Parentesiak (etabar)
Joxean Muņoz

Hordago, 1984

 

 

landare perenneek

lehengo lurra badute ere

(:obalo bat

adokinatuz egindako zirkulo baten

erdian:)

loreek alaituko duten

kolore armonia basikoak

berdin badirau ere

(banda hori batez, eta

kolore berdea)

adokinatu grisen mugapeko

zirkuloaren erdian

palmondoari ukatu egin diote negua:

alanbre batez bildua

berotasun printzarik ttipiena ere

bizitzeko premiazkoa duen

epeltasunaren apurrik ere

gal ez dezan

euriari

eta enbatari

laino bioletaren atzetik sortu den

ekaitzaren indarrari

haize reptante honen malenkonia

eta tristurari

(euriari, euriari)

ukatua,

alanbre batez

epeltasun grado bakoitzaren angustiari

lotua

(adokinatuen erdian:

kresalak loreak baldintzatzen dituen

lur adokinatuaren

erdian:)

landare perenneek

lehengo kolore armoniari ajolagabeki

eusten dioten

bitartean.

 

Parentesiak (etabar)
Joxean Muņoz

Hordago, 1984