Izurri berria
—3—
Bilboko Hotel Ertzilla nahiko ona da. Lau izar ditu eta prezioak ere izarretan. Nik sakeletan zulo asko eta diru gutti izan arren, gaiztagin txatxuren batek beste mundurako biletea dohan emango didala bait dakit, hemengo aldia ongien igarotzea erabakia daukat aspalditxotik. Zorrak zor, lepoa lodi, esan ohi zuen gure aita zenak.
Igande arratsaldean, beraz, Hotel horretan nengoen, aldarte nahiko onean.
Afaldu ondoren, kalera irten baino lehenago, neure gelan jaka jazten ari nintzela telefonoak jo zuen.
«Hoja del Lunes»ko Nizeto Zufia zen, nire ezaguna, kazetalaria, nitaz ia beti nahiko ongi idazten zuena, noiz edo noiz zerrikeriaren bat leporatzen bazidan ere.
Harritu samar gelditu nintzen. Nondik zekien nire etorreraren berri?
—Dei bat izan diat. Hi hemen hengoela garrantzizko kasu batez axolaturik.
Ez omen zekien nor zen deitzailea; ahotsa gizon gordin batena iruditu omen zitzaion.
Kazetalariekin —kasta jende hori lotsagalduenetako da eta— nire jokabidea bikoitza izan ohi da: onez onean ihardun eta ahalik gutiena esan.
Orduko hartan, ordea, ezer gordetzeko ez eta nahi zuen guztia azaldu nion.
Biharamunean hamaiketan jeiki nintzen. Nire lanean gau asko galdu behar izaten da eta bengantzaz, beharturik ez nagoenean, izarei ahalik luzaroen heltzen diet.
Hamaikagarren bizitzako nire gela leihotik begiratu nuen. Zeru uherrak, ezkabiz herdoiturik zirudien.
Etxeberria lantegi tximinietatik sorturiko kelaino zuriarrezkak Bilbo osora zabaltzen ziren, pinuondo ikaragarri haundi baten adatsa bailiren.
Noiz behinka, haize bolada epelek zeruertz zikinak nahas mahasean altxarazten zituzten, goizabaldiak estria hori oliotsuez gantzuturik. Hura zen Bilbo.
Lehenengo lana «Hoja del Lunes» egunkaria erostea izan zen hotelean bertan.
Han zetorren, «Sucesos» orrialdean idazlantxo bat nire argazki eta guzti, zein arazotan nenbilen esanez. Mesedegarri izango zitzaidan.
Gosaldu eta Casajusengana.
Han aurkitu nuen, Maria Muñoz kaleko bere langelan, beti bezala zarpail jantzita. Soinean zeuzkan tergal galtzak ere berarentzat baino ipurdi gizenagoentzat eginak zeudela ageri zen.
Azken txandan baino buru soilago ematen zuen; kaskoan ile kilmin batzuk bakarrik gelditzen zitzaizkion. Irrati mintzalari batentzat oso baliotsu izan zitekeen bere ahots lodi ederraz agurtu ninduen:
—Aspaldiko Haitz!
Besarkada estua eman zidan. Casajus oso jendekikoa da.
Botila bat Beefeater Dry Gin atera zuen, bi edalontzitan izotza paratu eta sorta bat isuri zuen. Edan kontuetan jan kontuetan baino askoz gehiago daki Casajusek.
—Ia, Martin, gure kasu honen zehaztasun guztiak eman behar dizkidak.
—Nik dakidana gauza hutsa duk. Neskatxa hori sarraskitua aurkitu zutela.
—Nor zen?
—Hogei urteko neskatxa; euskalduna gainera. Iruñean jaioa, familia oso jator baten.
Argazki bat eskuratu zidan.
—Horra hor!
«Nor-ageria»tako argazkia zen, doike, koloretan. Neure aurrean aurpegi borobil, gazte, freskoa nuen.
Begi itxaropentsu arreek agur alaia bidaltzen zidaten; ileak, uhin leunetan bildua, bi masailak laztantzen zizkion. Ontasunaren argi koroiak inguratzen zuen bere izate osoa.
—Eta?
—Nolabait ere droga kontutan sarturik.
—Zertan?
—Ez zekiagu ziur. Forentseak besoak orratz ziztadaz beterik aurkitu zitian.
—Heroina?
—Heroina. Iruñeako bizitza utzi eta honara etorri huen, Bilbon bizitza errazago delakoan.
—Eta dirua?
—Droga erosteko dirua, gorputza salduz irabazten dutela gauza jakina duk. Horrekin batera droga saldu.
—Non iharduten zuen lanean?
—Ez diagu hori ikasi. Bezperan Arenatzan ikusi zutela jakin diagu. Bere gorpua, ordea, non agertu zen ba dakik, Lekeitio ondoko zimaurtegi horretan.
Casajusek, hitz egin bitartean, okotsa lapitz puntarekin eztentzen zuen. Aspaldiko ohitura zuen.
Ez nuen beste gauza haundirik jakin. Halere, ahal izan nuen luzaroena ihardun nuen hizketan Casajusekin, Beefeaterra oso gustukoa dudalako.
Bilbon nengoen bitartean elkar sarri ikusiko genuela esanez, atera egin nintzen poliziaren etxetik.
Izurri berria |