Izurri berria
—10—
Gure istilu guztiak gorabehera, asteazken goiza betiereko orduan heldu zen, dena argi.
Txema eta biok agenda aztertzen hasi ginen.
Agenda zikin, zimur, txikia zen. Agertzen ziren zuzenbide, dirukontu, mandatu, telefono zenbaki eta ohar guztiak bana banaka ikertu genituen.
Ohar zerrendan, azken tokian hauxe zegoen idatzirik:
«Izarratik kilo erdi pipermin jaso. 25, 13tan».
—Ezer garbirik ateratzen al duk? —galdetu nion.
—Nik ezertxo ere ez.
Lepoa ezkerretara okertu eta okozpea igurtzen ari zen.
Urrutizkin liburuak hartu eta telefono zenbakiekin hasi ginen lanean. Guztien artean hogei edo ziren. Gehienak hotel, ardandegi eta kafetetxeen telefonoak. Haien artean «MM 4157318».
Txema batbatetan oso axolatsu jarri zen, burumuinetan erlea balu bezala. Telefono liburuaren orriak kezkatsu pasatzen hasi zen.
—Haundia da hau— esan zuen berehalakoan, pozezko oihu batez.
—Zer da haundia?
—Hara, «MM 4157318» hau ba al dakizu nor den?
Ezezko keinua egin nion.
—Mentxaka Maranon!
—Hotel Irantzunen jabea? —Casajusek esandakoaz oroitu nintzen.
—Bai.
—Morroiak ugazabaren telefonoa izatea ez duk harritzekoa.
Txemak pozaren pozez bere kopetari kankateko bat eman zion eskubilduz.
—Ni eroa. Dena garbi dago eta.
—Zer dago garbi?
—Izarra, Izarra izena.
—Zer da Izarra?
—«Izarra» Mentxaka Maranonen ontzi bat da. Harriturik gelditu nintzen.
—Halaxe da. Ez zara konturatzen? 25ean Izarratik pipermina jaso, 13tan.
—Hilak zenbat ditu gaur?
—25 hain zuzen ere eta goizeko hamarrak dira.
—Non sartzen da Izarra ontzi hori?
—Santurtzin.
—Goazen berehala. Aurretik, ordea, Casajusekin hitz egin behar diagu.
Zimistak atzean mehatxuka bagenitu bezala joan ginen polizietxera. Casajusek gure berriak entzun eta arra beteko ahoa zabaldu zuen. Juezarengana jo genuen brastakoan eta haren baimena lortuz gero, zortziren bat polizia eta droga usaintzen bereziki hezitako zakurra hartu eta hiru kotxetan Santurtzirantz jo genuen abiada ederrean.
Goibel artetik eguzkia bortxinga zeru urdinean, zenbait laino txuri giltzaturik erakutsiz.
Santurtziko ontzitegira heldu ginenean, Izarra kaian sartzen ari zen.
Poliziak, guztiak, jantzi bereizgarririk gabe zeuden, ikusle itxuratan.
Zubia bota orduko Casajusek agindu eman zien bi poliziari:
—Zuek hemen sarreran geldi eta ez utzi inori sartzen edo irteten.
Txema ere hantxe geratu zen.
Casajusek, beste poliziek eta neuk ontzikapitanarengana jo genuen. Bere gelan zegoen lasai asko.
—Egun on, jauna —esan zion lehortxo nire lagunak.
—Zer dugu?
—Ontzia miatzeko agindua daukagu.
Bere agiriak eta juezaren baimena erakutsi zizkion.
—Nire ontzia? Sekula ez didate niri holakorik egin. Bere ahotsak mehazulotik zetorrela zirudien, hain zen sakon eta lodi.
—Berriketa gutti! —moztu zion Casajusek—. Ez daukagu zuretzat inongo susmo txarrik. Berehalakoan lan egin behar dugu, ordea. Ontzilagun guztiak bil itzazu, inortxo ere utzi gabe.
Jantokian bildu zirenean, ontzikapitainak lerro lerroan jarri zituen, armamutilak bailirean.
—Entzun ongi, adiskideok. Hemen ikusten dituzuen jaun hauek poliziatakoak dira. Ontzi honetan droga gorderik dagoela uste dute. Batenbatek izkutaturik baldin badu, hobe aurre aurretik garbi esatea, itzulinguruka ihardun gabe.
Inork ez zuen txintik atera.
—Ederki —esan zuen Casajusek, urrats bat aurrera egin eta itsasjendeari hitz eginez—. Guri lagundu nahi ez diguzuela ikusten dut. Kapitain jauna. Esaidazu mesedez hauetako bakoitzak zenbat urte daramatzan ontzi honetan.
—Sukaldariak hamabi urte. Makinistak sei hilabete, zortzi marinel hauetan hark hiru urte, horrek lau, honek bat eta besteak urtebete baino gutiago; ofizialak ere berriak dira. Baina zertarako horrenbeste galdera?
—Eta zeuk?
—Ni ontzi honetan ba dira hamar urte nabilela eta sekula ez dut inorekin eta are guttiago poliziarekin buruhausterik izan.
—Eta beti Amsterdametik Bilbora ibiltzen al da ontzi hau?
—Noiz edo behin beste ibilaldirik ere egin izan du, baina gehienetan hori besterik ez.
—Ederki, lehenengo ikustaldia sukaldariaren gelan eta sukaldean egingo dugu, hori bait da hemen zaharrena.
Sukaldaria arrenkuraka hasi zen, eskilasoarena baino ahots kaxkarragoaz. Bera ez zela behin ere droga arazoetan kutsatu. Halataguztiz bere gelara jo genuen, ontzi kapitaina ere gurekin hartuz.
Bitartean polizia bat ontzilagunak zaintzen gelditu zen. Casajus eta beste poliziak zakurrarekin sukaldariaren gelako bazter eta zirriko guztiak miatzen hasi ziren.
Ni nahiko kexu nengoen eta atzera ontzisarrerara ondoratu nintzen. Han zeuden bi poliziak eta Txema zain.
—Batenbat irten edo sartu al da ontzira?
—Inortxo ere ez —esan zuen polizietako batek.
—Hots, sendagile bat sartu da —gaineratu zuen Txemak—, gaixoren bat dagoela eta.
—Sendagilea?
—Bai, ontzian gaixoa dagoela gaztigatu omen diote eta beharrezkoa zela hura ikustea. Barrura sartzen utzi diogu.
Batbateko lurretena bezala susmo txarra oldartu zitzaidan.
—Arraio madarikatuak! Atera al da?
—Arestian. Han dago Jaguar hartan, parkelekutik alde egiten.
—Goazen atzetik, Txema. Eta zuk —esan nion polizia bati— emaiozu abisua Casajusi hemen zer gertatu den.
Kotxean sartu ginen. Aurki ohartu zen «osagilea» gibeletik gindoazkiola. Lastergailuari gogotik sakatu zion.
Jarraiketa beldurgarria izan zen. Txemaren txofer gaitasun apartekoa ikusteko aukera izan nuen orduan.
«Osagilea» bera ere gizon latz horietakoa azaldu zitzaigun. Bonba ipurpean lehertzorian izan balu, ez zatekeen Bilborantz azkarrago abiatuko, bideko hautsa harrotuz. Gure ama zenak irina iraulkitzerakoan altxatzen zen lausoaz oroitu nintzen.
Behin baino gehiagotan guk edo berak bazterra edo aintzinetik zetozen kotxeak joko genituela uste izan nuen. Halere, aupaka ari nintzaion Txemari, gure lagunari ihes egiten utz ez ziezaion.
Bizkaiko Zubiaren aurretik igaro ginen eta «osagilea» gero eta urrutiago. Bere Jaguar Xjs 1980 Txemaren R-8 aren aldean askoz indartsuago zen.
Guk Bizkaiko Goilabeak geure ezkerretara genituen eta bera mendebal haizearen modura «Espainiako Ontzitegien» parean zegoen.
Han dagoen bide zuzen luzean, ordea, abiadura haundiegia hartu zuen. Galindo ibaia igarotzeko dagoen zubiak, Sestaotik datorren bidearekin 90 gradoko ukondoa egiten du.
Deabruzko abiada gutitu ezinik, kotxeak bazterreko harrizko babesbaranda puskatu eta zirkoan balego bezala, zilipurdika jauzi eginez, erreka ondoan dagoen labe-lantegiaren kontra indar bortitzez jo, zapart egin eta su hartu zuen. Laster zen dena sugarretan kiskalia.
—Halabeharra! Drogaren aztarrenik ez diagu izango —esan nion Txemari bertara ginenean.
Atzera Santurtzira. Nazkaturik nindoan neure buruarekin. Huraxe zen dena oker ateratzea.
Kaira jo eta berriz ere «Izarra»rantz.
Casajus karel barandan zegoen gure zain. Jakinminez sumindurik entzun zituen esan genizkion gorabehera guztiak.
—Eta orain zer? —galdetu zidan azkenean, etsipenez—. Hemengo denek ukatu egin diate eta jakina, drogaren arrastorik ez.
—Nola aurkituko zenuten, bada. Sukaldariaren gela aztertzen ari zineten bitartean, «sendagile» alu horrek eraman dik pozoina. Hartzeko izkututoki jakina izango zian. Hire polizia horiek...
—Nire jendeak gizaerrukiz jokatzen dik, motel. Gaixoei laguntzea...
—Pikutako gaixoei. Bon, goazen harira. Hemengo lana bukatu diagu. Aurrerakoan Izarra honi begia eduki beharko diozue.
Bilbora itzuli ginen guztiok. Txema isilik zegoen eta oso etsita.
—Droga madarikatu hori harrapatzekotan geundela...
—Gure azterlanetan uste asko ustel atera ohi dituk. Nolabait ere bihotz emateko, etxean bere aurrean arrebari hitz egin nion.
—Zorionak eman behar dizkizut, Gentzane, holako neba duzulako. Atzo garbi erakutsi zuen borrokarako gaitasuna. Gaur, berriz, autogidari trebea agertu da.
Txemak gertatutako guztia kontatu zion. Berak, ordea, entzun bitartean, nebarengan baino sarriago niregan jarrita zeuzkan bere begiak.
Izurri berria |