|
Parentesiak (etabar)
Zuhurtasunarenetik esan zidan
(eguraldiaren erraietan arratsalderik oparoena)
hitz aspertuak «zera», «ba dakizu»
arruntkeriak
putzuz betetako eguerdia,«ahaztu»
eta amor emateko orduan,
patxadarenetik
«zer moduz» (esan zidan)
nik Akuarium-aren argazkia buruan
(letra maiuskulaz ACUARIUM jartzen duen hori)
erantzun nezala (eta itsasoa)
dena arrazoiaren arau
baian ezin despedituak bultzatzen ninduen eta
ordubietako farolen dotoreziak,
nik ba nekien une oro bazkatzen dela
bere izen propiotik,
etxeetan zilarraren kolorea nagusi
eta tulipan faltsoak ere
polikiago zimelduko dira
argi habitualaren ertzetan, eguerdian
alegia,
eta «nahi duzun arte» esan zidan «nahi duzun bezala, bai»
ezer ez, alegia,
(betikoa)
hasiera guztietatik bazkatzen den amaiera.
Parentesiak (etabar) |