www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu Berriko Kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu berriko Kondaira, Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1998

 

aurrekoa hurrengoa

LAUGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. Amabi Apostoluen aukera

 

        Jesusek igerri zien galdu nai zutela, eta ordu au etorri baño lenago autu nai izan zituen bere lege santa bere ordez ondoren nork erakutsiak, bizi zan bitartean bere ondoan ondo ikasita. Jerusalendik irten eta Kafarnaumera joan zan. Aukera au egiteko, gau batean mendira igo zan otoitz egitera; bada, lan andi guzietan aurretik prestaera au beti zeraman. Biaramonean goiz, ikasleai otsegin zien; eta oien artetik amabi autu, eta Apostoluak deitu zien. Oiek ziran Simon Pedro eta onen anaia Andres, Santiago andia eta Juan anaiak, Felipe, Bartolome, Mateo, Tomas, Santiago gaztea, Judas Tadeo, Simon eta Judas Iskariote gero saldu zuena.

        Gauza arrigarria! Gizon argal ez-jakin batzuek Jesusek bere ordekotzat aututzen ditu mundu guzia bere legera ekartzeko, bere Elizari oña emateko, bere izena mundu guzian zabaltzeko. Baña, amabiak zer ziran ain lan andirako? Batzuek arrantzale sareak zabaltzen baizik etziekitenak, besteak nekazale eskolatu gabeko itsuak; guziak jende beenekotik ateratuak, izen gabeko iñor uts ezertan ere aintzakotzat artzen etziranak. Oiek bada, aututzen ditu gizonaren berezko griña txar guziai, deabruari eta munduari gerra emango dien lege andia erakusteko; baña Jainkoak autuak dira, eta au asko da gauzarik miraritsuenak eta arrigarrienak egiteko.

        Jesusek autu zituenean esan zien: Zoazte, eta mundu guziari esan zaiozute Jainkoaren Erreinua badatorrela; zoazte, ez oraindik ordea jentillen artera, ez eta samariarren errietan sartu ere; ezpada Israelko ardi galduetara: eriak sendatu, illak biztu, legenardunak garbitu eta gaizkiñak kendu itzatzute. Eskualdi au doan artu dezute, eta doan erabilliko dezute. Bidean ez ezer eraman, ez urrerik, ez zillarrik, ez zizkuetan dirurik, ez zakutorik, ez bi janzirik, ez oñetakorik, au da, soñean zeramazkitenak besterik; bada, lana egiten duenak, saria edo jornala merezi du.

        Edozein errietan sartzen zeratenean, galdetu ezazute ea erri artan diña zein dan. Etxe onetan zaudete, etxetik irten bitartean. Sartzen zeratenean, esango dezute: Pakea etxe onetan. Eta etxeak merezi badu, pakea sartuko zaio, bestela zeroi itzuliko zatzute; eta norbaitek ez bazaituzte artzen edo zuen itzak aditzen, aren etxetik edo erritik irtetean, oñetako autsak astindu itzatzute. Egiaz esaten dizutet, Sodoma eta Gomorra atzen juizioko egunean ez dirala ain gogorkiro artuko, zein etxe edo erri hura.

        Erakutsi oiek, esan diteke zuzentzen zirala Jesus bera bizi zan arterañoko; baña geroagorako ere eman nai izan ziezten, esanaz: Bialtzen zaituztet ardiak otsoen erdira bezala; izan zaitezte kontuzkoak, sugeak bezala; eta doblez gabeak, usoak bezala. Gizonetatik gorde zaitezte; bada erabakileku edo tribunaletara eramango zaituztee, sinagogaetan azotatuak izango zerate eta eraentzalle edo gobernadore, eta erregeen aurrean nigatik ipiñiak.

        Orduan ez pensatzen egon nola edo zer itzegingo dezuten; bada, zer-esanak emango zazkizute; zuek etzerate itzegiten dezutenak, ezpada zuen bitartez itzegiten duen Aitaren Espiritua. Anaiak anaia eriotzara eramango du, eta aitak semea, eta semeak gurasoen kontra jaikiko dira eta ilerazoko dituzte, eta zuek guziok nere izenagatik gorrotatuak izango zerate; baña atzeneraño irauten duena, salbatuko da. Uri batean esetsi edo persegituak bazerate, bestera zoazte. Egiaz esaten dizutet, ez dituzutela Israelko uri guziak onduko gizonaren Semea datorren arteraño. Ikaslea maisua baño geiago ez da; morroia ere ez nagusia baño. Ikasleak asko du maisua bezala izatea, eta morroiak ere bai nagusia bezala. Baldin etxe-nagusia edo familiako buruari Belzebub deitu bazioten, etxekoai zer deituko ez diete? Baña ez ezergatik ikaratu; bada, ez da gauza ezkutaturik agertuko ez danik, eta isillik jakingo ez danik. Nik isillik esaten dizutedana, zuek agirian esan ezazute, eta belarrira esan zazutena, tellatuetatik erakutsi ezazute. Ez gorputza iltzen dutenai bildur izan, zeren anima il ez dezaketen. Bildur izan zatzakio anima eta gorputza Infernura bota ditzakeanari. Zer bada, ez dira bi arditgatik bi txori saltzen, eta ala ere oietatik bat bakarra ere zuen Aitaren baimena gabe lurrera eroriko ez da? Zuen buruko illeak zenbatetuak dira, eta esku hura gabe bat bakarra ere galduko ez da. Ez ikaratu, bada, zeren txori askok baño geiago balio dezuten. Gizonen aurrean aitortzen nauena, nik ere nere Aita Zeruetakoaren aurrean aitortuko det; baña gizonen aurrean ukatzen nauena, nik ere nere Aita Zeruetakoaren aurrean ukatuko det.

        Ez uste izan pakea dakardala, au da, munduak paketzat daukana, ez; pake orrekin ez nator, ezpada ezpatarekin, au da, pake ona eta txarra berezitzen dituen nere itzaren ezpatarekin. Nator banakatzera semea aitagandik, alaba amagandik, erraña amagiarrabagandik, zeren gizon leialaren etsaiak bere etxekoak izango diran. Bere aita eta bere ama ni baño maiteago dituena, nere diña ez da; eta bere semea eta alaba ni baño maiteago dituena, nere diña ez. Eta bere gurutzea artuta, ez darraikidana nere diña ez da. Bere bizia gordetzen duenak, galduko du; au da, bere biziari niri baño geiago nai dionak, anima galduko du, eta bere bizia nigatik galtzen duenak, anima gordeko du. Zuek artzen zaituztenak, ni artzen naute; eta ni artzen nauenak ni bialdu ninduena artzen du. Profeta bat profetatzat artzen duenak profetaren saria artuko du; eta justu bat justutzat artzen duenak justuaren saria artuko du; eta nere ikasleetan txikienari baso-ur bat bakarra ematen dionak, ez du ikaslearen saria galduko. Oiek eta onelako beste gauza asko esan ziezten, bera bizi zan artean eta gero zer egin bear zuten erakusteko.

        Itzaldi au eginda, Jesus menditik beeratu zanean eri eta gaizkindun askorekin arkitu zan, guziak sendatzeko eskatzen ziotela. Guziai mesede au egin ondoan, eseri zan, eta mendian lenagoko egonaldi batean erakutsitako zortzi zorionak edo bienabenturantzak berritu ziezten. Gero bereala jendea nor bere aldera bialduta, Kafarnaumen sartu zan, bere Apostoluakin zerbait artu eta atsedetera.

 

 

2. Amabi Apostoluak biñaka bialduak

 

        Emendik amabi Apostoluak biñaka bialdu zituen Jainkoaren Erreinua erakustera, eriak sendatzera eta gaitzkiñakbotatzera. Berak beste ikasle batzuek laguntzat artu zituen, bere ondoan geroko ikasi zezaten. Aukera au eginda, Naim-era lenbizi joateko asmoa artu zuen. Erriko atera zanean, topatu zuen ama alargun baten seme bakar illoian zeramatena. Jesusek ama negarrez ikusita esan zion: Ez negarrik egin. Illoizaleak gelditu ziran. Orduan Jesus illari alderatu zitzaion, eta esan zion: Gaztea, jaiki zaite. Jaiki eta itzegiten asi zan, eta amari eman zion. Guziak arritu ziran, eta deadar egiten zuten: Profeta andi bat sortu zagu, eta Jainkoak bere Erriari begiratu dio.

        Egun oietan San Juan Bauptista oraindik itxian zeukaten, eta bere ikasleak joan zitzaiozkan, Jesusek egiten zituen mirariak esatera. San Juanek gogoz eta poz andiarekin aditu zituen; baña igerri zien, bear zan adiña sinismen Jesusgan oraindik etzeukatela, eta biri agindu zien Jesusgana joanda galdetzeko: Zu zera etorri bear dana, edo besteren baten zai egongo gera? Jesus jende askok inguratua zegoan San Juanen ikasleak galde au egin ziotenean; eta etzien ezer erantzun; baña bai asko eri sendatu, gaizkin bota eta itsu argitu. Gero esan zien: Zoazte, eta Juani esaiozute zer aditu eta ikusi dezuten: itsuak dakustela, errenak dabilzala, sarnatiak garbitu dirala, gorrak aditzen dutela, illak biztu dirala eta beartsuai Ebanjelioa adierazten zaiela.

        Bereala San Juanen aldeko itzaldi luze bat egin zien, zeñetan, beste gauza askoren artean, erakutsi zien umiltasuna zein andia eta ederra dan. Aditzalleak txit gogoz egon zitzaiozkan, eta fariseoai besteri ez bezala ukitzen zien itzketa bazan ere, oietatik Simon zeritzan batek, batere atsekaberik artu gabe, esan zion aren etxera bazkaltzera joateko; eta Jesusek Simonen eskeñtza au aintzat artuta, joan zitzaion; maiean jarri zan, fariseo asko inguruan zituela; eta onela zeudela, gertatu zan gauza bat, emen zearo ezarritzea dagokana.

 

 

3. Maria Magdalenaren ondutzea

 

        Naimgo erri onetan bizi zan Maria zeritzan andre galdu bat. Maria Betanian jaioa eta guraso aberatsen alaba zan. Iru senide ziran, Lazaro, Marta eta Maria. Gurasoak ilda, ondadea iru senideak, nork bere zatia, artu zuten. Lazaro eta Martari Betanian zituzten ondasunak erori zitzaiozkaten, eta Mariak artu zuen Magdalengo gaztelua, zeñaren bidez Magdalena deitzen zaion. Maria Magdalena egun batzuetan bere senideen ondoan egon zan; bitarte onetan senideak igerritzen zioten bere bizitasun argia eta munduaren begietan agertu nai geiegikoa; beragatik asko nekatzen ziran Jainkoaren bildurrean idukitzeko; baña alperrik.

        Magdalenak senide on oien ondoko izaera txit gogokoa iñolaz ere etzuen, eta aiek utzita Magdalengo gaztelura joan zan bizitzera. Senideen itzaletik aldegin zuenean, bereala arkitu zan galai zoro askok ondo itzegiten ziotela; eta neskatx buru-arin onen eresi guzia, bere gorputza andade bat egiñik erakustea zan. Egun oietan alderdi onetara ere Jesusek egindako mirarien otsa zabaldu zan. Lazaro eta Marta Jaunari bertatik jarraitu zitzaiozkan, baita arreba zoro argatik eskatu ere. Jesusek, bekatarien billan mundura etorriak bezala, biotzean ukitu zion. Jesusek Naimen predikatzen zuen, eta Magdalenak aditurik Jesusgatik esaten ziran gauza andiak, joan zitzaion aditzera, eta biotz osotoro aldatuarekin itzuli zan: bere gaiztakeriaren damu min bat artu zuen, eta bertatik Jesusi jarraitzea ere bai. Onetarako galdetu zuen non egongo ote zan, eta esan ziotenean erriko andizki geienakin Simonen etxean bazkaltzen zala, joan zan; eta begiratu gabe, ez zer esango zuten, ez zer iritziko zioten, bazkaltokian sartu zan; eta arpegiz-arpegi Jesusi begiratzeko biotz gabe, aulki atzean jarri zitzaion, auzpeztu zan eta negarrari eman zitzaion; Jesusen oñak malkoakin busti zituen, buruko illeakin leortu ziozkan, muñ egin zion eta berekin zeraman balsamu usai gozokoarekin igortzi ziozkan, eta bere utsegite eta gaiztakeria guzien barkazio eske jarri zitzaion.

        Etxeko nagusi Simon Fariseoak beregan zion: Baldin au profeta balitz, balekike emakume au bekatari bat dala. Jesusek Simonen esan isillari igerrita, esan zion: Gauza baten galdez nagokizu. Bereala erantzun zion: Jauna, esazu. Gizon batek bi artzeko zeuzkan: batak seieun erreal zor ziozkan, eta besteak irurogei erreal; baña zerekin zorra kendu etzutelako, artzekodunak biai barkatu zien. Bi oietatik nork geiago nai izan bear dio? Simonek erantzun zion, aren iritzian zorrik andiena zuenak. Ondo diozu, Jesusek esan zion; eta Magdalenari begira jarrita, esan zion: Emakume ori dakusu? Zure etxean sartu nintzan, eta urik ere etziñidan eman oñak garbitzeko; baña onek negar-malkoz busti eta illeakin garbitu dizkit. Zuk olioarekin ez didazu burua igortzi; baña onek oñak balsamuz egin dizkit. Beragatik esaten dizut bekatu askoak barkatu zaiozkala, zeren asko maitatu zuen.

        Bitartean Magdalena buru makurtuarekin zegoan barkazio eske, eta Jesusek esan zion: Zure bekatuak barkatu zazkizu. Maiean zeudenak esan oni asko iritzita, asi ziran esaten: Au zein da bekatuak barkatzeko? Nork, Jainkoak bestek, bekatuak barkatu ditzake? Egiaz, Jesusi arteraño etzitzaion bekatuen barkazio eske iñor jarri: batzuek billatu izan zuten makiak zuzentzeko, besteak itsuak argitzeko; oiek ezkabiak garbitzeko, aiek illak biztutzeko; eta guziak gorputzeko eritasun eta gaitzak kentzeko. Iñork ez, ordea, animako zauriak sendatzeko; argatik ikusten zeudenak arritu ziran, aditu zutenean bekatuak barkatzeko eskubidea bere buruari ematen ziola. Gauza oiek buruan zerabilzkiten bitartean, Jesusek oñetan zegokion Magdalenari berriz ere begira jarrita, esan zion: Zure sinisteak salbatu zaitu, pakean zoaz.

        Egundaño etzan barkazio osoagorik eta aldaketa obeagorik ikusi. Jaungoikoaganako amorioa mundurakoaren lekuan sartu zan, eta biotz andi hura sutu zuen. Lazaro eta Martak berri onekin txit poz andia izan zuten. Magdalena bereala joan zitzaien; esan zien zer gertatu zitzaion; eta gero Jesusgana itzulita, etzuen Maisu onegandik geiago aldegin.

 

 

4. San Juan Bauptistaren eriotza

 

        Bazkari gogoangarri onen ondoren Jesusek amabi Apostoluai deitu zien, eta guziak elkarrekin zebilzan. Baña Jesusek laster izan zuen albista bat, txit min eman ziona. Herodes, errege egiten zuenak, bere jaiotegunaren oroipenean andizki askorekin bazkari andi bat egin zuen, eta San Juan Bauptistaren galmena bazkari onetatik etorri zan. Herodias, Herodesen emazte ordekoak, zeukan bere egiazko senar utzi zuenagandik izandako alaba txit eder egokia; eta onelako bazkarietan emakumeak ez bazuten ere lekurik izaten, Herodesek Herodiasi esan zion, alaba al zan ondoena apainduta jan-tokira bialtzeko. Begiak zoratzeko eran ipiñi zuen, eta aurkeztu zan. Herodes eta gañerakoen aurrean txit askatasun andiarekin dantzatu zan; eta Herodesen biotza ain beretu zuen, non esan zion nai zuen gauza eskatzeko, eta emango ziola: ala bear bazan, itz ziñeztuaren azpian erreinuaren erdia ere agindu zion. Alaba dantzaria gelatik irtenda, ama Herodiasi joan zitzaion galdetzera ea erregeari zer eskatuko zion. Herodiasek etzuen utzi nai bere bizitza gaiztoaren salati San Juan Bauptista galtzeko zetorkion ain era ona; eta alabari esan zion ez beste gauzarik eskatzeko, ezpada Juanen burua. Dantzariak bereala Herodesi joan, eta belarrira esan zion Juan Bauptistaren burua platera batean eman zizaiola.

        Herodesi etzitzaion eskaera au ondo erori, Juani nai ziolako; baña etzuen bear adiña biotz izan arestian emandako itza jateko, eta lege guziak naiago izan zituen autsi, bein esana ukatu baño. Bere morroi bati agindu zion, itxian zegoan lekura joanda lepoa ebakitzeko; eta serbitzari onek, nagusiaren esana gogorkiro egiñik, burua, odola zeriola, Herodesi eraman zion, onek neskatx dantzariari eta alabak amari eman eta santu andi aren eriotzarekin dantzari ergel baten gora-beerak eta arinketak saristatuak izan ziran. Iru oiek ere etziran sari gabe geratu. Zegokien patu gaiztoak laster artu zituen. Urte gitxiren epean Kaligula enperadoreak Herodesi erregetza kendu zion eta Leon Franziakora erbestetu zuen, eta emen il zan. Herodiasi etzion alakorik agindu; baña bere galaiarekin ibilli nai izan zan, eta gisa berean Leonen il zan. Alaba dantzaria ibai izoztu batera erori, eta ormak lepoa ebaki zion. San Juan Bauptistaren ikasleak Maisuaren gorputz illa kontuz jasota, Samariako uri Sebaste-n lurpetu zuten. Burua ere ontzi batean ipiñi zuten, eta geiena orain Erroman dago.

 

 

5. Bost ogi eta ezkalu birekin bost milla gizon bazkatuak

 

        San Juan Bauptistaren ikasleak ill-berri onekin Jesusi joan zitzaiozkan, Jesusenak ere beren misio-aldia eginda Jesusgana itzuli ziran egunetan. Nori bere albistak aditurik, Jesus guziakin batela batean sartuta, Betsaidako eremu bateronz joan zan. Jesus eta bere lagunak itsasoz orduko beste jendetza andi bat ere leorrez eta oñez joan zan, Jesusi geldituko zala igerri zioten tokira. Jesus guzien erdian jarri zan, eta Zeruko lege santa erakusten zien, eta gaxoak sendatzen zituen. Onela ziardun arratsalde batean, ikasleak esan zioten: Jauna, eremu soll batean gaude; illuntzera dijoa; eta jende au bialdu ezazu zer jana billatu dezan. Ez ori, Jesusek erantzun zien; ez dira joango: zuek jaten eman zaiozute. Eta Feliperi esan zion: Oientzat ogia non erosiko degu? Itz oiekin Felipe arritu zan, zeren oraindik etzuen uste ogiak ugaritzeko eskubidea Jesusek zuenik; eta erantzun zion: Berreun errealbiko asko ez dira ogi-zerratxo bana erosteko; ala ere, joango gera erostera, eta emango diegu. Zenbat ogi dauzkazute? Jesusek galdetu zien. Bost garagar-ogi eta bi ezkalu mutiko batek zeuzkanak arkitu zituzten. Baña onenbeste lagunentzat oiek zer dira? Andresek zion. Jende guzia Jesusek zelaiean saldoka esererazo zuen; eta gizon utsak bost milla ziran, beste ainbeste emakume eta aurrekin. Jesusek ogi eta ezkaluak eskuan artuta, Aita Betikoari eskerrak eman ziozkan, bedeinkatu zituen, eta Apostoluai agindu zien jendeari zabaltzeko. Ematen asi ziran, eta naiko guzia jateko adiña ogi eta arrai bost ogi eta bi ezkaluetatik sortu zan. Gero agindu zien ogi eta arrai-puskak biltzeko, eta amabi saski bete zituzten.

        Mirari berri au ikusi zutenean arriturik, osotoro sinistu zuten Jesus Mesias zala. Baña nola bizi ziran lurreko errege baten izenean Mesias etorriko zalakoan, ipiñi nai izan zioten koroa buruan, eta errege-zigorra edo makilla eskuan, eta erregetzat ezagutu. Jesusek igerri zien gogoan zer zerabilten; eta illuna gañean zalako aitzakian inguruko errietara bialdu zituen, gaua egitera. Gisa onetan jendea beregandik bialtzen zuen bitartean, Apostoluai agindu zien ontzian sartuta Betsaidaronz abiatzeko, eta Genesareteko itsas-adarra igarotzeko.

 

 

6. Jesusek itsas aserretuan Apostoluak gordetzen ditu

 

        Jesus bakarrik arkitu zanean mendira igo zan eta otoitzari eman zitzaion. Apostoluai itsasoa aserretu zitzaien, eta gau guzian ondatzeko zorian ibilli ziran, eta amar orduan arraunakin nekatuta, etzuten ordu beteko biderik egin. Jesusek ikusi zituen nola zebilzan, eta aurkeztu zitzaien. Sarreran izutu ziran, iratxo edo duenderen bat zalakoan; baña Jesusek esan zien: Ez ikaratu, Ni naiz. Jauna, Zu bazera, Pedrok esan zion, zeregana artu nazazu. Jesusek esan zion: Atoz. Pedro ontzitik irtenda urean Jesusgana zijoala, aizeak artu eta ondatzera egin zuen, eta deadar egin zion: Jauna, gorde nazazu. Jesusek eskua luzatu, eta bere ontzira artu zuen, esanaz: Siniste gitxiko gizona, zertako zalantzan jarri zera? Esan bazion bezala: Nere eskubidearen berri etziniekien? Pedro Jesusen oñetan auzpeztu zan, eta esan zuen: Jainkoaren Seme egiazkoa Zu zera. Itsasoa gelditu zan, eta beste neke gabe ur-ertzera joan ziran.

        Jesus lurrera zanean, bereala, zekusaten guziak ezagutu zuten, eta zebillen leku guzietan eri eta makiak bidean ipintzen ziozkaten eta eskatzen zioten, arren, besterik ez bazan ere, soñekoaren ertzari ukitzen uzteko, eta au iristen zutenak sendaturik gelditzen ziran. Onetan zebillela, jai-bezpera batean Kafarnaumera joan zan. Aurreko egunetan errege egin nai zutenak, igerri ziotenean aldegin ziela, eske abiatu eta uri onetan arkitu zuten, eta asi zitzaiozkan espasunak agertzen; baña Jesusek esan zien zein lan zoroa zan arekin egin nai zutena, eta alako asmoari uzteko.

 

 

7. Animako janariaren gañean Jesusen itzketa

 

        Zuek billatzen nazute, esan zien, ez egin ditudan mirariakgatik, ezpada jaten eman dizutedalako. Nekatu zaitezte, bada, ez bereala aitzen dan janaren ondoren, ezpada gizonaren Semeak emango dizuten eta beti iraungo duenagatik. Eta, zer egingo degu au irabazteko? galdetu zioten. Jesusek erantzun zien bera zala Zerutik jatsitako ogi bizi, betiko bizitza ematen zuena, eta berari sinisteko. Baña, au gogor egiten zitzaien, eta menturatu ere baziran galdetzera ea zer egiten zuen beren sinismen osoa ari emateko. Egia da, esaten zioten, bost ogirekin egun batean bost milla gizon bazkatu dituzula; baña gure aita Moisesek ere berrogei urtean seieunda geiago milla lagun eremuan manarekin bazkatu zituen. Bai, ala da, Jesusek erantzun zien; baña Moisesek emandako mana, Zeruko ogi egiazkoaren irudipena edo antza baizik etzan: hura jandakoak il ziran. Zeruko ogi egiazkoa Zerutik jatsi eta munduari bizia ematen diona da. Ni naiz ogi bizia. Ni artzen nauenak betiko bizitza dauka. Aditzalleak esan zioten: Jauna, ogi orretatik beti iguzu; eta Jesusek erantzun zien: Bizitzako ogia ni naiz; nigana datorrenak, goserik izango ez du, eta nigan sinisten duenak, egarririk ere ez. Juduak gaizki-esaka asi ziran, esan zuelako «Bizitzako ogia naiz», eta zerasaten: Zer? au ez da Joseren seme, bere ait-amak ezagutzen diozkaguna? Gaizki-esate orri utzi zaiozute, Jesusek esan zien. Iñor nigana ezin datorke, ni bialdu ninduen nere Aitak ez badakar. Egi-egiaz esaten dizutet, nigan sinisten duenak betiko bizitza duela. Ni naiz ogi bizi, Zerutik jatsia. Iñork ogi onetatik jaten badu, betiko biziko da. Jakizute, Nik munduagatik emango dedan ogia, nere aragia dala.

        Juduak orduan elkarri zerasaten: Nola onek bere aragia jaten eman dizaguke? Juduak uste zuten, beste edozein aragi bezala, Jesusek berea eskeñtzen ziela. Egi-egiaz esaten dizutet: gizonaren Semearen aragia ezpadezute jaten eta odola edaten, ez dezute bizitzarik izango. Betiko bizitza, nere aragia jaten duenak eta nere odola edaten duenak du; eta atzeneko egunean nik biztuko det. Bada, nere aragia da egiazko janaria eta nere odola egiazko edaria, eta nere aragia jaten duena eta nere odola edaten duena nigan dago, eta Ni argan nago. Oiek eta onelako beste gauza andi Aldareko Sakramentu Santua adierazten zuten asko erakusten ziezten, egun aietan egiten zituen itzaldietan, esanai mirariakin indarra emanaz. Ala ere, asko ziran sinisten etziotenak; batez ere, eskriba eta fariseoak ikusi ere ezin zuten, eta begietatik kentzeko bideak egiten zebilzan. Jesusek igerri zien zer asmo zerabilten, eta aldegin zuen. Baña noranai zijoala, gaxo, elbarri eta makiz beti inguratua zegoan, eta guziai osasuna emanda, agintzen zien ez, arren, barreatzeko, galdu nai zuten aiek jakin etzezaten. Jesusek baziekien galduko zutela; baña ordua etzan artean bete; argatik kontuan ipintzen zituen, geiago sutu etzitezen.

 

 

8. Esku-txangu baten jai-eguneko sendatzea.

 

        Baña fariseoak etzuten iñork ezer esankizunik, nondik galdu zezaketen billatzeko. Gauzarik onenetatik ere artzen zuten Jesusgatik gaizki itzegiteko oña. Ara sinisbide bat. Jai-egun batean Jesus Elizan sartu zan, eta eskriba eta fariseoak begira zegozkion, an arkitzen zan esku-txangudun bat sendatzen ote zuen, jai-eguna zalako erasotzeko. Jesus lan artara baño lenago galdetu zioten ea zillegi edo ondo zan jai-egunean sendatzea. Galdera au bere gatzarekin zan; baña Jesusek aien barrun galduai igerri zien, eta ezer erantzun gabe, elbarriari esan zion zutitzeko eta guzien erdian jartzeko. Onela zegoala, esan zien: Zillegi da jai-egunean on edo gaitz egitea? Bizia gorde edo kentzea? Zuetatik zeñek, jai-egunean zulora ardi bat erortzen bazaio, ez dio eskua luzatuko andik ateratzeko? Gizona zenbat geiago da ardia baño? Zillegi da, bada, jai-egunean on egitea; eta begiratu zorrotz bat gizon itsutu aiei eginda, esku-txangudunari esan zion eskua luzatzeko, eta sendatu zitzaion. Aien biotzak mirari argi onekin bigundu bearrean, ezaguturik berak bakarrik asko etzirala Jesus galtzeko, Herodesen adiskideetara lagun eske joan ziran. Bitartean Jesusek Galileako itsas-ondoko ordekaetara aldegin zien. Onara ere ezin esan adiña jende jarraitu zitzaion, eta joandako gaxo eta elbarri guziak sendatu zituen.

 

 

9. Gizon gaitzkindun itsu eta mutuaren sendatzea

 

        Andik laster Kafarnaumera itzuli zan, eta bereala eraman zioten gizon gaizkindun itsu eta mutua. Emen ere eskriba eta fariseoak inguratu zitzaiozkan arestian aitatu dan asmo galgarriarekin; baña oien bildurrak etzuen Jesus gizon errukarri ari on egitetik atzeratu. Begien itxi-idiki batean gaizkiña kendu, begiak argitu eta mingaña askatu zion, eta guziak arriturik geratu ziran.

        Bakarrik eskriba eta fariseoak ausardia izan zuten esateko, deabruen buru Beelzebuben izenean eta eskuarekin mirari aiek egin zituela; baña Jesusek erantzun zien aien itsutasunari zegokion eran, gauza asko eta andiak erakutsiaz, aientzat alperrik bederik.

 

 

10. Beste miragarrizko sendatzeak

 

        Egun oietatik batean eskriba eta fariseoakin elean ziarduela, Ama eta aide batzuek Nazaretetik Kafarnaumera joan zitzaiozkan ikustera, eta elkarrekin guziak egon bat emen eginda, Nazaretera joan ziran. Jakinduri argia itzketan eta esku andia sendaketan erakusten zituen; baña jainkozko doai oiek nazaretarrentzat ezer etziran, Jose eta Maria beren errikoen semea zala oroitzean: beragatik etzuten aintzakotzat artzen, eta Jesusek aldegin zuen bere Lege santa beste errietan erakustera. Lanbide onetan zebillela, bein batean Kanango emakume bat bidera irten zitzaion, oska: Jauna, Dabiden Semea, erruki nazazu: alaba deabruak artuta daukat. Jesusek ez-aditu egin zion; baña emakumea leiatzen zitzaion, berriz eta berriz esanaz: Jauna, Dabiden Semea, erruki nazazu. Emakume onen negarrakin Apostoluak kupituta, Jesusi esan zioten: Jauna, emakume ori isiltzen ez da, eta bialdu ezazu. Jesusek erantzun zien: Ni ez naiz etorri Israelko ardi galduak biltzera baizik. Emakumeak ikusirik Apostoluak ere etzutela ezer iritsi, Jesusi oñetan auzpeztu zitzaion, esanaz: Jauna, balia zatzakit. Jesusek esan zion: Semeen ogia txakurrai ematea on ez da. Ondo diozu, emakumeak erantzun zion; baña txakurkumak ere nagusien maietik eroritako ogi-apurrak jaten dituzte. Orduan Jesusek esan zion: O emakumea! siniste andikoa zera: zure naia egin bedi. Eta ordu berean alaba sendatu zan. Ama bereala etxera joan zan, eta alaba gaizkiñik gabe arkitu zuen.

        Sendatu onen ondoren, or-emen ibilli andiak eginda, mendi batean jarri zan atsedeten. Beste eri eta gaxo askoren artean gor-mutu bat eraman zioten: beatzak belarrietan sartu ziozkan, eta istuarekin mingaña igortzi zion, eta zeruronz begiak ipiñita esan zion: Efeta. Eta bereala belarriak garbitu eta mingaña askatu ziran, eta aditzen eta itzegiten asi zan. Egikera au gogoan duela, Eliz-Ama Santak bataiatzean belarriak istuz egiten ditu.

 

 

11. Zazpi ogi eta ezkalu batzuekin lau milla gizon bazkatuak

 

        Mirari au eta beste asko eginda gero, ikasleai esan zien: Jende onek biotza erdiratzen dit; iru egun oietan nerekin dira, eta zer janik ez dute. Nik ez nituke baraurik bialdu nai, bidean desmaiatu ez ditezen. Eta, nola eremu onetan arkituko degu, ikasleak esan zioten, oiek guziak asetzeko adiña ogi? Etzirudien, illabete gitxiz onara amar milla eta geiago lagun bost ogi eta bi ezkalurekin Betsaidako eremuan bazkatzen ikusitakoak, galde au egingo zutenik; baña aien sinistea oraindik epela zan. Jesusek, itzik ere itzuli gabe, galdetu zien ea zenbat ogi zeukaten, eta erantzun zioten zazpi ogi eta ezkalu banaka batzuek zeuzkatela. Jesusek bereala jendea lurrean esererazo zuen. Ogi-ezkaluak artuta, bedeinkatu zituen, ikasleai eman ziezten, eta oiek jendeari; eta lau milla gizon, kopuru onetan emakume eta aurrak sartu gabe, ase ziran; eta ondarrakin zazpi saski bete zituzten. Gero ontzi batean sartuta, Magedako alderdira Jesus bere Apostoluakin joan zan. Emen ere itsu bat argitu zuen, eta bereala Zesareako Filipora aldatu zan.

 

 

12. San Pedrok Jesusen jainkotasuna aitortzen du

 

        Emen Jesusek, bere Apostoluakin bakarrik jarrita, galdetu zien: Gizonaren Semea nor dala diote? Esaten bazien bezala: Beren gogoa nerekin baño zuekin obeto agertuko dute; zuek aien itzketak aditzen diozkazute. Zein diote, bada, Ni naizala? Bat ez datoz, Apostoluak erantzun zioten. Batzuek Juan Bauptista, besteak Elias, besteak Jeremias eta besteak anziñako profeta biztutako edo aien antzekoren bat zerala diote. Eta zuek, zein naizala diozute? Onelako gauzaetan Pedro beti nabarmentzen zan, eta erantzun zion: Zu zera Kristo Jainko biziaren Semea. Zorionekoa, Simon, Jesusek esan zion; bada, ez aragiak, ez odolak ori erakutsi dizu, ezpada Nere Aita Zeruetakoak; eta nik diotsut zu zerala Pedro (zeñak arria esan nai du), eta Nere Eliza arri onen gañean jasoko dedala, eta Infernuko ateak onen kontra ez dutela garaituko. Zeruko giltzak Nik emango dizkizut: zuk lurrean lotzen dezuna, Zeruan lotua izango da, eta zuk lurrean askatzen dezuna, Zeruan askatua izango da. Esan gogoangarri onen ondoren zorrotz agindu zien, hura bizi zan artean ez esateko Pedrok zer aitortu zuen. Ordutik kontuan ipiñi zituen, zer neke eta eriotza gogorraren begira zegoan. Ordutik Jesus asi zitzaien bere ikasleai esaten zein konbeni zan Jerusalenera joatea, eta emen zar, eskriba eta apaiz-buruen aldetik neke gogor latzak igarotzea, iltzea eta irugarren egunean biztutzea. Itzketa onekin Pedro txit arritu zan, eta bazterrera otseginda, Jesusi esan zion: Ez orrelakorik, Jauna, ez: Zeruari nai ez dakiola, zuk diozun ori zuri gertatu dakizun; ori zuri ez dagokizu. Pedrok oraindik ere etziekien Jesusen Elizak zer zimendu izan bear zuen, eta ondo etzeritzan Jaunak alako nekeak eta humiltasunak eramatea; eta Jesusek, begira-begira jarrita, zorrozkiro esan zion: Ortik ken zatzakit, nere etsaia; bada, gogoa ez Jainkoaren gauzaetan, ezpada gizonenetan daukazu.

        Itzketa au Apostoluakin izanda, ikasle eta gañerako jendeak berekin zituela, Zesarearonz abiatu zan, eta bidean esan zien: Nere ondorean etorri nai duenak, bere burua ukatu eta gurutzea artu beza, eta berraikit, zeren bere bizia gorde nai duenak, anima galduko duen; baña bere bizia nigatik eta Ebanjelioagatik galdutzen duenak gordeko du. Gizonari, mundu guzia beretzeak zer balio dio, bere anima galtzen badu? edo, gizonak zeren truke bere anima emango du? Nerekin eta nere esanakin lotsatzen dana, gizonaren Semea ere, bere Aitaren glorian aingeruak lagun dituela datorrenean, lotsatuko da, eta orduan nori bere irabazia emango dio. Egiaz diotsuet, emen badirala gizonaren Semea bere Erreinuan ikusi gabe illko ez diranak. Batzuek badiote Jesusek itzegin ziela denboraz gertatu zan bestiruditze edo transfigurazioaren, besteak illen artetik biztutzearen eta askok zerura igotzearen gañean; baña geienai deritzate orain bereala esango dan bestiruditzeagatik onela itzegin ziela.

 

aurrekoa hurrengoa