Izurri berria
—6—
Ertzillara heldu orduko, atezainak mutil bat zain nuela esan zidan.
Martini edaten ari zen. Bera hurbildu zitzaidan.
—Haritz Zumeta?
—Bai.
—Ni Txema, Gentzane Apalategiren neba.
Kuadrozko alkandora, Bizkai prakak eta plaiera zuriak zeuzkan jantzirik.
Mutil atsain musu gorri, kotor, begi zurbil-maltzurgabe, sudur kako, okots irten-erabakitsua, ile berats, sorbalda zabal bat zen.
Mazarredo kalera aldatu ginen. Gentzane zain genuen eta bazkari ona ere bai.
Bizitegia iraganbideak bi zatitan banatzen zuen ezkereskubi. Sartu eta eskubitara jantoki-egontoki haundi samarra. Haren ondoan lo gela. Gela huraxe eman zidaten niri.
Ba liteke lehenago han Gentzane egotea, kajoietan neskatxen aldagarri eta jantzi asko aurkitu bait nituen. Ezkerretara lehendabizi sukaldea, lo gela batekin elkarturik, denetan kaxkarrena. Hor egiten zuen lo Gentzanek ni etxean egon nintzen egunetan. Haruntzago, hura ere ezkerretara, komuna eta Txemaren gela. Iraganbidearen muturrean dutxategia.
Bizitegia berria ez, baina oso garbia zen. Errediza gutti.
Gentzanek gertatu zigun bazkariari «gailen» nota eman nion, bera jatun mixkina agertu bazen ere.
Jarri zituen entsalada, Wishbone French gehigarriz gantzutua, patatak Nafarroako erara, okela errea eta budina, zein baino zein hobeago zeuden.
Sabela zamatuenik, arima arinenik dagoela esatean zuzen zebilen gure aita zena. Pozik nengoen Ertzillatik aldatu nintzelako.
—Zer moduz gaurko zure bilaketak? —galdetu zidan neskatxak.
—Zenbait itzulinguru egin dut; gauza haundirik atera ez, baina.
Mutila arreba baino askoz isilago zen. Hagitz arraxa, halere.
—Haitz, Txemak lehentxeago esan didana zuri esaten ausartuko naiz.
Gauza txarra adierazi ohi dute holako berriketek.
—Bota!
—Txemak oporretan dagoenez gero, oso pozik lagunduko lizuke zure azterlanetan.
Ez nengoen eskaera horretarako gerturik eta amorraldiak eman zidan. Neskatxak bere etxera etortzeko eskaintza asmo horretan egina zen, apika.
—Baina, benetan ari al zarete?
—Jakina baietz!
—Zuri laguntzeko gerturik nagoela esan nahi dizu Gentzanek —bota zuen nebak toteltxo—. Niretzat oso kilikagarri, oso, izango litzateke zurekin batera lan egitea.
Zorrotz begiratu nion Txemari. Mutil gihartsu zen, bai. Ezbeharren bat gertatzen bazitzaion, ordea, errua nire bizkar. Bestalde, Bilbo nik baino hobeto ezagutzen zuenez gero, haren laguntza mesedegarri gerta lekidake.
—Txema eskaladan oso trebea da. Soldaduzkan ere sail horretan ibili da. Bizkaiko Federazioan onenetakoa dela diote.
—Nire lanean eskaladaren beharrik ez da izaten.
—Bere kotxean noranahi eramango zaitu. Denbora moztuko dizu.
—Hots, ontzat hartuko dut zuen eskaria; baldintza batekin, ordea.
—Bai, esan.
—Neskatxa horren hiltzailea aurkituz gero, milioi saria biontzat izatekotan.
—Tira, Haitz! —eten zidan arrebak—. Sinets egiguzu. Guk ez dugu horregatik hori esan. Ezin dugu baldintza hori onartu.
—Orduan ez dago nirekin lan egiterikan.
—Hara, hara, zergatik ez dugu diru kontua gerorako uzten —esan zuen nebak niri begikunde adiskidetsua eginez—. Has gaitezen lanean eta gerokoak gero.
—Ez, haseratik gauzak garbi esatea komeni da.
—Begira, zure baldintza hori onartzen dut. Hori bai, nik milioi erdi horrekin zer egingo dudan, hori neure kolkoan uzten dut.
—Kolkoan baino, Aurrezki Kutxan sartzea hobe.
—Zer egin behar dugu orain?
—Bazkalondokoa nik behintzat.
Horrela egin nuen. Artean nondik jo ez nekien eta loaldiak, burua sendatu ez ezik, argitasuna ere maiz ekarri ohi dit niri. Beste askori ere gauza bera entzun diet.
Izurri berria |