www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu Berriko Kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu berriko Kondaira, Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1998

 

aurrekoa hurrengoa

SEIGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. Jerusalendik Betaniara Jesusen joanera

 

        Gertaera oien ondoren bereala, Jerusalenera joan eta Eliz-pestak ziralako egun batzuek emen igaro zituen, geiago eta geiago erakusten; baña alde batetik asko beretzen bazituen, bestetik hura ezin ikusi zutenak ere, endamas eskriba eta fariseoak, su bizian sartzen ziran, eta arrikatzeko asmoak artu ere bazituzten. Baña Jesusek oraingoan ere etzien galtzen utzi; eta Jerusalendik irtenda, Jordanen jaiotaldeko Betaniara joan zan, eta iru illabete urrean emen egin zituen, bere bizia emateko ordua bete zai. Bitarte onetan joan zitzaiozkan Jerusalengo asko, bere erakutsi on eta mirariakin argitu zituen eta sinistu ziotenak. Oietatik geienak San Juan Bauptistaren ikasle izanak ziran, eta Jesusgana osotoro jarriak, beren maisu zanak Jesusgatik esandako guzia gertatzen zalako. Emen ere baziardun eriak sendatzen eta erakutsi onak ematen: baña asmo garbiko askoren artean, ezin ikusi zuten fariseoak ere inguratzen zitzaiozkan, nola zertanbaitean atzituko ote zuten, beste egiteko gabe.

        Asmo onekin bereala itzegin zioten, batek bere emaztea noiznai uztearen gañean, esanaz Moisesek ere esku-aldiau eman izan zuela. Jesusek erantzun zien, aien biotz gogorrai begiratuta, eskubide au Moisesi emanerazo zitzaiola; baña ezkontza gizonen asieratik betikoa zala, eta aurrera ere ala bearko zala, bizi-laguna beñere uzteko esku gabe. Bada, zion, bein Jainkoak bat egin zituenak, gizonak ezin banakatu ditzake.

        Gero aur batzuek eraman ziozkaten, eskuakin ukitu eta oiekgatik erregutu zezan. Apostoluak aur-zaien kontra aserretu ziran, eta atzeratu nai izan zituzten; baña Jesusek lanbide au etzien Apostoluai ontzat artu, eta esan zien: Aurrai utzi zaiezute datozkidan; bada Zeruetako Erreinua oiena da. Eta besarkaturik, bedeinkatu zituen, eta bialdu. Gero aurren erru-eza edo inozenziari zenbat nai zion adierazteko, esan zien: Nere Ebanjelioa aurtxo batek bezain argi eta garbi artzen ez duena, Jainkoaren Erreinuan sartuko ez da.

        Egun oietatik batean, erri batetik bestera zijoala, gazte aberats bat oñetan belaunikatu zitzaion, eta galdetu zion: Maisu ona, zer egingo det betiko bizitza irabazteko? Zeruan sartu nai badezu, Jesusek erantzun zion, aginduak gorde itzatzu. Zer agindu? gazteak galdetu zion. Iñor ez dezu ilko, Jesusek erantzun zion; iñoren ezkontzarik ez dezu loituko; ez dezu ostuko; ez dezu ez danik iñorgatik esango; ez dezu bide ez danik egingo; zure aita-amak onratuko dituzu; eta lagun urkoa, zerori bezala maite izango dezu. Ori guzia beti-beti egin det. Zer geiago egin bear det? Jesusek begiratu zion eta amatu zuen, Ebangelio Santuak dio. Bereala esan zion: Obea izan nai bazera, zoaz, dezun guzia saldu, beartsuai eman eta nerekin atoz. Itz oiekin gaztea estutu zan, eta biotz txit eroriarekin aldegin zuen, zeren ondasun andien jabe zan. Gazte hura, ez dirudi ain illa geratu zala bere ondasunak uzteko miñez, ezpada onetarako bear adiña indarrekin arkitzen etzalako. Onegatik Jaunaren aurrerako zer ikusirik etzuen, zeren eskatzen ez duen bizitza onena, ezpada ona; eta bere ondasunak ondo eta zuzen erabilliaz, au egiteko asmoarekin, guziak utzita Jesusi jarraitzeko adiña indar arkitzen etzitzaion ezkero, bere etxera itzuli zan.

 

 

2. Aberastasunen gañeko itzketa

 

        Jesusek emendik oña arturik, ondasunen eta oiek zeuzkatenen gañean itzegin zien. Zein gaitz izango da aberatsak Jainkoaren Erreinuan sartzea! esan zien. Ikasleak esan onekin arritu ziran; baña Jesusek bere itzketari baziardun, esanaz: Gamelu bat jostorratzaren begitik igarotzea errazago da, aberats bat Zeruetako Erreinuan sartuko dan baño. Ikasleak geiago eta geiago arriturik, elkarri ziotsaten: Nor salbatu al diteke? Orduan Jesusek adierazo zien, Jainkoak aberatsari erakutsiko diola ondasunakin zer egin bear duen, eta oietan biotza geiegi sartu gabe, nola bizi bear dan, aiek betiko ondamenerako bideak izan ez dakizkion.

        Pedro besteak baño beti biziagoak esan zion: Jauna, ara emen gu, gauza guziak utzita garraizkizunok: guzaz zer izango da? Mene-menetan diotsuet, Jesusek erantzun zien, niri jarraitu zatzazkitenok, munduaren atzenean gizonaren Semea bere gloriako jarlekuan esertzen danean, zuek ere amabi aulkitan eseriko zerate, Israelko amabi Tribuak juzgatzeko. Eta bere etxea, edo senideak, edo gurasoak, edo emaztea, edo semeak edo lur-bazterrak nigatik uzten dituenak, baten truke eun artuko ditu, eta gero betiko bizitza.

 

 

3. Langilleen parabola

 

        Juduak beren buruak ontzat, eta gañerako guziak gaiztotzat idukitzeko griña zuten, eta Jesusek parabola au esan zien. Zeruetako Erreinua, goizean goiz bere mastirako langilleen eske irten zan etxeko buruaren antzekoa da. Langilleak arkitu zituenean, bakoitzari erreal biña eskeñita, bearrera bialdu zituen. Berriz ere bederatziak aldean irten zan, eta berebat esanda, bialdu zituen. Geroago ere irten zan, eta plazan geldi arkitu zituenai esan zien: Nere mastira zoazte, eta bidezkoa dana emango dizutet. Berriz eta berriz ere amabiak eta arratsaldeko irurak inguruan irten zan, eta plazan topatu zituenai esan zien: Emen egun guzian alperkerian zertan zaudete? Erantzun zioten: Nork otsegiñik ez degulako gaude. Zoazte, bada, zuek ere nere mastira, esan zien.

        Eguzkia sartu zanean, nagusiak maiordomoari agindu zion, langilleai otsegin eta atzenekoetatik asita lenengoetarañoko guziai beren alogera edo jornala emateko. Atzena joandakoak erreal-biko bana artu zutenean, lenengoak uste izan zuten, alogera andiagoa emango zietela; baña guziak berdin egin zirala ikusi zutenean, nagusiaren kontra gaizki-esaka zerasaten, esanaz: Atzeneko oiek lanean ordu bete baizik egin ez dute, eta egun guziko nekea eta eguzkia artu degunokin bat egin dituzu. Nagusiak bati erantzun zion: Adiskidea, bear ez danik egiten ez dizut. Erreal-biko bat emateko geratu ez giñan? zuk zerea ar ezazu, eta zoaz; bada, nik oni zuri ainbat eman nai diot. Edo nerearekin nai dedana egin ez dezaket? edo zure begia gaiztoa da, ni ona naizalako? Atzenekoak lenengo, eta lenengoak atzeneko izango dira. Deituak asko dira, esleituak, ordea, gitxi. Itz oiek juduentzat itz ikaragarriak ziran, eta gu kristauentzat ere berebat dira, eta egin al guzian nekatzera ipiñi bear gaituzte, gure salbazio, ain galbide andian dabillena, irabazteko.

 

 

4. Jesusek bere eriotzaren gañean Apostoluai itzegiten die

 

        Jesusen ilbearra urreratzen zan; eta Betanian bi illabete eta erdi arestian aitatu diran gertaeraetan eginda, artu zuen Jerusaleneronz abiatzeko asmoa. Uri doakabe onen izenak Apostoluak txit izutzen zituen, zeren gogoan zeukaten lenagoko aldietan ere Jesus zein gaizki ikusia eta artua izan zan. Jesusek, bada, bildur oni igerritzen zion, eta zerraikion jende artetik Apostoluak aterarik, iñoiz lenago ere bezala, esan zien: Ea, Jerusalenera bagoaz, eta gizonaren Semeagatik profetak esandako gauza guziak egingo dira. Ipiñia izango da apaiz-buruen, eskriba eta fariseoen, eta erriko zarren eskuetan, zeñak erabakiko dute il dedilla. Gero jentillai emango diete, il dezaten. Oiek berriz isekatu, txistuz bete, zeatu, gurutzean josi eta ilko dute. Baña irugarren egunean biztuko da.

        Juduak uste zuten Mesias lurrera zetorrenean, mundu guziko erregetzat jarri eta erri guziak mendean idukiko zituela; eta Apostoluak ere, oraindik uste berean zeuden. Eta Jesusi aditu ziotenean, ilda irugarren egunean biztuko zala, pensatu zuten erreinaldi andi hura orduan asiko zala. Au gogoan arturik, Juan eta Santiago Apostoluen ama bere bi semeakin Jesusi urreratu zitzaion, agur egiñaz eta zerbaiten eske. Zer nai dezu? Jesusek galdetu zion. Jauna, amak erantzun zion, nik nai dedana da, Zuk nere bi seme oiek zure Erreinuan bata eskuian eta bestea ezkerrean artu ditzazula. Jesus semeai begira jarri zitzaien, eta esan zien: Ez dakizute zeren eske zaudeten. Edan dezakezute nik edango dedan edakaia edo kaliza? Esaten bazien bezala, nik eramango ditudan oñaze eta miñak eramateko adiña indar eta biotz izango dezute? Badezaguke, erantzun zioten. Bai, Jesusek esan zien: Nere kaliza edango dezute, baña niri ez dagokit nere eskuian edo ezkerrean artzea, nere Aitak prestatuta daukaenai baizik. Bi aien kontra beste amar Apostoluak aserretu ziran; baña Jesusek esan zienean gizona zein argala eta ezjakiña dan, eta nola bear ez diran gauza asko eskatzen dituen, paketu ziran.

 

 

5. Itsu baten argitzea

 

        Itzketa onetan bidean zerbait luzatu zuten, eta Jerikora alderatu zanean, bide ondoan eskean egoten zan itsu batek jendeari galdetu zion: Or zer dezute? Jesus Nazaretekoa dijoa, erantzun zioten. Itsuak bereala deadarrari eman zion: Jesus, Dabiden Semea, nizaz erruki zaite. Aurretik zijoazenak isilerazo nai zuten; baña itsuak geroago eta ots andiagoarekin esaten zuen: Jesus, Dabiden Semea, nizaz erruki zaite. Jesus gelditu zan, eta itsuari, aurrean artuta, galdetu zion: Zer nai dezu nik egin dizazudan? Argitzea, Jauna, erantzun zion. Ikusi ezazu, Jesusek esan zion, zure sinismenak sendatu zaitu. Itsua argitu zan, eta Jesusi besteen artean jarraitu zitzaion.

 

aurrekoa hurrengoa