Izurri berria
—7—
Egun hartan, ordea, lo nahasiak ez zidan inongo argitasunik ekarri, atean danbateko laster batzuk baizik. Txema zen.
—Telefonoz zure eske dabil polizia bat.
Martin Casajusen ahotsak doinu serio baina pozgarria zedukan.
—Hi, Haitz, hator lehenbailehen gurera. Emakume bat aurkitu diagu hila. Hire kasuarekin loturik dagoela uste diat.
Txema polizietxera neurekin etortzeko gomitatu nuen; bai eta nik ez uste erantzuna hartu ere.
—Nahiago dut horra ez joatea.
—Nola?
—Nahiago dut poliziarekin harremanetan ez jartzea.
Susmo txarra eman zidan erantzun hark. Bakean utzi nuen, halere, harako eskaintza ia gogoz kontra egin bait nion.
Polaroid argazki makina hartu nuen.
Casajusek oso bero laztandu ninduen. Maiz atzelaria ez ote den galdetzen diot neure buruari.
Gorpugela oso itsusia zen, kaskara urratua eta alderdi guztietatik ezetasuna eta desinfektante usaina zerion gain apaleko areto triste bat.
Izara zikin horixka baten muturra altxatu zuen Casajusek.
Neskatxa tikia zen, 1'53 edo eta ez polit. Sudur murritzak, bi matrailezur irtenetan are murritzago ematen zuena, ezpain haundiek eta ile beltz beltza kizkur kizkurrak Afrikako beltzen antza ematen zioten, kolore xurixka izan arren.
Haren Ralph Lauren blusa zuri bordatua, Jordache jeans urdinak, urrezko Concord Quartz erlojua eta Hitchcock sandalia gorri bikainak ikusita, sortzez zegozkion baino luma egokiagoak jantzirik zeuzkan egaztia zela esango zenuke.
—Casilda Parkeko aulki baten hila aurkitu diagu, inongo eskuzorrorik edo beste inongo agiririk gabe. Forentseak esan duenez, heroina neurriz gain hartuta hil duk.
—Nor da?
—Oraindik ez zekiagu. Bere jazkera ikusi, ordea, eta heroinaz hil denez gero, Dolores Petrirenaren antzeko kasu bat dela uste diat. Emagaldu zela garbi zegok.
—Bere burua garbitu al du?
—Zail izango duk hori jakiten. Ba dakik, halere, oraingo mafia hiltzaileek beren arerioak beste mundura bidaltzeko zer egiten duten. Droga neurriz gain harrerazi eta kito. Froga ezak gero bere burua hil ez duela, aurretik drogazale bazen, batez ere.
Ez nion lagunari tautik ere esan. Nik neure muinetan gogoetak irakiten nabaritzen nituen. Polaroidea atera eta neskatxari erretratoa atera nion.
—Gauza berriren bat jakiten baduzue, gaztigatu. Kotxez goizean egondako Madariaga kaleko etxera abiatu nintzen. Zorionez, han zegoen atezainari hildakoaren erretratoa erakutsi nion.
—Ezagutzen?
Atezainak larri larri begiratu zidan.
—Baietz esango nuke. Hirugarren bizitzan bizi den neskatxa dirudi. Zer gertatu zaio?
—Lasai, oso ongi dago. Non egiten zuen lana?
—Ez dakit. Goizean oso berandu jaikitzen zen. Bestetan egun osoak etxera etorri gabe igarotzen zituen.
—Kanpoko jenderik ekartzen al zuen?
—Ez, oso bakan.
Argitasun berririk ateratzeko beste nonbaitera jo behar. Neure bizitegi berrira itzuli nintzen.
Txemari gertaturiko dena esan nion.
Poliki poliki ilunpea argitzen ari zela ikusten nuen. Egiazko neskatxak dei egin zidan, bere etxera joateko. Bere nagusiek ikasi, ordea, nola edo hala, ni jakinbidean jartzekotan zebilela eta garbitu egin zuten.
Ez zeukan kontzientzian zimiko haundirik jende hark.
Beste puntu bat ere jakinekoa zegoen. Bi neskatxa hotz hotzean garbitzeko, tartean pisu haundiko arazoak zeudela. Hots, egiteko hartan diru asko jokatzen zuten. Drogakontua, noski, milioi askoren gorabehera.
Gogoeta hauek egiten ari nintzela telefonoaren zintzarriak ernatu ninduen.
Casajus zen.
—Kaixo, Haitz, zer moduz?
—Burua nahiko bero.
—Hotz samarra edukitzen duk hik, bada, gehienetan. Hor zegok, hain zuzen ere hire hutsa. Gauzetan odol gehitxoago jarri beharko huke.
—Hi, adarra jotzeko ba dakik nora jo behar duan.
—Ongi zegok, motel. Goazen harira. Gaur hil duten neskatxa nor den ba zekiagu.
—Nor?
—Milagros Hernandez, 26 urtekoa, Cordoban jaioa. Jende aberatsekin iharduten zuen emagaldua.
—Besterik ez?
—Bai, Hotel Irantzun egiten zian lan.
—Nongo hotelean?
—Rodriguez Arias kalean dagoen batetan. Oso ezaguna duk Bilbon. Jende aberatsa ibiltzen duk hor... eta inguruetan goizilborretako neskatxa galduak. Hotelaren azpikaldean dantzatoki oso famatua eta oso garestia zeukatek.
—Eta drogaren kontuetan?
—Frogarik ez diagu, baina bai, lan horretan ere iharduten diate. Gaur egun emagaldu kontua eta droga bat dituk, emagaldukeria ongi eraturik den tokietan behintzat.
—Norena da hotel hori?
—Gizon arrunt aberats batena, Mentxaka Maranon jaunarena. Ontzidi haundia ere ba zeukek.
—Nolako gizona dugu?
—Oso ohoragarria, itxuraz. Sekula gauza zikinetan sartu ez dena. Errukietxeetan eta, mesedeak egiten oso izen haundiko gizona.
—Ederki, Martin. Denagatik eskerrik asko.
Bere erantzun koipetsua entzuten jarraitu baino lehenago, eskegi egin nuen telefonogailua.
Izurri berria |