Izurri berria
Gotzon Garate

Bilbo Aurrezki Kutxa, 1982

 

 

—5—

 

        Hamaikak laurden gutxiagotan Madariaga kalean nengoen, erdimoduko edifizio berdexka baten aurrean.

        Neurekin Instant Camera, SX-70 Sonar One Step erretratatzeko makina nuen.

        Goragailuz hirugarren bizitzara igon nintzen.

        Atea jo orduko, emakume gazte samar bat atera zitzaidan.

        —Ongi etorria, Zumeta jauna.

        —Zu al zara atzo Hotel Ertzillara deitu ninduzuna?

        —Bera.

        Aurrez aurre bere ahotsa telefonoz baino askoz atseginago zen.

        —Zeredozer edango al duzu?

        Ez nintzen edan zaharra.

        —Zeredozer ez; gauza onik baduzu bai.

        Neskatxak begirada urduritsua egotzi zidan. Haritz alasa motz batetara hurbildu zen.

        —Bell's Extra Special edo Polignac daukat.

        —Goizean nire sabela bizkortzeko Polignac askoz hobea.

        Bere begi urdinek ziren baino haundiago ematen zuten, begizulo sakonetan sarturik bait zeuden, betile luzez inguraturik. Ba zuten emakumeetan maiz oso liluragarri izan ohi den melankonia enganiatzailea.

        Esku ongi dibujatuak zeuzkan, baina beteak eta zangoak, gonaren azpitik agertzen zenetik epaituz, motz eta potol samarrak.

        Jantzi oso dotoreak izan arren, haren azpegietako pintaketa nabarmenak eta batez ere haren ingresti eta ibilkerak Eva erorien (edo goratuen) lanak salatzen zituzten.

        —Dolores Petrirena ezagutzen al zenuen?

        Nire ondoan eseri zen.

        —Bai, ongi ezagutu ere. Elkarrekin lan egiten genuen.

        —Zein lanetan?

        Neskatxa une batez zozotxo gelditu zen.

        —Azafata ginen.

        —Biltzarretan?

        —Biltzarretan eta sekretariazkoetan ere bai, noiz behinka.

        —Elkarrekin bizi al zineten?

        —Bai.

        —Non?

        —Hemen berton.

        —Noiz ikusi zenuen azkenengo aldiz?

        —Hila aurkitu zuten bezperan. Goizean kalera atera zenean, agur egin zidan. Gauean ez zen agertu; ez nintzen axolatu, baina, gaua maiz igarotzen bait zuen kanpoan... lagunekin. Gero biharamunean...

        —Zenbat denbora egon zineten elkarrekin?

        —Sei hilabete, uztailetik hilbeltzera arte.

        —Lehenago non ibili ote zen?

        —Ez jakin.

        —Zergatik hil zutela uste duzu?

        —Maite kontuak izan ziren, ia ziur.

        —Ze kontu?

        —Dolores mutil batekin ibiltzen zen. Azken aldian, ordea, utzi eta beste batekin hasi zen. Lehenagoko mutilak ez ote zuen garbitu beldur naiz.

        —Zein mutil zen hori?

        —Mutil gazte bat zen, erdalduna bera.

        —Non bizi zen?

        —Ez dakit. Mutil itsusia eta gaiztoa iruditzen zitzaidan.

        —Eta geroago maitemindu zen beste mutil hori?

        —Bikainago zen, baina aurrekoa baino bakanago ikusi nuen. Doloresek berak berriarekin oso mindurik zegoela esan zidan.

        —Eta Doloresen droga hartze hori?

        —Ze droga?

        —Heroina.

        —Doloresek drogarik hartu?

        —Bai, hilik aurkitu zutenean, besoak ziztadaz beterik eta odolean heroinaren hondakinak zituen.

        —Ez nekien.

        —Berarekin batera bizi eta drogazale zenik ez al zenekien?

        —Ez. Nire aurrean ez zuen inoiz drogarik hartu. Larrugorriko gezur haiekin gauza argirik ez nuela aterako garbi zegoen.

        Ze arraiotarako deitu ninduen orduan? Niri ez zidan horren erraz adarrik joko.

        Ezertarako astirik eman gabe, sakelatik polaroidea atera eta erretratoa egin nion.

        —Zer egiten duzu?

        —Film berri bat egiteko artisten bila dabiltza eta zu ere ea hartzen zaituzten.

        Oso haserretu zen, baina hor konpon bere haserrea. Agur eginez alde egin nuen gelatik.

        Behera jautsi eta atarian zegoen emakumeari, arextian neskatxari egindako argazkia erakutsi nion.

        —Ezagutzen al duzu neskatxa hau?

        —Bai, noizean behin hona etorri ohi da.

        —Nola noiz behinka? Ez al da, bada, hemen bizi?

        —Ez. Noizean behin etorri ohi da hirugarren bizitzan bizi duen laguna ikustera.

        —Non ote dagoen lagun hori?

        —Ez dakit. Atzo arratsaldean hemendik igaro zen gorantza.

        —Eta beste neskatxa hau?

        Dolores Petrirenaren erretratoa erakutsi nion.

        —Hori ez dut sekula ikusi.

        Berriz ere Ertzillara.

 

Izurri berria
Gotzon Garate

Bilbo Aurrezki Kutxa, 1982