Izurri berria
—14—
Mila toki aldrebesetan bazkal-afaldu behar izan dut, baina hura izan zen nire bizitzako jatordurik tristeena.
Txemak gertu zuen bazkaria, potetako zenbait gauza berotuz. Ez genion elkarri hitz erdirik esan.
Bukatu eta neu ohera joan nintzen,lo egiteko baino gehiago nahasmahas nituen gogoetak lekuan lekukoa lerrokatzeko asmotan.
Txemak eskutan zerabilen idazlan bat amaitu behar zuela esan zidan.
Ohean etzanda neure erabakia hartu nuen. Lehenengo eginkizuna, jakina, Gentzane hilobiratzea zen. Gero Donostiara joan, diru eta erropa batzuk bildu eta atzera Bilbora itzuli. Ez nuen Txema nahigabealdi hartan bakarrik utzi nahi. Mentxakaren heriotz-gorabeherak argitu arte gutienez, beharrezko zen biok elkarrekin egotea.
Gelatik irten nuenean Txemak kuaderno bat eskuratu zidan.
—Tori. Ziur nago Gentzane hemen balego, berak zuri...
Ez zuen bukatu. Nigarrez hasi eta bere gelan sartu zen.
Nik kuaderno hura irakurtzeari ekin nion. Arnasa baten irakurri ere. Hementxe daukat orain neurekin eta hitzez hitz, gauzak dauden bezala aldatuko ditut neure idazki honetara.
Txemaren letra errazago irakurtzen da Gentzanerena baino. Arrebak letra dotorea baina nahiko bihurria zeukan.
Lehengo orrialdean «GENTZANE ETA TXEMAREN EGUNKARIA» jartzen zuen izki larriz.
GENTZANE
Ekainak 20. Asteartea
Atzo «Hoja del Lunes-en Haitz Zumeta detektibea Bilbora etorria zela irakurri genuen. Nire jokoak ondorio ona izan du. Ostatuz Hotel Ertzillan egon arren, gurera etortzea iritsi dugu.
Neu hara joan naiz eta bere ondoan jarriz, kafe xortatxo bat isuri diot jantzietara. Adiskide egin eta Bilbon dagoen bitartean gurekin bizitzea eskaini diot. Zalantzatan egon ondoren ontzat hartu du.
Arratseko hamarrak dira eta oraintxe bere gelara joan da. Afaria oso ona izan omen da. Eguerdian gauza bera esan dit.
Nolako poza ematen didan gurekin dagoela pentsatzeak. Nik uste nuen baino luzeago, mardulago eta ederrago da. Begiak batez ere ditu zoragarriak, arre argiak eta serioak, barneko irmotasuna erakusten dutela. Beti oso ongi jantzirik dabil.
Gehien bere harrokeri gabeko nortasun kementsua atsegin zait. Bere ondoan seguru, babesean bezala zaude. Holako gizon batekin noranahi joan daiteke. Munduan kalte egin diezazukeen indarrik ez dagoena ba dakizu.
Zergatik dago ezkongai? Ezin ulertu. Berak nahi izanez gero, zenbat neskatxa joango litzaiokeen atzetik! Ez al du bere gustokoren bat aurkitu? Edo bere erakoren batek musin egin eta geroztik ezkontzaren uztarritik ihesi al dabil?
Txema ere oso pozik dago. Elkarrekin txit ederki konponduko direla ziur nago. Txema izuti samar da, baina nork berak baino bihotz hoberik?
Bion artean gaizkilea aurkituko dutela uste dut. Bihotzak halaxe ematen dit. Egun pozgarria hura. Eta tristea ere bai. Haitzek alde egingo du! Etorri berria da eta behin faltatuko ote zaigun burutazioak minberaturik uzten dit bihotza.
TXEMA
21. Osteguna
Droga inguruan zebilen beste neskatxa bat garbitu zuten atzo. Haitz eta biok Hotel Irantzura joan ginen. Ez nuen inongo gogorik. Nekaneren gaizkilea aurkitzeko gogoa, ordea, traba guztien gainetik dago.
Haitzek «usoño» eta horren antzeko hitzak erabiltzen zituen bakoitzean min haundia egiten zidan. Jakingo balu berak!
Bi neskarekin hitz egin dugu. Bata zahartxoago zen. Bestea gaztetxoago. Nire adintsua. Oso polita gainera. Gaur zen lehendabiziko aldiz holako toki baten nengoena. Hura nire lotsa! Nik ez dakit etxe horietan nola joka.
Gora igon ginen eta azkenean ni behera jaitsi eta Haitz gaztetxoarekin gelditu. Nonbait bestetan ere horrela ibilia da.
Hoteletik irteterakoan hori izan zen zalaparta. Lau lagunek gu xehatu nahi. Haitzi eskerrak garaile atera gara.
Guri oldartu digutenetako bati agenda kendu diogu.»
GENTZANE
Eguerdian kontatu didate goizean zertan aritu izan diren. Atzo Hotel Irantzun morroi bati agenda kendu omen zioten. Orain —Txemak esan didanez— droga kontuetan buru nor dabilen ba omen dakite.
Agenda aztertzerakoan puntu oso garrantzitsua atera dute. Mentxaka Maranon Hotel Irantzuren ugazaba dela eta bai agendan agertzen zen Izarra ontziarena ere. Hor ekartzen dute Holandatik droga.
Goizean Santurtzira joan, ontzia miatu, baina alperrik. Gizon batek, sendagile itxuratan, eraman omen du droga. Haren atzetik joan dira; sendagile delako hori, ordea, sutan erre da. Ez omen dute inor salatzeko gairik. Mentxaka droga salerosketaren gailurrean dagoela, ordea, gero eta garbiago omen dago.
Arratsaldean Haitz eta Txema, Mentxakaren etxean izan dira. Haitz hau harrigarria da. Horrelako ausartzia. Burua lehoiaren ahozuloan sartu. Mentxakak diruz erosi nahi izan du baina Haitzek ezetz. Gaizki ezagutzen dute, nonbait.
Haren gelatik atera eta bi gizonek behartu egin dute agenda ematera. Haitzek, ordea, zer gerta ere, haren antzeko bat gerturik zeukan. Hura eman die. Hori bai dela erne jokatzea.
Orain gaueko hamaika terdiak dira eta ohera baino lehen egunkari hau egiten ari naiz.
Bai pozik nagoela. «Gau on» esaterakoan Haitzi musu eman diot. Ezpainetan oraindik ere lorea dakartela iruditzen zait. Zein ederki egingo dudan lo.
Haitz gurekin geldituko balitz! Etorkizuna zorionez beterik ikusten dut.
TXEMA
22. Osteguna
Goizeko hamaikak dira. Neure bizitzan ez naiz orain bezain ikaratua egon. Abisua eman digute Gentzane bahitu egin dutela. Mentxakaren urdeek, ziur. Ez dut uste Gentzaneri deus ere gertatuko zaionik.
Haritzengan sinesmen osoa daukat. Halere, jende horrekin kontuz! Lehenago ere bi neskatxa garbitu dute. Hori bai, zeredozer arreba honi gertatu eta nik neure eskutik bengantza egingo nuke.
Zertarako, ordea, honetaz pentsatu? Nola galduko dut bada, neure bigarren arreba?
Izan ere, Dolores Petrirena, Lekeitio ondoko zimaurtegian aurkitu zutena, gure arreba maitea zen. Jendearentzat Dolores izango zen, baina guretzat Nekane, gure Nekanetxo maitea.
Bai, Bilbora etorri ginenetik, Apalategi izenarekin ibili gara. Gu ere Petrirena gara, baina. Eta ez gara Bidasoako Berakoak, Iruñeakoak baizik, Haitzi bestela esan badiogu ere.
Bilbora geure arreba maitearen hiltzaile bila etorri gara. Gu izan gara Aurrezki Kutxan milioia jarri dugunok, erailea aurkituko duenarentzat.
Iaz arte Iruñean bizi ginen hiru nebarrebok izeba batekin. Gure gurasoek bitxidenda zeukaten Carlos III n. Nahiko aberats ziren. Nekanek hiru urte zituela, kotxe ezbeharrez hil ziren Tutera ondoan. Izeba ezkongai honek jaso gintuen. Amaren ordezkoak berak egin dizkigu.
Nola galdu zen gure Nekanetxo? Atx, droga hartzen hasi baino lehenago ez zen Euskalerri osoan gure Nekane baino neskatxa jatorragorik, bildots eztiagorik.
Nola ez dakigula, baina, lagun batzuekin elkartu eta drogari eman zion. Bere bizitza osoa aldatu ere, makalagatik! Lehenago hain goxo, maitagarri zena, uzkur eta gozagaitz egin zen.
Goizetik gauera izkutatu zen. Droga behar eta dirurik ez. Agian norbaitek Bilbora joateko burua berotu zion. Gorputza salduz diru nahikoa izango zuela.
Bilbora etorri, ordea, eta berak ez uste kukuak jo zion. Heriotze bildurgarria.
Eta orain bigarren arreba arriskuan.
Nola berantetsi dudan Haitzen etorrera. Ordubiak aldean zintzarria jo dute. Atea ireki eta Haitz agertu da, Gentzane besoetan zuela.
Ni enganiatzeko ahaleginak egin ditu, bihotz kolpe haundiegirik ez hartzeko. Laster jakin dut ordea zer gertatu den. Dena kontatu dit.
Nola nagoen ezin dut adierazi. Hauxe bakarrik dakit. Nere bizitza betiko puskatu egin dela. Bi arreba galdu ditut. Nire erruz, agian. Bigarrena Bilbora etortzeko neuk zirikatu bait nuen. Haitz etxera ekartzeko joko guztia ere neure burutik erne zen, gero Gentzanek berak bete bazuen ere.
Onegia zen, maiteegi ninduen niri ezetz esateko.
Haitzek eta biok eztabaidatu egin dugu bengantzabidea. Harritu egin nau eta poztu Haitz horren erabakitsu ikusteak. Gentzane maite al zuen? Ba liteke. Gentzanek, behintzat, oso maite zuen bera.
Hotz hotzean gertatu dugu dena, arerioentzat gorrotozko hitzik erabili gabe.
—Hiru heriotze dituk —esan dit Haitzek—. Geuk ere hiru garbitu behar ditiagu. Mentxaka, denetan errudunik nagusiena eta etxean dituen bi morroiak. Horietako batek, luzeenak, Gentzaneren bahiketan parte hartu dik.
Hoberena gauez joatea zela erabaki dugu. Nik aldameneko botikan artsenikoa erosi dut. Aspalditik ezagutzen naute eta egia esan diet: zakur bat hiltzeko behar nuela.
Bost okela puska pozoitu ditugu, badaezpada ere. Haitzek bere errebolberra gantzutu du. Isilgailua erantsi dio. Horrek garrantzi haundia zuela esan dit.
Gaueko ordu bietan atera gara etxetik. Irten aurretik, Gentzane zegoen gelara joan naiz. Haren gorpuaren aurrean zin egin dut. Bengantza egin edo bestela Mentxakarenean garbitu egingo nautela.
Ordu bi terdietan heldu gara Neguri aldera. Kotxea etxetik bostehun metrora utzi dugu. Oskarbi zen.
Burnizko atera hurbildu gara. Berehala agertu dira bi dobermanak. Okela puskak bota dizkiegu eta ia minutugarrenean hil dira.
Jauzi egin dugu eta bidezigorraren ondoko palmondo baten ipurdian izkutatu.
Laster azaldu da kotxebidetik Haitzek «Zapelaitza» deitzen duen morroi luzea, eskuan pistola zuela. Guregana urreratu denean, Haitzek tiro egin dio lepo lepoan. Zabal zabal erori da.
Zain gelditu gara minutu batzuez. Inor ez da agertu. Gorantza egin dugu.
Ia etxe atarian geundela, ordea, barrutik norbait ateratzen ikusi dugu. Ezpel batzuen atzean gorde gara.
Bi egun lehenago ikusiriko agurea zen. Aurretik igaro denean Haitzek tiroa tiratu dio. Muturrez aurrera erori da.
Atzo etxean eztabaidan egon ginen, Mentxaka nola hil. Haitzen ustea hauxe zen: baratzean sartu, lehendabizi nola edo hala bi morroiak tirokatu eta gero Mentxaka ere tiroz garbitu.
Nik ezetz. Mentxaka hiltze lan hori nik neure modura egin behar nuela. Azkenean itun batetara iritsi ginen.
Ni hilsaioan hasi eta ordu erdi barruan ez banintzen agertzen, bera ahaleginduko zela arazoa garbitzen. Bera etxe barnetik joango zela eta ni kanpotik.
Nik barruntaturik neukan Mentxakaren gela zein izango zen.
Bigarren bizitzan bi leiho irekiak eta pizturik zeuden. Txikiak dira. Seguru asko morroien gelak. Zakur zaunkak entzun eta argia itzaltzeko ere betarik ez.
Lehenbizikoan, ordea, leiho haundia zabal zabalik. Mentxakaren langela. Gu berarekin egondakoa.
Haren ondoan, ezkerretara, beste bat. Hura ere leihoa irekita. Zalantzarik gabe, huraxe zen Mentxakaren gela.
Nik uste baino zailago da hara igotzea. Kontu guzia Mentxaka ez esnatzean zegoen.
Korapiloa askatzeko bidea laster asmatu dut. Mentxakaren langelaren leihoaurrekoak lore ontziak eta eskegiteko zapalda du. Leihotik leihora, berriz, harlaxa dago.
Zapaldara bota dut horretarako ekarrita neukan nilozko eskilara kakoduna. Amen batetan goian nengoen. Harlaxa Mentxakaren gelara aldatzeko nahiko zabala da.
Sartu egin naiz. Berehalakoan sumatu dut ohea ezkerretara eta han murru bat.
Gerri uhaletik zintzilika neukan nabala zorrotik atera dut. Iletargiak bete betean jotzen zuen haren aurpegian.
Ziztada bat neure indar guztiez eman diot bihotzaldean. Ehizlabana kirtenerairo sartu da. Intziri tiki bat egin du. Zer gertatzen zitzaion jakin gabe hil dela uste dut, baina. Zoriari tokirik ez emateko, beste bat erantsi diot berton eta hiru sabelean.
Toki beretik jaitsi naiz behera. Haitz ezpelen atzean zegoen. Estuasun haundirik gabe atera gara kanpora. Etxera etorri eta ohera.
Nik ez dut egin eta ez dut uste Haitzek lo egingo zuenik.
Nekane eta Gentzane: Bengantza egina dago.
Izurri berria |