Txinpartak
Klaudio Sagarzazu

Loyola'tar Eneko Deunaren Irarkola, 1922

 

 

ESNATU GERA

(GERNIKAKO ZUHAITZARI)

 

 

                             Gernikako arbola

                             Da bedeinkatua

                             Euskaldunen artean

                             Guztiz maitatua.

                             Eman-da zabal zazu

                             Munduan frutua

                             Adoratzen zaitugu

                             Arbola santua.

                                                   Iparragirre

 

 

         Lehen antzinean

Gure asabak Bizkaiko herri

         Polit batean

          Haritz ederra

Zuten aldatu erakutsirik

          Euskal indarra.

 

          Haritza aldatu

Ta bere itzalpe gozoan eusko

          Jaunak alkartu

          Batzar bileran

Legeak egin ta erabaki

          Zintasunean.

 

          Gero azkarki

Agintz zuzenak zabaldu nunahi

          Ahal zan hobeki

          Euskal Herrian

Jakin zezaten zer gertatzen zan

          Beren artean.

 

          Nahi bezin ongi

Eusko semeak jaioterrian

          Ziraden bizi

          Beti berekin

Zuten zoruna... aitona zaharren

           Agintz haiekin.

 

          Horregatikan

Euskaldun bikain Iparragirrek

          Beldurra zeukan

          Haritza hiltzeko

Askatasunen ikurkora zan

          Bada, galduko.

 

          Haritz sendua

Oraindik zutik... hezea dago

          Ez da ihartua

          Bainan beraren

Azpian eusko semerik ez da

          Gaur bileratzen.

 

          Zertako degu

Haritza lege zaharrak betiko

          Ba ziran galdu?

          Zertako degu

Bere itzala, eusko jaunak hotzez

          Ba dagozte estu?

 

          Galdu baitziran

Lege zahar onak, galdu baitziran

          Zoritxarrean...

          Haritz gurea!

Ez egon zutik besten pargarri...

          Hil, hil, maitea!

 

          Ez, ez, Haritza!

Zaude zutikan badator ere?

          Gogor ekaitza

          Bihar egintzak

Behar dute izan Iparragirre

          Zanaren hitzak.

 

          Esnatu gera

Euskaldun onak, errukitu da

          Gure Jainkoa

          Zure itzalpean

Euskoak laister bilduko dira

          Zorionean.

 

          Behar dituzu

Zure adarrak oraindik gehigo

          Zabal luzetu...

          Jakin behar du

Ludiak, euskoen zuhaitz deuna

          Zeradela zu.

 

          Iparragirre!

Lo egin zazu orain arte egin

          Ez badezu ere

          Zure gogoko

Zuhaitz maitale kutuna ez da

          Inoiz ere hilko.

 

          Uste gabean

Laister batuko dira Haritzaren

          Itzal gozoan

          Euskotar jaunak

Ta zuzenduko dituzte lehengo

          Lege zahar onak.

 

          Haritz azpian

Batu euskoak ta erabaki

          Denak batean

          Gentz ederrean

Egitea anai-agur haundi bat

          Zure izenean.

 

          Esnatu gera

Euskaldun onak, errukitu da

          Gure Jainkoa...

          Zure itzalpean

Euskoak laister bilduko dira

          Zorionean.

 

          Behar dituzu

Zure adarrak oraindik gehigo

          Zabal luzetu...

          Jakin behar du

Ludiak euskoen zuhaitz deuna

          Zeradela zu...

 

 

                                           Urretxua’n Iparragirre zanaren oroitzaz

                                           egindako yaietan saritutako olerkia.

 

Txinpartak
Klaudio Sagarzazu

Loyola'tar Eneko Deunaren Irarkola, 1922