Izurri berria
—8—
Erabakia hartua neukan. Gauzak nola egin, hor zegoen untza. Maiz huts batek beste hogei ekarri ohi du katean. Inongo ertzik leundu gabe ez uzteko, burua pizkat nekatu behar.
Txema eta biok Irantzu hotelera urreratu ginenean, ez nindukeen kaskagorri sortu ninduen gure ama zenak berak ere ezagutuko.
Gezur ile, bizar eta bibote beltzak jarrita neuzkan. Betaurrekoak ere kolore berdinekoak.
Neure erropa-altxorbean aurkitu nituen jantzirik bikainenak erantsi nizkion soinari. Jakasakelan errebolberra gorde nuen.
Itxura hartan Gentzane eta Txemaren aurrean batbatean agertu nintzenean, haien bihotz-ikara!
—Lasai, gazteok. Ni naiz. Txema, Irantzu hotelean lantxo bat zeukeat. Nirekin etorriko al haiz?
Neure kezkatxoa neukan, baina baietz erantzun zidan.
Udako arrats beroa. Egun argiko sapatik ihes egiteko, etxepean egon den jendea, ilunean kanpora, ontzak bezala.
Rodriguez Arias kalean gazte-adineko-zaharrak gora eta behera. Ardandegiak gainezka. Sargoriaren eraginez grinak ere piztu egin ohi dira.
Ilargiaren puska bat zintzilikaturik zegoen Irantzu hotelaren aurreko edifizioan eta hotelean bertan goialdean argiak jauzika ari ziren leihoz leiho.
Sarrera oso dotore zen, asiar bitxikeriaz apaindurik.
Barrukoarekin oso ederki ezkontzen zen. Areto haundi hartan solairua, hormak eta mostradorea zurezko ziren, bai eta esertzeko erdi aldean zeuden aulkiak ere. Ertzetan velvet sofa batzuk. Sartu eta ezkerretara leiho zabal polikromatuak.
Eserleku guztiak beterik eta jende aunitz zutik erausian. Gehientxoak oso ongi jantzita. Erdi klaseko gizon-emakumeak; aberaskume batzuk ere bai. Askotxo berrogei urte ingurukoak.
Mostradore ondoan jarri eta kopa bana whisky eskatu genuen.
Berehala bi neska ondoratu zitzaizkigun.
—Gau on, adiskideok.
Hitz horiek esan zituena hogeitamar inguruko emakume potolo bat zen. Hanpatua ematen zuen eta aurpegia ortzadarra baino nabarmenago zeukan pinturaz. Begi zirolek mahatsaren fruituz ongi horniturik zegoela adierazten zuten.
Blusa zuri estua eta gorpuzkera betea zuenez gero, bularraldeak oso nabarmentzen zitzaizkion. Aurpegia gora jasorik zekarren, «hemen niagok, jan nazala nahi duenak» esaten bezala.
Laguna gazteago zen; ttikiago eta izutiago ere bai. Bere aurpegiak, kanposantuko liliak bezain zurbila, argizko kontraste bizian dizdiratzen zuen, ile gorri gorriaz (agian, gezur-ilea) inguraturik bait zegoen. Eder samarra eritzi nion, bere begi eze apalekin.
Zaharrak hitz egiten zuen bitartean, bera Txemari begira gelditu zitzaion. Gazteak bihozkide.
—Gau on, aingeruok! —bota nien zigarroa ahotik atera kealdi luze bat eginez—. Zer berri dugu?
—Berri oso onak, entzun nahi badituzue.
—Horretarako etorri gara. Baina berri onak entzuteko zutik egon behar al dugu?
—Eztarria ongi bustitzea gura baduzue, goian ba dugu toki edertxo bat.
Zaharra mintzatu bitartean, gaztea etengabe mutilari begira. Txema konturatu eta oso urduri zegoen. Begiei, galtzairuzko dizdira zerien.
—Goazen, hori besterik ez bada. Edari garestiegirik ez eskatu behintzat.
Emakume lodiak barmanari edariak agindu eta berari jarraitzeko keinua egin zigun. Albate bat ireki, handik sartu, itxi eta gure aurrean mailadia agertu zen.
Gora egin eta gelaz beteriko iraganbide batetara jo genuen. Haietako batetan sartu ginen, potoloak giltzez ireki ondoren.
—Haratx, hasteko edan egingo dugu, ez da?
—Zergatik ez?
Nahiko aldi onean nengoen.
Areto zabala zen. Leihoak itxiak, antzinateko mahai bat, eserlekuz inguraturik.
Txema lotsaturik zegoen. Bera konturatu gabe, urduriaren urduriz, soinari ezker-eskubitara eragiten zion.
Berehala agertu zen gazte bat, zortzi botila tiki garagardo, bi botila Codorniu eta lau edalontzirekin.
Hogeitabost urte jo nizkion, hortxe hortxe; bai argala, beztaka eta itsusia zela. Ilea, lakaz dizdiraka, hazpegi latz eta kriminaletan itxura zikina hartzen duen lasto-hori kolorekoa zuen.
Gorputz tikiak eta beste bati harrapatutako zirudien buru haundiak, modu farregarrian baturik, Drakulari ere barre eragingo zioketen.
Bere soin argala-baldarrari ez zegozkion jantzi bikain samarrak zituen: alkandora zuria eta lepo inguruan setazko zapi berdea.
—Aski al duzue edari hauekin?
—Bai, lasai ibili. Gehiago behar badugu, deituko zaitugu —esan nion kopeta zimurtuz.
Bake sainduan utzi zigun.
—Ederki, usoñoak. Gora gu eta umore ona! Garardoari ekingo diogu.
—Gora! —oihukatu zuen emazteki potoloak. Besteak irriño goxoa besterik ez zuen egin. Txema mutu. Zabaltzen hasi nintzen.
—Tira, Txema, egun ederra diagu gaur; beroari ihardokitzeko, garagardoa baino gauza hoberik ez.
Giroa alaitu egin zen, nire eta potoloaren aldetik behinik behin. Beste «usoñoa» isil samar zegoen eta noiz behinka zehar begiratuak egiten zizkion Txemari. Gixajoa Londresko Buckingham jauregi aurreko goardiak baino txordoago zegoen. Giro hura ez ezaguna zitzaion, beharbada.
Txepelkeriak esanez, bi botila Codorniuei ere pasada ona eman genien.
—Eta orain lanera, nor bere usoñoarekin.
—Ni ez —bota zuen Txemak bizi bizirik.
Bi neskek harriturik begiratu zioten.
—Baina, aingerutxo, hau al duzu lehenengo aldia? —bota zion potoloak.
—Lehenengo aldia edo milagarrena, nik ez dut gogorik eta kito.
—Ederki, gogoz kontrako langostak berak ere kalte egiten dik —gaineratu nuen nik—. Ehizea nik aukeratuko diat orduan. Hi, Txema, jaitsi hadi neska galant honekin behera eta igaro ezak denbora ahalik goxoen, nik usoño eder honekin arrumakada batzuk egin bitartean.
Potoloak furrustada bat egin zuen, baina nire begiratuan artabero usain guti zegoela ikusi zuen.
Aretotik atera eta neska gazteak lehengo iraganbidean zehar, ondoko gelatxo batetara eraman ninduen. Ezkerreko gelan barre eta ahasperapen hotsak.
Gela txiki, estua zen. Ohe bat eta bi aulki, besterik ez. Hormak —leihokoa ezik— urreztaturiko burdinetatik ia solairuraino zintzilikaturik zeuden oihal lodi gorriek estaltzen zituzten.
Neskatxa erantzi egin zen eta ni ere bai. Gorputza ongi miatu nion baina nik bilatzen nuenaren arrastorik ez.
Gero berriz ere bete zen aspaldi Libro de Buen Amorean idatzirik dagoena, neskatxa guzietan txikiak direla hoberenak, alegia.
Gelatik irten aurretik, musu eman eta lepoan besoa ezarri nion, goxoki esanez:
—Orain, usoño, mesede txiki bat eskatu behar dizut.
—Zein mesede?
—Orain dela hilabete bat —bota nion—, hotel honetan berton beste neskatxa bat ezagutu nuen. Oso aldi ona igaro genuen elkarrekin eta oparitxoa ekarri diot.
Holako kinketan oso mesedegarri izaten zaidan gezurrezko diamante bat atera nuen sakelatik, bere kutxatxo eta guzti.
Neskatxari begiak haundi haundi egin zitzaizkion.
—Hori gauza ederra!
—Neskatxa horri eman nahi nioke.
—Zein neskatxa da?
—Egia esan, izenik ez dakit, baina haren erretratoa ba daukat.
Goizean egindako argazkia erakutsi nion.
—Kuka! —ustekabean itzuri zitzaion.
—Bai, horixe. Izen hori esan zidan. Hemen al dago?
—Bai, hor nonbaiten ibiliko da; orain ordubete edo hotelean ikusi dut; bezeroren batekin egongo da, doike.
—Mesede hori egingo bazenit. Bilatu eta esan, lagun batek eskuerakutsia egin nahi diola. Eskura eman nahi nioke.
Neskatxa zalantzatan eta pizkat inbiriz gelditu zen.
—Ematea besterik ez da. Ba liteke hurrengoan zuri ere holako bitxiren bat ekartzea. Orain, behintzat, tori zeuretzat bost mila pezeta eta beste hiru txanpagnegatik.
—Zer zara bada?
—Bitxiak saltzen iharduten dut. Bestela dendetan ikaragarri garesti diren apaingarriak nahiko merke erosten ditut.
Neskatxa piztu egin zen.
—Ederki. Oraintxe noa. Onena barmanari galdetzea. Nor non dagoen horrek jakiten du ongien.
—Eskerrik asko, usoño. Ez duzu damutuko niri mesedetxo hau egina. Neure dirutxoak zu bezalako katutxoekin gastatzea gustatzen zait niri.
Neskatxa ate ostean izkutatu zen. Golden Lights bat piztu nuen eta zain gelditu nintzen, zer gertatuko ote zen.
Izurri berria |