|
Parentesiak (etabar)
Huntza urdinduaren
azpian, zein itzal?
lorategi urbanoen
ertzean, zein landare?
zein itsaso
itsasoa estaltzen duen
zementu-hormaren atzean?
argia kamino ahaztuetan bakarrik
da aldakorra,
etxe eta billa zahartuen gibelaldean
porlanaren erraietatik sortutako
hatzaparraren loreak
publizitate balla utziak baino tristeagoko
euri guztien
eta udaberrien
memoria gordeaz
sensazio sekundarioen ahulezia
dutenak, isiltasuna dutenak
zein isiltasun?
Luzamenduzko heriotzatik
harresietan eraiki duten
etorkizunaren despreziotik
bizi direnak, zein babes,
zein magal?
bizitza bat eserita ikustekoa,
bizitze bat mutu entzutekoa,
gatazka guztietatik desitsasita
malko aukeratuen bilduma egiteko
zein oinaze?
itzalaren itzalak gutiziatzen duena.
Parentesiak (etabar) |