Izurri berria
Gotzon Garate

Bilbo Aurrezki Kutxa, 1982

 

 

—12—

 

        Biharamunean (osteguna), goizeko hamarretan, Txema etorri zitzaidan logelara.

        —Telefonora!

        Mentxakaren ahots pausatuak agurtu ninduen.

        —Kaixo, Zumeta jauna. Txantxetan iharduteko gogorik duzula ikusten dut. Seinale oso ona. Nik, berriz, jolasetarako astirik ere ez dut izaten.

        —Horrenbeste diru eta atseginetarako betarik ez!

        —Egia esan, niri jendearekin onez onean ihardutea gustatzen zait.

        —Ez dut dudarik jartzen. Garbitu dituzuen bi neskatxek horixe esango lukete.

        —Berriz ere zeure asmazio horiekin! Ez naiz sartuko holako berriketan. Gure agenda hori behar dugu.

        —Ez duzu eskuratuko.

        —Oraintxe ekartzen badidazu, ez zaizue ezer txarrik gertatuko.

        —Ez kezka; geure buruok zaintzen ba dakigu.

        —Zeuk ikus. Laster damutuko duzu on beharrez esan dizudana, aintzakotzat hartu ez izatea. Sarri arteo.

        Eskegi egin zuen telefonogailua.

        Larri samar jarri nintzen, neskatxak hiltzeko gai zenak, mehatxuak alferrik egingo ez zituela agerian bait zegoen.

        Haseratik susmo txar bat bururatu zitzaidan, ordu bete baino lehenago egia bihurtu zena.

        Telefono zintzarriak jo eta nire larritasunez kutsaturik zegoen Txemak jaso zuen brastakoan.

        —Zuretzat.

        —Haitz Zumeta?

        —Bai

        —Zer moduz osasunez?

        «Zapelaitza»ren ahotsa zen. Ixekaz eta gorrotoz nahasirik zetorren ez dakit nik nondikan.

        —Neskatxa ederren inguruan ibiltzen zara, e?

        —Ahal dudan guztietan.

        —Zorionak! Holako bat hementxe daukagu, bada. Zu oso maite zaituela iruditzen zait.

        —Ba liteke.

        —Zeuk ere ba liteke Gentzane Apalategi pitiko bat maite izatea, ez da?

        Amorrazioaren amorrazioz listuak ia gainezka egin zidan ahoan.

        —Beti iruditu zait neskatxa oso jatorra.

        —Laster, ordea, hilerrian ikusi beharko duzu.

        —Ez dut ezetz esaten.

        —Agendatxo bat ekartzen ez badiguzu behintzat.

        Txema barruntatzen hasi zen zein lorretan ari nintzen. Nire sudurzapia baino zuriago egin zen, dardarak mende hartzen zuela.

        —Zuek daukazuela nola jakinko dugu?

        —Oso erraz.

        Urrats batzuk entzun ziren eta gero zotin itoak.

        —Haitz!

        —Gentzane! Ondo al zaude?

        Ez nuen erantzunik jaso. Bahitzaileek urrundu egin zuten, nonbait.

        —Sinesten al duzu orain?

        —Hauxe sinesten dut: Neskatxa horri kalterik egin eta Mentxaka zuen jaun zerri horrek eta zuk larrutik nozitu beharko duzuela.

        —Nik ez dut delako Mentxaka edo Matxaka hori ezagutzen. Neskatxa hau horren maite duzula ikusiz, ordea, oso pozten naiz.

        —Entzun berriz: hobe duzu horri makurrik ez egitea, bestela, hilobi berean dauden gure aitamen izenean, garbituko zaitudala zin egiten dizut.

        —Laster hartzen dituzu gainak, Zumeta. Ez ote da errazago zuk guri agendatxo hori eman eta guk zuri neskatxa polit hau?

        —Halaxe uste dut nik.

        —Orduan onena oraintxe guregana etortzea.

        —Non zaudete?

        —Igorre igaro eta hiru kilometrora, bide ondoan eskubitara, etxe zahar bat ikusiko duzu. Hantxe aurkituko gaituzu. Ez ahaztu agenda hori.

        —Ez.

        —Eta zeu bakarrik etorri.

        —Neu bakarrik. Ez ihardun, baina, ume jokoekin. Nik agenda, neskatxa ikusiaz gain emango dizuet.

        —Ongi da. Poliziari ez gaztiga. Azken denboretan neskatxak errazegi hiltzen dira bazterretan eta.

        —Bai eta espetxeetan eraileentzat gero eta toki erosoagoak egiten ari dira.

        —Laster arte, adiskide.

        Txemari begiratu nion. Aurreko zurbiltasuna berun kolorea bihurtu zitzaion, aurpegi azala tira tira zuela.

        —Zer gertatu da?

        —Zerri horiek Gentzane harrapatu diate.

        —Nork?

        —Mentxakaren zakurrek.

        —Non?

        —Eztokiren batetan. Ongi omen zegok. Agenda behar omen diate.

        —Emango al diezu?

        —Zalantzarik gabe. Zor edo lor Gentzane askatu egin behar diagu. Gero emango zieagu merezi duten ordaina. Ba nihoak.

        —Lagunduko zaitut.

        —Ez. Neu bakarrik joan behar nauk.

        —Utz iezadazu zeurekin joaten.

        Gaizkileek esandakoa azaldu nion. Beste arrazoi bat ere ba nuen, berari agertu ez banion ere.

        Txemaren nerbioak etenean zeuden. Holako larriunetan, ordea, inoiz baino gehiago, nork bere burua eta zainak mende eduki behar zituen.

        Amorraturik eseri egin zen aulki batetan, eskuak antxumaturik eta burua makur.

        Egoera hain larria eta zerua halere urdin. Gaiztaginak esandako tokira, deabruak sudur mizpiretatik tiraka banitu bezala joan nintzen. Txemaren R8-n.

        Ordu erdian iritsi nintzen bahitura etxera. Begiratu baten hura izango zela igarri nion.

        Arkupe oso bikaina zeukan etxetzar zabala zen. Teilatuari, gailur zura erditik puskatua, bizkar erdian zauritu egin duten pistiaren antza hartu nion, teilak harat honat nahasian barreiaturik eta lata-soiluneak agertzen zitzaizkiolarik.

        Errekasto isil garbi batek oinak milizkatzen zizkion urubeari, etxea melankonia dardartiz jantziz.

        Ingurumarietan sortu berriak ziren haritz saprastak, larrak eta asunak utziaren eta bakarraren ikutua areagotzen zioten.

        Atea, haundi zabar-usteldua, aldaba konkor herdoitua zuena jo eta berehala betaurre beltz, bizar-bibote usuak eta buruan anorakaren txanoa sarturik zeukan gizon luze, edonor bildurtzeko bezalakoa azaldu zen.

        —Bakarrik etorri al zara?

        Hitza jaulki orduko «Zapelaitza» zela konturatu nintzen.

        —Bai.

        Mesfidantzazko keinua egin zuen.

        —Agenda ekarri al duzu?

        —Neskatxa hemen al dago?

        —Laster ikusiko duzu.

        Mailadian gora igon ginen. Hormak urratuak eta zurajea ustel samarra egon arren, etxeak garai batez oso bikaina izan zela nabari zuen. Harri landuek eta zurrun apainduek aitonen semeen egoitza salatzen zuten.

        Bigarren bizitzara ilunpe bizian igon eta areto zarpail batetan sartu ginen.

        Are zaharkituago zegoen. Solairuko ohol bakoitzak bere gainbehera eta karraxi berezia zuen, nahigabe pertsonal eta berezko batek sortuak bezala.

        Gelagaina itukinen lanez puskatua zegoen. Leihoek, berriz, egur zantarrez itxiak, argi izpi maxkal batzuk zirrikuetan barna sartzen uzten zituzten. Bazterrean egunkari batek, erdian zati urratu-ustu batekin arrausi bat zirudiela, gelaren zikina nabarmenagotzen zuen.

        Aretoaren erdi erdian ezezagun zitzaidan beste gizon bat begiztatu nuen.

        Aurpegi pikona zuen, azpiko masaila goikoa baino atzerago, mutur zorrotza, azal berdeska, bibotea zirriborratua bakarrik. Begi arre-ezkel basatiek, mendebaleko lainoak bezalakoak, begikune ausarta ematen zioten.

        Zail haren adina esaten. Zahar antza zuen gaztea edo gazte itxuraz jantziriko zaharra ote zen. Praka plantxatu berriak, alkondara zeru-urdina, ante antzeko kazadora, maiztxoa baina garbia zeukan.

        Ezkerreko eskuan 6 1/2 Colt bat, muturrez aurrera, gora eta behera zerabilen, ikusezinezko fantasma bati bizkarraldean azka egiten bezala.

        —Agenda? —esan zidan mutur beltzarekin.

        —Neskatxa?

        —Erakutsi lehenago agenda!

        —Inola ere ez.

        Han bera zela nagusi berehala antzeman nion. Solastu bitartean, «Zapelaitza»k zakur baten seriotasun eta zintzotasunarekin entzuten zion.

        —Zatoz. Hementxe dago.

        Ezezaguna nire aintzinetik atera zen, ni haren ondotik —hura izan zen nire bizitzan egin dudan hutsik haundienetako bat— eta atzetik «Zapelaitza».

        Gerozkorik ezer guti dakit. Buruan zaldiak ostikada eman izan balit bezalako kankarrekoa hartu nuen. Errezilgo sapaiak zapaltzen ninduela iruditu zitzaidan gero eta azkenean laino ilunak irentsi ninduen.

        Ez dakit zenbat segundu edo minutu egon nintzen ezaguerarik gabe. Kaskatako ederrak harturik nago; haren antzekorik guti. Ez dut uste, halere, zorabioak oso luzaro iraun zidanik.

        Konortera nintzenean, gauzak lehenbailehen egin behar zirela eman zidan senak. Indarra poliki poliki etortzen ari zitzaidan eta ziraldoka, burua momorrotua, ezkerretara jo nuen, ikusi gabe neuzkan bi geletara.

        Lehengoan zegoen Gentzane, ondo gorrilardatsean etzanda, burua onborki baten gainean, karea baino zuriago.

        Erotua bezala hurbildu nintzaion. Zentzua galdurik zegoen. Pultsua hartu nion. Oso ahul, baina artean mugitzen zen.

        Bizkarrean hartu eta hordiak iragana bezala, ahal nuen moduan mailadian behera jo nuen eta gero kanpora.

        Berrehun metrora, ia kotxearen ondoan nengoela, blastada izugarria entzun zen eta uhin-oldarrak lurrera jaurti gintuen.

        Etxeak infernuko arima zirudien dena garretan. Bi minutu geroago eta gureak egina zukeen.

        Gentzane kotxean atzeko eserlekuan sartu eta Bilbora jo nuen, ahalik abiadarik larrienaz, inongo semaforo eta ezaugarriz arduratu gabe.

        Orduan nik sufritu nuena! Gentzane hilgo ote zen! Noiz behinka ispilutik begiratzen nion. Mugimendurik ez.

        Hura larria! Itxaropena, etsipena, gorrotoa, bengantzaren oihuak sorginaizeak hartuak bezala zirimol erogarrietan altxatzen ziren neure buruan. Huraxe zen bihotz-barren guztiak jiratzea!

        Joanaldi horretan mundua mundu denetiko denbora guztia pilaturik zegoela begitandu zitzaidan. Bai bide joria! Neure azkar joanbeharrean, ia beste kotxe bat ere muturrez mutur jo nuen.

        Azkenean iritsi nintzen Bilboko Crucesetara. Neskatxa besoetan hartuta sartu nintzen. Jende guztia guri begira.

        Zuriz jantziriko lehenengo gaixozain edo nik ez dakit nori brastadakoan esan nion:

        —Neskatxa hau hiltzorian dago. Non da hemen medikurik?

        Amen batetan joan zen atezainarengana eta hark abisua eman.

        Nik nahi baino beranduago agertu zen medikua. Andaragilak ekartzeko agindu zuen. Ni amorratzen. Ukabilkada bat hortz hortzen emateko egon nintzen.

        —Zer andaragila eta zer maratila! —esan nion. Neuk eramango dut behar den tokira.

        Ez zidan kasurik egin. Nonbaitetik agertu zen ohetilan hirugarren bizitzara igogailuz jaso eta «Ardura berezia» gelan sartu zuten.

        Ni ezin barrura sartu.

        Kanpoan egon nintzen ordu erdiz edo zain, larri baino larriago. Ezin eseririk egon. Nahigabe bizian ezker eskubitara joanetorri batetan egon nintzen. Hura ondoeza! Bizirik aterako al zen? Neskatxa hura hil behar zenik ezin nuen sinetsi. Etsipenak olagarro erroekin hartzen ninduen aldika.

        Noizbait ere agertu ziren sendagile eta neskatxa gaixozain bat.

        Beraiengana hurbildu nintzen.

        —Orain sartu berria den neskatxa horren senidea al zara? —galdetu zidan osagileak.

        —Bai, neba- esan nion. Ez neukan berriketa gogorik. Nik ez dakit zergatik, sendagile hari ere pozik zanpatuko niokeen sudurra bekokia baino zelaiago utziz.

        —Hil egin da.

        Minaren minez ezin nuen sinetsi.

        —Hil?

        —Bai eta neba zarenez gero, egia esango dizut. Heroina neurriz gain hartuta.

        Oinazeak oldartu zidan, arima ito eta ilunez beteriko zuloa ireki izatearen sustraiondoetan.

        Ez nituen gehiago begi eder haiek mugitzen ikusiko. Ez nuen Gentzane, aingeru eder haren ahots ezti-maitakorra berriz entzungo. Niretzat izan zitezkeen ezpain haiek laster harren janari.

        Erotzeko unea, tiroka hasteko egarria, bazter guztiak txikitu eta zehatzeko oldarra.

        Ondoan neukan aulki baten erori nintzen. Eskuez aurpegia estali eta haurra banintz bezala nigar-zotinari eman nion.

        Gure ama zena hil zenetik ez nuen nik nigarrik egin. Une hartan nire ariman zeredozer urratu egin zen, sekula osatuko ez dena.

        —Nora eraman nahi duzu gorpua? —galdetu zidan sendagileak.

        —Oraintxe berton etxera.

        —Gaixokotxean eramango dugu.

        —Ze gaixokotxe eta zer arraio! Ze axola zaio bada hildakoari Mercedesean edo gurdian joatea?

        Hobe zenukete gaixoen ardura hil aurretik hartzea. Neuk eramango dut etxera. Erats ezazue andaragilaz sarreraino.

        Nire hitzetan txantxa usainik ez zegoela ikusi zuten. Gorpua behera erasteko agindu zuen sendagileak. Berriz ere neure kotxeko atzeko eserlekuan ezarri eta etxera. Besoetan hartu eta goragailuz geure bizitzara.

        Zintzarria jo nuen, Txema etxean ote zegoen jakiteko. Berak ireki zidan atea. Arreba nire besoetan ikusi eta hila zegoenik ez zion igarri.

        —Zer gertatu zaio? —geldetu zidan kezka bizitan.

        —Ondoeza. Laster da ongi.

        Poliki poliki egia entzuteko gertatu nahi nuen. Ez nintzen, ordea, orduan behar zen teatroa egiteko gai. Dena nahasirik eta atzekoz aurrera atera zitzaidan.

        —Haitz, esaidazu egia!

        —Oso gaizki dago. Ez dakit onik aterako ote den.

        —Goazen gaixoetxera —oihu egin zuen madarikazioaren doinuz.

        —Beranduegi dela uste dut.

        —Zer, zer da berandu? —galdegin zidan etsipen beldurgarriz.

        —Txema, hila da.

        Gentzane bere gelara eraman, ohean ezarri eta Txernarengana itzuli nintzen. Zutik zegoen, besoak hormaren kontra aurpegi aurrean guruzturik.

        Neure besoetan estutu nuen, haurra balitz bezala. Hark egin zuen nigar samina, etsia, edozeinen arima puskatzeko bezain barnekoia, nire minarekin batu zen.

 

Izurri berria
Gotzon Garate

Bilbo Aurrezki Kutxa, 1982