Izurri berria
—9—
Ordu laurden baten buruan, han agertu zen berriz, goizean nik ikusitako neskatxarekin. Oso fidakaitz zetorren, bekokia erabat zimurturik.
Ni neure irriñorik goxoena jartzen ahalegindu nintzen. Lehengo katutxoari alde egiteko keinua egin nion, eskuz «gero arte» eginez.
Atea itxi zuenean, neure ezagun zaharrarekin hasi nintzen.
—Hatx, oso itxura onean ikusten zaitut. Eseri zaitez!
Oso bikain jantzirik zegoen. Crompton sweater gorri finak, zerrenda zabal urdin batez soinburutik gerriraino zeharkatua, larruzko gonek, barrenak tolestaturik eta antezko oinetakoek zauli ikutu bat eransten zieten haren soin-mugimenduei.
Lepoan zeukan katea urrezko bazen, auskalo zenbat balio ote zuen!
Nire gezur ile-bizar-biboteak gutxigorabehera, behingoan ezagutu ninduen. Eseri egin zen zur eta lur. Ni bere ondoan.
—Egon lasai —esan nion neure ahotsari ahal nuen doinurik eztiena emanez—. Ez zaizu gauza okerrik gertatuko. Onez onean bioi istilutxuok askoz hobeki joango zaizkigu.
—Zer nahi duzu? —esan zuen larri.
—Gaur goizean zurekin mintzatu naizenean, zergatik esan didazu gezurra?
—Behartu egin naute.
—Nork?
—Ezin dizut esan.
—Nik esango dizut, ordea, zure laguna non dagoen.
—Non?
—Polizietxean. Hila. Heroina neurriz gain sartu diote. Zurbildu egin zen, mintxuriak jota bezala.
—Hila?
—Bai, hila, Dolores Petrirena bezala. Konturatzen al zara nolako korapilotan sartu zaren?
—Ni ez naiz inolako korapilotan sartu.
—Zure inguruan bi neskatxa hilak izan dira.
—Nik ez diot inori kalterik egin.
Neskatxa berotzen ari zen.
—Egia gezurrez estali nahi izatea poliziaren kontra ihardutea da. Gertatutakoak garbi ez badizkidazu azaltzen, auzian frogatu beharko duzu zeure errugabea.
—Nik ez daukat auzira ezertarako joan beharrik.
—Hori juezak epaituko du, aurretik gauza bat bakarra esaten ez badidazu.
—Zein gauza?
—Hemen dabilen droga salmentaren buru nor den.
—Droga kontutan ez dakit nik fitsik ere.
—Hobe duzu egia esatea; nire kolkoan geldituko da eta behar duzun laguntza izango duzu.
—Esan dizut droga istiluetan ez naizela sartzen. Jaka sakelatik errebolberra atera eta ahal nuen aurpegirik latzena jarriz, destatu egin nuen:
—Erantz itzazu oraintxe berton sweater-blusak eta gonak. Eta isilik!
Arnasa estutu egin zitzaion, poliki poliki nire esana egin zuen baina.
Ondoratu egin nintzaion.
—Zer dira besoetan eta iztarretan dituzun ziztada hauek?
—Nik...
—Zuk, bai, usoño. Zeure begi eder haundi horietan garbi baino garbiago irakur daiteke erantzuna.
—Nik ez dut ezer esan!
—Ez, ez duzu ezer esango, egun batez zeu ere hila aurkituko zaitugu eta, zure beste bi lagun horiek bezala. Gorde egin nuen pistola.
—Txotxolokeriak. Ez nauzu izutzen.
—Beste batzuek izutzen zaituzte. Ba dakit. Nork ematen dizu zuri droga?
—Niri... inork ere ez.
—Zerutik datorkizu pozoina, ez da?
—Nik, nik ez dakit txintik ere. Utz nazazu bakean —esan zuen karraxika.
Hitz egin bitartean, oso erne nengoen ni, sarritan ostikoka erabiltzen diren katuak bezala eta jauzi batez leiho ondoko oihalera joan nintzen. Zaplada baten kortina jaso eta izkutaturik zegoen edari zerbitzailea idunetik oratuta atera nuen.
—Kuxkuxean, e, gaztetxo!
—Kuxkuxean ez. Neskatxa honek egin duen oihua entzun eta laguntzera nator.
—Laguntzera ala garbitzera?
—Erotua al zaude?
—Ba liteke. Ez inor hiltzeko moduan, baina.
—Onena hemendik alde egitea izango zaizu.
—Oso gustora. Aurretik ordea, bi neskatxa hauek zergatik hil dituzuen aitortu beharko didazu.
Erretratoak erakutsi nizkion.
—Nik ez ditut neskatxa horiek ezagutzen.
—Neuk oraintxe oroitaraztea nahi al duzu edo auzirako utziko al dugu?
—Zein zepelkeriatan ari zara? Oraintxe berton polizia deituko dut.
—Laster etorriko zaizue, inork deitu gabe. Aurretik, ordea, heroina kontrabandoa nork zuzentzen duen esan behar didazu.
—Ze heroina eta meroina.
—Ez duzu gezurrak janzteko adur haundirik. Samatik hartu, airean jaso eta sukaldeko zatar bat bezala inarrosi nuen.
—Ez zara honetatik ongi aterako. Droga kontrabandoan ari zarete eta zu zara nagusia —esan nion beldurtzeko asmotan—. Zuri leporatuko dizkizugu bi herio hauen hobena eta drogaren zuzendaritza.
—Ametsetan ari zara.
—Ametsetan! Dolores Petrirena eta bere laguna garbitu dituzue, kontrabandoko lana salatuko zuten beldurrez.
Gizona tupustean askatu egin zen nire atzaparretatik eta bere buru haundia atzeratuz eta aurrera indar biziz eginez, behetik gora ikaragarrizko kolpea eman zidan kokozpean.
Une batez ia ezaguerarik gabe gelditu nintzen; ziztakoan, ordea, lan egin zuten nire aspaldiko boxealari erreflexoek. Nire ukabilak hamar zentimetro zanpatu zuen gizon atzelari haren urdaila. Arbi zaku bat bezala erori zen, hortzez gora.
—Barka, usoño —esan nion zurturik begiratzen zigun neskatxaki—. Hemen ez dago elkarrizketatxo bat egiteko girorik. Hurrengo baten izan behar.
Atea zabaldu, mailadian behera jo eta berriz ere kafetegian. Han aurkitu nuen Txema bakar bakarrik, zoologikoetako basurdeak baino aspertuago.
—Ze, Txema, hemengo neskatxak ez dira hire neurrikoak, ez da?
Nazkakeinua egin zidan.
—Zer moduz zu hor goian?
—Esango diat berehalaxe. Hobe kanpoan, ordea. Niri ere hotel honen kiratsa goragalea ematen hasi zaidak.
Hankak kalean ezarri genituenean, ordu biak edo izango ziren. Isiltasun astuna ingurumarietan. Batbatetan, ordea:
—Kontuz, Txema.
Ezpaloiaren ezkerretara bi gizonezko begiztatu nituen, eskutan labana bana. Eskubitara, berriz, beste bi, haietako batek makila lodia eskuan.
—Hiretzat eskubikoak, Txema.
Arerioei niregana gerturatzen utzi nien. Hurre samar zeudela, gorpuzgaina atzera egin nuen eta une berean eskubiko hanka luzatu.
«Zerbitzariak» sinu txarra zeukan gau hartan. Nire oinetako muturrak barrabil barrabiletan jo zuen eta amen esan baino lehen lurrean zen, arnasa moztuta. Hilabetez bederen, izorratzen lanak izango zituen.
Bestea gizon moztaka bibotedun bat zen; suzko begi tiki maltzurrak zeuzkan, galtzairua zulatzeko bezalakoak. Ile gorri-gaztainkara dizdiraka ari zitzaion leihoen argitara; haren bekainek ahoz gora gelditu diren bi V ziruditen.
Bularrera labankada bat bota zidan. Ozta ozta izan nuen ezkerretara saihesteko betarik. Labanak igurtzi egin zidan eskubiko besoa. Oraingo honetan, ordea, hobeki nengoen gerturik eta huts egin ondoren aurrera makurturik zegoen etsaiari, eskualboz «shuto uchi» karate kolpea eman nion. Mailuz jotako txahala bezala erori zen zabal zabalik.
Okerrago zihoakion Txemari. Bere laguntxoak kokakola eta aspirina baino ezberdinagoak ziren. Makiladuna aurpegi gazte baina gogortu bat zen, gure ganbara zaharreko zurubia baino luzeago eta meharrago.
Bestea gizonezko zahartxo lodi indartsua, buru konkorrean txapel txikia, txori kabia balitz bezala tente tente jarrita zeukana.
Txema mutil sendoa izanagatik ere, ez zegoen borroka horietan zaildua. Makiladunak goitik behera kolpe ematen ikusi eta eskua luzatu zuen. Makilak, eskuak galerazita, indar haundiegirik gabe besagainean jo zuen.
Txemak jauzi egin eta lepotik heldu zion. Beste lagunak, ordea, atzetik joan, berari lepotik heldu eta belaun katiluak gerrian ezarriz, bi puskatan hautsi nahi zuela zirudien.
Une hartan neu sartu nintzen hiruron dantzan. Txemari gerrian lanegiten ari zitzaionari, ostikada indartsua eman nion ipurtertzean. Eneka eta intzirika baztertu zen gixajoa.
Bakarrik utzi nituen Txema eta bestea. Txemak bere indar guztiak bildu eta bultzakada batez kokotez atzera lurrera bota zuen txatxar hura. Muturrez gora gelditu zen.
—Barka, barka... nik ez nuen nahi.
Txema makurtu egin zen. Begiratu zorrotz bildurgarria egotzi zion.
—Utziok, Txema. Nahiko izuturik zegok. Hurrengoan saltsa hauetan nahasteko kontu haundiago izango dik. Txemak orroa batzuk egin zituen, zezen zaurituak bezala.
Ordurako «Zerbitzaria» eta ipurkonkorrean ostikada harturikoa, makur makur eginda, hotelerantz baztertzen ari ziren. Hauekin bildu zen laugarren lagun makiladuna ere. Oraingoan makilarik gabe.
Bat zegoen lurrean, ordea; nik zurtzuilean jotakoa. Artean ere konorterik gabe.
Arakatu egin genizkion jantziak. Diruzorrotxoa, giltz batzuk, txanponak eta agenda bat.
Agenda neure sakelan sartu eta etxera alde egin genuen.
Izurri berria |