Izurri berria
—15—
Egunkari hau irakurri bitartean Jainkoak daki zein gogoeta ilun hits egin nuen. Behin eta berriz etortzen zitzaidan oroimenera Gentzaneren irudi maitea.
—Gorde ezazu zeuk egunkaria. Hau dakukazun bitartean ez zara Gentzanez eta biotaz ahaztuko.
—Agenda honekin edo gabe, nire etorkizuna hirearekin eta Gentzanenarekin lotuta zegok.
Txemak besarkada bat eman zidan. Berriro nigarzotinka hasi ere bai.
—Bakarrik nago mundu honetan!
—Betiko heure laguna.
Hurrengo egunetako jokabidea aztertu genuen gero. Zer komeni zen egitea?
Lehendabizi: gorpua Iruñeara eraman ala Bilbon ehortzi?
Nekane Iruñean hilobiraturik zegoenez gero, paperak zuzendu eta hara eramatea erabaki genuen. «Lareki Baratzea» kanposantuan elkarrekin ehortzirik daude bi ahizpak.
Hiru egun behar izan genituen hango gorabeherak osatzeko. Atzera Bilbora.
Etsirik luzaro egon ondoren, azkenean, hoberena Casajusi egia osoa esatea zela eritzi genion.
Mentxaka eta bere zakurrak nork hilak ziren lehentxo edo gerotxo jakin egingo zen. Tartean jende oso aberatsa eta esku haunditakoa zegoen arazoa isilik uzteko.
Txema eta biok joan ginen komisariara eta Casajusi gertakari guztiak ipi apa kontatu genizkion.
Zur eta lur gelditu zen. Guri ahal zuen neurrian laguntzeko prest zegoela esan zigun, ordea. Orain arte ez du hitza jan.
Bilbo osoa asaldaturik zegoen Mentxaka Maranonen heriotzeaz. Bazter guztietan zen ezaguna gaiztagin ohoragarri hura. Are zalaparta haundiago sortu zen guk geure buruok errudun aitortu eta egunkari eta aldizkari guztiek historia eman zutenean.
Detektibe batek eta istilu haietan bi arreba galdurik zeuzkan gazteak garbituak izan zirela Neguriko jauntxoa eta bere morroiak.
Basaurin sartu gintuzten. Bai eta haseratik poliziek ongi hartu ere. Casajusen eskua tartean zegoen. Ia egunero etorri zen gu ikustera, batzutan kazetalari mordo batekin. Guk haiei egia esateko ez genuen mingainean herdoilik.
Nizeto Zufiak ere lan bikaina egin zuen gure alde. Euskalerri osoan, jauntxo zikin batzuk eta zenbait droga saltzaile kenduta, denak gure alde jarri ziren.
Auzia egin zen. Ez genuen gauza onik espero. Mentxakaren milioiek gure legegizonen hitzek baino indar askoz haundiago zuten.
Irantzuko gure «lagunak» eta emagalduak ere agertu ziren. Nekane Petrirenak hotel hartan lan egin zuela agerian gelditu zen, baina nork hil zuen argibiderik ez.
Erabakia gure kaltetan izan zen. Gentzane bahitu zutela ezin izan genuen frogatu.
«Zapelaitza» hila zen eta Igorreko etxean agertutako beste gizona ezin auzira ekarri nik ez bait nuen ezagutzen. Mentxakatarren aldeko abogadoak dena nire asmazioa izan zela erakutsi nahi izan zuen.
Zein pozik emango niokeen okozpeko bat eta leihotik kanpora bota. lsildu egin behar, ordea. Agenda bera ere ezin guk agertu.
Auzian amorragarriena ez zen izan guri leporatu ziguten gartzela, Gentzaneren izena zikintzea baizik.
Kontrako abogadoak Nekane drogazale zela eta bere ahizpak ere bide horretatik jotzen zuela denei sinestarazten saiatu zen. Hura joko zikina!
Gauza bat zegoela garbi. Heroina neurriz gain harturik hil zela.
—Nork sinetsi Zumeta jaunak eta neskatxaren nebak esana?: Neskatxa horrek lehenago sekula ez zuela heroinarik dastatu; hain zuzen ere hori zela lehendabiziko aldia eta gainera beste batek emana? Kontu haundiegiak dira hauek sinesteko. Ahizpa drogazale eta bera aingeru bat. Tira, tira!
Hura nire sumina! Madarikatu ahalena! Lepoa bihurtzea merezi dute holakoek.
Lekuko nahiko ekarri genituen, nik esandako orduan blastada izugarria entzun eta «Otarmin etxea» —izena geroago ikasi genuen— sutan ikusi zutela aitortu zutenak. Erreketa, inguruetako baserritar guztiek ikusi bait zuten.
Abogadoak, ordea, gauzak oso maltzurki bere gogara eraman zituen. Nork egina zen leherketa hura? ETA-ren lana ez ote zen? Nola froga nezakeen ni une batzuk lehenago hantxe nengoela? Zein lekuko nuen?
Ez nuen alerik ere. Nik Gentzane neure besoetan eraman nuela (eta nire zakarkeria ere) aitortu zuten Cruceseko medikuek eta gaixozainek. Gentzane nondik zetorren, ordea, ezin egiaztatu.
Soinekoak eta, zikinak zituela entzuterakoan, abogadoak irrizuriz esan zuen:
—Drogazaleak zein toki lardatsetan ibiltzen diren ba dakigu.
Niri 20 urte leporatu didate eta Txemari hamabi. Eskerrak lehenago ez genuen inongo gaitzeginik. Nik ahaleginak egin nituen auzibidean errurik haundiena neure buruari botatzen. Txemak nire esanak egiten zituela. Bi arreba hilak izateak ere, zigor tikiago bizkarreratzen lagundu zion.
Orain Carabanchelen gaude biok. Casajusi zera esan nion. Guretzat hobe zela Basauritik lekutzea. Mentxakaren gizeraileek guri mendeku egin nahi izatea bidezko zela. Oraingoz Bilbotik urrutiago eta gu lasaiago.
Carabanchelen euskaldun gutxi gaude. Zoritxarrez, euskal preso politikoekin ez dugu harremanik. Baimena eskatu arren, ukatu egin ziguten.
Casajusek beste mesedea ere iritsi digu. Txema eta biok elkarren ondoko gelatan egotea.
Hemengo bizitza bestela nahiko larria da. Gure espetxelagunak, gehien gehienak, gaiztagin onduezinak dira, gizona edo zapoa hiltzea berdin berdin zaienak. Nik larderia bapo eman nien, halere.
Etorri eta bi egunera «Matavidas» delako gizon gazte nazkagarri harrosko bat, denen artean borrokalari izen haundia zuena, Txemari zerrikeriak esan eta mehatxuz eskaintzen ari zitzaion. Txemak aurpegi eman eta lepotik heldu zion hark.
Ni bitartekotu nintzen. Eman nizkion bi «jab» ukabilkadez, enbor zaharra bezala erori zen muturrez gora, lauzpabost hortz koloka gelditzen zitzaizkiola. Geroztik bake saindua daukagu.
Txema eta bion jokabidea garbia da. Beste presoekin, berez oso jator diren bost edo sei kenduta, ahalik eta harremanik gutiena edukitzea. Hori bai, eskatuz gero, denei lagundu. Horretara, ia denek begirune ekartzen digute.
Ni sinetsirik nago gartzelatik laster aterako garela. Gizonki jokatu eta iritsiko zaigu amnistia edo beste horrelako barkapenik.
Niri neuregatik ez zait axola haundirik. Hogei eta hamazazpi urte ditut eta neure bizitzako urterik hoberenak joan ziren pikutara. Txemak ematen dit nahigabe. Hogei eta bi urteko mutila. Hamabi urte hemen igaroko balu, bizitza guztirako hondatua geldituko litzateke, hots, orain dagoen baino joago. Ahaleginak egiten ditut bihotz ematen. Gartzelatik atera, bere arreba bezalako neskatxa on batekin ezkondu eta familia jatorra haz dezala.
Nik neuretzat etorkizuna oso ilun ikusten dut.
Lau terdiak izango dira aurki. Patioan gora-behera ibiltzeko jarrita daukagun ordua.
Izurri berria |