Izurri berria
Gotzon Garate

Bilbo Aurrezki Kutxa, 1982

 

 

—1—

 

        Martin Casajusek Donostiara telefonoz dei madarikatu hura egin zidan ostiral sargoritsu hartan emakumerik eta lanik gabe nengoen, aspalditxoan gainera.

        Croniren «The Citadel» irakurtzen ari nintzen, zangoak mahai gainean nituela eta zangoen ondoan botila bat Seagram's erdi hustua eta edalontzia betea.

        —Haitz Zumeta.

        —Zer moduz, motel?

        —Ederki... baina nor zara?

        —Tira, lagunak ez dituk ezagutzen?

        —Hara, Martin.

        —Bai, motel, zer moduz hago?

        —Oso ederki. Beharrezko oporretan.

        —Hi bizi haiz, hi, saiak baino hobeki.

        Ramon Casajus Bilboko hilketa poliziaren burua zen. Gizon jatorra, beti irribartsu bere setter aurpegiarekin, buruargi bezain odolotz, gehienetan behintzat.

        Bizpahiru alditan heriotze kontutan elkarrekin lan egitea gertatu zitzaigun eta nik ez dakit zergatik, haseratik begi onez hartu ninduen.

        Agian, kokotetik gora nazkatzen naizenean edozeini lau hortz ateratzeko gauza naizelako edo.

        —Hi, nahi baduk, ba diat hemen hiretzat lan egokia.

        —Zein lan?

        —Oroitzen al haiz urtarrilean Lekeitio ondoko zimaurtegian neskatxa baten gorpua aurkitu zutela?

        —Zeredozertaz oroitzen nauk.

        Gertakari hartaz nik nekiena edozeinek irakur zezakeen egunkari eta aldizkarietan. Luis Armendaritz eskalea, hortik bizi zen eta egunero bezala Lekeitio ondoko Nabarmizko zabartegian hondakinen bila zebilen goiz samar.

        Lasterka ibili ere, hamarretan Bermeoko labera eramateko kamionak etorriko zirena ba zekien eta.

        Beti aurkitzen zuen zer edo hura, txatarra, errediza zaharren bat, bestetan jana, ogi puska ederrak ere bai eta ia beti aldizkariak, gero igandeetan Bilboko Rastron, Santanderko estazioaren azpian saltzen zituenak.

        Urtarrileko egun muxin hartan zoriak lagundu egiten ziola ematen zuen. Burdin uztaiez hornituriko zimaurbarrikaren antzeko batetan plastikozko zorro zuri haundia aurkitu zuen.

        Zorroaren muturra barrikatik gora agertzen zen, soka beltzez loturik. Eskaleak labana atera eta bizpahiru zaztadaz urratu egin zuen zorroa.

        Ahoa zabal zabalik egin zuenean, harrituxe gelditu zen lehenengo begiradan. Itxuraz, harakin batek utzitako hezurrak eta okela puskak ziren.

        Zehatzago begiratu, ordea, eta dardara batek astindu zuen goi eta behe. Pusken artean esku bat. Bai, esku bat eta azazkal fin gorri pintatuekin, gainera. Emakume batenak, noski.

        Eskalea gauza harrigarri aunitz ikusten ohiturik bazegoen ere, ia zorabioak jo zuen.

        Polizia abisatu eta bertaratu zenean, neskatxa baten gorputz osoa aurkitu zuen.

        —Hara gauza harrigarria! Gaur Bilbo Aurrezki Kutxako zuzendariak deitu egin naik. Milioi bat pezeta jarrita omen zeudek, neskatila horren hiltzailea aurkitzen duenarentzat.

        —Aurrezki Kutxakoak hiltzaileen atzetik?

        —Ez, motel. Aurrezki Kutxak ez dik hori jartzen. Ezezagun batek eskaini omen dik diru hori, bere izena gorderik. Hirekin oroitu nauk.

        —Eskerrik asko!

        —Heuk niri egindako mesedeak nolabait ere ordaindu behar. Zer, hartuko al duk?

        —Gaizkilea harrapatu ere egin behar al da?

        —Ez. Horixe galdetu zioat neuk ere. Hiltzailea nor den aurkitzea aski duk.

        —Ez zegok gaizki.

        —Onartzen duk, orduan?

        —Bai.

        —Pozten nauk. Ba diat hi besarkatzeko gogorik.

        —Hi, ni ez nauk atzelari, e!

        —Ez zekiat, bada. Noiz etorriko haiz?

        —Astelehenerako hor egongo nauk. Neure oharliburuxkan idatzi nuen: ekainak 19.

 

Izurri berria
Gotzon Garate

Bilbo Aurrezki Kutxa, 1982