Izurri berria
—2—
Haratx. Berriketa guti eta zapela erantzi gabe hona hemen ni: Haitz Zumeta Ansola, Errezilgo Aitzarte baserrian jaioa. 1'92 metro garai eta 97 kilo pisu.
Horren morrosko izateko zer egin dudan galdetzen didate askok. Sinets egidazue. Ez da nire erruz izan. Ez eta nire aitarenaz ere. Amari egotz errua.
Emakume galanta zen. Jainkoak eduki dezala bere lorian. 1'84 metro eta 100 kilotik gorakoa. Zartadakoa, erabakitsua eta maratza. Aitak haren aldean kilkirra ematen zuen.
Gure ama zazpi gudaloste zuzentzeko sortua zen bezala, gure aita bertsotan iharduteko. Gure amak zartadan sobran zeukana, gure aitak lasaitasunean eta umore onean.
Jakina, gure etxean ama zen jaun eta jabe. Land Rover haundi bat genuen. Amak gidatzen zuen. Aitak ez zuen karnetik atera ere egin. Errekadu guztiak amaren kontu.
Nahigabe haundi bat daukat nik. Gure amak munduko leihaketetan pisu botatzen saiatu ez zelako. Ez zion inork eramango, ez eta Errusiatik etortzen diren emakume zezen-lepo, buru borobil horiek ere. Ez zion, baina, harrak hortik jo.
Gure amak denok zuzen erabiltzen gintuen. Ez zegoen hari ezetzik esaterikan. Ba zekien larderia ematen. Arraioak!
Etxean sei anaia eta lau arreba ginen eta denok txintxo txintxo egiten genituen haren esanak.
Behin anaia zaharrenari, honek gaizki erantzun eta eman zion masailekoa, Ernio osoan entzun zela esan zigun biharamunean gure lehengusu artzain batek. Holakoa genuen ama.
Halere, bai maitagarri zela. Izan ere, denok oso maite gintuen; gutaz egunero eztiki arduratu ere bai.
Gu konturatu baino lehenago ba zekien berak zer behar genuen.
—Hi, Haitz, izerditurik hago eta tori aldagarri idor hau.
Edozein ordutan herritik baserrira etorri eta han hasiko zen gure ama jana guretzat egiten, inoiz marmarretan ihardun gabe. Egun guztian lanean eta beti aldarte berean.
Gure aitak ezkondu zenekoxe antzeman zion etxean nork jantzi behar zituen galtzak.
Beraz, nire buru haundi hau eta beso-zango luzeak nori zor dizkiodan ba dakizue.
Umetan ez nuen gauza haundirik ikasi. Hamabi urte bete arte joan nintzen eskolara Errezilen. Maisu erdalduna genuen eta nik erdaraz jakin ez. Hark esan eta eman zizkidanak! Nik piper egiten nuen eskolatik, aukera etorriz gero, behintzat. Baserrian beti zegoen lana.
Hori bai, irakurtzeko beti izan dut zaletasun bizia. Ikasi nuenetik, harrapatzen nituen liburu-aldizkari-egunkari puska guztiak begietatik barrura sartzen nituen.
Hamabost urterekin Donostiara joan nintzen, hiriardandegian lan egitera. Ordurako morrosko haundia egina nengoen eta nagusiak boxeoan ikasi behar nuela esan zidan.
Urte beteren bat ere aritu nintzen zerbait ikasten. Han, ordea, kolpe asko eta irabazi urria zegoela ikusirik, onena alde egitea zela eritzi nion.
Borroka askean eta karaten luzaro ihardun ondoren, aldiz, Pasaiako beste lagun batekin, hogei ta zortzi urte nituelarik, detektibe lanetan hastea erabaki nuen, bizibide pizgarria izango zelakoan.
Aurki izango dira bi urte lagun hori hil egin zitzaidala. Ez, inork hila ez, minbiziz, Donostiako Erresidentzian.
Izurri berria |