Txinpartak
Klaudio Sagarzazu

Loyola'tar Eneko Deunaren Irarkola, 1922

 

 

ARRAUNLARI ZAHAR BAT

 

              Arraunketako

              Eguna da-ta

Nunahi ikusten da gaur ostea

              Nere ondoan

              Berriz, geldirik

Dago aiton zahar arrantzalea.

 

              Bizarra eta

              Buruko ileak

Ditu elurra lez txit zuriak

              Larogeiren bat

              Urte ditu, bai

Lehen izandako arraunlariak.

 

              Arraunlariak

              Gizon bikainak

Indartsu hasi dira arraunean...

              Eta aiton zaharra

              Ezin egonda

Haruntz ta honuntz dabil kaiean.

 

              Aurretik aisa

              Dala ikusten du

Bere herriko ur-ontzi azkarra

              Ta alai ta pozez

              Begietara?

Etortzen zaio malko negarra.

 

              Ontziak eman

              Dute bai bira

Eta guztiak datoz txoil berdin...

              Aitona zaharra

              Isilik dago...

Ez du hitzik eiten ez inorekin.

 

              Bukaeran da

              Arraun jokoa

Ta aitonak oihu bat dio gogor

              Jo, mutilak, jo!

              Azkar, azkar, jo!

A... orain hor banengoke... ni hor...!

 

              Arraunak gora...

              Eta aditzen da

Bat bi hiru lau bost hamar... Hamahiru!

              Aiton zaharraren

              Herrikoak gaur

Aisa irabazi, besteak galdu.

 

              Bukatu da, bai

              Estropada ta

Aitona zaharra, gizon samurra

              Pozez dihoa

              Etxe aldera

Hortzak agertuz dario parra...

 

Txinpartak
Klaudio Sagarzazu

Loyola'tar Eneko Deunaren Irarkola, 1922