Izurri berria
Gotzon Garate

Bilbo Aurrezki Kutxa, 1982

 

 

—13—

 

        Larunbata.

        —Esna zaitez, Haitz, esna!

        Poztu egin nintzen Txemaren ahotsa entzunez. Oso ameskaitz astunetan ari nintzen eta iratzartzeak askatasun zentzapena ekarri zidan.

        —Casajus kapitaina deika dadukazu.

        Arrausika, aldarte oso txarrean jaiki nintzen. Iraganbideko horma erlojuak hamarrak hamar guti markatzen zuen.

        Soingainekoa jantzi eta gehiegi larritu gabe, urrats oso geldotan telefonogailuari heldu nion.

        —Nor da?

        —Martin.

        —Zer berri?

        —Galanta.

        —Tira!

        —Ezetz asmatu!

        —Bota, bota lehenbailehen!

        —Mentxaka Maranon ohean sarraskitua aurkitu diate.

        —Gaur San Martin, hire eguna al dugu?

        —Zer diok, motel?

        —Zerriak hiltzeko eguna ote den, galdetzen diat.

        —Txantxak alde batera, Haitz. Maranon nabalaz hila ohean eta txaleteko baratzean bere bi zaintzaile tiroz garbituak.

        —Zerri lagunak ere hilak?

        —Bai. Ni oraintxe nihoak eta hi ere, nahi baduk, ba hatorke.

        —Bai, motel, zerribodetarako beti gerturik niagok ni.

        —Hi, Txema, Mentxaka Maranon eta bere bi zaintzaileen gorpuak aurkitu dizkiate. Ni hara nihoak oraintxe. Etorri nahi al duk?

        —Ez! —erantzun zidan lehor. Negurira abiatu nintzen, gogoz bestera. Mentxakaren txalet sarreran polizia bi zeuden. Haietako batek, bi egun lehenago gurekin Santurtzin ibilitakoa, adiskide antzean agurtu ninduen:

        —Goian duzu kapitaina zure zain.

        Bidezigor batetik, zuzenean igon nintzen etxera, poliziaz inguraturik zeuden bi zaintzaileen gorpuez arduratu gabe.

        Atarian zegoen polizia batek Mentxakaren logelara lagundu ninduen. Nik neure denbora guztian ezagutu dudan ederrenetako batetara, hain zuzen ere.

        Horma-solairuak, erredizekin, sofa eta eserlekuekin kolore egokitasunean goxoki elkartzen zen velvet antzeko moketa zuri iletsu bigunetan jantzirik zeuden, gelaren erosotasuna sentieraziz.

        Erredizetan beraietan, mahai, gaueko zutigarri, armario eta tximenetan John Dickinson altzari-egile entzutetsuaren eskua suma zitekeen.

        Bainugelan sartu eta faraonen jauregian zeunden ustea izango zenukeen.

        Galtzairuzko bainuontzi berde herdoil ezinezko dizdiratsuak, grekoen estiloan jarritako harrizko zutabeak, bainuari erantsita zegoen hiruzangoko jaspezko mahai ikusgarriak, setazko kortina gorriak eta abarrak Holandako erregina bera ere txunditzeko adina ziren.

        Casajus han zen, sendagile bat, argazkilaria eta beste batzuk, poliziak gehienak.

        Casajus, ni ikusi eta sendagilearengana zuzendu zen.

        —Zumetari zuk arextian esandakoa entzutea atsegin izango zaiola uste dut.

        Sendagilea mesfidantzaz hitz egingo balu bezala mintzatu zen, inori zuzenki begiratu gabe.

        —Gizon hau goizeko ordubietatik laurak arteko bitarte horretan hil da.

        Mentxaka Maranon zaplasto gorri hedatua zeukan ohean ahozgora zegoen, izaretatik burua bakarrik agertzen zitzaiola.

        —Eta beste bi hilak? —galdetu nuen.

        —Horiek ere ordu berean.

        —Eta erailea? —berriz ere nik.

        —Hara beste kontua.

        Casajusek soinburuak goratu zituen etsipenez.

        —Haitz, hona hemen hiretzat arazo bikaina. Erailea!

        —Etxekoren bat?

        —Ez. Baratzea zaintzen duten zakurrak hilak aurkitu dizkiate. Etxekoa izan balitz, ez zeukean txakurrak hil beharrik.

        —Halaxe zirudik, baina edozeinek pozoin zitzakean, hiltzailea kanpokoa zela itxuratzeko.

        —Bai, halaxe duk. Dena dela istilu gogorrak sortuko dituk. Mentxaka jaun haundia huen eta ondorio latzak ekarriko dizkik.

        —Mafiatarren arteko borrokarik ez ote da?

        —Eritzi hori ere ezin bazterrean utzi.

        —Horrela balitz, onena zakurrek elkar hiltzen uztea —esan nuen amorro biziz.

        —Ez huen hik Mentxaka oso maite.

        —Bat ere ez. Erabat sinetsirik niagok bera zela droga salmentaren burua Bizkaian eta...

        —Zuzen habilela uste diat. Goazen orain beste bi zaintzaile horiek ikustera.

        Baratzera irten eta ezkerretara jo genuen. Kamaxa baten ondoan ahozpez luze luze zegoen agurea, odol istil haundian. Bala sorbaldatik sartu eta paparretik aterea zeukan.

        —Bala bakar batez garbitua —esan zuen Casajusek—. Zuloari begiratuz gero, hiru metrotik tiratu diotela esango nikek.

        —Bai.

        Handik 50 metrora edo, «Zapelaitza»ren gorpuak, lurrera eroritako txorimalua zirudien. Hortzez gora zegoen eta ahoa zabalik zuenez gero, zapelaitza baino gehiago tiburoia ematen zuen.

        —Honi ostera lepoan eman zioate tiroa eta gertu gertutik gainera.

        —Bai, erreondoa ikustea besterik ez zegok.

        —Zer, hilketa hauek hire kasuaren askabidean jartzen al haute?

        —Ez, Dolores Petrirena nork hil zuen jakitea, inoiz baino zailago dela iruditzen zaidak.

        —Zergatik?

        —Hiru lekuko gutiago ditugulako.

        —Eta Hotel Irantzukoak?

        —Horretan lan egin beharko genikek. Kasu hau bukatzeko gogoa zeukeat, baina. Istilu hauen zerririk haundiena hila denez gero, hor konpon zerrikumeak. Horiei zeuek begia eduki.

        —Eta milioi hori?

        —Bego eskaintzailearen eskutan. Agian, guk baino behar haundiago izango dik.

        —Heuk ikusi, Haitz. Zernahi dela ere, nire laguntza ez zaik faltako.

        —Hik uste baino gehiago estimatzen diat laguntza hori.

        Etxerantz itzuli nintzen.

 

Izurri berria
Gotzon Garate

Bilbo Aurrezki Kutxa, 1982