www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu Berriko Kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu berriko Kondaira, Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1998

 

aurrekoa hurrengoa

IRUGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. Zortzi Zoriontasunak agertuta

 

        Andik egun batzuetara bazijoan bere bizilekura, beste ezin esan ala jende zerraikiola, eta ikusirik berari aditzeko zein eresi andiarekin zebiltzan, mendi-muño batera igo zan, eta guziak aditzeko eran eserita, egin zien Zortzi Zoriontasunen Sermoia deritzana, onela esanaz:

        1. Zorionekoak gogozko beartsuak, bada zeruko Erreinua oiena da.

        2. Zorionekoak asaldatzen ez diran mansoak, bada lurraren jabe dira.

        3. Zorionekoak negar egiten dutenak, bada poztuak izango dira.

        4. Zorionekoak zuzentasunaren gose eta egarri diranak, bada atsegin andiak artuko dituzte.

        5. Zorionekoak biotz-beraak, bada errukituak izango dira.

        6. Zorionekoak biotz garbikoak, bada Jainkoa ikusiko dute.

        7. Zorionekoak paketsuak, bada Jainkoaren semeak deituko zaie.

        8. Zorionekoak zuzentasunagatik nekeak daramazkitenak, bada zeruko erreinua oientzat izango da.

 

 

2. Jesusek Apostoluai aurrena, eta besteai gero bere ikasbideak ematen diezte

 

        Salbatzalleak baziekien zer eramankizun gogorren begira egongo ziran Ebanjelioaren erakustzalle eta Jaunaren ministroak; argatik atzeneko zoriontasunean onela itzegin zien. Gero au obeto erakusteko, bere apostolu eta ikasleai esan zien: Zorionekoak izango zerate, gizonak gorrotatzen zaituztenean; beren artetik bota, eta edozein gauza zuen kontra darasatenean. Egun artan poztu zaitezte, zeren zuen saria zeruan andia izango dan. Baña zuen egitekoan kontuz zabilzate; bada, lurreko gatza zerate, eta gatzak gazitasuna galtzen badu, zerekin gazituko da? Ezertako ere gero balio ez du, kanpora bota eta ostikopean ebalitzeko baizik. Munduaren argia zerate. Mendi-tontorrean dagoan erria ezin ezkutatu diteke; eta argia ez du iñork biztutzen lakari-pean ipintzeko, ezpada zutargi edo kandeleroan, etxeko guziai argi dakien. Zuen argiak gizonen aurrean onela argi egin bear du, zuen obra onak dakuskiten eta zuen Aita zeruetan dagoana gloriatu dezaten.

        Gero esan zien: Ez uste izan natorrela legea eta Profetak kentzera; etorri naiz, ez kentzera, ezpada betetzera; bada, egiaz esaten dizutet, zeru-lurrak dirauten bitartean, nere legeari tilde bat ere kenduko etzaio, eta guzia egin bearko da. Nere aginduetatik txikiena ere austen duena, eta gizonai onela erakutsi, Zeruetako Erreinuan txikia deituko da; baña nere aginduak erakutsi eta gordetzen dituena, Zeruetako Erreinuan andia deituko da. Are geiago diotsuet: Eskriba eta fariseoak baño zuzenagoak ez bazerate, Zeruetako Erreinuan sartuko etzerate. Eskriba eta fariseoak azaletik zuzenak ziran; au da, gauza agirikoetan on-irudia egiten zuten; baña Zeruan sartuko dana, barrunen ere garbia izan bear da, eta bekatu ezkutukorik ere ez egin. Gero esan zien: Aditu zenduten anziñakoai esan zitzaiela: ez dezu ilko. Nik berriz diotsuet: bere lagun urkoaren kontra aserretzen dana, juiziora eramana izango da; burlaka edo siñuka dagokiona, batzarrearen aurrera joan bearko da; eta buru-gabea edo zoroa deitzen diona, infernuko suaren diña izango da.

        Zure etsaiarekin ondo jarri zaite bidean zeran bitartean, onek juezaren aurrera eraman eta, juezak bere morroiai emanda, itxian sartua izan etzaitezen: bada, egiaz esaten dizut, atzeneko ardita pagatu arteraño, andik irtengo etzerala.

        Aditu zenduten anziñakoai esaten: Iñoren bizi-lagunarekin nastuko etzera; bada, nik esaten dizutet, emakume bati begiratzen dionak kutiziatzeko, bere biotzean bekatu egin du. Jesusek emen gurari gaiztoen kontra itzegin nai izan zien, eta garbitasuneko doaia autskorra bezain bearrekoa izanik Zeruan sartzeko, esaten die, munduko gauza guziak lenago galdu bear dirala hura baño. Baldin eskuiko zure begiak, dio, gaiztorako bidea ematen badizu, atera ezazu; bada, obe dezu begi bakarrarekin Zeruan sartu, birekin betiko sutan baño; eta zure eskuiko eskuak bekatura bazaramazki, ebaki ezazu; bada, obe dezu alderdi bat galtzea, zure gorputz guzia infernuko sura bialzea baño. Lurreko gauza guziak lenago galdu bear dira, anima baño; eta Jesusek emen erakutsi nai izan ziena, au zan. Gero esan zien: Esan izan zan: baldin iñork bere emaztea uzten badu, aldekigoa edo banakatutako agiria eman bizaio; baña nik esaten dizutet: bere emaztea, leialtasuna galdu diolako ez dala, uzten duenak, ezkontza loitzeko bidea ematen diola; eta onela utzitakoa artzen duenak, berea ez dana artzen du.

        Denbora batean, emazteak ezkontzako leialtasuna austen zutenean, legeak eragozten etzuen, agiria emanda, uztea; eta beste gizon batekin ezkondu zitekean, eta senar utzitzallea ere bai beste emakume batekin. Baña Jesusek eskubide au osotoro kendu zuen, eta ezkontza bere lenengo oñera itzuli zuen, eta erakutsi zigun bein lotua ezin askatu ditekeala. Bizi-alarguntza ere, desleialtasuna ez, beste edozein bidegatik egitea debekatzen du, eta onela banakatuai zorrotz agintzen die ez besterekin ezkontzeko, lena bizi zaion bitartean.

        Askotan aditu izan dezute anziñakoai esan zitzaiela: Gezurrezko juramenturik egingo ez dezu, eta Jaunari itz emana beteko dezu; baña nik esaten dizutet: iñola ere juramenturik egingo ez dezute, ez zeruagatik, zeren Jainkoaren eserlekua dan; ez lurragatik, zeren bere oñ-lekua dan; ez Jerusalengatik, zeren Errege andiaren uria dan; ez zuen buruagatik, zeren ille zuri edo beltz bat egin ezin dezakezuten. Esan ezazute bada, bai, bai, ez, ez: itz oiezaz gañerakoa okerretik dator.

        Juramentua, bear dan bidez egin ezkero, ona da; baña artara oitua juramentu gezurrezkoetan txit erraz eta askotan erori ditekealako edo beste alderen batetik utsegin dezakealako, esaten da okerretik datorrela; argatik Jesusek eskatzen du bear-bearrean baizik ez egiteko.

        Legeak agintzen dituen gauzaen gañean onela itzeginda gero, asi zitzaien borondatezkoak erakusten. Oiek egitera kristaua beartua ez dago; ala ere, oiek diotena egitearekin, Jainkoaren aurrerako txit asko irabazten da. Aditu dezute esaten, Jesusek esan zien, begia begiagatik, ortza ortzagatik; baña nik esaten dizutet gaizki egin dizunari ez gaizkiarekin ordaintzeko, ezpada batek eskuiko masallan jotzen bazaitu, ezkerrekoa eskeñtzeko; eta iñork auzia ipiñi nai badizu eta barrungo janzia kendu, kanpokoa ere utzi zaiozu; eta batek beartzen bazaitu zamatuta milla pausoan joatera, bi millan zoazkio. Eskatzen dizunari eman zaiozu, eta ordañetan zuk zerbait ematea nai duenari ez arpegia itzuli.

        Gero esan zien: Aditu zenduten esaten: Zure lagun urkoa maite izango dezu eta etsaia gorrotatuko dezu; baña nik esaten dizutet: zuen etsaiak maite izan itzatzute; gorroto dizutenai on egin zaiozute, eta galdu nai zaituztenagatik erregutu ezazute, Aita Zerukoaren semeak izan zaitezten, zeñak eguzkiaren argia on eta gaiztoai bialtzen die, eta euria zuzen eta biurriai datorkie; zergatik ezen, baldin maite zaituztenak maite badituzute, zer ordañen begira zaudete? Publikanoak ere au bera egiten ez dute? Eta zuek senideai bakarrik diosaltzen badiezute, zer bestek baño geiago egiten dezute? Jainko egiazko gabeko jentillak ere ori bera egiten ez dute? On osoak edo perfektoak izan zaitezte bada, Zeruko zuen Aita dan bezala.

        Nork bere etsaia edo gaizki egin diolakoa maite izatea aldats egiten da; baña Jesus zuzenak ala agindu zigun, eta berak aurrena erakutsi zuen, galdutzen zutenakgatik bere Aita Eternoari erregutuaz.

        Egiten diran gauza onak, munduari on-irizteagatik bakarrik egiñak izan ez ditezen, gero esan zien: On egitera zoaztenean, begira ezazute gizonak ontzat idukitzeagatik egin ez dezazuten; bada, onela egiten badezute, saririk Zeruetako zuen Aitagandik artuko ez dezute. Amoina edo limosna ematen dezunean, ez aurretik soñurik joerazo, gaitz-estali edo hipokritak eliza eta karrikaetan egiten duten bezala, gizonak onratu ditzaten; bada, egiaz esaten dizutet oiek beren saria artu zutela. Baña zuk amoina ematen dezunean, ezkerrak ez beza jakin eskuiak egiten duena, zure limosna ezkutuan egon dedin; eta zure Aita ezkutu guziak dakuskienak ordainduko zaitu. Erregutzen dezutenean etzaiteztela izan, ikusiak izan ditezen Elizan zutik edo leku agirietan jartzen diran hipokritaen antzekoak. Egiaz esaten dizutet oiek beren saria artu zutela. Baña zuk, gelan sartu eta atea itxita, Aitari isillik erregutu zaiozu, eta isillikako guzia aditzen duen Aitak ordaña emango dizu. Erregutzen dezutenean ez asko itzegin, asko itzegin ezkero adituak izango dirala uste duten jentillak bezala. Ez oien antzekoak nai izan; bada, zuen Aitak badaki, eskatu ere baño lenago, zuek zer bear dezuten.

        Bi moduz orazioa egin diteke, isillik eta agirian edo itz egiñaz; bakarrean eta lagunakin. Jesusek emen orazio isilla eta bakarrekoa aitatzen du; baña ez da uste izan bear, agirikoa eta lagunakikoa debekatzen duela; bada, berak beste aldi batean esaten zuen: Zuetatik bi lurrean bildutzen badira, eskatzen dutena Zeruetako nere Aitak emango die; zeren bi edo iru nere izenean zeraten tokian, an izango nazuten.

        Jesusek etzien esaten, nola eta zer itzakin erregutu bear zan, eta ikasle batek eskatu zion erakusteko. Jesusek orduan esan zien: Onela erregutuko dezute: Aita gurea, zeruetan zaudena, zure izena santuro erabilli bedi; zure Erreinua gugana betor; zure naia, zeruan bezala, lurrean ere egin bedi. Gure egunoroko ogia gaur iguzu; gure zorrak barkatu zazkiguzu, guk gure zordunai barkatzen dieztegun bezala; utzi ez dizaguzu tentazioan erortzen; ezpada gaitzetik gorde gaitzatzu. Ala izan bedi.

        Nola erregutu bear zuten erakutsita ondoren, barauaren gañean itz egin zien, esanaz: Barau egiten dezutenean, ez arpegi itun edo tristea ipiñi, gaitz-estali edo hipokritak barautzen dutela gizonai adierazotzeko egiten duten bezala. Egiaz esaten dizutet oiek beren saria artu zutela. Zuk, bada, barautzen dezunean zere burua igortzi eta arpegia garbitu ezazu, gizonak jakin ez dezaten barautzen dezula, ezpada zure Aita isilla dakienak; eta onek saria emango dizu.

        Ez ondasunak bildu lurrean, non erdoiak eta sitsak ondatzen dituen, eta lapurrak ostutzen dituzten. Bildu itzatzute zeruan, non ez erdoiak jaten dituen, ez sitsak galdu, eta nondik lapurrak ez ateratzen dituzten, ez ostu. Pensa ezazu, zure ondasunak dauden lekuan zure biotza ere daukazula.

        Emen Jesusek erakusten du lurreko gauzaetara ez dala geiegi etzin bear, eta oietan biotza daukana Jaunaren deiai gor egingo zaiela; argatik dio gogozko beartsuak zorionekoak dirala.

        Jana eta janziagatik ere itzegiten die, esanaz: Zure begia zure gorputzaren argi-ontzia da; zure begia argia bada, zure gorputz guzia argia izango da; baña zure begia illuna bada, zure gorputz guzia ere illuna izango da. Begira ezazu, bada, zure argi ori illundu ez dedin. Zure begia lurreko gauzaetan itsutzen bada, nola zerukoak ikusiko ditu? Iñork ezin bi nagusi serbitu ditzake. Edo bata maite izango du, eta bestea gorrotatuko du; edo bata gordeko du, eta bestea ezer gitxian idukiko du. Ezin Jainkoa eta dirua serbitu ditzakezu. Orregatik esaten dizutet, ez ardura geiegirik artzeko animako janaz eta gorputzeko janziaz.

        Anima ez da janaria baño lenago, eta gorputza janzia baño? Zeruko egaztiai begira: ez dute ereiten, ez itaitzen, ez ganbaraetan bildutzen, eta zuen Aita Zerukoak jaten ematen die. Zuek aiek baño lenago etzerate? Zuetatik nork bere gorputza beso bat geiago luzatu dezake? Eta, zertako janziaren orrenbat ardura? Begira nola larra-lirioak, ez lanik egin, ez iruten duten; ala ere, Salomon bere anditasun guzian etzan ain ederki janzi, zein da aietatik bat. Orain, bada, gaur jaio eta biar labe sutuari emango zaiozkan belarrak ain ederki jazten baditu, zenbat geiago ez du egingo zuekin, fede gitxiko gizonok? Etzaiteztela, bada, larritu esanaz: Zer jan edo zer edango degu, edo zerekin estaliko gera? Onelakoen billan jentillak dabiltza. Baña zuen Aita Zerukoak badaki zuek gauza oien bear zeratela. Jainkoaren Erreinua eta zuzentasuna lenengo billa itzatzute, eta hura guzia emango zatzute. Biaramonean ardurarik ez artu, zeren biarko egunak berea ekarriko duen. Egunean eguneko nekea asko da.

        Salbatzalleak gero esan zien: Ez iñor juzgatu, zerok juzgatuak izan etzaitezten; bada, bestegatik egiten dezuten juzgua, zuekgatik ere egingo da; eta besterik neurtzen dezuten kanarekin, zuek ere neurtuak izango zerate. Zertako, bada, zure anaiaren begian lastoa dakusu, eta zure begiko aga ez? Edo nola zure anaiari esaten diozu: Ots, begiko lasto ori kenduko dizut, zurean aga bat daukazula? Gaitz-estalia! Zure begiko aga lenengo kendu ezazu, eta orduan zure anaiaren begitik lastoa kentzea pensatuko dezu.

        Gauza santak txakurrai eman ez dieztezutela, ez eta zuen perlak txerrien aurrera bota ere, ostikopetu ez ditzaten eta, zuetaronz itzulita, triskatu etzaitzaten. Eska ezazute, eta emango zatzute; billa ezazute, eta arkituko dezute; jo ezazute, eta idikiko zatzute: bada, eskatzen duenak, artzen du; billatzen duenak, arkitzen du; eta jotzen duenari, idikitzen zaio. Zuetatik zein gizon da, semeak ogia eskatuta, arria emango diona? Eta arrai edo ezkalu bat eskatzen badio, suge bat emango diona? Zuek, bada, gaiztoak zeratelarik, baldin badakizute eman zazkizuten ondasunetatik zuen semeai ematen, zenbat obeto zuen Aita Zeruetakoak eskatzen dutenai emango diezte? Ala bada, gizonak zuei egitea nai dezuten guzia, zuek ere aiei egiezute: orra legea eta profetak.

        Ate estutik sartu zaitezte, zeren ondamenera daraman atea andia dan, eta bidea zabala; eta asko dira emendik sartzen diranak. O zein ate estua dan, eta bide mearra bizitzara daramana, eta zein gitxi diran topatzen dutenak! Profeta gezurrezko edo falsoakin kontuz zabilzate: ardiz janzita datorkizute; baña beren barruan otso amorratuak dira. Beren frutuetatik ezagutuko dituzute. Menturaz elorriak matsik ematen du, edo larrak pikurik? Ala bada, arbola onak frutu onak ematen ditu, eta txarrak gaiztoak. Arbola onak ezin frutu gaiztorik eman dezake, ez eta arbola txarrak onik ere. Frutu ona ematen ez duen arbola, ebaki eta suari emana izango da. Beraz, beren frutuetatik ezagutuko dituzute.

        Zeruetako Erreinuan ez dira «Jauna, Jauna» dioten guziak sartuko; zeruetan dagoan nere Aitaren naia edo borondatea egiten duena bakarrik zeruetako Erreinuan sartuko da. Zerua ez da itz utsakin irabazten, ezpada Jaunaren aginduak gordetzearekin. Askok egun artan esango didate, Jesusek dio: Jauna, Jauna, ez giñituen etorkizunak zure izenean asmatu edo profetizatu, deabruak zure izenean bota, eta mirari andiak zure izenean egin? Nik orduan esango diet: Begietatik ken zakizkit gaiztoa egin dezutenok, zeren beñere ezagutu etzinduztedan. Nere esanak aditu eta gordetzen dituena berdinduko da bere etxea arkaitz gañean egin zuen gizon zintzo argi batekin. Euria egin zuen, ibaiak anditu ziran, aizeak irten ziran, etxea indar guziarekin jo zuten, eta erori etzan, arkaitz gañean egiña zalako. Baña nere esan oiek aditu eta gordetzen ez dituena, bere etxea are gañean egin zuen gizon zoroaren antzekoa izango da. Euri-jasa erori zan, urak azi ziran, aizea irten zan, etxea indarrez jo zuen, eta erorita auts egin zan.

        Jesus, itz oiek eta onelako beste asko aldi luzean esanda, isildu zan, eta aditzalleak arriturik zeuden erakusten ziezten zeruko gauzakin, eta agintea zeukanaren antzean itzegiten zielako: eta gerozkoan beti-beti berari jarraitzeko asmo biziarekin geratu ziran.

 

 

3. Soraioaren sendamena

 

        Menditik jatsita Kafarnaumeronz zijoala, legenardun edo soraio bat bidean belauniko jarri zitzaion, ziosala: Jauna, nai badezu, garbitu nazakezu. Jesus errukitu zan; eskua luzatu zion, esanaz: Nai det; eta bereala garbitu zan. Orduan Jesusek esan zion: Begira, ez iñori esan; apaizari zoazkio, eta Moisesek agindutako eskeñia edo ofrenda egizu.

        Jesusen iñori ez esateko aginduari begiratu gabe, soraio onek bereala barreatu zuen zer gertatu zitzaion, eta guziak are arrituagoak eta Jesusganonz etziñagoak jarri ziran; eta soraio bakarrean bizi bearrean arkitzen zana, gero gizonen artean bizitzen asi zan.

 

 

4. Zenturion-en mutillaren sendamena

 

        Jesus Kafarnaumera joan zan; eta emen arkitzen zan euntari edo zenturion baten morroi elbarri ezin ibilli eta iltzer zan bat. Nagusiak jakin zuenean Jesus ara zala, judu zar batzuek bialdu ziozkan, etorri eta sendatu zezala esatera. Mandatariak esan zioten mesede au, arren, egiteko: bada txit asko zor ziotela. Joango natzaio eta sendatuko det, Jesusek erantzun zien. Etxera alderatu zitzaiozkanean, euntariak Jesusi adiskide batzuek bialdu ziozkan, esatera: Jauna, ni diña ez naiz Zu nere etxean sartu zaitezen; argatik ez natzazu bidera irteten; bada, zure esan uts batekin nere morroia sendatuko da.

        Euntari onen humiltasunarekin Jesus arritu zan, eta lagunai esan zien: Ez det Israelen onenbeste sinismen arkitu. Gero euntariari esan zion: Zoaz, eta zuk sinistu dezun bezala, egin bedi. Eta morroia ordu berean sendatu zan.

        Gertaera onen ondoren, bere ikasleak arrantzara, oi bezala, joan ziran batean, Jesus ere erregu-aldia eginda, Genesareteko itsas ondoan arkitzen zan, aren billan zebillen jende andia inguruan zuela. Ur-ertzean bi batela iñor gabe ikusi zituen, mariñelak sareak garbitzeagatik lurrera irten ziralako. Bat Pedrorena eta bestea bi anaia Juan eta Santiagorena ziran. Jesusek, Pedroren ontzian sartuta, jendeari erakusten luzaro jardun zuen; eta itzaldiaren ondoren Pedrori agindu zion itsasoan barrunago eramateko.

 

 

5. Miragarrizko arrantza

 

        Itsas-zabalera ziranean, Pedrori esan zion sareak bota zitzala. Pedrok erantzun zion: Jauna, gau guzian ezer atzitu ez degu; baña zuk diozun ezkero, zure izenean zabalduko ditugu. Ala egin zuten, eta ainbeste arrai sarean nastu ziran, non austen zitzaien. Arrantza andi au ikusirik, beste ontzira otsegin zuten, eta biak arraiez bete zituzten. Ikasleak txit arritu ziran, eta Pedrok esan zion: Jauna, nigandik aldegin ezazu; bada bekatari bat naiz. Pedrok etzuen uste Jesusen ondoan egoteko diña zanik; argatik onela itzegin zion. Ez ikaratu, Jesusek erantzun zion; gaurtik aurrera ez arraien, ezpada gizonen atzitzalle izango zera. Ontziak baztertu, morroiak bialdu eta zuten guzi-guzia utzita, Jesusi jarraitu zitzaiozkan, ez geiago uzteko asmo biziarekin, eta Kafarnaumera joan ziran.

        Kafarnaumen egun batzuek eginda, Jesus bere ikasleakin arratsalde batean Genesareteko itsas-bazterrera berriz ere joan zan, jendetza andia ondoren zuela. Bidean lege-jakintsu batek noranai jarraitzeko eresia agertu zion; baña Jesusek esan zionean arekin zebillenak zer bizitza neketakoa egin bear zuen, atzeratu zan. Beste bati bereala Jesusek berak otsegin zion: Jarraidazu. Erantzun zion: Jauna, pozik jarraituko natzazu; baña zure baimenarekin aita lurpetzera noa. Illai utzi zaiezu illak lurpetzen, Jesusek esan zion, eta zuk Jainkoaren Erreinua erakutsi ezazu. Beste batek esan zion: Jauna, zurekin joango natzazu; baña utzi zadazu nere etxeko gauzai beren eraena ematen. Jesusek erantzun zion: Goldeari eskua ezarri eta atzera begiratzen duena, Jainkoaren Erreinurako egokia ez da. Itzketa onekin adierazo zuen lurreko gauzak ez diotela Jainkoaren legea erakutsi nai duenari biotza beretu bear.

        Itsas-bazterrera zanean Jesus bere ikasleakin ontzian sartuta, beste ontzi asko ondoan zituela, beste alderonz abiatu zan. Itsasoa aserretu zitzaien, eta ondatzeko zorian jarri ziran. Jesus lo zetzan, eta ikasleak esnatuta esan zioten: Maisua, gorde gaitzazu, bestela galduak gera. Gizon sinismen gitxikoak, zerk ikaratzen zaituzte? Jesusek esan zien. Itsasoari agindu zion gelditzeko, eta eznetan jarri zan. Beste ontzietakoak ere irrisku berean arkitu ziralako, arriturik, zioten: Nor da itsasoa eta aizeak bere esanera ipintzen dituen au? Ongille andi oni eskerrak nola eman ezin asmatuz, itsas-adarra igarota, Gerasako ondoan lurra egin zuten.

 

 

6. Bi gaizkindunen sendamena

 

        Jesusi lenbiziko aurkeztu zitzaiozkanak bi gaizkindun izan ziran. Bi errukarri oiek basoetan edo lurpeetan, abere basatien gisan, bizi ziran. Biak iltura edo tormentu andiak zeramazkiten, endamas batak, zeña egunez mendietan garraxika eta gauez lurpean orruka oi zegoan; arri zorrotzakin aragiak ebakitzen zituen; askotan lotu nai izaten zuten, baña kate eta ubalak bereala etentzen zituen. Gizaxo au, bada, Jesus ikusi orduko, joanda auzpez oñetan jarri zitzaion. Espiritu loia, Jesusek esan zion, gizon orregandik irten adi. Deabruak deadar egin zuen: Zer det nik zurekin zer ikusi, Jainko andiaren Seme Jesus? Gizon onek zeuzkan deabruak asko ziran, eta alegin guzia egin zuten ez gizon ari uzteko; baña Jesusek atzenean agindu zien irteteko, eta larrean zebilzan txerri-samaldan sartu, eta itsasoan ondatu ziran. Txerrizaiak, izu-ikara egiñik, nagusietara joan ziran eta zer gertatu zitzaien esan zieten. Beste lagunari ere deabrua berebat irten zitzaion, eta biak jarri ziran Jaunari eskerrak ematen. Ingurumaikoak mirari oiek jakin zituztenean, Jesus ikustera joan ziran, eta bere almen eta eskubide andiak zabaldu zituzten. Bakarrik gerasarrak erakutsi zuten esker gaiztoko billaukeriarik beltzena. Ain mirari andiak egiten zebilkien Ongillea beren artean iduki nai-eza biotz dollor aietan sortu zan. Bildu ziran eta, Jesusi gelditzeko esan bearrean, eskatu zioten lenbait-len begietatik kendu zekiela. Munduaren Salbatzalleak eratzen zien zorionak poz baño, txerriak itsasoan ondatuak min geiago ematen zien; eta bildur ziran, baldin gero ere Jesusek aiekin baziardun, onelako beste gauzaren bat egingo ziela; argatik nai zuten bereala aldegin zezan. Jesusek, bada, utzi zituen eta Kafarnaumeronz irten zan, Gerasakorik iñor ere etzerraikiola. Gaizkindun bi sendatutako aiek bakarrik jarraitu nai izan zitzaiozkan; baña Jesusek agindu zien beren lekuan egoteko. Lurreko ondasun ustelakgatik Jauna uzten dutenen zer irudi mene-menetakoa gerasarrak begietan ipintzen diguten!

 

 

7. Eri baten sendamena

 

        Kafarnaumen Pedroren etxera joan zan; eta emen, Galilea, Juda eta Jerusalendik bildu zitzaiozkan batzuekin bere legearen gañean itzegiten ziarduela, guziak isildu zituen gauza bat gertatu zan. Jesus ikusirik eri guziak sendatzen, lau gizonek elbarri bat andaetan zeramaten, Jesusi erakusteko asmoan; baña egin-al guziakin ezin ziran atetik sartu, jende asko bildu zalako. Tellatura igo, eta zulo batetik zinzilika Jesusen oñetaraño jatsi zuten. Jaunak, eri aren uste osoa eta laguntzalleen on egin naia ikusita, esan zion: Sinistu ezazu, semea, zure bekatuak barkatu zazkizu. Eserita zeuden lege-jakintsu, eskriba eta fariseoak beregan zioten: Zein da onela itzegiten duen au? Nork, Jainkoak bestek, bekatuak barkatu ditzake? Jesusek igerri zien barrunen zer zerabilten, eta esan zien: Errazago zer da, «bekatuak barkatu zazkizu» esatea, edo oiean datzana irakori, oia artu eta ibillierazotzea? Jakin ezazute, bada, gizonaren Semeak bekatuen barkatzea eskuan duela. Eriari esan zion: Jaiki, oia artu eta etxera zoaz. Eriak ala egin zuen, osotoro sendaturik. Jende ez-jakin guzia arritu zan, eta otsegin zuen egundaño ez-ikusitako gauzak zekuskitela. Eskriba eta fariseoai ere mirari onek begiak garbitu bear ziezten; baña biotzak gogortuak zeuzkaten, eta etzuten egia ezagutu nai izan.

 

 

8. Mateori Jesusen deia

 

        Pedroren etxetik itsas ondora joan zan, eta ikusi zuenean Mateo aulkian eserita, alkabala edo erregeak ipiñitako petxak biltzen, esan zion: darraidazu. Ots onetara gauza guziak utzita, Jesusekin joan zan. Mateok bere etxean bazkari bat bereala prestatu zuen; eta maiean zeudela, fariseoak ikasleai esan zioten: Nola zuen Maisuak bekatariakin jaten du? Petxa-biltzalle oiek publikano edo bekataritzat zeuzkaten; argatik oiekin Jesusek jateaz miresten ziran. Jesusek esan zien: Sendatzallearen bear gaxoa da, ez osasuna daukana. Ni etorri ez naiz justuen billan, ezpada bekatariak ontzera.

 

 

9. Jairoren alabaren biztutzea

 

        Bazkalondoan Jesus bere ikasle eta San Juan Bauptistarenakin, oiek egin ziozkaten galde batzuen gañean ziarduela, Jairo Sinagogako nagusia joan zitzaion, eta eskatu zion aren etxera, arren, joateko, iltzer utzi zuen alaba sendatzera edo, ordurako illa bazan, biztutzera. Jesus jaiki zan; eta Jairorekin zijoala, amabi urtean odol-jarioz bizi zan emakume gaxo bat jende artetik sartu zitzaion eta soñekoan ukitu zion, esanaz: Baldin soñekoari ukitzen badiot, sendatuko naiz; eta ordu berean gaitzak utzi zuen. Miñantz au zeukanik ezin iñorekin batu zitekean, eta langai artan isillik ibilli zan; ez ordea Jesus oartu gabe, zeñak esan zuen: Nork ukitu dit? Emakumeak igerri zion ezagutu zuela, eta aitortu zuen. Orduan Jesusek esan zion: Zure uste onak sendatu zaitu; pakean zoaz, eta bizi zaite.

        Emakume onekin itzketan ziarduela, Jairori alabaren il-berria etorri zitzaion. Aitak, lege dan bezala, min zuen, baña Jesusek bereala poztu zuen, esanaz: Sinistu ezazu, eta zure alaba biziko da. Eta etxeronzko bideari eman zitzaiozkan. Alderatu ziranean, Jesusek Pedro, Santiago, Juan eta illaren gurasoak berekin arturik, etxean sartu zan eta negarrez zeudenai esan zien: Orrela zer dezute? Neskatxa ez ilda, ezpada lo datza. Gelan sartu zan, eta eskutik artuta esan zion: Neskatx, jaiki zaite. Bereala jaiki eta ibilliari eman zion. Jesusek gurasoai agindu zien ez iñori esateko zer egin zuen; baña bazter guztietara laster barreatu zan.

 

 

10. Bi itsuren argitzea

 

        Mirari oien ondoren Jesusek, Kafarnaumdik irtenda, Jerusaleneronz bidea artu zuen, jende andiazerraikiola. Bidean eskean zeuden bi itsuk, oartu ziranean Jesus an zala, deadar egin zioten: Dabiden Semea, erruki gaitzazu. Jesusek ez-aditu egin zien; baña etsi etzuten. Gaua egin bear zuen etxeraño jarraitu zitzaiozkan eta jendea sakabanatu zanean, berriz ere joan zitzaiozkan erregu berarekin, ziotsatela: Dabiden Semea, erruki gaitzazu. Jesusek, begira jarrita, esan zien: Uste dezute nik on ori egin dizazutekedala? Bai, Jauna, erantzun zioten. Jesusek orduan bere eskuak begietan ipiñi ziezten, esanaz: Zuen sinismenari dagokiona egin bedi. Eta biak argitu ziran. Esan zien ez iñori esateko; baña etxetik irten orduko, asi ziran barreatzen.

        Itsu oiek argituta bereala, gaizkiñak zeuzkan gizon mutu bat eraman zioten. Jesusek, geroko begira egon gabe, deabrua kendu zion, eta gizona asi zan itzegiten. Guziak arritu ziran, eta zioten egundaño etzala Israelen alakorik ikusi; baña baziran Jesusen egin miraritsu oiek ezin eraman zituztenak. Eskriba eta fariseoak, arrokeriaz beterik, benturatu ziran esatera Jesusek deabruarekin parte arturik mirari aiek egiten zituela. Jesusek igerri zien zer zioten; baña etzien orduan aintzakotzat artu, eta Jerusaleneronz bazijoan, esan diran mirari, eta onelako beste asko bidean egiñaz.

 

 

11. Ogeita emezortzi urtean eri zanaren sendatzea

 

        Jesus Jerusalenen sartu zan pesta andi bat egiten zan egunean. Jerusalenen arkitzen zan putzu bat Piscina probatica zeritzana. Putzu onetara urtean bein Aingerua jatsi eta ura erabilli ondoan lenengo sartzen zana, gaitz guziak sendatuta gelditzen zan. Beragatik, putzu inguru guzia eri eta gaxoz estalia egon oi zan, Aingerua zetorrenean elkarren leiean sartzeko. Ogeita emezortzi urte aietan an arkitzen zan gizon elbarri bat Jesusek ikusi zuen oiean zetzala, eta galdetu zion ea sendatu nai zan. Eriak erantzun zion: Jauna, iñor ez daukat, ura mugitzen danean lenengo sartu nazan, eta asi orduko, bat edo bat sartzen da. Jaiki zaite, Jesusek esan zion, zure oia artu, eta zoaz. Eria bereala sendatu eta oia sorbaldan zuela joan zan.

        Mirari au egindako eguna jai-eguna zan; eta eskriba eta fariseoak emendik artu zuten gaizki itzegiteko oña. Berak etzuten mirariak egiteko eskubidea bestek izatea ezin, alabañan, eraman zuten. Etziekiten nork egin zuen; baña, ikusirik Jesusek egindako beste asko, zain txarrak bereala eman zien, au ere Jesusek egiña zala. Lenbizian, eriari eraso zioten, esanaz jai eguna zalako, oia ezin eraman zezakeala. Baña onek erantzun zien, sendatu zuenak esan ziola oia artuta joateko; esaten bazien bezala, ogeita emezortzi urteko gaitza ain aisa kendu didanak, zuek baño obeto daki jai-egunean au edo ori egin ditekean. Orduan galdetu zioten: Nor da, oia artuta joateko esan dizun gizon ori? Etziekien nor zan, eta Jesusek isillik aldegin zuen.

        Eri sendatua, oia etxean utzita Elizara joan zan, Jainkoari eskerrak ematera. Jesus eta eria, ustez-ustekabe, an arkitu ziran, eta Jesusek esan zion: Begira, sendatua zaude, eta ez geiago okerrik egin. Orduan ezagutu zuen Ongillea nor zan. Bereala eskriba eta fariseoai joanda esan zien sendatzalle Jesus izan zuela. Berri onekin artu zuten Jesus esesi edo persegitzeko gogo geiago. Jesusi arpegira eman zioten zertako jai-egunean gauza hura egin eta eriari oiarekin joateko agindu zion; baña Jesusek, aien berri ondo ziekienak bezala, erantzun zien eta bere egiña garbitu zuen.

 

aurrekoa hurrengoa