean lagunduaz, Maltako kostara alderatu ziran, eta arroka bat jota ontzia galdu zan; baña ontziko berreunda irurogeita sei lagunak, batzuek igeri, besteak ol-puskaetan, sei illabeteren buruan lurrera bizirik irten ziran.

 

 

10. San Pabloren Maltako sarrera

 

        Maltarrak, errukarri aien errekia ikusita, txit arrera ona egin zieten. Su on bat bereala eginda, leortzen eta berotzen ipiñi zituzten. Onetarako San Pablo ere besteakin batean bazebillen egurra suari inguratzen eta artu zuen sorta-egurrean suga bat zegoan, eta suaren beroarekin bizkortu zanean, eskutik eldu zion; eta zinzilika jarri zitzaion. Maltarrak ala ikusi zutenean, elkarri ziotsaten: Gizon au, noski, gizon-iltzalleren bat da; beintzat, itsasoaren aserreari iges egin orduko, orain bizia kendu nai dio. San Pablok eskua astindu, eta sugea sutara bota zuen. Maltarrak uste izan zuten aurrena puztu edo anditu, eta gero bereala ilko zala. Luzaro begira egon zitzaiozkan, eta zekusatenean pozoniak ezer egin etziola, lenagoko usteak trukatu, eta esan zuten jainkoa zala. San Pablok bereala kontra egin zien, esanaz Zeru-lurrak egin zituen Jainkoa baizik etzala, eta au bakarrik adoratu bear zala. Geroztik ugarte edo isla artako sugeak pozonirik ez dute.

        Ugarteko buru edo prinzipe Publiok bereak zituen itsasotik irtenda lurra artu zuten bazterrak. San Pablori sugearekin gertatu zitzaiona jakin zuen, eta etxean ikusteko eresia agertu zuen. San Pablo bere bi lagun San Lukas eta Aristarkorekin joan zitzaion; iru egunean emen txit ondo egon ziran; eta Publiok aiekin egindako onaren saria, Jainkoak laster itzuli zion. Publiok aita aspaldian sabelzardun edo beerakoarekin eta berotasun edo kalenturarekin gaxo zeukan. San Pablo sartu zitzaion ikustera; otoitz egin zuen; eskuak gañean ipiñi ziozkan, eta bertatik sendatu zan. Mirari au ugarte guzian barreatuta, eri eta elbarri guziak San Pablori zeramazkioten, eta guziak sendatzen zituen: eta gorputzeko gaitzak ez ezen, animakoak ere kentzen ziezten. Miragarrizko sendatze oiekin jende guzia beretu zuen, eta danak bataiatu ziran.

 

 

11. Maltatik Erromarako San Pabloren irteera

 

        Maltarren atsegiñik andiena izango zan beren ongille eta animako maisua berekin luzaro idukitzen; baña San Pablo autua zan mundu guziaren erri-buru Erroman Ebanjelioa erakusteko, eta aronz irteteko denbora bazetorkion. Bitartean ugartear esker onekoak biderako bear zuen guzia oparo prestatu zioten. Julio kapitanak ontzia artu zuen eta Maltatik apirillaren erdian irtenda, irugarren egunean itsasoz Puzol-era joan ziran, emendik Erromara leorrez joateko asmoan. Lenbiziko kristauak Puzolen arkitu zituzten, eta San Pabloren berriak ordurako bazituztelako, txit arrera ona egin zioten. Oraindik kateakin lotuta zijoan, eta begiramen guziarekin muñ egiten zieteen. Puzolen zazpi egun egin zituen, ango kristauak mesede au eskatu ziotelako; oien ondoren Erromaronz irten zan. Erromako kristauak artu zutenean San Pablo urreratzen zitzaien albista, batzuek emezortzi leguan, besteak amaikan bidera irten zitzaiozkan. Zer arrera egin zioten, ezin esan diteke; eta San Pablok bere bi lagun maiteakin Jainkoari eskerrak eman ziozkan. Gañerakoak ere, Jainko egiazkoaren legea oraindik ikasi gabeak baziran ere, beren erara eman nai izan ziozkaten, ain ito-bide andietatik itsasoan gorde eta ainbeste laguntza lurrean eratu zieztelako.

 

 

12. San Pablo Erroman

 

        Jesu Kristoren irurogeita batgarren urteko maiatzaren asieran Erromara iritsi ziran; eta Julio kapitan, bidean ain ondo begiratu izan zionak, Erroman ere berebat egin nai izan zuen. Zeramazkien beste preso guziak itxira edo karzelara eramanda, San Pablo kanpoan utzi zuen, soldadu bat beste kontuartzalle gabe, zeñarekin izaten zan bi adiskide elkarrekin bezala; baña bere kateakin beti, bada oiek kentzen etziozkaten.

        San Pablo orduko, Festo Zesareako eraentzalleak Erromako Enperadoreari bialtzen ziozkan San Pabloren berriak iritsi ziran. Ark oni esaten zion, juduak egozten ziozkaten gauzak indar gitxikoak zirala: gizon prestua zala; bere iritzia asko ez ezen, errege Agripari ere erakutsi ziola, eta biak bat zetozela; eta Zesargana apelatu ez balu, an bertan askatuko zuela. Berri oiek alde batetik, eta bidean gertatutako gora-beera miragarri, Juliok eta gañerako bide-lagunak esandakoak bestetik, jende guzia San Pabloren alde eta ikusteko eresian ipiñi zuten. Pretorio edo auzi-gelan bereala aurkeztu zan; bere burua garbitu zuen; baña bertatik libratzea bazegokion ere, utzi nai izan etzioten, Jerusalendik etortzeko ziran salatzalleak eldu arteraño: eta dala oien etorrerak luzatu zuelako, dala erromarrak gauza betaz eta donarioz artu zutelako, San Pablok, beintzat, bi urte bere kateakin igaro zituen; ala ere oiek eragozten etzioten Ebanjelioa leku guzietan erakustea. Berak naiena zuen tokian ostatuz jartzeko baimena eman zioten, eta autu zuen lanik geiena egin zezakean lekua.

        Erromara iritsita irugarren egunean judu andientsu eta bikañenai gaztigatu zien, aren etxera joateko eta esango ziela zergatik Zesargana apelatu zuen, adierazo nai ziezten beste zenbait gauzarekin. Joan zitzaiozkan; esan zien, Jerusalenen gezurrezko gauzak egotzi ziozkatelako Zesargana apelatu zuela; ez juduen kontra emateagatik, ezpada bere burua garbitzeko. Etzezatela pensatu, kate aiekin bazekusten ere, gaitzgilleren bat zala, ez. Zeramazkiela Israelen itxedoten zuen Mesias predikatzen zuelako. Juduak erantzun zioten, ezer etziekitela. Gero, berriz ere, beste egun batean goizetik arratseraño itzegin zien Jesu Kristoren Erlejioaren gañean, begien aurrean ipintzen zieztela, onek bere alde zituen profetaen esan eta beste sinisbide guziak. Askok ondo artu zioten, eta kristau egin ziran: baña geienak gogor agertu zitzaiozkan, eta esan zien, juduai eskeñtzen zitzaien salbazioko bidea jentillai emango zitzaiela, aiek baño obeto oiek artuko zutelako. San Pablo Apostoluaren ibilli, oraindaño aitatu ditugunak, San Lukas Ebanjelariak Apostoluen egintza-en izeneko liburuan dakarzki: eta gerozkoak Eskritura Santak esaten ez badizkigu ere, ezin ukatu eta zalantzan ipiñi ere ditezke, sinisbiderik argienak ezeretzat jo gabe. Au bera diot, emendik aurrera ezarriko degun gañerako guziagatik.

 

aurrekoa hurrengoa