www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ama Birjiņaren agertziak
Franzisko Goņi
1906

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Ama Birjiņaren Agertziak eta gaņerako Lurdes-ko gertaera goguangarriyak, Francisco Goņi. Florentino Elosu, 1908

 

aurrekoa hurrengoa

LENENGO IRAKURGAIAREN LAUGARREN SALLA

 

Iturri santuaren sortzia;

Ama Birjiñak Masabiellen eliza bat egitia eskatzen du;

lenbiziko milagruak.

 

        Etzuen nexka gaxuak urrengo goizian (aitaren agindua egitiagatik) arkaitzera jon biar izandu, baizik eskolara; biño eguardian, etxera zetorrenian, ez dakit zer indar sentitu zuen bere barrenian, eta aitaren borondatia egin nai bazuen ere, laixter Masabiellko arkaitzian, (eramana bezela) arkitu zen. Bere errosariua belauniko errezatu zuen; biño egun artan (ez dakigu zergatik, agian bere aitaren agindua egin etzuelako), etzitzaion zeruetako Erregiña agertu.

        Jakindu zuenian Franziskok zer gertatu zen, ezagutu zuen ark agintzia utsa bezela zela, baldin arkaitzera juateko bere desiuari Bernardatxok kontra ezin egin bazion; eta ala, andik aurrera nai zuena egiteko baimena eman zion.

        Juan zen Bernardatxo urrengo goizetan ere; biño amabost-aldiko zazpigarren eguna arte etzen gauza jakingarririk, dirudienez, gertatu.

        Amabost-aldiko zazpigarren eguna osteguna zen, otsaillaren ogei ta bostgarrena. Juan zen Bernardatxo beti bezela arkaitzera; agertu zitzaion laixter Ama Birjiña; eta, beste iñork jakindu ez duen gauza bat aditzera emanta onduan, esan zion nexkari: «Zuaz, eta edan zazu; eta garbitu zaitia iturrian, eta jan ezazu aren onduan jaiotzen diran belarretatik». Altxa zen Bernardatxo; biño, nola inguru artan iturririk ezpaizen, laixter gelditu zen zein iturriren gañian agertu zenak itz egiten ote zion ezin bururaturik; nola ezpaizekien zer egin, eta nola erreka aldian baitzegon, errekara abiatu zen; orduan Birjiñak deituta esan zion: «Emen dago iturria, emen», eskuakin oinpian zeukan arrokaren ondua erakutsiaz.

        Bernardatxo belaunka juaten da erakutsitako lekura, ez du ezer ekusten; biño eskuakin lurrian zulo bat egiten du; esaten da zulo onetan ura jaiotzen, betetzen da, gañez egiten dio eta sorua barrena errekaraño dijua. Zer gertatu da emen? —Lenago ezer etzen lekuan iturri eder bat sortu dela. —Orra zenbatekua den zeruko Erregiñaren agintia eta egitia! Bernardatxok Birjiñak esan guzia egin zuen; altxatuta baztertu zen, orduan Mariare ezkutatuaz.

        Orra, irakurlia, Lurdesko iturri sonatua; orra orrenbeste milagro gure onerako egin dituen ur arrigarriaren sortzia. Ur ori, non zegon, edo nora zijuan lenago? —Ez dakigu. —Orain, nondik dator? —Ez dakigu. —Agortuko al da noizbait? —Ez du itxurik. —Ur asko ematen al du? —Asko: Laser (Lasserre) deritzaion mediku sonatu batek dio, aren aurrian neurtu zutela bein, eta ordu bakoitzian bost milla ta eun litro ematen dituela; minutu bakoitzian larogei ta bat.

        Urrengo egunian zeruko Erregiñak agindu zion bernardatxori erregutu zezala pekatariengatik, eta iru aldiz esan zuen «Penitentzia! penitentzia! penitentzia!». Au bera esan zuen bernardatxok ere Ama Birjiñari erantzunaz, mandiak otsari erantzuten dioten bezela; eta onek esan zituen iru itzak entzun zituzten guziak, gañerakuan ezer aditzen ezpazuten ere. Gero balaunka (Birjiñaren aginduz) alderatu zen arkaitzarengana, amabost bat metro era onetan leku zakar askian penitentzia egiñaz ibilliaz. A zeñen gauza ederrak erakusten zizkigun emen mundutarrai!

        Urrengo egunetan ere penitenzia egin zezala agindu zion bere eta bestien pekatuengatik, eta belauniko juaten eta etortzen zen lurrari askotan muñ egiñaz belauniko zegon lekutik arkaitzeraño.

        Beste egun batian Ama Birjiñak Bernardatxori esan zion juan zedilla eliz-gizonetara, eta esan zezaiela «ura agertzen zen leku artan eliza bat egitia nai zuela». Altxaturik Bernardatxo belauniko zegon lekutik, juan zen bada parroko jaunaren etxera, eta esan zion agertzen zenak zer eskatzen zuen. Arritu zen Peyramale au entzutiarekin; «onelakorik bai ez didala iñork oraindaño eskatu», esan zuen bere artian. Asko galdera egin zizkan nexkari agertzen zen ura nor ote zen jakin nayian; baita ere esan zion «etzezala gero iñor engañatu, bestela infernuan betiko pagatuko zuela». Bernardatxok erantzun zion «ordu artan parroko jaunak itz egiten ziola bezin seguru zegola, Masabiellko arkaitzian agertzen zenak ere itz egiten ziola».

        Parroko jaunak etzekien zer egin, zergatik gauza aundiak baitziran bada gauza aiek; eta ala, zeruko gauzak ote ziran obeto jakitiagatik, milagro bat eskatu zion bernardatxori. «Emakume ori agertzen den lekuan sasi-arros bat dagola esan didazu», esan zion nexkari; «zuaz bada, eta agindu zaiozu nere partetik emakume orri, eliza egitia nai badu, orain bertan sasi-arros ura loratu dedilla».

        Badijua Bernardatxo urrengo goizian goiz arkaitzera, parrokuaren agindua kunplitzera; jartzen da belauniko errosario santua errezatzen, millaka personaz inguratua; biño etzitzaion Ama Birjiña agertu. Triste asko gelditu zen nexka gaixua eta beste ez gutxire bai, eta fedegabe gaixtuak berriz parrez. Badakizute ordu artan zergatik etzen Ama Birjiña agertu? Berak esan zion gero Bernardatxori; bederatziak aldian juan zen Bernardatxo berriz ere arkaitzera; belauniko jarri zen eta laixter zeruetako Erregiña agertu zitzaion.

        Galdetu zion orduan bernardatxok, ia goiz artan zergatik etzen agertu, eta Ama Birjiñak erantzun zion aurreko gabian leku artan bertan biar bezela portatu etziran persona batzuek aurrian zeudelako etzela agertu. Arkaitz zulo artan batek biño geiagok gaba pasatzen zuten, urrengo goizian bernardatxoren aldian egotiagatik, eta ala zeuden bitartian Jaungoikua ofenditu zuten; eta Ama Birjiñak etzuen agertu nai izandu aiek aurrian zeuden artian. Baita ere esan zion orduan Bernardatxok Ama Birjiñari parrokuak zer esaktzen zuen, eta martiak parra-murritzian begiratu omen zion; agian etzela milagro arren biarrik esan naiko zuen; aski zela iturri berri bat lenago urik etzen lekuan sortua, eta iturri artako urak egin biar zituen sendatze miragarriak.

        Lurdesko gertaeren sona zabaldu zen bazter guzietara, eta ala alde guzietatik jendia besterik etzatorren. Erriko arrobi-gizonak ere agertu zuten Ama Birjiñari zioten naitasuna, jendiarentzat bide bat tiroka arkaitz artian egiñaz.

        Asi gaitezen orain milagruen gañian itz egiten; Lurdesko milagruak dira gure denboretan gauzikan sonatuenak; milagruengatik dijua jendia Lurdesara; Lurdesko milagruakin gure denboretan jendia konbertitzen da. Oraindik etziran iturriaren sortzetik iru lau egun besterik irago, eta alde guzietan milagruen gañian itz egiten zen; egia da jendiak milagrotzat zeuzkala egiazko milagruak etziran gauza asko; biño baitare egia da ez dirala gertatu diran egiazko milagro guziak liburuetan eskribitu, ez eta erdiak ere; eta ori Lurdesko milagruen gañian liburu asko eskribitzen diralarik. Guazen bada milagro batzuek ekustera.

        Istorietan lenbizikua, arrobi-gizon bati gertatu zitzaiona arkitzen da. Bazen Lurdesen gizon bat Luis Burriet (Bourriette) zeritzana, gizon biartsua, biño ona eta zuzena animako gauzetan; Jose bere anaiarekin arrobi batian arri ateratzen aritzen zen. Egun batian, bestien artian sutu gabe edo ez dakit nola gelditu zen tiro bat; sutu zen jendia lanian ari zala, eta Luisen anaia Jose bertan illa erori zen; Luis arri batek arpegian jo zuen, eta begi bat iya aterian utzi zion.

        Luzia izandu zen gaixo-aldia; eta mediku onen eskuetan ibilli bazen ere, Luisi etzitzaion egundaño begia ongi gelditu; Luisentzat, begi ona itxita, arbolak eta personak bat bera ziran. Irago ziran era onetan ogei bat urte; etorri ziran Masabiellko gertaerak; Luis, egunian biño egunian gutxiago ekusten zuelako, bere familiari biar zuena emateko estu samar zebillen; aditzen du nola Masabiellko arkaitzian milagroz iturri bat sortu den, eta beriala deiturik bere alabari esaten dio: «Iturri berritik ur pixka bat ekarri zadazu, bada uste dut ur arrekin bustita nere begia sendatuko dela».

        Ekartzen diote ura; oraindik arria zegon, bada ordu gutxi zen sortu zela; alaz guztiaz ere, asten da Luis errezatzen eta urakin begi galdua bustitzen; eta beriala, karraxi bat egiñik, dena dardaizan jartzen da; pozak au guzia eragin zion; bada lenago ezer iya ekusten etzuenak, orduan dena ekusten zuen; orra nola Ama Birjiñak arren errezu eta kofiantzari erantzun zion.

        Biaramonian Burriet Lurdesko kalia barrena zijuan, eta Dozu (Dozous) zeritzaion Lurdesko mediku bat igarotzen ekusi zuen; Jaungoikuak nai izandu zuen, milagrua egiazkua zela jekin zeiyen. Juan zen laixter aski berarengana eta esan zion: «Mediku jauna, begia sendatu zait». — «Bai zera, erantzun zion medikuak; zure begia egundaño ez da sendatuko». — «Bai, jauna, bai; ekusi beza; Masabiellen sortu den iturriko urak sendatu nau». Alderatuta begiratu zion Dozuk: Luisek begi bat bezin garbia zeukan bestia. Ateratzen du papera bat; eskribitzen ditu itz batzuek, eta «irakurri zazu» esaten dio Luisi, begi ona eskuakin itxita. Luisek berialaxe irakurri zuen dena; eta arritua Dozuk, inguruan bildu zen jendiaren aurrian esan zion: «Zuri bai egiazko milagro bat gertatu zaizula, bada munduan etzen zure begiarentzat sendagayik». Au bera esan zuen Vergez zeritzaion beste mediku sonatu batek ere.

        Bada Lurdesen beste famili bat Luis Burrietek biño gauza oraindik arrigarriaguak bere etxian ekusi dituena. Juan zuen izena senarrak, Kruz emaztiak; bazuten seme bat Justinoi zeritzaiona, bi urtekua, eta bere jaiotzatik miñez zegona; elbarria zelako zutik etzen egoten, eta, oso argaldua, laixter iltzera zijuan. Egun batian aurra siaskan zegon. Kruz eserita eta Juan siaska bazterrian; ezagutu zuten aurra iltzera zijuala. Jakindu zuen auzoko Franziska zeritzaion emakume batek zer gertatzen zen, eta gurasuak poztutzera eta premian zeudenai laguntzera etorri zen.

        Gurasuak esan dedan eran ziardutela, asi zen Franziska aurra iltzen zenian jazteko jantzia antolatzen. Krutzek, guzia naigabetua, etzekien zer gertatzen zitzaion, eta burutik egiña bezela zegon; alako batian altxatzen da, aurra siaskatik aterata mantalian artzen du, eta laixterka etxetik kanpora dijua, Masabiellko Ama Birjiñak bere seme maitia sendatuko diola esanaz. «Biño emakumia, nora zuaz, esan zion senarrak; ez dezu ekusten oraindik il ezpada aurra, zuk ilko duzula?». Biño ama gaixua, ezer entzun ezpalu bezela, bidian diadarka errezatuaz, iturri santura juan zen; batek biño geiagok esan zuen ura ekusita: «Burutik egiña dago andre gaixua».

        Belaunikatzen da Masabiellko arkaitzaren aurrian; eta pixka bat errezatuta juaten da iturrira, eta, jende asko begira zegola, ateratzen du mantaletik bere semia (ez dakit illik edo bizirik), eta bururaño iturri-bazterrian urez betia zegon aska batian sartzen du. Zenbat denboran iduki zuela urian esango zenukete? Gutxienaz ordu laurden batian, eta ori otz gogorra egiten zuelarik; osasun oneko gizon bat iltzeko ez litzake asko geiagoren biarrik. Biño emakume ark fede asko zuen; begiak zabal zabalik zituela, denbora guzian aurrari begira egondu zen; eta azkenian, iduriturik aurra an sendatzia gomeniko etzela edo ez dakit zergatik, ateratzen du uretik, biltzen du mantalian, eta an dijua etorri bezela laixterka etxera. Senarrak, aurra ekusi zuenian, esan zion: «Ez nizun nik esaten eskuetan ilko zitzaizula?». Biño ama gaixuak erantzun zion: «Aurra oraindik bizi da, eta Ama Birjiñak sendatuko du»; eta au esanik, siaskan jarri zuen bere seme maitia.

        Kruz aurraren bazterrian eserita zegon, sendatua noiz ekusiko ote zuen zai, eta , o gauza miragarria! aurrak esnasia bazuela ezagutu zuen eta lo zegola; deitzen dio senarrari, eta onek ere aurra lo dagola dio. «Utzi dezaiogun pakian», esan zuten beren artian, ekusiko dugu zer gertatzen den.

        Justino gau guzian lo egondu zen bein ere esnatu gabe, eta Kruz arren bazterrian erne asko; azkenian urrengo goizian esnatu zen aurra. Ai zer atsegiña ama gaixuarentzat! Koloriak ondu zitzaizkan, eta alde guzietatik sendatua zegolako itxura zeukan. «Jaiki egin ani nuke» esan zuen aurrak bein eta berriz; biño Kruzek etzion utzi, bada etzuen uste oso sendatua zegola; eta ala egun ura siaskan irago zuen eta urrengo gabare bai; biño bigarren egunian, nola Juan eta Kruz lanera etxetik atera baiziran, egundaño zutik norbaiten laguntza gabe egondu etzen aur ura, berez jeikitzen da, jazten da, eta an dijua bazter guziak nastuaz etxe guztia barrena; pensa zenezateke orain zer atsegiña eta zer poza artuko zuten guraso on aiek etxera etorri ziradenian, eta nola Maria Birjiñari eskerrak emango zizkaten.

        Aurra azi zen, eta osasun ederrekua ekusi zuen Lasserrek berak amabost urte zituenian, eta agian oraindik bizi da; orra zenbat lezaken Lurdesko Ama Birjiñak.

 

aurrekoa hurrengoa