www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu Berriko Kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu berriko Kondaira, Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1998

 

aurrekoa hurrengoa

ZAZPIGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. Lazaroren gaitza eta eriotza, eta biztutzea

 

        Jesus Jerikon sartu zan, eta errian eta auzoetan bere erakutsi onak ematen zebillela, gaztigatu zioten, Marta eta Mariaren anaia Lazaro Betanian txit gaizki zetzala. Jesusek Lazaro txit maite zuen, eta albista au artu zuenean esan zuen: Gaitz au iltzeko miña ez da, ezpada Jainkoaren gloriarako, eta beraren bitartez Jainkoaren Semea goratua izan dedin. Baña Jesus etzan beste egun bian Jerikotik Betaniaronzako irten, eta Lazaro ordu gitxiren buruan il zan.

        Betaniaronz abiatuta, bidean zijoala bere ikasleai esan zien: Lazaro gure adiskidea lo datza, eta Ni esnatzera noakio. Lo badatza, Apostoluak erantzun zioten, gaitzik ez dauka. Jesusek berriz esan zien: Lazaro il da, eta pozik nago an ez nintzalako, sinistu dezazuten.

        Betaniara urreratzen zan, jakin zuenean illik eta lurpeturik lau egun zirala. Progu-etxean judu asko batu ziran, Marta eta Mariari damuan edo miñean laguntzera, eta anaia aztuerazotzera. Martak lenengo jakin zuen Jesus zetorrela, eta bidera irtenda negarrez esan zion: Jauna, Zu emen izan baziña, gure anaia etzan ilko; baña badakit Zuk eskatu guzia Jainkoak egingo dizula. Zure anaia biztuko da, Jesusek esan zion. Badakit, Martak erantzun zion, badakit il guziak biztuko diranean, nere anaia ere biztuko dala. Biztutzea eta bizitza Ni naiz, Jesusek esan zion, eta Nigan sinisten duena, il bada ere, biztuko da. Nigan bizitzen dana eta sinisten duena, sekulan ez da ilko. Au sinisten dezu? Bai, Jauna, Martak erantzun zion, sinistu det Zu zerala Jesu Kristo, Jainko biziaren Seme mundura etorri zerana, Zugan sinisten dutenak salbatzera.

        Mariak etziekien Jesus zetorrenik, eta Martak isillik esan zionean Jauna an zala eta deitzen ziola, zegoana zegoan lekuan utzita, Jesusi bereala bidera joan zitzaion, eta oñetan auzpezturik, negarrez esan zion: Ai Jauna, zu emen izan baziña, etzan nere anaia ilko. Etxera poztutzera joan zitzaiozkan juduak, ikusi zutenean etxetik bat-batetan irteten, ondoren jarraitu zitzaiozkan, gorputz-illa zetzan tokira negar egitera zijoalakoan. Baña oiek ikustera orduko, hura Jesusen oñetan auzpez zetzan, eta negarrari eman zioten. Jesusek bata eta besteak negarrez ikusi zituenean, barruna illundu zitzaion, eta nastu zan. Non ipiñi zenduten? Jesusek galdetu zien. Atoz, Jauna, eta ara emen, erantzun zioten. Guziak obira edo sepulturara joan ziran, eta Jesusek ikusi zuenean negar egin zuen. Orduan juduak esan zuten: Ara zenbat nai zion. Baña baziran esan zutenak: Jaiotzatik itsu zetorrena argitu zuen onek, ezin zezakean bere adiskide au bizirik gorde? Esan onekin Jesusen biotza are geiago il zan; bada itz oietan, dirudienez, esan nai zuten, edo itsua etzuela argitu, edo Lazarori bizia gordetzeko eskubiderik etzuela, eta naiz batarekin, naiz bestearekin, Jesusi bidegabekeria andia egiten zitzaion.

        Jesus, bada, joan zan obira, zeña zan lur-zulo arri andi batekin estalitako bat. Arri ori kendu ezazute, Jesusek esan zien. Jauna, kiratsa dario, Martak esan zion; bada, lau egun dira il zala. Marta, Jesusek erantzun zion, ez dizut esan, sinisten badezu, Jainkoaren gloria ikusiko dezula? Orduan Jesus, begiak zeruronz ipiñirik, Aitari itzegiten asi zitzaion: Aita nerea, eskerrak ematen dizkizut, aditu didazulako. Baniekien, bai, beti aditzen didazula; baña esan det, inguratzen nautenak sinistu dezaten Zuk bialdua naizala. Guziak zekusten lur-zuloan arrak gora-beera zebilzkion gorputz-illa, eta zer gertatuko ote zan jakin naiez zeuden. Jesusen ikasle, mirariak ikusten ain oituak, lenagoko guzien azkarria ikusteko ustea zuten. Lazaro zanaren bi arrebak ere larri ziran. Adiskideak, ikusiko zana lenbait-len ikusi nai zuten. Orduan Jesusek ots andi batekin esan zuen: Lazaro, atoz kanpora. Eta berealaxe obitik irten zan. Esku-oñak lotuta zeuzkan, arpegia zapi batekin estalia eta gorputza maindire batean bildua. Jesusek agindu zuen askatzeko, eta Lazaro zutik osasun betean jarri zitzaien.

        Begira zeuden judu askok sinistu zuten Jesus Mesias egiazkoa zala, eta eskriba eta fariseoai joan zitzaiezten, Lazaro nola biztu zan eta Jesusek onekin egindako guzi-guzia esatera. Berri au bazan eskriba eta fariseoak, besterik izatera, ezagueran sartzeko adiña; baña sinisgogorregiak ziran, eta Jesusen kontra su biziagoak artu zituen.

 

 

2. Jesus iltzeko asmoak artzen dira

 

        Ikusirik egunoro eta argiro egiten zijoan mirariak ezin ukatu zitezkeala, eta bildurturik geldi utzi ezkero, denbora gitxiren epean jende guzia beretuko zuela, batzarrean bildu ziran, lenbaitlen eskuak egotzi eta galtzeko bideak artzera. Zertan gaude? batzarrean elkarri esaten zioten. Gizon onek mirari asko egiten ditu, eta pakean uzten badiogu, guziak sinistuko diote, eta erromarrak etorriko zazkigu, eta gure bazter eta jende guzia artuko digute. Denbora onetan Anasen sui Kaifas apaiz nagusi egiten zuenak esan zien: Zuek ezer ez dakizute. Konbeni da gizon bat iltzea, erriagatik eta jende guzia galdu ez dedin. Itz oiekin aldeaurrez esan edo asmatu zuen, nola Jesus gu guziokgatik ilko zan. Batzar onetan, bada, erabaki zan Jesus il zedilla, eta agindu zuten, Jesus nondik nora zebillen ziekienak batzar edo tribunalari berri eman zizaiola.

        Jesus bitartean Lazaro, Marta eta Mariaren etxetik irtenda, egun erdiko bidean, Efrengo urira joan zan. Emen egin zituen astelenetik ostiral arteko egunak, bere ikasleai erakusten eta Jerusalenen igaroko ziran gauza arrigarriak ikusteko prestatzen. Ostiralean ostera Betaniara itzuli zan; baña etzan Lazaroren etxean larunbat illunabarreraño sartu. Iru senide zorioneko aiek beren Jaun eta Ongillea beren artean berriro ikusi zutenean, zer egin etziekiten, artutako mesede andi ari zegozkion esker onak emateko. Bereala afari eder bat prestatu zuten Simon Lepratsuaren etxean, eta maiean jarri ziran Jesus bere Apostoluakin, eta Lazaro biztu-berria ikustera joan zitzaiozkan bere adiskide askorekin. Mai-serbitzoan, beti bezala, Marta zebillen, eta Maria aurkeztu zan libra bat okendu garbi ontzi eder batean zuela. Jesusi aurrean auzpeztu zitzaion; oñak okenduz aurrena igortzi, eta gero bere buruko illearekin leortu ziozkan, eta etxe guzia usai gozoz bete zan.

        Lanbide au gaizki artuko zuenik etzirudien izango zala, batez ere noiz eta nori egiten zitzaion begiratu ezkero; baña izan zan bat, eta au Apostoluen artean, ontzat eman etzuena. Judas Iskariote apostolu eskergabeko saldu ark esan zuen: Zertako okendu au salduta, artuko ziran irureun erreal-biko beartsu pobreai eman etzaiezte? Judasek zeraman Jesus eta Onekin zebilzanen artu-eman guzia; eta iñoren gauza zalea izanik, aren eskuetaratzen zanetik zerbait isillik beti gordetzen zuen, eta orain ere griña berak espa hura ateraerazo zion, ez beartsuai laguntzeko gogoak. Jesus, Judasek ondo edo gaizki itzegin zuela erabaki gabe, Mariaren alde irten zan, eta esan zuen: Utzaiozute; bada nerekin lan ona egin du. Beartsuak zerokin beti izango dituzute, ez ordea Ni. Onek zezakeana egin du. Nere gorputza obirako lendanaz igortzi du. Egi-egiaz esaten dizutet, Ebanjelioa erakutsiko dan leku guzietan, mundu guzian, emakume onek nerekin egin duena ere bere oroipen onerako esango dala.

        Apaiz-buruak ernegatzen zebilzan, Lazaro biztua izan zan ezkero, Jesusi are jende geiago eta eresi andiagoan zijoakiola ikustearekin; eta artu zuten Lazaro iltzeko asmoa. Baña, zer itsumena! Gaitzak illa biztu zuenak, ez ote zezakean gizonak illa biztu? Lazaro berak illarekin Jesusi lenagoko eskubidea kenduko ote zioten? Ezagutu zuten nonbait, zorakeria andi bat izango zala, edo beren buruak geiago agertzea baizik etzutela iritsiko; beintzat, asmoa artu bazuten ere, il gabe utzi zioten.

 

 

3. Erramu eguneko Jesusen joanera Jerusalenera

 

        Jesusek bazekusan zein gorroto andiarekin begiratzen zioten, eta gorroto au beragandik mesedeak artutakoetara ere zabaltzen zala; ala ere, etzitzaien oraingoan ezkutatu. Iltzeko eguna bazetorren, eta biaramonean, Eliz-Ama Santak orain Erramu-Eguna deitzen dion egunean goiz, Betaniatik bere ikasleakin irten zan, eta Betfaje zeritzan Olibeteko mendi ondora eldu zanean, bere bi ikasleri esan zien: Zoazte or aurrean ikusten dezuten etxadi orretara, eta arkituko dituzute lotuta asto-eme bat, eta asto-kume iñor oraindik igo etzaiona. Askatuta ekarzkidazute, eta iñork ezer esaten badizute, erantzungo diozute: Jaunak bear ditu; eta bereala utziko dizute ekartzen. Ikasleak joan ziran, eta Jesusek esan bezala guzia gertatu zan. Isaiasen bitartez anziñatik esana zan: Siongo alaba, ez ikaratu, ara emen zure Erregea umiltasun guziarekin astotxo baten gañean jarria.

        Ama-humeak eraman ziozkaten; Apostoluak beren soñekoak txalmatzat ipiñi ziezten: Jesus aurrena amari, eta gero humeari igo zitzaion, eta guziak Jerusaleneronz abiatu ziran. Jerusalendik eta inguruko errietatik jendetza andiak batu zitzaiozkaten; eta Jesusek zeraman bidean, batzuek beren kapak lurrean zabaltzen zituzten; besteak adar ostodunakin bide-ertzak apaintzen zituzten, eta guziak erramu edo olibo ostoak eskuan zeramazkiten, eta andi-txiki guziak deadar egiten zuten: Hosanna Dabiden semea, au da, Dabiden semea, gorde ezazu. Bedeinkatua izan bedi Jainkoaren izenean datorren Israelko Erregea. Hosanna filio David, benedictus qui venit in nomine Domini.

        Fariseoak, Jesus ain onratua ikusirik, esaten zuten: Ez dakusute ezer aurreratzen ez degula? mundu guzia berari darraikio! eta batzuek Jesusi albora joanda, esan zioten: Maisua, zure ikasle oriek isilerazo itzatzu. Oriek isilduko balira, Jesusek erantzun zien, arriak itzegingo lukete.

        Jesusentzat txit pozgarria zan ainbeste jende beragana jarri eta agur onak egiten ziozkatela ikustea; baña une berean, Jerusalenera alderatuago eta biotza illunagotutzen zitzaion, zeren baziekien egun gitxiren buruan uri doakabe artan gertatuko ziran gauza ikaragarriak. Jerusalen txit maite zuen, eta bere biotz guzia argan zeukan, eta ikustera zanean, negarrari eman zitzaion, esanaz: Ai, Jerusalen, Jerusalen, gaur bederik ezagutuko bazendu zerk on egingo dizun! Baña zure begiak itsutuak daude, eta badator eguna, zure etsaiak inguratu eta alde guzietatik estutuko zaituztena, zure paretak lurrera ezarri, zure semeak il, eta guzia ondatuko dutena, arria arriaren gañean utzi ere gabe, zeren ezagutu ez dezun, ondo ikusi nai izan zaituzten ordua.

        Zispuruz eta negarrez Jesus bazijoan, eta uri zorigaiztoko artan sartu zanean, guziak azoratu ziran, eta Jesusekin zijoazenai galdetzen zieten: Zein dakarzute? Orrelako andiustean datorren ori zein dezute? Au Jesus Nazareteko profeta da, erantzuten zuten. Jesus, gelditzerik ere egin gabe, Elizaraño joan, eta Eliz-atarian astotxotik jatsi zan. Begien aurrean jarri zitzaion lenbiziko agirakagarria edo aserrerazo ziona izan zan, orazioko etxea saldu-erosietarako leku egiña arkitzea; eta bere predikuaren asieran bezala, orain ere arpegira eman zien, zein gaizki egiten zuten leku santuan artu-emanetan jarduten.

        Saldu-erosleen kontra ain aserretua Jesus ikusi arren, onen bear ziran elbarri, itsu eta gisa guzietako beste eri gaxoak bazijoazkion osasun eske, eta guziak sendatzen zituen. Aur eta gaztetxoak ere inguratu zuten, otsegiñaz: Hosanna Dabiden semea. Apaiz-buruak eta eskribak, ikusirik egiten zituen mirariak, eta aditurik gazte oien bedeinkazioko otsak, sutu ziran, eta esan zioten: Ez dezu aditzen, oiek zer dioten? Bai, Jesusek erantzun zien, aditu det. Eta zuek ez dezute irakurri Profetak diona: Txikitxoen eta bularreko aurren aotik zure alabantza artu zenduen? Esan oni zer erantzunik izan ez, eta isillik aldegin zuten. Oien lekuan, eta oiek baño biotz obeagoko greziar batzuek sortu ziran, eta beren erritar Felipe Apostoluari esan zioten Jesus ikusi nai zutela, eta Jesusgana berekin eraman zituen, eta Elizan sartuta Jesusi aditzen egon ziran.

 

 

4. Gal-aziaren parabola

 

        Jesusek, bada, itzaldia onela asi zuen: Etorri da ordua, gizonaren Semea gloriaztua edo altxatua izango dana; baña onekin gertatuko da gal-aziarekin gertatzen dana. Gal-azia erortzen danean, iltzen ezpada, bakarrik dago; baña iltzen bada, ugaritzen da. Gizonaren Semearekin au bera gertatuko da. Au esatearekin batean gogoratu zitzaion zetozkion iltura edo tormentuen eraman-bearra, eta otsegin zuen: Nere barrua estua dago eta, zer esango det? nori itzegingo diot? Zugana, Aita nerea! zugana nator nere esturasun guzien erdian. Gorde nazazu datorkidan ordu ikaragarri artatik; baña ez orrelakorik, Jainko nerea, Ni ez naiz etorri ilturai iges egiteko, ezpada Zuri eskeñtzeko. Artu zadazu bada, Jauna, egingo dizudan ofrenda, eta zure Izen guziz Santua altxa ezazu. Atzeneko itz oiek esan orduko, Zerutik irten zan ots bat, ziona: Altxatu det, eta altxatuko det. Ots au batzuek turmoi-soñutzat artu zuten; besteak Jaunaren Aingeruaren itz-otsa zala zioten. Baña Jesusek esan zien: Ots au ez nigatik, ezpada zuekgatik izan da, ezagutu dezazuten Jainkoaren Semea naizala. Mundua orain neurtu edo juzgatuko da; mundu onetako agintaria orain kanpora botako da, eta lurretik jasotzen nautenean guzia neretuko det. Itz oiekin aditzera eman nai izan zien, Ebanjelio Santuak dio, gurutzean ilko zala. Orduan juduak esan zuten: Guk gure legean aditu izan degu, Kristok beti iraungo duela, eta Zuk, nola diozu gizonaren Semea gurutzean jasotzea konbeni dala? Gizonaren Seme ori nor da? Oraindik ere zuen artean argi piska batek badirau, Jesusek esan zien, eta argi onek dirauen bitartean ibilli zaitezte, illunak itsumustuan artu etzaitzaten. Illunpean dabillenak ez daki non dabillen; argia dezuten artean, argiagan sinistu ezazute, argiaren humeak izan zaitezten. Esaten bazien bezala, etzitzatela galdu aien artean egingo zituen egun banakak, bada hura il ezkero sartuko zitzaien illunak etziela onik egiten utziko. Ala gertatu zan: Juduak orduko argiari etzioten lekurik eman nai izan, itsutu ziran Egia ezagutzeko, eta gaur dan egunean ere itsutasun onek jende zorigaiztoko argan badirau. Itzaldi onen ondoren illuntzean Jesus bere Apostoluakin Elizatik irtenda, Betaniara Lazaro eta bere bi arrebaen etxera itzuli zan.

 

 

5. Masti-jabearen parabola

 

        Beste egun batean goiz Jesus bere Apostoluakin Jerusalenera joan zan, eta Elizan, leku santuari ez dagozkion gauzak egiten zituztenen kontra bere espasunak berrituta gero, ipiñi zien parabola bat, garbiro adierazten zuena bere laster il-bearra, eta zein bidegabe ilko zuten. Ara parabola. Etxejaun batek masti bat eginda esiz itxi zuen; gero dolare bat eta etxea egiñik, maizterrai beren gañ eman zien, eta urrutietara joan zan. Mats-biltzeko egunak alderatu ziranean, morroiak bialdu zituen errenta eske; baña maizterrak morroi bat elbarritu, bestea il eta irugarrena arrikatu zuten. Nagusiak, berriz ere, lenak baño morroi geiago bialdu zituen, eta maizterrak oiekin ere berebat egin zuten. Orduan masti-jabeak esan zuen: Zer egingo det? Nere seme maitea bialduko diet, eta au ikusita, lotsatuko dira. Maizterrak seme au ikusi zutenean, elkarri esan zioten: Nagusiaren oñordekoa da, ots, il dezagun, eta bere ondadea guretzat izango da. Maizter gaiztoak eldu zioten, eta mastitik aterata, il zuten. Orain, bada, masti-jabea datorrenean, maizterrai zer egingo die? Gaiztoak galduko ditu, eta errenta zuzenago pagatuko dioten beste maizter batzuei mastia emango die.

        Eskribak, fariseoak, apaiz-buru eta erriko agintariak Jesusi laster igerri zioten, itzketa au guzia beren asaba profetak il izan zituztenakgatik, eta orain Jainkoaren Semea bera il naiez zebilzan berakgatik zala; baña Jesusi zerraikion jende andiaren bildurrez, etzuten biotzik izan eskuak ezartzeko.

 

 

6. Errege-semearen eztaien parabola

 

        Parabola onen ondoren esan zien beste bat are lotsagarriagoa. Zeruetako Erreinua semea ezkontzeko eztaiak prestatu zituen errege baten antzekoa da. Guzia zuzendutakoan, morroiak bialdu zituen, lendanaz esanda zeudenai etortzeko gaztigatzera; baña etziran etorri nai izan. Berriz ere morroiak bialdu ziezten esatera: Maia ipiñita dago, idi gizen eta egaztiak il dira, eta gañerako gauza guziak prest daude, eta eztaietara atozte. Orduan ere gaztigua etzuten ezertan artu; bata sorora eta bestea bere egitekoetara joan ziran, eta gañerakoak morroiai eskuak egotzi eta farragarri asko egin ondoren, il zituzten. Erregea albista onekin aserretu zan, eta gizon armadunak bialduta, iltzalleak ondatu eta erriari su emanda, auts egin zuen; eta morroiai esan zien: Eztaiak prestatuta daude; esan zitzaienak etziran etortzeko diña. Bidegurutzetara zoazte, eta dakusuten guziari esango diozute eztaietara etortzeko. Morroiak joan ziran, eta arkitu zituzten on eta gaizto guziakin itzuli ziran, eta maia bete zan. Erregea sartu zan maiean zeudenak ikustera, eta eztai-janzia gabe bat arkitu zuenean, esan zion: Adiskidea, nola onara eztai-soñekoa gabe etorri zera? Etzion itzik erantzun. Orduan erregeak bere serbitzariai esan zien: Esku eta oñak lotuta, bota ezazute kanpoko illunetara, non negarra eta orz-karraskotsak baizik izango ez dan.

        Emen bukatu zuen parabola, zeñarekin erakusten digu asko ez dala Elizan sartzea, au da, kristau egitea; graziazko soñekoa ere iduki bear degula, salbatuko bagera: eta soñeko au, Jainkoak betiko eztaietara deitzen digunerako beñere kendu gabe gorde bear dala erakusteko, Jesusek ipiñi zuen beste parabola, Eliz-Ama santak ain sarriro Meza Santan irakurtzen digun au.

 

 

7. Amar birjiñaen parabola

 

        Zeruetako Erreinua ezkon-berriai, kriseluak eskuan zituztela, bidera irten zitzaiezten amar birjiñaen antzekoa izango da. Amar birjiña oietatik bost zoroak ziran, eta beste bost zintzoak. Zoroak etzuten berekin oliorik artu; baña zintzoak bai. Esposoaren etorrerak luzatzen zuelako, birjiñak logaletu ziran, eta geroenean loak bota zituen. Gauerdian izan zan ots bat, ziona: Begira, esposoa badator eta bidera irten zatzazkio. Orduan birjiña guziak jaiki eta asi ziran kriseluak zuzentzen; baña zoroak zintzoai esan zieten: Zuen oliotik iguzute, bada, gure kriseluak itzaltzen zazkigu. Eta zintzoak erantzun zuten, esanaz: Zoazte saltzen dan tokira, eta bear dezutena erosi ezazute, guk zuei emanda, gero zuek eta gu batere gabe geratu ez gaitezen. Zoroak olio-erosten ziran bitartean, esposoa etorri zan, eta prest zeudenak eztaietara onekin sartu ziran, eta atea itxi zan. Beste birjiñak gero etorri ziran, esanaz: Jauna, Jauna, idiki zaguzu; baña esposoak erantzun zien: Zin-ziñez esaten dizutet, ezagutzen etzaituztedala. Esnai egon, bada, zeren ez dakizuten zein egun eta zer ordutan deituko zatzuten.

        Parabola onek aditzera ematen digu, obra onen olioarekin prestatuta beti egon bear gerala, Jainkoak beste mundura deitzen digunerako. Itzketa oni zerraikiola beste parabola bat ere esan zien. Ara zer.

 

 

8. Talentuen parabola

 

        Gizon aberats batek artu zuen urruti batera joateko asmoa, eta morroiak beregana eramanda, bere dirua eman zien, zeritzan neurri batean. Bati bost talentu eman ziozkan, eta talentu bakoitzak ogeita amaika milla seieunda larogei erreal bezalatsu balio zituen. Beste bati bi, eta besteari bat, eta bere bidean joan zan. Bost artu zituenak irabazian ipiñi, eta beste bost atera zituen. Bi artu zituenak ere, berebat beste bi irabazi zituen. Baña bat bakarra artu zuenak, lurrean zulo bat egin eta gorde zuen. Denbora luzearen buruan, nagusia etxera zan, eta morroiai kontuak eskatu ziezten. Bost artutakoak beste bost eraman ziozkan, esanaz: Jauna, bost talentu eman ziñizkidan, eta ara gañera beste bost irabazi ditudanak. Txit ondo, morroi on eta leiala, nagusiak esan zion; zeren gitxian leiala izan zeran, asko emango dizut: zure Jaunaren pozean sar zaite. Bi artu zituena ere joan zitzaion, eta esan zion: Jauna, bi talentu eman ziñizkidan, eta ara emen, gañera beste bi irabazi ditudanakin. Txit ondo, morroi on eta leiala, nagusiak esan zion; zeren gitxian leiala izan zeran, asko emango dizut: zure Jaunaren pozean sar zaite. Talentu bat bakarra artu zuena ere joan zitzaion, eta esan zion: Jauna, badakit gizon zorrotza zerala, erein etzenduan lekuan segatzen dezula, eta banatu etzenduen tokian biltzen dezula; eta bildurrez, zuk eman ziñidan talentua lurpean gorde nuen: orra non dezun zere-zerea. Morroi gaizto alperra, nagusiak aserrez esan zion, zuk baziñiekien, diozunez, nik erein ez dedan lekuan segatzen dedala, eta banatu ez dedan tokian bildu: beragatik, nere dirua irabazian ipiñi bear zenduen, obariarekin nere-nerea orain nik artu nezan. Kendu zaiozute, bada, talentu ori, eta amar dituenari eman; zeren daukanari emango zaion eta ugaritu: baña ez daukanari, daukala uste duen hura ere kenduko zaion. Orain morroi alper au bota ezazute kanpo illunera, negar eta orz-karraskots lekura.

        Jesusek parabola onekin aditzera eman zigun, nork bere doaiakin, asko dituena bezala gitxikoa ere, bere eta besteren salbazioa irabazten nekatu bear dala; eta, ai nagi-alperraren errukarria, ezpadu dezakean guzia bere aldetik egiten! Zein estu Jainkoak kontuak artuko diozkan!

 

 

9. Atzen juizioaren gañeko itzaldia

 

        Oraindañokoan Jesusek antz-irudi edo parabolaetan aditzera ematen zuen, munduaren atzenean guziok neurtzera etorriko dala; baña orain garbiro eta argiro gai onen gañean itzegin zuen. Gizonaren Semea, esan zien, bere anditasun guzian, aingeru guziak berekin dituela datorrenean, bere aulki edo tronoan eseriko da, eta jende guzi-guziak bere ondora bilduko dira. Batzuek besteetatik banakatuko ditu, artzaiak antxumeen artetik ardiak bezala, eta ardiak, au da, onak bere eskuian ipiñiko ditu, eta antxumeak, au da, gaiztoak ezkerrean. Orduan gizonaren Semeak eskui-aldekoai esango die: Atozte, nere Aitaren bedeinkatuok, munduaren asieratik prestatuta dagokizuten Erreinura; bada gose nintzan, eta jaten eman ziñidaten; egarri nintzan, eta edaten eman ziñidaten; arrotza nintzan, eta etxean artu ninduzuten; billosa nengoan, eta estali ninduzuten; gaxo nentzan, eta ikusi ninduzuten; itxian, eta ikustera etorri zintzazkidaten. Orduan onak esango dute: Jauna, noiz, ordea, gosetua ikusi zindugun, eta jaten eman? edo egarritua eta edaten eman? noiz arrotza izan, eta etxean artu, edo larrugorrian, eta janzi? Edo noiz gaxo ikusita, edo itxian zendela, ikustera joan gintzazun? Juezak erantzungo die, esanaz: Egi-egiaz esaten dizutet, nere anaiatxo oietatik bati egiten ziñiotenean, niri egin ziñidaten.

        Orduan ezker-aldekoai ere esango die: Nigandik zoazte, madarikatuok, deabru eta bere aingeruentzat prestatuta dagoan su betikora: bada gose nintzan, eta etziñidaten eman jaten; egarri nintzan, eta etziñidaten eman edaten; arrotza nintzan, eta ez ninduzuten etxean artu; billosa nengoan, eta ez ninduzuten estali; eri eta itxian, eta ez ninduzuten ikusi. Eta berak ere erantzungo dute, esanaz: Jauna, noiz ikusi zindugun gosetua, edo egarritua, edo arrotza, edo larrugorrian, edo eri edo itxian, eta ez giñizun lagundu? Juezak esango die: Txikitxo oietatik bati egin etziñiotenean, niri ere etziñidaten egin. Eta oiek su betikora joango dira, eta onak betiko bizitzara. Esan ikaragarria! Epai izugarria! baña gertatuko dana. Emen gogoan artu bear degu, Jesusek onerako edo gaitzerako bere epaia emateko, etzituela gauza andi edo bekatu agiri-agirikoak aitatu, ezpada guk aintzakotzat ere, menturaz, artzen ez ditugunak, nola diran zerbaiten bearrean daudenai laguntzea edo ez laguntzea. Beragatik, etzagu iñoiz ere aztu bear, gure bizitzako on eta ez-onak zein zearo eta zuzen neurtuak izango diran.

 

aurrekoa hurrengoa