Izurri berria
Gotzon Garate

Bilbo Aurrezki Kutxa, 1982

 

 

—4—

 

        Ongi bazkaldu ondoren —Bilbon prestatzen duten makallauak Egiptoko momiak ere mugiaraziko lituzke— siesta luzea egiteko nuen asmoa pikutara bidali zidan telefonoaren zintzarri nazkagarriak.

        —Haitz Zumeta.

        Emakume baten ahots zorrotz, zantartxoak erantzun zidan.

        —Ez nauzu ezagutzen. «Hoja del Lunes» ean zein lanetara zatozen irakurri dut. Zuri argibide oso jakingarriak emateko ba ditut nik.

        —Nor zara?

        —Esango dizut bihar.

        —Nondik deitzen nauzu?

        —Ez zaizu ardura. Bihar Madariaga kalean bostgarren zenbakian, hirugarren bizitzan, 3D-n zain edukiko nauzu goizeko hamaiketan. Orduan hitz egingo dugu elkarrekin.

        Xehetasun gehiago atera nahi nion, baina moztu egin zuen. Amorraturik uzten naute holako hizketa moztuek.

        Arratsaldean euri arrastada bat bota ondoren, laino zardai batzuk sartu ziren itsasaldetik, prozesioan bezala.

        Ez nuen beste eginkizunik eta Cortes eta San Frantzisko, Bilboko emagalduen kalerik ezagunenetan zehar, itzulinguru batzuk egin nituen, ardanetxeetan neskatxaren erretratoa erakutsiz.

        Inork ez omen zekien ezer. Ez nuen ezer espero, egia esan, han dabilen jende eta ardo-nagusiengandik, horien legea isiltzea bait da, badaezpada ere... Egia, askoren erregarria, esan ohi zuen gure aita zenak.

        Biharamun goizean, jantokian gosaldu ondoren, mostradorera hurbildu nintzen, kopa bat Lochan Ora edan eta zigarrotxo bat erretzera. Eguneko lanari hasera ona emateko gauza hoberik ez.

        Edanari zurrapada egiten ari nintzaiola, ezkerretara neskatxa bat jarri zitzaidan. Neskatxa ez oso polita baina bai txukuna eta atsegina.

        Arrazoiez zioen gure aita zenak bazkari onak eta neskatxak zirela munduko gauzarik haundienak.

        Neskatxa hura, ostera, jatorraz gainera, nahiko patala zen, antza. Kafea hartzen ari zela, burua atzera itzuli nire aldera, kafe katilotxoaz nire ukondoa jo eta palastada bat galtzetara isuri zitzaidan.

        Eskerrak beste toki askotan bezala kafe guti zegoen kafe hartan eta neskatxa zen, bestela esango nizkiokeen bereak eta bi; isildu egin nintzen, ordea, aurpegia gaztain morkotsa baino latzago ezarriz.

        Bera anpolariak baino gorriago jarri zen.

        —Barka ezazu. Hau nire zabarkeria!

        Begi nabar gazte bik begiratzen zidaten, larri eta erruki eske.

        —Egia esan, hauek ziren nire galtzarik onenak.

        —Barman, mesedez, ekatzu ur epela berehala.

        Neskatxa bere musuzapia uretan busti eta jaka igortzen hasi zitzaidan, begirasun alai, izua egozten zidala. Hogei ta zazpi urte edo jo nizkion. Dotoretasun punta ba zuen; azpegi serioak, bekoki zabala, ahoa haundi samar, ezpain finak.

        Jersey zuria zeukan eta aurpegi azala ere bai. Emakumeek gizonezkoek baino hobeki aukeratzen dituzte gorpuzkerarekin ongi ezkontzen diren jantziak.

        Denera neskatxa begikoa.

        Nire katilutxo hustuari so egin zion.

        —Galtzak zikindu dizkizudanez gero, beste kafe bat hartzera gonbidatzen zaitut.

        —Batekin nahikoa dut.

        —Beste kopa bat.

        —Ez.

        —Ez duzu oso erraz barkatzen.

        —Batzutan.

        Une batez buru-begiak apaldu zituen, etsipenez, berehala jasotzeko. Gorroto itzaltxo bat azaldu zitzaion begitartean. Beste kafe bat eskatu zuen berarentzat, eta niri kasurik egin gabe dastatzen hasi zen.

        —Nongoa zara?

        Poztu egin zen nire galderaz.

        —Jaiotzez beratarra. Aspalditik bizi naiz hemen Bilbon, baina, neure neba batekin. Eta zu?

        —Zein lanetan ari zara?

        —Sekretaria lanetan. Eta zu?

        —Non egiten duzu lanean?

        —Makinaria exportazio elkarte batetan.

        —Salmenta haundirik?

        —Bai, lehen bezanbat ez, halere. Galdetzen ba dakizu, ikusten dudanez.

        —Bai.

        —Eta erantzuten?

        —Noiz behinka.

        —Bilbotarra al zara?

        —Ez.

        —Nondik zatoz?

        —Kanpotik.

        Neskatxak barreari eman zion eta neuk ere bai.

        —Holako erantzunekin eztabaida gutxi izango duzu zeure emaztearekin.

        —Oso gutxi.

        —Lanean Bilbotik?

        —Ez dut lanik egiten.

        —Hori hobe!

        —Bai.

        —Diru asko izango duzu orduan!

        —Ez.

        —Diru gutxi?

        —Bai. Dirurik eskatzera etorri bazara, alferrik zabiltza. Begira begira gelditu zitzaidan, irriño maltzurrez.

        —Oso gizaseme bitxia zara.

        —Fama hori daukagu.

        —Nork?

        —Detektibeok!

        —Detektibe?

        —Bai.

        —Hara, orain arte ez nuen holako batekin hitzik egin.

        —Ez duzu hurrengoan hori esango.

        Ahots ozen, ongi modulatua eta samurra zuen.

        —Nola duzu izena?

        —Haitz Zumeta.

        —Izen ezaguna egiten zait.

        —Ez dut uste. Neuretzat ere aski ezezaguna da eta.

        —Non bizi zara?

        —Donostian.

        —Lan berezi batekin hona etorria?

        —Bai.

        —Eta luzerako?

        —Ez jakin.

        —Eta hotel honetan zaude ostatuz?

        —Hementxe berton.

        —Eta hementxe egongo al zara denbora guztian?

        Neskatxa berriro gorritu zen belarrietaraino. Lasterka etorri den haurra zirudien.

        —Besterik ez bada gertatzen.

        —Garestia izango duzu, bada, hemengo egonaldia.

        —Oso nire sakelerako.

        —Harrigarri irudituko zaizu... baina... Bilbon zauden bitartean zergatik ez zatoz gurera?

        Neskatxak, noski, nire begietan irriño hotz samarra nabaritu zuen.

        —Hauxe esan nahi nizun... Barka... ziur nago neure neba ere oso pozik jarriko litzatekeela... egun hauetan geure etxean geldituko bazina. Holako detektibe entzutetsua geurean.

        Nire azpegietan ez zuen erantzunik ikusten.

        —Jakina, ez genizuke deus ere kobratuko. Eta gauza bat esaten dizut. Oso sukaldari ona naiz. Benetan! Den denak oso pozik gelditzen dira nire bazkariekin.

        —Benetan ari al zara?

        —Zertan benetan?

        —Zeuenera joate horretan.

        —Bai horixe! Gure etxean zeurean bezain ongi egongo zara.

        —Horren gaizki al zaudete?

        —Ez, gustora egongo zarela esan nahi nizun.

        Aurreneko susmoa areagotu egin zitzaidan. Kafez zikintze hura berariaz egina zela. Zein asmo egon zitekeen izkutaturik, itxuraz aldagarri plantxatu berrien bezalako freskotasuna zuen neskatxa haren-eskaintzaren azpian? Gaizkileek jarritako beita al zen ni beren sareetan harrapatzeko?

        Zeredozer ba zen. Nire lanbidea, ordea, definizioz abentura eta arrisku da. Onartzea erabaki nuen. Dena nire irudipen gaiztoren bat bazen, neskatxa jator baten etxean bizi izatea atsegin zitzaidan. Nire kasuarekin harremanetan bazegoen, berriz, han neukan bila nenbilen arrastoa. Buru-belarriak oso erne ibili behar. Eta errebolberra ere, badaezpada.

        —Ekarri bosteko hori. Zure izena?

        —Gentzane. Gentzane Apalategi.

 

Izurri berria
Gotzon Garate

Bilbo Aurrezki Kutxa, 1982