www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu Berriko Kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu berriko Kondaira, Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1998

 

aurrekoa hurrengoa

AMARGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. Jesusen biztuera

 

        Jesu Kristo gure Jaunak askotan esan izan zuen ilda irugarren egunean biztuko zala. Arteraño erakutsitako gauza guziai sinismen osoa emateko zimendua au zan, eta esana egiztatu zuen.

        Ostiral arratsaldeko iruetan il zan; eta bere gorputza arratsalde berean obian ipiñi zuten: ona emen lenengo eguna, zati bat osoaren ordez artuta. Biaramonean, zeña larunbata zan, egun guzian egon zan: ona emen bigarren eguna. Igande goizean obitik irten zan: eta ona emen irugarren eguna, lenengoa bezala zatia osoaren ordez artuta.

        Il zan ordu bere-berean anima guziz santa jatsi zan Abrahamen Senoa zeritzan eta arteraño ildako on guziak arkitzen ziran lekura. Oiek aspaldietan beren Libratzalle andiaren zai zeuden, eta ikusi zutenean Jainkoaren Semea zijoakiela, argi eder batek artu zituen, eta asi ziran betiko zorionekoak izaten; artan diraute, eta sekula guzian iraungo ere dute. Igande goizeraño emen egon zan, eta goiz onetan obian zetzan gorputzari itzuli zitzaion, eta gurutzean galdutako bizia beretuta, obia estaltzen zuen ar-losa portitza ez autsi eta ez kenduta, sillua ere zana zan bezala utzirik, gorputza animarekin batean irten zan, gorputz gloriotsuaren doai eder guziak berekin zituela.

        Kontu artzen zeuden soldaduak ezerzaz ere oartu etziran, alik eta lurrikara andi baten otsarekin aingeru bat Zerutik jatsi, obi gañeko ar-losa irauli eta onen gañean eseri zan arteraño. Aingeruaren arpegiak tximista zirudien, begiak txingarrak, eta soñekoa elurra baño zuriago zan. Soldadu kontuartzalleak, aingeru onen ederra eta argia ezin eramanik, atzerontz jauzi ziran, ilda bezala; eta zerbait berera ziranean, osotoro izututa, andik iges egin zuten.

        Maria Magdalena eta Maria Santiago gaztearen ama, orainago esan da Jerusalenen geratu zirala Pazkoa-eguna igaro artean, gero bereala Jesusen gorputz-illa okenduz egiteko: eta asmo on oni zerraizkiola igande goizean goiz baratzaronz abiatu ziran, beste emakume on asko, eta oien artean Juana, Herodesen kontu-eramalle Chusas-en emaztea, eta Maria Salome Santiago zarrenaren eta Juanen ama berekin zituztela. Larunbat guzia nola bakarrean eta iñorekin itzegin gabe igaro zuten, etziekizkiten Jesusen obiari kontu artzearen gañean juduak erabilli zituzten lanak.

 

 

2. Pedro eta Juanen joanera obira

 

        Jakin-ez onetan bazijoazen; Maria Magdalena, lagunak atzean utzita, besteak baño lenago obira alderatu zan, eta obia estaltzen zuen ar-losa zearkatua ikusi zuenean bereala pensatu zuen Jaunaren gorputza norbaitek ostua izango zala; baña aingerurik oraindik ikusi etzuen. Bere-bereala Jerusalenerako bideari eman zitzaion, baratzaronz abiatu zanean berekin artutako lagunak aren itzuleraz oartu ere gabe. Jerusalenen Pedroren etxean sartuta, oni eta Juani esan zien: Jauna obitik eraman dute, eta ez dakigu non utzi duten. Bi Apostoluak berri au aintzat bertatik artu zuten; eta ezaguturik zein konbeni zan garbiro jakitea, Maria Magdalena emakume men eta egititzat bazeukaten ere, bere eresi onagatik utsegin zezakean, edo artean illun zegoalako gauza bat beste iruditu zizaiokean bildurrez, biak obiaronz abiatu ziran, beren begiakin ikustera. Biak elkarrekin bazijoazen ere, Juan, gazteagoa bezala, Pedro baño lenago eldu zan, eta makurturik, obiaren zoruan edo solairuan ikusi zituen gorputza bildutako maindirea eta lotutako paxak, baña obian sartu etzan. Gero bereala Pedro ere eldu, eta obian Juan baño lenago sartu zan. Juanek bezala maindirea eta paxak ikusi zituen; baita ere arpegia estaltzeko ipiñi zioten izerdi-zapi, Juanek ikusi etzuena, baztertxo batean. Ez Jauna bera, ez Aingerua ikusi zituen; baña bai, baratza soldadu kontu-artzalle gabe, arri-estalkia azpikoaz goora iraulia, obia utsik, il-janzia zoruan eta izerdi-zapia aldamenean: eta gauza oiek guziak argiro adierazo zioten eta sinistu zuen Jesus biztu zala. Juan ere gero sartu zan, eta Pedrok bezala guzia ikusi zuen, eta biak poz andiarekin Jerusalenera itzuli ziran.

 

 

3. Jesus Maria Magdalenari agertzen zaio

 

        Maria Magdalena aiei orpoz orpo baratzaraño jarraitu zitzaien, baña aiekin Jerusalenera itzuli nai izan etzan, bere Jaun maitea obiratutako lekua uzteko miñez, eta obiaren sarreran negarra zeriola geratu zan. Obiaren barrura aldian-maiz begiratzen zuen; baña ezer ikusten etzuen. Geroenean agertu zitzaiozkan zuriz janzitako bi aingeru, bata obiaren buru aldetik eta bestea oñetan eserita, eta esan zioten: Zergatik negar egiten dezu? Zeren nere Jauna kendu duten, eta non utzi duten ez dakidalako negarrez nago, erantzun zien.

        Itzketa onetan ziarduela, atzeronz begiratu zuen batean, Jesus zutik ikusi zuen, ez ordea ezagutu. Emakumea, zertako negar egiten dezu? noren billan zabilza? Jaunak galdetu zion. Maria Magdalenak uste izan zuen, itzegiten ziona baratza zaia edo hortelanoa zuela, eta esan zion: Zuk kendu badezu, esan zadazu non utzi dezun, eta nik eramango det. Au esanda, berriz ere obira begira jarri zan, gorputz-illa an ikusten bazuen bezala; bada burutik ezin kendu zuen. Orduan baratza-zaia zalakoak, baña Jaun egiazkoak esan zion: Maria. Itz bakar onekin Maria Magdalenak ezagutu zuen Jauna zala, eta poz eta atsegiñez beterik, deadar egiten du: Ene Maisu maitea!!! Auzpeztutzen zaio, atsegiñeko negar malkoakin bustitzen diozka Simonen etxean bekatuen damu eta miñez garbitu izan ziozkan oñ guziz santu aiek. Artuta muñ egin nai die, baña Jesusek esaten dio: Ez ukitu; esaten bazion bezala: Asko da; ezagutzen det zenbat nai didazun. Oraindik leku dago: Nere Aitagana orain bereala ez noa. Zu nere anaiaetara (Apostoluetara) zoaz, eta esaiezu biztu naizela, eta emendik gitxi batera igoko naizela nere eta zuen Aitagana, nere eta zuen Jainkoagana.

        Jesus gorde edo ezkutatu zitzaion, eta Magdalena berriz ere Apostoluetara Jerusalenera korrika jatsi zan, eta esan zien: Jauna ikusi det; au eta au esan dit. Zer gertatu zitzaion zearo esan zien; baña Pedro eta Juan, arestian berak ikusi zutenarekin jartzen baziran ere Magdalenaren esanak sinistera, beste Apostoluak eta ikasleak txit biotz illunakin eta negarrez arkitu zituen, beren maisu ona biztu zala ezin sinistuz. Nik neronek ikusi ditut, esaten zien, bi aingeru eder, bata obiaren buru aldetik eta bestea oñetan eserita. Nik neronek Jauna ikusi det, eta itzegin dit. Baña esan oiek artzen ziozkaten bere itsumenak eta eresiak erasandakotzat.

 

 

4. Maria Magdalenaren lagunai Aingeruak itzegiten die

 

        Maria Magdalenak or-emen guziak txit denbora gitxian egin zituen, bada eguzkia agertzerako bigarren aldian Jerusalenera itzuli zan. Onekin batean goizean goiz obiaronz irtendako lagunak Mariaren ibillien berririk etzuten, Mariak aietatik aldegin eta beste bide batetik atzera eta aurrera ibilli zalako; eta lagun oien bideko ardura eta jardun guzia zan, gorputz-illa nola okenduz igortziko zuten; eta elkarri ziotsaten: Nork obia estaltzen duen arri andi hura kenduko digu? Baratzan sartu ziran eguzkia agertuta gero, eta arria iraulita ikusteak poz andia eman zien. Idikita zegoanean, bereala sartu ziran; baña ondoraño jatsi etziran, galai gazte baten antzeko aingeru zuriz janzi bat eskuian ikusi zutelako, eta larritu ziran. Ez ikaratu, Aingeruak esan zien: Zuek Jesus Nazareteko gurutziltzatua billatzen dezute: biztu zan; emen ez dago. Atozte, eta ikusiko dezute Jauna ipiñi zuten lekua. Bereala zoazte, eta aren ikasle eta Pedrori esaiezute biztu dala, eta Galileara beren aurretik dijoakiela, eta agindu izan zien bezala an ikusiko dutela. Aingeruak esanda, obiaren ondora emakumeak jatsi ziran; begiratu zioten, baña il-janzia eta izerdi-zapia besterik arkitu etzuten. Arri egin ziran Jaunaren gorputza ikusi etzutenean, eta Aingeruak esanak ezer gitxian artuta, uste izan zuten, Magdalenak bezala, norbaitzuek ostua izan zala.

        Emakume on oiek negarrari eman zitzaiozkan, eta naigabetuenak zeuden denboran bi gizon txit ederki janzitako aldamenean jarri zitzaiezten, zeñak ikustearekin lotsatu ziran, eta begiak beeratu zituzten, eta gizonak esan zieten: Zertako zabilzate illen artean bizi danaren billan? Biztu da, emen ez dago. Oroitu zaitezte nola Galilean esan zizuten: Konbeni da gizonaren Semea izan dedin bekatarien eskuetan ipiñia, gurutziltzatua; eta irugarren egunean biztutzea. Orduan gogoratu zitzaiezten Jesusek esandako itzak, eta sinistu zuten Jauna biztua zala.

        Poz onekin Jerusaleneronz bazijoazen, eta Jesus bidean bere lenagoko antz-antzean agertu zitzaien, eta esan zien: Jainkoak gorde zaitzatela. Bereala ezagutu zuten, auzpeztu zitzaiozkan, eta oñetatik elduta adoratu zuten. Onetan ezin aspertuz ziarduten, eta Jesusek esan zien: Ez ikaratu; zoazte eta nere anaiai esaiezute Galileara joateko: an ikusiko naute. Itz oiek esatearekin batean, Jesus ezkutatu zan, eta emakumeak bereala Jerusalenera joan ziran.

        Ordurako, Magdalenak zabaldutako albistarekin Apostoluak eta ikasle asko Pedroren etxean bilduta zeuden; emakumeak sartu ziran eta esan zieten gertatu zitzaioten guzi-guzia. An arkitzen ziranak poz andiarekin aditzen zituzten oien esanak, Maria Magdalenarenak, Pedro eta Juan Apostoluenak; baña uzkurtasun-antz bat erakusten zuten, beren begiakin ikusi gabe osotoro sinisteko. Jesusek bizi zala askotan esan izan zien, biztuta gero Galilean ikusiko zutela. Orain Jesusek berak eta Aingeruak emakume on aiei au bera esan zieten, eta beren gogoa osotoro betetzeko, erabaki zuten Galileara joatea.

 

 

5. Soldadu kontu-artzalleak nagusiai esaten diete zer gertatu zaien

 

        Lurrikara eta Aingeruaren aurketarekin izututa, igesi joandako soldaduetatik batzuek eguzkia agertu zanerako elkargana bildu ziran; eta Jerusalenera itzulita, apaiz-buruai esan zieten zer gertatu zitzaien. Gau illunean lurrikara bat izan zan, zioten; eguzkia bera baño aingeru argiago bat, obia estaltzen zuen ar-losa irauli, eta gañean eseri zan. Aren begiak tximistak ziruditen, eta egin zigun begiratua ain zorrotza izan zan, non erdi-illak atzeronz erori giñan. Orduan, nork bere egin alean, iges egin genduen, eta ara emen gu, oraindik ere ikara osotoro kendu gabe; baña sinits-sinits eginda Jesu Kristo biztu dala, eta aren gorputza obian ez datzala. Guri zegokigun, zuei dana dan bezala esatea, eta zuei dagokizute gai miragarri onetan zer datekean jakitea.

        Soldadu aiei adituta, bereala apaiz-buru eta kargudunak batzarreatu ziran, gauza onen gañean itzegitera. Argirik asko bazuten, Jesus orainago il zutena biztu zala ezagutu eta sinistutzeko; baña gogor zeuden beren gaizki-egiña aitortzeko, eta guzia gezurtatzeko asmoak artu zituzten. Baña, nola ukatu eta isillik gorde zezaketen beren soldaduak berak esaten eta aitortzen zutena? Dirutza andi bat emango diegu, zioten, zer ikusi duten esan gabe isillik egon ditezen, eta barreatu dezaten lo zeutzala, Jesusen ikasleak gauez etorri eta gorputz-illa ostu zietela. Apukoaren lotsagarria! Zer? lo dautzan batzuek dakarzkiguzute lekuko edo testigutzat? San Agustinek batzarrekoai burlaz esaten die. Apaiz-buru eta kargudunen asmakari au egiaren antz gabea bazan ere, soldaduak diruagatik pozik barreatu zuten, eta juduak gaur dan eguneraño sinismen uts onetan bizi oi dira.

        Berez esana dago, berri onekin Jesusen ikasle lapur ziralakoen kontra juduak su biziak artuko zituela, eta oien bildurrez egongo zirala. Arratseraño, beintzat, ezkutuan egon ziran, eta illundu zuenean guziak, nor bere aldetik, Galilearonz abiatu ziran. Ordu gitxiren buruan, Tomas izen goitiz Didimo zeritzana ez, beste Apostoluak elkarrekin arkitu ziran, eta oiekin batean beste ikasle asko ere bai, eta guziak gela batean sartuta, jarri ziran, batetik juduen bildurrez eta bestetik Jesusek ikusiren bat emango zien uste oso-osoan.

        Ordu pozgarri onen begira zeudela, bi ikaslek atea jo zuten, eta ezagunak ziralako, idiki zieten. Bi oietatik bat zan Kleofas, askok diotenez, Santiago gaztearen aita, eta bestea, batzuen iritzian, Zefas. Bi ikasle oiek Jerusalendik eguerdian irten ziran bi orduko bidastian zegoan Emaus zeritzan gaztelu edo alderrian illunabartzean sartzeko asmoarekin. Itzketa guzia egun aietan Jerusalenen gertatutako gauzaen gañean zeramaten, eta elkarri galdeak egiten ziardutela, Jesus urreratu zitzaien, eta oiekin batean zijoan; baña begiak lausotu zitzaiezten, Jesus ezagutu etzezaten. Jesusek esan zien: Zer itzketa da bidean daramazuten ori? eta ain triste zerk zauzkate? Kleofasek erantzun zion: Zu bakarra zera Jerusalenen, egun oietan an gertatu dana ez dakizuna? Zer? Jesusek galdetu zien. Bidanteak erantzun zioten: Itzegin degu Jesus Nazaretekoaren gañean, zeña izan zan gizon Igarlea, Jainkoaren eta erri guziaren aurrean egin eta esanetan esku andikoa: eta nola gure apaiz-buru eta kargudunak eriotzako sentenzia eman eta gurutziltzatu zuten. Guk uste genduen bera izango zala Israel erosi edo erredimituko zuena, eta gaur da irugarren eguna gauza oiek gertatu zirala. Egia da, gure emakume batzuek aztoratu edo airean ipiñi gaituzte, zergatik ezen, gaur goizean eguna baño lenago obira joan dira, eta gorputz-illa arkitu ez dutenean, etorri zazkigu esanaz ikusi dituztela Aingeruak, zeñak esan diete bizi dala, eta gureetatik batzuek obira joan ziran, eta guzia arkitu zuten emakumeak esan bezala; baña Jauna etzuten topatu. Orduan Jesusek esan zien: O zoro eta biotz nagikoak, profetak esan guziak sinisteko! Zer bada! konbeni etzan Kristo iltzea, eta bere glorian onela sartu zedin? Eta agertu zien Moises eta beste profetak argatik esandako guzia. Onetan ziardutela, Emausera alderatu ziran, eta Jesusek aurrera zijoalakoa egin zien; baña eskatu zioten aiekin gelditzeko, esanaz: Gurekin gelditu zaite, bada berandu da; eta eguna badijoa. Geroenean bi aiekin batean etxean sartu zan. Maiean eserita zeudela, Jesusek ogia artu, bedeinkatu eta ebaki zuen, eta ematen zien. Biak artu zioten, eta jan zuten. Orduan begiak argitu zitzaiezten eta Jauna ezagutu zuten, eta ezkutatu zitzaien.

        Bakarrik arkitu ziranean, elkarri ziotsaten: Gure biotzai etzizekaten, bidean itzegiten eta Eskritura Santak erakusten zizkigunean? Au esanda, maietik jaiki eta Galileara joan ziran, zer gertatu zitzaien esatera, eta arkitu zituzten Apostoluak eta besteak, ziotela: Jauna egiaz biztu da, eta Simoni agertu zaio. Ez dakigu Apostoluak emen aitatzen duten agerkera au Simon Pedrori Jaunak noiz egin zion; baña uste izaten da beste Apostoluai baño lenago agertu zitzaiola. Emausko bi aiek gero bereala zearo esan zieten bidean igaroa, eta nola Jesus ogia ebakitzen ezagutu zuten.

 

 

6. Jesusen agerkera Apostoluai

 

        Igande edo astearen lenengo egun onen gaua aurrera zijoan, eta Apostolu eta ikasleak, juduen bildurrez etxeko ateak ondo itxita zeudela, Jesus etorri eta guzien erdian jarri zitzaien. Lenbizian ikaratu ziran, eta uste izan zuten espiritu edo antz uts gaiztoren bat zala; bada, etzeritzaten, gorputz egiazkorik ate itxietan sartu zitekeanik, eta Jesusek esan zien: Pakea zuekin. Zertako larritu zerate eta gogorazio bildurtiai leku eman diezute? Ez ikaratu. Ni naiz; eta ikusitakoan, adoratu zuten. Baña aien artean baziran batzuek osotoro oraindik sinisten etzutenak, eta Jesusek esan zien: Begira nere esku eta oñai, eta Ni nerau naiz. Ukitu eta ikusi espirituak aragi eta ezurrik ez duela, Nik dauzkadala, dakusuten bezala. Au esanda, eskuak, oñak eta saietsa erakutsi ziezten. Baña oiek guziak ikusi arren, uzkur zeuden sinisteko; uste zuten, alabañan, pozak begietan ipintzen zien irudipenen bat zala; eta Jesusek esan zien: Zer janik badezute? Ezkalu erre bat eta ezti-abaraska bat eman ziozkaten. Jesusek jan zituen; eta ezagutu zezaten ezkalu eta eztia berez ziran eran jan zituela, kondarrak eman ziezten, jan zitzaten.

        Gauza oiek guziak Jesusek ain zearo eta banaka egin zituen, uzkurtasun guziari utzita, bete-betean sinistu zezaten egiaz biztu zala; eta gero esan zien: Zuekin nenbillenean au esan nizuten: Moises, profetak eta Salmoak nigatik aldeaurrez esandako guzia egin bear zala. Orduan eman zien Eskritura Santari igerritzeko, edo zer esan nai zuen ezagutzeko argia, esanaz: Onela eskribatua dago, eta onela konbeni zan, Kristo il eta irugarren egunean illen artetik biztu zedin, eta bere izenean penitenzia eta bekatuen barkazioa jende guziarentzat, Jerusalendik asita, predikatu zitezen. Gauza oiek guziak zuek zerok ikusi eta aditu dituzute. Itzketa au eginda, Jesus ezkutatu zitzaien, eta urrengo iganderaño berriz agertu zitzaienik ez dakigu.

 

 

7. Jesusen berrizko agerkera Apostoluai

 

        Igande batetik besterañoko zortzi egunak Apostoluak eta ikasleak, juduen bildurrez, ezkutuan egin zituzten, beren Maisu maitea berriz ere agertuko zitzaielako ustean; eta ala gertatu zan. Lenengo igande gau artan Tomas beste Apostoluakin arkitu etzan Jesus agertu zitzaienean, eta aste bitartean lagunak ikusi zutenean bereala esan zioten Jauna ikusi zutela; baña Tomasek erantzun zien: Nik ez badakust aren eskuetako iltze zuloa, eta nere beatza an eta eskua saietseko idikian sartzen ez baditut, sinistuko ez det. Apostolu onek asko eskatzen zuen; baña Jesusek guzia egin zion.

        Bigarren igandean, au da, biztu zanetik zortzigarren egunean, Apostoluak eta ikasleak elkarrekin, ateak itxita, ezkutuan zeuden, Tomas berekin zutela, eta Jesus lenagokoan bezala sartu zitzaien, eta erdian jarrita, esan zien: Pakea zuekin. Gero Tomasi esan zion: Zure beatza emen sar ezazu, eta begira nere eskuai, eta zure eskua indazu, eta nere saietsean sar ezazu eta etzaite izan sinisgogor, eta bai siniskor. Tomasek, noski, biotzik izango etzuen eskurik luzatzeko eta ukitzeko ere, Jesusek ain zorrozkiro itzegin zionean. Bakarrik itz oiek esan zituen: Ene Jauna, eta ene Jainkoa!!! Eta Jesusek esan zion: Ikusi nazulako, Tomas, sinistu dezu. Zorionekoak ikusi etzutenak eta sinistu zutenak; zan esatea: Zu baño zorionekoagoak izan ziran ikusi gabe sinistu zutenak. Au esanda, Jesus ezkutatu zitzaien.

 

 

8. Jesusen irugarren agerkera Apostoluai

 

        Egun onen ondoren laster bein batean agertu zitzaien Pedro eta Santiagori; beste bein amaika Apostoluai, elkarrekin zeudela; eta beste askori, berriz, Tiberiadesko itsas-ondoan, onela: Simon Pedro, Tomas, Natanael (zeña batzuek diote Bartolome zala), Zebedeoren seme Santiago eta Juan, eta beste bi ikasle elkarrekin arkitzen ziran; eta Simon Pedrok esan zien: Arrantzara noa. Gu ere bai zurekin, lagunak erantzun zioten. Guziak itsasora urreratu, eta ontzian sartu ziran; baña gau guzian sareakin ibillita, ezer ere arrapatu etzuten. Eguna argitu zanean, Jesus ur-ondoko erriberan aurkeztu zan; baña ezagutu etzuten; eta esan zien: Semeak, zer janik badezute? Ez, erantzun zioten. Sarea ontziaren eskuira bota ezazute, eta arkituko dezute, Jesusek esan zien. Bota zuten eta ezin jaso-al arrai sartu ziran (eunda berrogeita amairu puska). Orduan Juan, Jesusen Apostolu maiteak Pedrori esan zion: Jauna da. Pedro, au aditutakoan, azpiko janziaren gañetik mantua gerrian bilduta, itsas-urean abiatu zan, lur-leorrean bazijoan bezala, Jesusi oñetan jartzeko eresiarekin. Bitartean beste Apostolu eta ikasleak ere ur-ertzera bazetozen sare arraiez betea ontzian zutela; bada, arrantza miragarria egin zuten tokitik ur-ertzera eunen bat kanako bidea zegoan. Pedro, bere agur atsegiñezkoa Jaunari egin zionean, lagunetara itzuli zan; sareari bere arrai guziakin eldu zion eta lurreratu zuen, pisu andikoa izan arren batere urratu gabe. Leorrera ziranean ikusi zuten su-brasa bizi bat, onen gañean arrai bat erretzen, eta aldamenean ogi bat. Atozte eta jan ezazute, Jesusek esan zien. Joan zitzaiozkan, eta etzan ziran, oitura zuten bezala, jateko; baña iñor benturatu etzitzaion galdetzera: Zu nor zera? jakiñik Jauna zala.

        Irugarren aldia zan Jesus Apostoluai, elkarganatuta zeudela, agertu zitzaien oraingoa. Lenengo egunean amarri agertu zitzaien; bada, Judas saltzallea ordurako urkatua zan, eta Tomas agiri etzan. Andik zortzigarrenean amaikai, Tomas barrunen zala; eta oraingoan Tiberiadesko ondoan. Emen agertu zitzaien bada, ez bakarrik arrigarrizko arrantza egin eta ikusteko, baita beste gauza gogoangarri asko eta andiak egin eta erakusteko ere.

 

 

9. San Pedro Elizaren buru egiña

 

        Jan ondoan Jesusek Simon Pedrori galdetu zion: Simon, Juanen semea, oiek baño zuk maiteago nazu? Bai, Jauna, badakizu maite zaitudala, Pedrok erantzun zion. Bada nere arkumeak bazka itzatzu, Jesusek esan zion. Berriz ere galdetu zion: Simon, Juanen semea, maite nazu? Bai, Jauna, badakizu maite zaitudala, Pedrok erantzun zion. Bada nere arkumeak bazka itzatzu, Jesusek esan zion. Irugarren aldian Jesusek galdetu zion: Simon, Juanen semea, maite nazu? Berriz eta berrizko galde onek Simon Pedrori barruna illuntasunez bete zion. Bere ustean biotz-biotzetik maitatzen zuen; baña iru galde oiek gogoraerazo ziozkaten Kaifasen ezkarazeko iru uko-aldiak, eta bear ainbat maite etzuen bildurrak ematen zion; eta tristura andi eta biotz illarekin erantzun zion: Jauna, Zuk gauza guziai igerritzen diezu. Zuk dakizu, nik maite zaitudala. Bada, nere ardiak bazka itzatzu, Jesusek esan zion.

        Itz gitxi oiekin Jesusek Pedro poztu zuen, eta galdeak eman zioten miña gozotu zion. Oiekin bere Elizaren buru egin zuen: eta Pedroren kontura utzi zituen, ez bakarrik arkumeakin adierazten zituen kristau beekoak, baita ardiakin adierazotako artzai eta apaiz andiak ere. Itz oiekin egin zuen artzai guzien Artzai, obispo guzien Obispo, eta lurrean bere Ordeko eta gu guzion Buru. Gero esan zion kargu onek zer lanak eta nekeak erakarriko ziozkan; baita eriotza bera ere atzenean. Egi-egiaz esaten dizut, zion, gaztea ziñanean, zerorri gerrilotzen ziñan, eta nai zenduen lekura zinjoazen; baña zartuko zeranean, eskuak luzatuko dituzu, bestek gerrilotuko zaitu eta nai ez dezun tokira eramango zaitu. Itz oien ondoren esan zion: Darraidazu. Pedro abiatu zan; atzeronz begiratu eta ikusi zuen Juan ere zerraikiola. Pedrok baziekien Jesusek apostolu maite oni zein asko nai zion, eta galdetu zion: Jauna, onek zer? esaten bazion bezala: Zuk agindu didazu zuri jarraitzeko; eta, au nerekin etorriko da? Jesusek etzuen jakin-nai onetatik Pedro atera nai izan, eta erantzun zion: Orrela nai det, ori geratu dedin, Ni natorren artean: zuri zer zatzu? Zuk darraidazu. Itz oietatik oña artuta, beste lagunen artean barreatu zan Juan ilko etzala; baña Jesusek Pedrori esan etzion Juan ilko etzanik; ezpada orrela nai zuela geratu zedin, Jesus etorriko zan arteraño. Jesusek, oraindik bizi zala, bi anaia Santiago eta Juan esanak zituen, berak edango zuen kaliza, aiek ere edango zutela; eta Jesusek itz au jan nai etzuen, eta itzketa hura izan zan Pedro Juan baño lenago ilko zala adierazteko. Oiek eta onelako beste gauza aso esanda, Jesus ezkutatu zitzaien.

        Andik laster beste egun batean amaika Apostoluak eta bosteun ikasle baño geiago elkarrekin Galilean zeudela, Jesus agertu zitzaien; baña agerkera onen gañean Ebanjelariak beste berririk ematen ez digute. Onen ondoren beste bein batean Santiago gazteari agertu zitzaion; baña onen gañean berebat isillik daude, agertu zitzaiela baizik esan gabe.

 

 

10. Jesusen agerkera Maria guziz santari

 

        Baña agerketa guzietan pozik andienekoa eta maitagarriena dudarik gabe izan zan bere Ama guziz santari Semeak egin ziona. Ebanjelariak esaten ez digute Semea Amari agertu zitzaionik, ez noiz, ez zenbat aldiz: baña sinismen oso-osoan egon bear gera, lenen-lenengo Amari agertu zitzaiola, eta biztu zanetik Zerura igo arteko munduan egin zituen berrogei egunetan sarri eta maiz elkar ikusi zutela, eta itzketa luzeak egiten zituztela. Munduko kriatura guzietan lenengoa zan, eta Semeak maiteen-maiteena zuena eta bere amorioaren siñalerik bizienak ematen ziozkan, txit askotan agertuaz, eta Zeruan sartuko zan bitartean, lurrean izan zezakean zorion guzi-guzia emanaz. Baña atzeneko agerketara eldu gaitezen.

 

 

11. Jesusen atzeneko agerkera Apostoluai

 

        Gizonaren salbazioko lanari buru emateko denbora betetzer zan: eta Jesusek Apostoluai agindu zien, biztu zanetik berrogeigarren egunean Jerusalenen biltzeko. Ala egin zuten; eta esan zien: Zeruan eta lurrean eskubide dana eman zat. Zoazte bada, eta jende guziai erakutsi zaiezute, Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Santuaren izenean bataiatuaz; agindu dizutedan guzia gordetzen erakutsiaz. Zoazte mundu guzitik barrena, eta kriatura guziari Ebanjelioa predikatu zaiozute. Sinisten duena eta bataiatzen dana salbatuko da: baña sinisten ez duena, kondenatuko da. Ara Ni emen munduaren atzeneraño zerokin non beti nazuten. Sinisten dutenak siñale oiek emango dituzte: deabruak nere izenean botako dituzte, itzkuntza berrietan itzegingo dute, sugeak kenduko dituzte; eta gauza ilgarriren bat edaten badute, gaitzik egingo ez die; eskuak eriai ipiñiko dieztee, eta sendatuko dira. Mirari oiek guziak Elizaren asieran, Fedea oñ onean ipiñi artean, egiten zituzten: bada, landare berri bat ipintzen danean, sustraiak egin, lurrean indarra artu eta azi artean, erregatzen edo urarekin laguntzen zaion bezala, San Agustinek dio, Elizaren asi-berrian ere mirari oiek egin bear izan zirala, kristauen biotzetan fedeak erroak eman zitzan, eta sendotu zitezen, etorriko zitzaiezten erasoai eta galbideai gogor egiteko.

 

 

12. Konfesioko Sakramentu Santuaren ipintzea

 

        Jesusek atzeneko afari gogoangarrian Aldareko Sakramentu guziz santua ipiñi zuenean, bere Apostoluai eman zien eskubidea aren Gorputza eta Odola donekidatzeko edo konsagratzeko; baita ere erakutsi zien, legea mundu guzian zabaltzeko berez eta berak aututzen zituzten ondorengoen bitartez. Orain Aingeruai ere eman izan etzien eskubidea gizonai emateko, esan zien: Pakea zuekin. Ni nere Aitak bialdu ninduen bezala, Nik ere zuek bialtzen zaituztet. Au esanda, aizeman edo asnasa bota zien, esanaz: Espiritu Santua ar ezazute. Zuek bekatuak barkatzen dieztezutenai, barkatuak geratzen zaiezte; eta zuek barkatzen ez dieztezutenai, barkatu gabe geratzen zaiezte. Arnasa zorioneko onekin bere Eliza santan, sazerdoteen eskuetan, utzi zigun bekatuak barkatzeko eskubide, bein ere bear adiña andizkatu ezin ditekeana, zeñaren bitartez Zeruko ateak idiki ditzakegun.

 

 

13. Jesusen Zerura igotzea

 

        Jesusek iritzi zionean bere aldetik guzia egiña zegoala, eta Espiritu Santua etortzea beste zer egiñik etzala, Jainkoak erabakita zeukan denbora bete zanean, prestatu zan Zerura itzultzeko, eta eskeñi izan zuen bezala, Espiritu Poztutzallea bialdu, eta bera bere Aita Jainkoaren eskuitik betiko geratzeko. Onetarako Apostolu eta ikasleak Jerusalenen bilduta zeuden tokian, guziakin jan ondoan, esan zien: Nere Aitaren Eskeñia zuei bialtzera noa. Zuek Jerusalenen egon zaitezte, Aitak nere aotik eskeñi dizutena datorkizuten bitartean; bada, Juanek urarekin bataiatzen zuen; baña zuek egun gitxiren buruan Espiritu Santuan bataiatuak izango zerate. Orduan an ziranak galdetzen zioten: Jauna, Israelko Erreinua orduan berrituko dezu? Apostoluak oraindik ere uste zuten Jesusek Israelen erreinu bat ipiñi, eta lurreko erregeen antzean anditasun guziarekin berak aginduko zuela, eta itsumen onetatik irten etziran, alik eta Espiritu Santuak bere etorrerako egunean argitu zituen arteraño. Zuei ez dagokizute, Jesusek esan zien, jakitea, Aitak bere eskuan ipiñi zituen denbora eta mementoak; baña Espiritu Santuaren indarra artuko dezute, eta orduan lekuko edo testigu izango zatzazkit Jerusalenen, Judean, Samarian, eta munduaren araurrenean ere.

        Jesusekin arkitzen ziran bere Ama guziz santa, amaika Apostoluak eta ikasle asko, eta guziak berekin artuta, eguerdi aurrean Jerusalendik irten zan, Betaniatik barrena Olibeteko mendira joateko. Bide askoz gogoangarri dan mendi onetara amabietarako igo ziran. Jesusek eskuak jasota bedeinkatu zituen, eta ez-arian ez-arian Zeruronz abiatu zan. Zekusten, nola donario ederrean eta anditasun guziarekin igotzen zan, alik eta odei argi eder bat erdian jarrita, txit ezkutatu zitzaien arteraño. Orduan Infernu guzia garaitu zuen munduaren Salbatzallea Zeruetan sartu, eta Aita Jainkoaren eskuian betiko eseri zan. Eskritura Santak ez digu esaten, baña sinismen osoan gaude, Jesu Kristok Zerura berekin eraman zituela Adangandik asita, arteraño Jainkoaren grazian ildako Abrahamen senoan zeuden zorioneko guziak; bada, Zeruan lenago iñor ere sartu etzan.

        Zer ikuskarri ederra eta maitagarria an ziran zorioneko aientzat! Zer poza Maria guziz santarentzat bere biotzeko Seme-Jainkoa, etsai guziak menderatuta, bere betiko Aitaren ondora itzultzen ikustea! Zer atsegina Apostolu eta ikasleentzat beren Maisu ona, esan izan zien guziari egiztamena emanda, garailari igo zala pensatzea! Poz eta atsegin onekin alde batetik, eta lurrean berriz elkar ikusiko etzuten miñez bestetik, eraman zuen bidera begira ezin aspertuz zeudela, zuriz janzitako bi aingeru gizon antzean aurkeztu zitzaiezten, esanaz: Galileako gizonak, zertako zaudete Zeruronz begira? Zerura igotzen ikusi dezuten Jesus au etorriko da, Zerura igotzen ikusi dezuten gisa berean. Au aditu zutenean Jerusalenera itzuli ziran, eta etxe-ganbara batean sartuta, orazioan jarri ziran eta itxedon zuten, Espiritu Santua noiz etorriko zitzaien begira.

        Oiek dira, bada, Jesusek egin zituela Ebanjelariak esaten diguten agerketak; baña badakigu etzizkigutela, ez oien eta ez beste gauza askoren berri guziak osotoro utzi: bada, San Juan, lau Ebanjelarietatik batek, eta Jesusekin geien-geiena itzegin eta ibilli zanak, bere Ebanjelioaren atzeneko itzetan esaten digu, baldin Jesusek egin zituen gauza guziak bat-banaka eskribatuko balira, egin bearko lirakean liburuak, mundu guzian kabituko ez lirakeala.

 

aurrekoa hurrengoa