www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Testamentu Berriko Kondaira
Francisco Ignacio Lardizabal
1855

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Testamentu berriko Kondaira, Francisco Ignacio Lardizabal (Blanca Urgellen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1998

 

aurrekoa hurrengoa

ZORTZIGARREN IRAKURGAIA

 

 

1. Jesusen Pasioa

 

        Eldu gera Jesusen bizitzaren zatirik gogoangarrienera. Munduan igaro zituen egun eta orduak zein baño zeinik etzuten; ala ere, esan diteke atzeneko orduetan egindako gauza andiak eta ez-adituak lengo guzien azkarriak zirala. Oraindaño Jainko gizonaren bizitza ikusi degu; emendik aurrera Jainko gizonaren eriotza ikusiko degu. Orain artean, zebillen leku guzietan, erakutsi onak ematen, Zerurako bidean nola ibilli bear dan esaten, gizonari ona eta ona egiten ikusi degu; gaurgero gizonagandik eta gizonagatik billaukeriarik beltzenak, penarik andienak eta eriotzarik lotsagarriena artzen ikusiko degu. Baña geiago luzatu gabe, sallari garraizkion.

 

 

2. Jesusen salmena

 

        Ordua bazetorren, eta Jesusen betiko etsaiak, Kaifas apaiz nagusiaren etxean batzarrea egin zuten; eta erabaki zan Jesus Nazaretekoa atzitzeko eta bereala iltzeko. Lenago ere au bera erabaki izan zan, ordua bete etzalako egin ez bazuten ere; baña oraingoan artu zuten nolabait galtzeko asmoa. Bi eragozpen aurrean jartzen zitzaiezten: batetik, jendeari bildur zitzaiozkan, zeren asko eta asko ziran Jesusi txit ondo nai ziotenak, eta bildur onegatik guzia isillik eta astegunean, iñor oartu gabe, egin nai zuten; bestetik, guzia naierara egiteko denbora neurtua zeukaten. Batzarra asteazken goizean egin zuten, eta Pazkoa ostiral arratsaldean asten zan, eta bitarte onetan Jesus atzitu, auzi-antza moldatu eta gañerako guzia prestatu nai zuten, Pazkoa asi baño lenago iltzeko. Eta nondik eta nola asiko ziran ezin asmatuz zebilzala, gitxiena uste zezaketen lekutik, erarik onena agertu zitzaien.

        Denbora onetan Jesus egunez Jerusalenera joan, eta Elizan erakusten edo predikatzen ziardun, eta gauerako Olibeteko mendira igo eta erregu-aldi luzeak egiten zituen. Egun aietatik batean Betanian, Simon Lepratsua zeritzanaren etxean bere ikasleakin afaltzen zegoala, Maria, Lazaroren arrebak, lenagokoan okendu gozoa oñetara bezala, oraingoan burura bota zion. Judasek etzion ontzat artu, naiago zuelako okendua salduta onen dirua artu, gero beretzat zer gorde geiago izan zezan. Gañerakoan, beste lenagoko afarian gertatu zana bera oraingoan ere gitxi-gorabera gertatu zan. Emen esan ziran itzetatik Judasek, nonbait, ezagutu zuen Jesus laster ilko zala, eta ikusirik berekin zebilzanai zer utzirik etzuela, bere diru-nai zorigaiztokoarekin Satanasi biotzean leku eman zion eta artu zuen bere Maisu ona galtzeko eske zebilzkion etsaiai saltzeko asmoa. Barrun gaizto onekin Betaniatik irtenda Jerusalenera joan zan; eta oraindik batzarrean ziardutela sartu zitzaien, eta esan zien: Zer eman nai didazute, eta nik eskura eman edo entregatuko dizutet? Berealaxe ogeita amar diru zillarrezko eskeñi ziozkaten. Ogeita amar diru oiek, batzuen iritzian, oraingo irurogei erreal balio zuten; besteak, berriz, berreunda ogeita amasei erreal eta erdi diote; baña dana dala, ezertan artzea ere merezi etzutenak, beintzat, ziran, eta gauza uts onen truke Jesus saltzeko itza Judasek eman zien. Itz oiek elkarri emanda, Judas Betaniara itzuli zan, ezer egindako antz gabe. Beste Apostoluak oartu ere etziran Judas kanpoan izan zanik; bada, apostolu galdu onek or-emenak bereala eta isillik egin zituen.

 

 

3. Pazkoarako prestamena

 

        Pazkoako arkumea urte artan ostegun arratsaldean jan bear zan; eta Apostoluak au gogoan zeukatela, ostegunera iritsi ziranean, Jesusi alderatu zitzaiozkan eta galdetu zioten: Non nai dezu Pazkoa jan dezagun? Jesusek Pedro eta Juan bialdu zituen, esanaz: Urira zoazte, eta topatuko dezute lusull edo pegarra urarekin dijoan gizon bat, eta ondoren zoazkiote, eta sartzen dan etxeko nagusiari esango diozute: Maisuak au dio: Afaltokia non da? Nere ikasleakin Pazkoa non jango det? Nere denbora alderatu da. Pazkoa nere ikasleakin zure etxean egitera noa. Orduan afaltoki eder-eder bat erakutsiko dizute, eta bear dan guzia emen presta ezazute. Pazkoa au egiten zan arkume erre, letxuga min, legami gabeko ogi eta ardoarekin.

        Gauza guziak zuzendu zituztenean, Jesus bere Apostoluakin Jerusalenera joan zan, eta illunabarreko zazpiretan gitxi-gorabeera maiean eseri zan, bere Apostoluak alboetan zituela. Jaten eta edaten lanotasun guziarekin ziardutela, Jesusek guziai begiratu zien, aitak bere humeai bezala, eta esan zien: Opa-opa nuen Pazkoa au zuekin egitea, il baño lenago; bada, egiaz esaten dizutet, ez dedala berriz jango, Jainkoaren Erreinuan jan dezadan artean. Au esanda, ardoz edanontzi bat bete zuen, Aita Eternoari eskerrak eman ziozkan, eta bere Apostoluai luzatu zien, edan zezaten. Andik laster, alako berri tristerik uste ezin zezaketenean, Jesusek esan zien: Nerekin emen jaten duen zuetatik batek salduko nau. Guziak larritu ziran, eta galdetzen zioten: Jauna, ni naiz? Plateran eskua nerekin sartzen duena da ni salduko nauena, Jesusek esan zien; eta gizonaren Semea badijoa, esanik eta erabakirik dagoan bezala. Baña, ai, gizonaren Semea salduko duenaren zorigaiztokoa! Obe izango zuen sekulan jaio ez balitz! Apostoluak are geiago larritu eta ikaratu ziran, eta asi ziran elkarri galdezka, zein aien artean izango zan onelako gaiztakeria egingo zuena. Judasek, ez jakin eginda, izan zuen biotza Jesusi esateko: Maisua, ni ote naiz? Apostolu billau onek nonbait gogoan etzeukan Jesusi etzitzaiola ezer ere oartzaka egiten, eta jakin nai zuen aren asmo gaiztoai igerri ote zien; baña erantzuera ikaragarri au artu zuen: Zuk esan dezu. Jesusekin Judasen arteko itzketa au isillik noski izan zan; beste Apostoluak, beintzat, geroago ere etziekiten.

 

 

4. Jesusek Apostoluai oñak garbitzea

 

        Afaria bukatzera zan, eta Jesusek adierazo zien gauza andi batzuek buruan zerabilzkiela. Izatez ere alaxe zan; bada, iñori gogoak ere eman ezin zizaiokean miraria egitera zijoan: mundutik irten bear zan orduetan bere Gorputz eta Odol biziak uztera zijoan; Aldareko Sakramentu guziz santua ipintzera zijoan, baña bere burua umiltasunik gogoangarrienera lenago beeratuta.

        Jesus maietik jaiki zan, gañeko bere soñekoa kendu, eta esku-zapi edo toaja batekin gerria lotu zuen; ontzi batera ura botata, prestatu zan Apostoluai oñak urarekin garbitu eta zapiarekin leortzeko. Umiltasunaren andia Zeru-lurren Jabearentzat! Apostolu guzien buruari bezala Pedrori bereala asi zitzaion; baña Apostoluak, txit arriturik, otsegin zuen: Zer! Zuk, Jauna, niri oñak garbitu? Nik egiten dedana, Jesusek erantzun zion, zuk orain ez dakizu; gero jakingo dezu. Ez, Jauna, ez, Pedrok esan zion; egundaño ez dizut, Zuk niri oñak garbitzen utziko. Bada Nik ez garbitzera, Jesusek esan zion, ez dezu nerekin zer egiñik izango. Pedro larritu zan, eta esan zion: Jauna, garbitu zazkidazu oñak ez ezen, esku eta burua ere. Jesusek esan zion: Garbi dagoanak, oñak beste garbitukizunik ez du; bada guzia garbia dago, eta zuek garbiak zaudete, guziok ezpada ere. Esan au zeñentzat edo zeñegatik zan, Judasek igerri zion, baña etzan aren biotz arrizkoa biguntzeko adiña izan; eta bere Maisu andi salduta zeukanari utzi zion oñ asko aldetatik zikin aiek garbitzen, damutasunaren antzik ere eman gabe.

        Guziai oñak garbitu ondoren, esku-zapia utzita, soñekoa artu zuen eta maiean eseri zan, eta esan zien: Dakusute, zuekin zer egin dedan. Jauna eta Maisua deitzen didazute, eta egia diozute: ala naiz. Orain, bada, baldin Nik zuen Jaun eta Maisu naizan onek, oñak garbitu badizkizutet, zuek ere elkarri garbitu bear diozkazute, zeren erakutsi dizutedan, Nik zuekin egin dedan bezala zuek ere elkarrekin egin dezazuten. Egi-egiaz esaten dizutet: morroia ez da nagusia baño geiago; bialdua ere ez, bialtzallea baño. Au zintzo aditu eta egiten badezute, zorionekoak izango zerate. Zuekgatik ez diardut: badakit zeintzuek autu ditudan; ezpada bete ditezen Eskriturako itz oiek: Nerekin ogia jaten duenak orpoa nere kontra jasoko du. Bertatik eta aldeaurrez, gertatuko dan baño lenago esaten dizutet, gero gertatzen danean sinistu dezazuten Ni naizela Mesias, Jainkoaren Semea. Egi-egiaz esaten dizutet: nik bialtzen dedana artzen duenak, Ni nerau artuko nau, eta Ni artzen nauenak, Ni bialdu nauena artuko du.

 

 

5. Apostolu saltzallearen kontrako Jesusen espak

 

        Umiltasun ezin geiagoko erakutsi onen ondoren, Jesus prestatu zan guganako bere amorio neurrigabea agertzeko. Bere Gorputz eta Odol guziz santuak Aldare Santuan utzi nai zizkigun, baña Apostolu dollor saltzalle bati ematera zijoala gogoratzeak zerbait atzerasan zuen, eta esanerazo zion: Egiaz esaten dizutet, ene Apostoluak, zuetatik batek nere etsaien eskuetan ipiñiko nauela. Irugarren aldia zan Jesusek espasun berak Apostoluai iragarri zieztela. Eta Pedrok ezin eramanik ain biotz gaiztoko gizona aien artean agertu gabe egotea, jakin nai izan zuen nor ote zan, lagun artetik benik-bein bereala kentzeko, besterik ezin egin bazitzaiokean ere. Jesusen eskuitik Pedro eta ezkerretik Juan zeuden. Pedrok guzien burutzat autua zan aldetik bazirudien Jesusi beste bitarteko gabe galdetuko ziola; baña uste izan zuen Juan Apostolu maitea zala, Jaunari alako galde bat egiteko egokiena, eta oni galderazo zion. Juan Jesusen saietsean zetzan, eta era oberik artarako ezin zitekean. Juanek galdetu zion, bada, eta Jesusek erantzun zuen: Nik ogi-puska bat bustita ematen diodan hura da: eta ogi-zerra bustita, Judas Iskarioteri eman zion.

 

 

6. Aldareko Sakramentu guziz santuaren ipiñera

 

        Afari jakiña eginda gero, Apostoluak begira zeuden Jesus noiz jaikiko zan, noranai jarraitzeko; baña Jesusek egin asmo zuen sekula guzian gogoan izango dan lan andi hura, Aldareko Sakramentu guziz santuaren ipintzea. Legami gabeko ogia bere eskuetan artu zuen; Aita Eternoari eskerrak eman ziozkan; bedeinkatu zuen, eta ebakita, bere Apostoluai eman zien, esanaz: Artu, eta jan ezazute: AU DA NERE GORPUTZA, ZUEKGATIK EMANGO DANA. Au nere oroipenean egizute. Gero edanontzia ardoarekin artu zuen; Aita Eternoari eskerrak berebat eman ziozkan; bedeinkatu zuen, eta Apostoluai eman zien, esanaz: Emendik guziok edan ezazute; AU DA, BADA, TESTAMENTU BERRIKO NERE ODOLA, ZUEKGATIK, ETA ASKOGATIK BEKATUEN BARKAZIORAKO ISURIKO DANA. Au egiten dezuten guzian, nere oroipenean egingo dezute.

        Itz oiekin, bada, Jesusek ipiñi zuen Sakramentu adoragarri au, zeñetan utzi zizkigun bere Gorputza gure janaritzat, eta bere Odola gure edaritzat. Apostoluai eman zien au bera egiteko eskubidea; baita beren ondorengo edo ordekoak uztekoa ere: eta eskubide onen bitartez Elizak beti izan ditu, dauzka eta izango ere ditu apaiz, ogia Jesusen gorputz, eta ardoa Jesusen odol izatera aldatu dezaketenak.

 

 

7. Jesus Jerusalendik Getsemanirako bidean

 

        Jesusek, afari gogoangarri au eginda, bere Apostoluakin batean eskerrak eman zituen, israeldarrak oitura zuten era eta itzakin. Judas Iskariotek isillik aldegin zuen, bere saldukeriari buru ematera. Eta Jesus beste amaika Apostoluakin afaltegitik eta Jerusalendik irtenda, Olibeteko mendironz abiatu zan. Mendi au Jerusalendik gitxi-gorabera milla pausora zegoan, bitartean Josafateko zelaia zuela. Bere albo batean zegoan Getsemaniko alderria, eta Aita Eternoarekin bere itzaldia egiteko Jesusek autu zuen baratza. Apostoluak Jesusekin bazijoazen, baratza artan ain argaltasun andia agertuko zuten uste gabe, gai au bidean bein eta birretan Jesusek jo bazien ere. Zuek guziok, esan zien, gaur arratsean okerrerako bidea nigandik artuko dezute; bada esana da: Artzaia joko det, eta ardiak sakabanatuko dira. Berri mingarri au gozotzeko, bereala esan zien: Ni biztuta gero, Galileara zuek baño lenago joango natzazute. Itz oiek aditutakoan, Pedro, bere bizitasunez, nonbait aurreratu zan zerbait erantzutera; beintzat, Jesusek berari itza emanda, esan zion: Simon, Simon; ara non Satanasek artzatu nai zaituzten, garia artzatzen dan bezala; baña Nik zugatik erregutuko det, zure sinismen edo fedeak utsegin ez dezan, eta zuk, zure anaiaetara itzulita, fedean sendotuko dituzu. Pedrok erantzun zion: Jauna, beste guziak zugandik gaitzerako bidea artuko balute ere, nik benik bein etzaitut utziko. Egiaz esaten dizut, Jesusek esan zion, egiaz esaten dizut arrats onetan berean ollarrak bi aldiz jo baño lenago, iru aldiz ukatuko nazu. Apostoluak etzion Jesusen esanari bildurrik artzen, eta bere irmotasuna iragarri naiez, esan zion: Jauna, ni prest nago presondegira zurekin joateko eta iltzeko; eta ala bear bada, zurekin batean ilko naiz, eta ez nik zu sekulan ere ukatu. Beste Apostoluak ere berebat esan zuten.

        Getsemaniko baratzaronz bazijoazen, eta Jesusek Zedrongo ibai bizia igaro zuenean, baratzan sartu baño lenago, Apostoluai begira jarrita, esan zien: Zizku, zaku eta oñetako gabe predikatzera bialdu zinduztedanean, ezeren ez-izanik edo utsaldirik izan zenduten? Ez Jauna, erantzun zioten. Bada orain zizkua eta zakua dituenak, saldu bitza, eta ez dituenak, bere soñekoa saldu eta ezpata erosi beza: konbeni da, alabañan, nerekin bete ditezen aspaldian esandako itz oiek: Gaiztoakin bat egin zuten. Jauna, Apostoluak esan zioten, ara bi ezpata emen. Asko da, Jesusek erantzun zien; eta bideari jarraitu zitzaiozkan.

        Baratzan sartu zanean esan zien: Emen zaudete, eta erregutu ezazute, tentazioan erori etzaitezten, Nik, aurreraxeago joanda, nere otoitz-aldia egin dezadan bitartean. Pedro, Santiago eta Juan Apostoluak berekin artuta, barruragotu zan, eta otoitzari eman zitzaion. Tristuraz bereala bete eta ikaraz jarri zan; eta iru Apostoluai esan zien: Nere anima tristuraz iltzeko zorian dago. Emen zaudete, eta kontu egizute. Arrikada bat bidean aldegin zuen, eta auzpez arpegia lurrean zuela, orazioan jarri zan, eta Aita Eternoari onela itzegin zion: Ene Aita, zuretzat eziñik ez da; egizu kaliza au nigandik kendu dedin; baña ez bedi egin nik nai dedana, ezpada zuk gogo dezuna. Eskaera au eginda, bere iru Apostoluetara itzuli zan, eta lo arkitu zituen, eta Pedrori esan zion: Ordu betean ere nerekin esnai ezin egon izan zerate? Kontuan zaudete bada, eta erregutu ezazute, tentazioan erori etzaitezten. Espiritua prest dago, baña aragia argala. Berriz ere Jesus bakartu zan, eta Aitari erregutzen zion, esanaz: Ene Aita, kaliza au kendu ezin baditeke nik edan gabe, zuk nai dezuna egin bedi. Apostoluetara itzuli zan, eta lo arkitu zituen; baña oraingoan etzien ezer esan, eta irugarren aldian bakartu zan, eta Aita Eternoari erregu bera egin zion.

 

 

8. Judas eta juduak Jesusen billan

 

        Orduan Zeruko Aingerua aurkeztu zitzaion sendotzera; baña Jesus auzpez arpegia lurrean ipiñita zetzan, eta odolezko izerdi otzak eman zion lurra bustitzeraño, eta Aita Jainkoak nai zuena egitera jarri zan. Aingeruak aldegin zuen; Jesus bere otoitz-alditik jaiki, eta Apostoluetara itzuli zan, eta guziak lo arkitu zituen, eta esan zien: Ots, jaiki zaitezte eta erregutu ezazute, tentazioan erori etzaitezten. Goazen. Badator gizonaren Semea bekatarien eskuetan ipiñia izango dan ordua. Badator ipiñiko nauena. Itzketa onetan ziarduela, Judas agertu zan. Saltzalle gaizto onek baziekien Jesus eta bere Apostoluak askotan egoten ziran lekua, eta ara joan zan gizon armadun askorekin, zuzi-argiak eskuetan zeramazkitela. Beste lagun geiagoren artean bosteun soldadutik seieunera berekin bazituen. Jende au guzia erriko agintari edo kargudunak Judasi eman zioten, Jesus errazago eta seguruago atzitu zezaten. Judasek jakin bear zuen onelako prestamen bearrik etzala, iges egin nai etzuen bat eskuratzeko, eta iges egin nai izan ezkero, oiek eta gizonak artu zitzakean beste guziak alper-alperrik zirala. Bein baño geiagotan ikusi izan zuen, galdu nai zuten bere etsai txarren aldetik, berak zekustela ere, iges egiten; aditu izan ere bazion, ordua bete artean, arekin etsaiak etzutela zer-egiñik izango: baña anziñatik esana zan: gaiztoakin bat egin zuten; eta esan au bete bearra zan.

        Jesus Judasi bidera irten zitzaion. Judas ere bazijoan, bere gizonak ondoren zerraizkiola. Oiek esanak zeuzkan, laztanduko zuen hura Jesus Nazaretekoa zala, eta bereala eskuak ezarrita kontuz eramateko. Judas, jendeari aurreratuta Jesusi alderatu zitzaion, eta musu eman zion, esanaz: Agur Maisua. Adiskidea, Jesusek esan zion, zertara zatoz? Gizonaren Semea laztan batekin etsaien eskuetaratzen dezu? Itz oiek, Judas ez beste edozeñen biotza bigunduko zuten; baña apostolu billau hura gogortua zegoan amorezko esanak aditzeko, eta damutasunaren arrasto txikienik ere etzuen eman.

        Jesus amaika Apostoluakin bere etsaietara urreratu zan, eta galdetu zien: Nor billatzen dezute? Jesus Nazaretekoa, erantzun zioten. Ni naiz, Jesusek esan zien; eta Ni naiz au esan orduko, nagusi-morroiak, agintari eta soldaduak, eta Judas berak elkarren gañean atzez lurra jo zuten. Jaiki ziran, eta asiera gaiztoa ezagutu bearrean, beren asmo galdua aurrera zeramaten; eta Jesusek berriz ere galdetu zien: Nor billatzen dezute? Jesus Nazaretekoa, lenago bezala erantzun zuten. Esan dizutet Ni naizala, Jesusek esan zien; eta nere billan zatozten ezkero, nerekin datozen oiei utzi zaiezute joaten.

        Apostoluak ikusirik Jesusi eskuak ezartzera zijoazkiola, galdetu zioten: Zer egiten degu? Ezpataz joko ditugu? Eta Jesusen erantzueraren begira egon gabe, Pedrok berekin zeramana zorrotik aterata, apaiz nagusiaren morroi Malko zeritzanari belarria kendu zion. Jesusek Malko beregana eramanerazo zuen, eta belarria bere lekuan ipiñita, sendatu zion. Malko eta besteak mirari onetatik ezagutu zezaketen nor zan galdu nai zutena; baña alperrik izan zan, aiek beren asmo txarrai uzteko. Pedrori gero esan zion: Ezpata ori zorrotu ezazu; bada, ezpataz besterik iltzen duena, ezpataz ilko da. Uste dezu Nik nere Aitari eskatu ezin dizaiokedala, eta bialduko dizkidala aingeruzko amabi lejio edo samalda ere baño geiago, gorde nazaten? (Lejio bakoitzak sei milla ditu). Baña nik au egitera, nola beteko litzake Eskrituraren esana, dionean, Ni iltzea konbeni dala? Zer! Nere aitak prestatutako kaliza edango ez det? Jende orri utzi zaiozute etorri dakidan. Itz oiek esaterako, soldadu-agintaria bere soldaduakin eta gañerako guziak alderatu zitzaiozkan, eta Jesusek esan zien: Ezpata eta makillakin zatozte ni arrapatzera, lapur bat banintz bezala! eta Elizan egunoro zuekin egon izan banaiz ere, etziñidaten eskurik ezarri! Egunoro zuei erakusten niarduen, eta ez ninduzuten artu; baña orain da zuen ordua, eta illunaren eskualdia.

        Apostoluak itz oietatik igerri zioten, atzitzen uztera zijoala, eta guziak iges egin zuten. Orduan soldaduak eta besteak Jesusi eldu zioten, eta bereala lotu-lotu egin zuten. Baña, zer balioko zuten etsai txar oien lotura guziak, Sansonek beste denbora batean filistindarrenak baño aisago, nai izan ezkero, eten eta urratu zitzakean Jesusentzat? Lotutzen utzi zien, gizonaren onerako konbeni zalako.

 

 

9. Jesusen Getsemanitik Jerusalenera eramanera

 

        Getsemaniko baratzatik irtenda Jerusaleneronz Jesus lotuarekin zijoazela, ikusi zuten mutil gazte bat, bere soñekoaren gañetik maindire bat zuela, eta oni ere eldu zioten, Jesusen ikasleren bat izango zala pensatuta, baña maindirea eskuetan utzita iges egin zien, eta Jesus bakar-bakarrik, bereetakorik iñor ere gabe, etsaien artean gelditu zan.

        Jesus galtzeko lanbidean zebilzan guziak Jerusalenen zai zeuden, Jesus noiz eramango zuten, oi zan auzi-legea edo prozesoa jaso eta iltzeko epaia edo sentenzia emateko. Urte artako apaiz nagusi Kaifas zan; eta aginduta zeukan, Jesus atzitzen zuten bezain laster, Kaifas beraren aitagiarraba Anas lenago apaiz nagusi izandakoari eramateko. Anasek Jesus bere aurrean ikusi zuenean, galde batzuek eginda, bereala Kaifasi bialdu zion, apaiz nagusi zan aldetik zeritzana egin zezan. Onek ordurako batzarrea bilduta zeukan, eramaten ziotenean bereala zer egin bear zitzaion erabakitzeko.

 

 

10. Jesus Kaifasen etxean

 

        Pedro eta Juan, beste Apostoluakin batean bildurrez iges eginda, berera ziranean, Jesusi bazerraizkion; baña urrutitik, soldaduak ezagutu eta arrapatu etzitzaten. Ikusi zutenean Jesus Kaifasen etxean sartu zutela, Juanek etzuen bildurrik izan atea jo eta otsegiteko, zeren Kaifas eta onen etxekoen ezaguna zan, eta morroiak ere atea bereala idiki zioten. Pedro, etxean ezaguerarik etzuelako, atarian egon zan, Juanen bitartekotzaz eskarazean sartzen utzi zioten arteraño. Bi Apostoluak elkarrekin barrura pozik joango ziran, Jesusi zer egiten zioten ikustera; baña Juanek iritsi etzuen, berekin batean laguna sartu zedin; eta Pedro eskarazean soldadu eta apaiz nagusiaren morroiakin gelditu zan. Udaberria zan, eta oraindik otz egiten zuen, batez ere gauetan, eta eskarazaren erdian sua zeukaten, berotzeko. Pedro ere, bere zorigaitzean, su-ondoratu zan, zer erabakitzen ote zuten ikusi artean.

        Kaifas bera lenen-lenengo Jesusi asi zitzaion galdezka bere ikasle, eta erakusten zituen lege eta gauzaen gañean. Nik, Jesusek erantzun zion, munduari agiri-agirian itzegin diot. Nik Elizan eta sinagogaetan, non juduak biltzen diran, erakutsi izan det, ezer ere isillik esan gabe. Zertako niri galdetzen didazu? Niri aditu didatenai galdetu zaiezu, ea zer esan diedan. Berak dakite zer esan dedan. Erantzuera au txit bidezkoa eta egia garbi-garbia bazan ere, apaiz nagusiak bekosko beltza ipiñi zion. Orduan onen morroi batek Jesusi masalleko bat eman zion, esanaz: Apaiz nagusiari orrela erantzuten diok? Morroi zital txar oni Jesusek bere ontasun guziarekin esan zion: Gaizki itzegin badet, esan zadazu zertan; eta ondo itzegin badet, zergatik jotzen nazu? Zer negargarria Jesusen arpegi ederrean eskutzar zikin ats hura ikustea! Ai nola Aingeruak begiak estaliko zituzten ez ikusteagatik! Apaiz nagusiak berak ere etzuen onean eraman bear, morroi txar bat batzarre-lekuan eta ainbesteren aurrean ala ausardiatzea; baña Jesusi edozeñek nai guzia egitea zan aren eta bere lagunen pozik andiena.

        Jesusen galtzalle oiek lekuko edo testiguak billatu zituzten, Jesusgatik etzan gauza andiren bat esan zezaten, baña ezer ere atera ezin izan zuten beren asmo galduak edertzeko; bada lekukoak bat etzetozen. Geroenean lenago beste asko alperrik artuta, eraman zituzten bi gezurti, esan zutenak: Guk gerok aditu diogu esaten: Jainkoaren Eliza ondatu dezaket, eta iru egunean berriztu ere bai. Aditu ere badiogu: Nik ondatuko det eskuz egindako Eliza au, eta iru egunean altxatuko det beste bat eskuz egin gabea. Lenengoak bezala, oiek egia esaten etzuten. Eliza au ondatu ezazute eta iru egunean berriztuko det, Jesusek esan izan zuen, bai; baña bere gorputzagatik, zeñari Elizaren izena askotan ematen zion. Itz oiekin, bada, esan nai zuen il zezatela; baña irugarren egunean biztuko zala, gero ikusi zan bezala.

        Kaifas apaiz nagusiak ezagutzen zuen lekukoak esandako guzia ezer etzala egin nai zutena edertzeko; eta ikusirik, berriak artzera, bere alde zerbait esan bearrean, bearbada izan zitezkeala egia garbiro agertu, eta lotsatuta utziko zutenak, lan oni laga zion. Ala ere, gauza andiren batzuek Jesusen kontra esan zituztelako antzean juez-aulkitik jaikita, Jesusi esan zion: Ez diezu ezer erantzuten zugatik esan dituzten gauza oiei? Jesus isillik zegoan. Orduan Kaifasek esan zion: Jainko biziaren izenean agintzen dizut esan zaguzula, Kristo Jainkoaren Semea Zu zeran. Jesusek igerritzen zion, galdera oni zegokion erantzuera ematea bizia kostako zitzaiola; baña zana zan bezala esan bear zuen, eta erantzun zion: Ni naiz, zuk zerorrek diozu. Eta egi-egiaz esaten dizutet, emendik gitxi batera ikusiko dezute gizonaren Semea Jainkoaren eskuian esertzen, eta zeruko odeietan etortzen. Kaifasek itz oiek aditutakoan, soñekoak urratu zituen eta deadar egin zuen: Blasfematu du; añenekoa bota du. Zertako degu iñork esan bearra? Añenekoa aditu dezute: Zer deritzazute? Batzarrekoak ito-itoka erantzun zioten: Iltzea merezi du.

        Kaifasek epai au poz guziarekin aditu zuen, eta Jesusek ere bai pazienziarik andienarekin. Au erabaki ezkero, beren gogoz berealaxe ilko zuten; baña Jainkoak aututa zeukan ordua, batetik, bete etzan; eta bestetik, batzarreak erabakia erromarren izenean agintzen zuenak ontzat eman bearra zan; eta au biaramonerako utzita, nor bere etxera atsedetera joan ziran, goizean goiz elkarganatzeko itzean.

        Kaifasen etxeari kontu-artzen zeuden Soldaduai Jesus eman zieten, goiz artean gordetzeko, eta eskarazera jatsi zuten, gau mingarrien hura bereakin igarotzeko. Pedro Apostolua an arkitzen zan, arestian esan dan bezala, arañoko baimena Juanek iritsi ziolako. Bere Maisua soldadutzarrak erdian zekartela ikusi zuen; baña ez-ezagutu egin zan, ari ere zerbait egin edo preso artuko zuten bildurrez.

 

 

11. Pedroren ukamena

 

        Soldaduak eta morroiak su ondoan zeuden, eta Pedro ere bai aiekin batean berotzen. Neskame atezaia an sortu zan eta Pedrori galdetu zion: Zu ere preso onen ikaslea etzera? Ez naiz, Pedrok erantzun zion; eta Pedrok itz oiek esan orduko, ollarrak jo zuen. Andik gitxi batera apaiz nagusiaren neskame bat agertu zan; eta Pedrori begira-begira jarrita, esan zion: Zu Jesus Nazaretekoarekin ziñan. Pedrok ukatu zion, esanaz: Ezagutzen ez det, eta zer diozun ere ez dakit. Ordu beteren buruan, Pedrok belarria kendutako Malkoren aide zan apaiz nagusiaren morroi batek esan zion: Zu baratzan arekin batean ikusi etzindudan? Dudarik gabe aietakoa zera; bada galilearra zera, eta zure itzkuntzak berak agertzen zaitu. Orduan Pedro asi zan juramentuaren azpian ezetz, ezetz esaten, eta ezagutzen zuela ere ukatzen. Onetan ziardutela, ollarrak bigarren aldian jo zuen; eta Pedro oroitu zan, ollarrak bi aldiz jo baño lenago, Jesus iru aldiz ukatuko zuela Jesusek esana. Ollar-soñu au bakarrik asko zan Pedrok ezagutzeko, zein gaizki egin zuen, gizon zirzill aien bildurrez Jesus ukatzen. Bai, baña are geiago argitu zuen, Jesus onak denbora onetan egin zion begiratuak. Ollar-otsa belarrian sartu zitzaion; baña Jesusen begiratuak biotzean ukitu zion: eta bere gaizki-egiñaz damututa, apaiz nagusiaren etxetik bereala irten zan; negarrari eman zitzaion, eta Jainkoagandik bere bekatuaren barkazioa iritsi zuen.

 

 

12. Jesusen gaueko neke portitzak

 

        Pedrok bere ukamena negar-malkorik samiñenakin garbitzen zuen bitartean, soldaduak, morroiak eta beste serbitzariak, Jesus beren kontura artuta, gau negargarri artan guzian zer burla eta farrak egin, eta zer penak eman ziozkaten, eta zenbat erakutsi zioten ezin diteke esan. Batzuek istu eta karkaxaka, besteak ukabilka zerabilten, eta askok begiak estali eta eskutzarrak masallaetan ezartzen ziozkaten, esanaz: Asma zaguk, Kristo, nork jo aukan. Jesusek itzik ateratzen etzuen; eta isillik uzte onek berak su geiago ematen zien biotz gabeko gizon gaizki-azi aiei. Nagusien gogoko berri morroiak bazuten; baziekiten aien atsegiñik andiena egin-al guzian Jesus penatzea zala, eta gau guzia onetan igaro zuten.

 

aurrekoa hurrengoa