www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu Berriko Kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu berriko Kondaira, Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1998

 

aurrekoa hurrengoa

AMABIGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. Elizaren esetsia edo persekuzioa

 

        San Estebanen eriotzarekin Elizaren nekeak asi ziran. Arteraño Jerusalenez aterako leku guzietan kristauak eramankizun andi gabe pake onean bizi ziran. Jerusalenen ere, Apostoluai bein azoteak eman baziezten ere, Jesusen izena ez berriz aitatzeko agindu utsarekin, geiago gabe, utzi zituzten, eta Jesusen etsaiak zerbait gogoan iduki arren, etziran txit agertzen; eta Apostoluak ere Jesusen legea, isill edo agiri, erakusten ziarduten. Baña San Estebani bizia kentzera bein jarri ziranean, estalki guziak bota zituzten eta argiro asi ziran kristauaren zantzuko guzia galdu naiez, eta Jerusalenen irazekitako sua inguruetara zabaldu zan.

        Apostoluak, ikusirik kristauak zein irrisku andian arkitzen ziran ain gozoz artutako Jesusen legea galtzeko, egin-al guzian nekatzen ziran sendotzeko, ezeri ere barkatu gabe. Esetsi edo persekuziorik gogorrena nola Jerusalenen jaiki zan, pensatu zuten, asi-berri artan berak emen egotea onena zala, guziai arpegi emateko; eta beren lekuan arestian aitatu diran langille berri San Esteban zanaren sei lagunak eta beste asko Judea guzira eta inguruetara zabaldu zituzten, eta oiek beren erakutsi eta bizitza onarekin, eta egiten zituzten mirariakin lenak bizkortu, eta asko berri kristaututzen zituzten.

        Felipe, langille oietatik bat, Samariako alderdira joan eta Ebanjelioa erakusten baziardun, bere esanai mirari askorekin lagunduaz. Samariako uri Siken-en bizi zan Simon zeritzan bat, bere sorgintza eta gezurrakin jende guzia beretu zuena, eta gizon anditzat zeukatena; eta «Jainkoaren bertutea» deitzen ziotena. Sikendarrak orain Feliperi aditutakoarekin Jesusgan sinistu zuten, eta gizon-emakumeak eta zar-gazteak bataiatu ziran; atzenik Simon berak ere Feliperen esanai ezin arpegi eman izan zien, eta bataiatu zan.

 

 

2. San Pedro eta San Juanen joanera Samariara

 

        Felipek diakono utsa zalako, beste sakramentuak ezin eman zitzakean, eta bataiatu berri aiei eman naiez, batez ere Konfirmazioko Sakramentua, zeñaren bitartez kristauai Espiritu Santua eta onekin mirariak egiteko eskua zetorkien, Jerusalenera Apostoluai gaztigatu zien Samariak Jainkoaren esana artu zuela eta on izango zala Apostolu batzuek joan, eta Sakramentu sendogarri au ematea. San Pedro bera, eta San Juan bere lagun kutuna joan ziran, eta eskuak gañean ipiñita, andi-txiki guziak konfirmatu zituzten.

        Simon, arestian aitatuak, ikusirik Apostoluak eskuak ipintzearekin Espiritu Santua zetorrela, eskatu zien ari ere eskubide hura eman zizaiotela zerbait diruren truke. San Pedro aserretu zitzaion, eta esan zion: Zure dirua zure galmen izan bedi, Jainkoaren doaia diru-truke ematen dala uste izan dezulako. Gero iragarri zion zein barru galdukoa eta biotz gaiztokoa zan, eta bere gaizki-egiñaz damutu zedilla, eta Jaunari barkazio eskatzeko. Simonek baiezko itza eman zion; baña, inolaz ere, bere gaiztakerian il zan, bere utsegiteak ezagututa, Jaunaren bidean jarri gabe. Simon onegandik dator Simonia deritzan eta Elizak ain zorrotz debekatzen duen lurreko gauzakgatik animakoen salmenta. Hereje guzietan lenengoa Simon au bera da.

        Samariarrai Konfirmazioko Sakramentua emanda, bi Apostoluak Jerusalenera itzuli ziran, Jesusen legetik ain urrutik zebilzan jende aiek Jesus Jainkotzat ezagutu zutelako txit poz andiarekin.

 

 

3. Etiopiarraren bataioa

 

        Apostoluak aldegin zutenean bereala, aingeru bat Feliperi agertu zitzaion eta esan zion Jerusalendik Gazaronzko bidean barrena eguerdi-aldean joan zedilla. Bidean jarri zan, eta bereala topatu zuen gizon bat, Kandaze-ren izenarekin emakumeak bakarrik agintzen zuten alderdi bateko erregiñaren ministro eta ondasun guzien kontuartzallea. Etiopiar au noizbait jentilla izan bazan ere, ordurako Moisesen legea artua zan; beragatik Jerusalengo Elizan Jainkoa adoratzen izanda, etxeronz bere gurdian eserita zijoan, Eskritura Santa irakurtzen. Felipe, Jainkoak ala iragarrita, gurdira alderatu zitzaion, eta ezaguturik Isaiasen liburua irakurtzen zuela, esan zion: Igerritzen diozu irakurtzen dezun orri? Etiopiarrak umiltasun guziarekin erantzun zion: Nik nola igerri dizaioket, nork erakutsi ez badet? Gero esan zion, gurdian sartu eta aren ondoan esertzeko. Irakurtzen zuen Eskritura Santak au zion: Ardia bezala, il-tokira eraman zuten; eta bildots bat motxallearen aurrean bezala, isillik egon zan, itzik ere atera gabe. Etiopiarrak Feliperi galdetu zion ea Isaiasek hura zeñgatik zion: bere buruagatik edo besteren batgatik? Felipek, emendik aria artuta, esan zion profeta aren esana nola bete zan Jesus Nazaretekoaren eriotzan, zeñaren berri, uste zuen, etiopiarrak berak Jerusalenen egondako egunetan izango zuela. Gero erakutsi ziozkan Ebanjelioari dagozkion gauzak, eta zer egin bear dan betiko bizitza iristeko. Itzketa onetan zijoazela ur-ondo batera eldu ziran, eta etiopiarrak Feliperi esan zion: Ara ura emen, zerk eragozten du ni bataiatzea? Baldin biotz-biotzetik sinisten badezu, Felipek esan zion, bataiatua izan zaitezke. Etiopiarrak erantzun zion: Sinisten det Jesu Kristo Jainkoaren Semea dala. Orduan gurdia geldierazo zuen, biak urera jatsi ziran, eta Felipek bataiatu zuen. Uretik igo ziranean, Espiritu Santuak Felipe artu zuen, eta etiopiarrak berriz ikusi etzuen. Gurdian sartuta, bere bideari jarraitu zitzaion poz andian eta artu zuen Jesusen Ebanjelioa bere alderdian erakusteko eresi biziarekin. Felipek bere burua Azoto filistindarren urian arkitu zuen, eta emendik asita inguruetako erri guzietan erakusten ibilli zan, Zesareako bere errira joan zan arteraño.

 

 

4. Saulo kristauen etsaia

 

        Jerusalendik zerbait urrutian zeuden alderdietan kristauak, oraindik ere, pakean eta neke andi gabe bizi ziran, eta Jerusalendik zabaldutako langilleak Ebanjelioaren aziak sosegu guziarekin erein eta aboztu onak iristen zituzten; ez ordea Jerusalenen, non kristauen odola txirrian zijoan, eta martiri askok zerua irabazten zuten. Jesusen etsai odol-zaleak onean ezin eraman zituzten urrutietatik zetorzkien Jesusen aldeko berriak; eta guzien artean gogortasunik andiena agertzen zuena, orañago aitatu dan Saulo zan.

        Saulo, gazte bizi ezerk bildurtzen etzuena eta ezergatik ere oña atzeratzen etziekiena; berez argia, iztun ederra, jakintsua, bere bizieran ezertan ere maixiatukizun gabea, Moisesen legean ondo ikasia, berak zintzo gorde eta besteai gorderagiteko txit kontu andikoa zan; beragatik bere erlejioko guziak txit asko nai zioten, eta bere esanera zeuzkan. Profetaen esanak ondo aratuak edo errejistratuak zituen, eta oietatik igerritzen zion Mesiasen etorrerak etzuela luzatuko; baña beste juduak bezala, lurreko erregeen antzeko anditasunean etorriko zalakoan zegoan; eta Jesusgan onelako aztarnarik nola etzuen ikusten, ezin sinistu zuen Mesias egiazkoa zala, eta ekin zion berri au ematen eta sinisten zuten guziai gogor egin eta galdutzeari.

        Sauloren gogoa asetzen etzan San Estebanen iltzalleai lagundu izanarekin; ez Jerusalenen bizi ziran beste kristauak egin-al guzian nekatu eta penatzearekin: kanpokoai ere aier zitzaien; eta apaiz nagusiari eskatu ziozkan bear ziran baimen eta eskubideak, alderdi guzietara, batez ere Damaskora, joanda, arrapatzen zituen kristau guziak Jerusalenera eramateko. Apaiz nagusiak gauza gogokoagorik etzuen; eta Saulori argibide guziak eman ziozkan, ziona egiteko.

        Saulo Jerusalendik aserre bizian irten zan, eta Damasko ondora eldu zanean, zeruko argi batek inguratua arkitu zan; eta lurrera erorita, ots bat aditu zuen esaten ziola: Saulo, Saulo, zertako jazartzen edo persegitzen nazu? Saulok bereala esan zion: Nor zaitut, Jauna? Ni naiz Jesus, ain aier zu zatzaiona, Jesusek erantzun zion; zuretzat akullua ostikatzea gogorra da. Saulo txit larritu zan, eta galdetu zion: Zer nai dezu, bada, nik egin dezadan? Urira zoaz, Jaunak esan zion, eta an esango zatzu zer egin. Sauloren lagunak arri egiñik zeuden, otsa aditu, bai, eta iñor etzekustelako.

 

 

5. Sauloren ondutzea eta lenengo lanak

 

        Saulo jaiki zan, eta begiak zabalduta, ezer ikusten etzuen. Orduan lagunak, eskutik artuta, Damaskora sartu zuten. Iru egunean egon zan ezer ikusi, jan eta edan gabe. Bitarte guzia igaro zuen Jaunari erregutzen, bere gaiztakeriak ezagutzen, oien barkazioa Jaunari eskatzen, eta Jaunak aginduko zion guzia egiteko prestatzen. Denbora onetan Damaskon arkitzen zan Ananias zeritzan Jesusen ikasle bat, zeñari Jaunak agindu zion Saulogana joateko. Ananiasek baziekien Saulo kristauen zein etsai gogorra zan, eta uzkur zegoan; baña Jainkoak esan zionean Saulo jentillai eta erregeai bere izena eramateko autu zuen bat zala, agindua egitera jarri zan. Iru egunen buruan Saulori ere iruditu zitzaion Ananias zeritzan bat zijoakiola, eta eskuak gañean ipintzen ziozkala. Esan eta egin: Ananias, Jaunak esan bezala joanda, Sauloren etxean sartu zan, eta eskuak gañean ipiñita, esan zion: Saulo anaia, onara zenekarren bidean agertu zitzatzun Jaun Jesusek bialdu nau, zure begiak argitu ditezen, eta Espiritu Santuz bete zaitezen. Au esan orduko, Sauloren begietatik ezkamaren antzeko zerbaitzuek erori ziran, begiak argitu zitzaiozkan; jaiki zan, eta bereala bataiatua izan zan. Zerbait janda bizkortu zan, eta ondorengo egun batzuek Jesusen ikasleakin Damaskon egin zituen. Ananias, Jaunak agindua zintzo eginda, etxera itzuli zan, eta Saulo gelditu zan Jaunari eskerrak eta eskerrak ematen, gorputzeko argiarekin batean animan ere argitu zuelako.

        Saulok bere burua kristautua ikusi zuenean, Ebanjelioa egin-al guzian, ezeri ere barkatu gabe, erakusteko asmoa artu zuen. Bereala asi zan Damaskoko sinagoga edo juduen elizaetan predikatzen Jesus Jainkoaren Semea zala. Aditzen zioten guziak arriturik, esaten zuten ea hura etzan Jesusen izena erakusten zutenak galdutzen Jerusalenen zebillena, eta Damaskora ere emengoak ara eramateko apaiz nagusiaren eskubide guziakin etorri zana. Oiek zenbat geiago esan eta arrituagotu, Saulok anbat biziago erakusten zuen, Jesus zala Mesias egiazko Jainkoaren Eskeñia.

        Damaskoko juduak onean ezin eraman izan zuten, orañago beretakoa zan gizon argi onek Jesusen alde ala itzegitea; eta dudatzaka Saulo iltzeko asmoa artuko zuten, benik-bein Damaskotik joan zan Arabiara, Ebanjelioaren berririk arteraño zabaldu etzan alderdira. Emen iru urte igarota, Damaskora itzuli zan, damaskoarrak utzi zituenean baño samurragoak eta Ebanjelioa artzeko prestatuagoak arkituko zituelakoan; baña bere usteak uts irten zitzaiozkan. Juduak ezaguturik Saulo bezain gizon argiaren esanak zein itzal andikoak ziran, batzarrea eginda agindu zuten il zedilla. Damaskoko eraentzalle edo gobernadoreagandik bereala iritsi zuten uriko ateetan kontuartzalleak ipintzea, isillik iges egin etzezan. Saulok ibilli oien berriak artu zituen. Urian ziran Jesusen ikasle andientsuakin gai onetan itzegin zuen, eta uri-bazterreko etxe batera joanda, saski batean leiotik lurrera gauez jatsi zuten, eta galdu nai zutenen eskuetatik iges egin zuen.

        Saulok eta San Pedrok elkar oraindik ezagutzen etzuten, eta Jesusen ordeko oni zor zion begirunea erakusteko, eta ezagutzeko zeukan eresiarekin, Damaskotik aldeginda Jerusalenera joan zan. San Pedrori bereala aurkeztu zitzaion; Jainkoak egin ziozkan mesede andien eta bere ibilli guzien berri eman zion, eta San Pedrok aita on bati dagokion begibitartearekin artu zuen. Emen etzuen San Pedro eta Santiago gaztea beste Apostolurik ikusi, gañerakoak ordurako, noski, Judeara zabalduak ziralako, Ebanjelioa erakustera. Jerusalenen amabost egun bakarrak egin zituen; bitartean ala jentillai nola juduai Jesusen gañean itzegiten zien, lenagoko bere utsegiteen ordez; eta atzenerako juduak, arpegi ezin emanik, iltzeko asmoa artu zuten.

        Saulo bere biziaren gora-beeragatik Jerusalenen egongo zan, Ebanjelioa geiago eta geiago erakusten, baña jentillen Apostolutzarako Jainkoak autua zan, eta adierazo zion, galdu nai zutenetatik aldegin zezala. Adiskideak igerri ziotenean bazijoakiela, Zesarearaño lagundu zioten, eta Tarsora bialdu zuten, bere aide, adiskide eta ezagunen babesean juduen aierkunetik obeto gorde zedin.

 

 

6. Ebanjelioaren aurrerapenak

 

        Bitartean Ebanjelioak Judean, Galilean eta Samarian irabazi andiak ateratzen zituen, eta kristauak pake onean bizi ziran. Au gogoan zeukala, San Pedrok esetsi edo persekuzioa, surik bizienean zirauenean Jerusalendik aldegin ez bazuen ere, orain zerbait itzaltzera egin zanean, artu zuen alderdi aietan jira bat emateko asmoa. Jerusalendik irtenda, Judea, Galilea eta Samariako erririk andienak ikusi zituen, Jesusen Ordeko lurrean eta guzien aita zan aldetik erakutsi onak ematen zieztela; eta atzenean joan zan Lida zeritzan urira. Emen baziardun, aspertu ere gabe, guziai Jesusen legea erakusten; eta eri oatuta zeudenak ere San Pedroren itz onak aditu gabe gelditu etzitezen, etxez etxe zeramaten, eriak ere, besteak bezala, poz au izan zezaten. Lanbide on onetan zebillen bein batean joan zan, zortzi urte gorputz erdi-illarekin oian zeramazkien gizon Eneas zeritzanaren etxera; eta esan zion: Eneas, Jaun Jesu Kristok sendatzen zaitu; jaiki zaite, eta zere oia tolestatu ezazu. Eneas jaiki zan eta oia tolestatu zuen, ikusi zezaten egiaz sendatu zala. Ezin sendatu zitekean eritzat zortzi urte aietan zeukatenaren bat-batetako sendatze au zabaldu zan uri eta Sarona-ko ballera guzian, eta danak kristau egin ziran.

 

 

7. San Pedrok Tabita biztutzen du

 

        Mirari andi onen otsa iritsi zan Lidatik bi orduko bidera zegoan Jope zeritzan uri larri batera ere. Jopen zan emakume alargun bat, Tabita zeritzana, Jesusen ikasle txit ona, bertutetsua eta persona bearrai on egiten beti ziarduena, eta pobre guziak amatzat begiratzen ziotena. Tabita il zan, bere mesedetu guziak negarrez utzita. Atzeneko progurik andienarekin lurpetzeko gorputza garbituta, okenduz ondo igortzi zuten eta gela eder batean ipiñi zuten, eta bere on-egindako asko inguruan jarri zitzaiozkan.

        Jopeko kristauak jakin zutenean San Pedrok Lidako eriarekin zer egin zuen, bi mandatari bialdu ziozkaten, esatera Jopera, arren, bere-bereala joan zekiela. San Pedrok gaztigu au artu zuenean bereala, zertako zan esan ez bazioten ere, bideari ekin zion. Gelan sartu zan, eta arkitu zuen andre-alargun samalda andi bat, Tabita zanak egin izan ziezten soñekoak negar-malkoz bustitzen zituztela. San Pedrori, ikusi orduko, asi zitzaiozkan erreguka, arren, aien guzien ongille andi hura biztu zezala. San Pedrok guziak gelatik kanpora bialdu zituen, eta bera bakar-bakarra gelan geldituta, gorputz-illaren ondoan belaunikatu zan, eta Jainkoari otoitz-aldia eginda gero, Tabita zanari begira jarri zitzaion, eta esan zion: Tabita, jaiki zaite. Begiak bereala zabaldu zituen eta, San Pedro ikusita, eseri zan. San Pedrok eskua eman zion, eta jaiki zan. Gero Jesusen ikasle eta andre negartiai otseginda, Tabita biztua eta sendatua eman zien. Biztutze miragarrizko au Jope guzian barreatu zan, eta gitxi batzuek ez besteak Jesusgan sinistu zuten, eta kristau egin ziran. Poz onekin ondorengo egunetan San Pedro Jopen egon zan, Simon zeritzan larru-ontzalle edo kurtidore baten etxera biltzen zala.

 

 

8. Kornelio eta bereen bataioa

 

        Jopeko kristau berriai kontu artzen San Pedrok, iñori utzi gabe, berez ziardun bitartean, Zesareako urian are ots andiagoko langai bat Jainkoak prestatzen zion. Uri onetan zegoan Italiako lejioa esaten zitzaion soldadu-samalda baten buru egiten zuen Kornelio zeritzana (edo eun soldaduzko konpañia baten kapitana). Kornelio txit ona eta Jainkoaren bildur andikoa zan, eta etxekoak ere berebat ziran. Persona bear asko estaltzen zituen, eta otoitz-aldi luzeetan egoten zan. Bein batean arratsaldeko iruen aldean iruditu zitzaion aingeru batek itzegiten ziola, esanaz: Kornelio, zure otoitz eta limosnak Jainkoaren aurrera igo dira. Mandatariak Jopera bialdu itzatzu, eta Simon larru-ontzallearen etxean bizi dan Pedro, era berean Simon deritzanari gaztigatu zaiozu zugana etortzeko. Berak esango dizu zer egin. Aingerua ezkutatu zitzaionean, Korneliok Jainkoaren bildurreko bi morroi eta soldadu bat Jopera bialdu zituen. Biaramonean Jopera ozta urreratu ziran denboran, San Pedro amabien inguruan etxeko ganbarara igo zan otoitz egitera. Gosetu zan, eta zerbait jateko asmoa artu zuen. Jana maneatzen ari ziran bitartean, korde gabe jarri zan, eta onela zegoala iruditu zitzaion ikusten zuela Zerua idikia, eta zapi bat lau ertzetatik lotuta ontzi baten gisan Zerutik lurrera zetorrela. Ontzi onetan zetozen lurrean dabilzan lau oñeko bizidun guziak eta aireko egaztiak; eta aditu zuen ots bat ziona: Jaiki zaite, Pedro, il eta jan ezazu. Pedrok erantzun zuen: Ez nik orrelakorik, Jauna, bada gauza loirik egundaño jan ez det. Berriz ere otsegin zitzaion, esanaz: Jainkoak garbituari ez zuk loia esan. Itz oiek iru aldiz aditu zituen; eta atzenean zapizko ontzia Zerura itzuli zan. San Pedro kordera zan, eta irudipen onek zer esan nai ote zuen ezin igerriz ziarduela, Korneliok bialdutako iru gizonak atean otsegin zuten, galdez Simon, Pedro zeritzana, an bizi ote zan. Jainkoak San Pedrori biotzera esan zion nola zijoazkion, eta gizonai bidera irtenda, esan zien aiek billatzen zutena huraxe zala, ea zer nai zuten. Erantzun zioten, Kornelio gizon on eta Jainkoaren bildurreko eta juduen artean izen andikoari Aingeruak agindu ziola, hura bere etxera eramateko eta zer esaten zion aditzeko.

        San Pedrok ostatuz bere etxean artu zituen, eta biaramonean Zesarearonz abiatu zan, iru mandatariak eta Jesusen ikasle batzuek lagun zituela. Bigarren egunean eldu ziran Zesareara, non Korneliok bere aide eta adiskideakin itxedoten zion. San Pedro etxeko ateetara zanean, Kornelio aurreratu zan, eta oñetan auzpezturik, agur egin zion. San Pedrok esan zion: Jaiki zaite; bada, ni ere gizona naiz. Eta biak sartu ziran aide eta adiskideak zeuden gelan. Guziak San Pedrori aditzeko eresi andiarekin arkitzen ziran, eta Apostoluak au ezagututa, bereala asi zitzaien Jesu Kristoren gañean itzegiten: erakutsi ziezten Ebanjelioari dagozkion gauza andiak, eta bere itzaldiari oraindik buru eman baño lenago, Espiritu Santua, guziak zekustela, aditzalle guzietara jatsi zan, eta asi ziran itzkuntza askotan itzegiten eta Jaunaren berri andiak ematen. Au ikusita, Jopetik berekin eramandako lagunak arritu ziran, ez anbat berai, judu kristautuak izanik, etorri zitzaielako, zenbat Kornelio eta onen aide eta adiskide jentill ziranai: bada, uste izaten zuten jentillak Jesu Kristoren Elizan sarrerarik etzutela edo, benik-bein, Moisesen legea lenago aitortu bear zutela, eta gero Jesusenean sartu. Baña San Pedrok, Jesu Kristoren ordekoak bezala, erakutsi zien Jesusek beregana edozein artzen duela, naiz judua izan, naiz jentilla, bada Jaunarentzat guziak berdiñak dirala. Eta Jopeko bere lagunai agindu zien, Kornelio eta gañerakoak bataiatzeko. Kristau berri oiek San Pedrori eskatu zioten egun batzuek aiekin egin zitzala, eta poz au eman zien; baña luzaro egon gabe, bere egitekoak beste lekuetara deitzen ziotelako, Zesareatik irten zan.

        Zesareakoakikoa eginda, San Pedro Jopen artutako lagunakin Jerusaleneronz abiatu zan. Alderatu baño lenago, beste Apostoluak eta judu kristautuak jakin zuten jentillak ere Jainkoaren itza artu zutela; eta Jerusalenen sartu orduko eraso zioten, ea zertako jentillakin bat egin zan, oien etxean sartuaz eta oiekin janaz. San Pedrok esan zien Aingeruarekin zer gertatu zitzaion eta, onen esanera Zesareara joanda, itzegiten ari zitzaiela, nola Espiritu Santua argiro jatsi zan; eta atzenean bizi-bizi esan zien, ea hura nor zan Jainkoari neurriak artzeko edo lan au eragozteko. Guziak isildu ziran, itzik ere geiago trukatu gabe; eta Jauna alabatzen zuten, esanaz: Beraz, Jainkoak guri bezala jentillai ere eman die Jesu Kristogan sinistea, penitenzia egitea, bataiatzea eta betiko bizitza irabaztea. Onenbestez zapaldu zan jentillen deiaren gañean sortutako despita guzia.

 

aurrekoa hurrengoa