www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bordel bertsularia
Juan Etxamendi, «Bordel»
XIX. mendea

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bordel bertsularia, Bordel (Jose Mari Satrustegiren edizioa). Auspoa, 1965

 

aurrekoa hurrengoa

ALDUDEKO KANTIAK

        (1864)

 

Kantatzera niazu

goguak emanik,

menturaz hobe nuke

ixilik egonik;

bainan ez naike egon

oraikuan nehondik,

suietak heldu zauzkit

bat bestiain ondotik.

 

Mila zortzi ehun eta

iru ogei eta

iru edo lauian

gertatu suieta;

oraino ez laiteke

anitz manifesta

holakorik gehiago

ez baladi gerta.

 

Elgarrez agradatu

bi presuna gazte,

horien amodioa

konsidera daike!

Baten aita eta ama

kontrario duzte,

holako afronturik

ez bai zuten uste.

 

Aita amek alabari

konseilu arina:

—Ezkontza bat ba dugu

zuretzat egina.

Harek barnian bai zuen

sendimendu fina,

amodiorik gabe

etzen atsegina.

 

Alabak errepostu,

gazte izanik ere,

borondate hunian

segurki alere:

—Nundik izan daiteke

hura ene jabe,

egundaino nihauri

itz bat erran gabe?

 

Behin errekontratu

beste anitz bezala,

uste gabeik halako

solasik bazela:

ene aita amekin

adiskide zela,

enekin ezkontzeko

arrañatia zela.

 

Errepostu eman nion

entzun bezain fite:

—Ene kargurik gabe

trankil egon zite.

Ni abisatu gabe

tratian ar zite:

arrañatu bazira

hekin ezkon zite.

 

Hara nola baitira

gau eta eguna,

anitz diferentzia

ikusten duguna;

nahi balin baduzu

unione huna,

nor berak xerka beza

aldeko laguna.

 

—Amodiorik gabe

ez naiteke esposa,

sekulakotz nindaike

orduan malurosa;

ene ixilik egin

dutenek ezkontza,

saldu nahi ninduten

animalen gisa.

 

Aitarekin lanian,

amarekin elizan,

presuna xinpliagorik

etzitaken izan;

auzokuek, esenplu hek

obedi nitzan...

itsasoz pasatzera

obligatu nintzan.

 

Adios, ama eta

aitari goraintzi!

Montebideora nua

biar edo etzi;

hango negoziuak

behar tut ikasi,

nola biziko giren

Jinko Jaunak daki.

 

Ene ama maitea,

ze emazte prudenta!

Alabaren medioz

etzitela inketa;

zuk bizitzeko bahuzu

behar den errenta,

eta ni Ameriketan

gaixo iñoranta.

 

Karta igorri nakon

ama nobliari,

zuzenaren amatxi

nahi zuen jarri;

ene xangrinatzia

ez da arrigarri,

erreposturik ere

ez baitaut igorri.

 

Mila mila goraintzi,

aita ama zuhurrak!

Ontsa gozazkitzue

Aldudeko lurrak;

egiten batuzue

kontratu makurrak,

nor berak jasanen tu

ondoko malurrak.

 

Zer sinifikatzen du

kontrako sasoinak!

Desagradable dira

munduko fazoinak;

plana justua eman

behar du gizonak,

eta partikularzki

herriko artzainak.

 

Gezurrik balin bada

bertsu berri otan,

norbaitek erran date

aizezko bidetan,

bada permisionia

ohore beretan,

publika ditzatela

Eskual herrietan.

 

aurrekoa hurrengoa