Izurri berria
—11—
Ongi bazkaldu ondoren eta Gentzanek lanera alde egin eta gero, Txemari goizetik neure kolkoan gorderik neukan asmoa azaldu nion.
—Txema, ni Mentxaka Maranon ikustera nihoak.
—Oso ederki. Neu ere.
—Mesede egingo didak. Non bizi den ba al dakik?
—Bai, haren txaleta behin baino gehiagotan ikusi diat, barruan sekula ez banaiz izan ere.
Telefono zintzarriak jo zuen.
—Hiretzat, Haitz. Polizia hori.
—Kaixo?
—Kaixo, Haitz —Casajusen ahotsak betiko alaia erakusten zuen—. Hi, atera diate kotxetik heure lagun hori.
—Eta?
—Bera zeharo errea zegoan, kotxea mahaspasa baino zimurrago eta drogaren izpirik ez.
—Nor zen gizon edo gazte edo agure hori?
—Fernando García Canales, hogeitamar urte, Valladolizen jaio eta aspalditxuon hemen bizi zena.
—Lana?
—Jainkoak zekik. Izenez emakumejantzien haratonako saltzaile. Izanez egunak edo hobeki esanda gauak maltzurkeriatan, alferkerian eta jokoan igarotzen zituen piztia. Hotel Irantzun sarri ikusten ziaten.
—Besterik ez?
—Ja ere ez. Moztu eta aurreko hizketari ekin genion.
—Maranon hori ezagutzen al duk?
—Ez.
—Dena dela, goazen bertara.
Plentziarako bidea hartu genuen. Erandio atzean utzi eta Algortako sarreran, Asuako karretera eskubitara genuela, Txemak batbaten oihu egin zidan:
—Horixe duk etxea!
Huraxe bai ederra! Bihotz zarrastaturik gelditu nintzen. Neure aurrean, itsasoko haizeari harro aurpegi ematen, gaztelu-jauregi itzalgarria ikusi nuen.
Harri horizko eraikuntza sendo eskerga zen: erdi erdian laukantoizko dorre zabal-garaia eta ezker-eskubi, dorreari erantsita, gela askotako bi txalet dotore. Jauregia baratze baten erdian zegoen, palmondoekin apain, dena harresiz inguraturik.
Etxe azpiko bidea hartzen baduzu, Algortako Arrantzaleen etxe bikainera jaitsiko zara, Areagako hondartzertzera, hain zuzen ere.
Hantxe bazter batetan kotxea utzi eta baratzeko burdin-ate landuan zintzarria jo genuen.
Zakurzaunka amorratuak entzun ziren eta burrunban gure aintzinean bi doberman mutur luze beltzarre genituen, beren hortz zorrotzak erakusten. Ez zuten dentistaren behar haundirik, noski.
Laster agertu zen, ordea, itxura txarreko gizon kotor bat, kopeta astunarekin.
«Zapelaitza» deituko dut, harrapakari horren musua bait zuen, hamar zentimetrotakoa bai. Oso luzea zen, 1'90 edo, argal eta baldar, esku hanpatu haundiekin.
Ezkerreko eskumuturraren ondoan orein bati atzaparka ari zitzaion katamotz bat zeukan tatuaturik. Ile zapastua bekokitik hasi eta atzera orraztua sorbaldaraino jausten zitzaion.
Begitartea arraildua eta eguraldiak belztua zeukan. Ingresti basatia erakusten zuen bere aho okertuan eta dizdirak eta mehatxuka ziharduten bere basakatu begiak edozeini karranpa emateko bezalakoak ziren.
Neure bizitzan ikusitako gizonik arriskugarrienetako bat. Flanelazko alkondara, jeans adabakituak eta oinetako gorriak jantzirik zeuzkan.
Zakurrak isildu egin ziren. Gizonak ate atzetik larderiaz begiratu zigun.
—Zer nahi duzue?
—Mentxaka jaunarekin hitz egitea —esan nion hotz hotzik, berariaz ahal nuen begitarterik beltzena jarriz.
—Aurretik gaztigatu al diozue?
—Ez.
—Alperrikan etorri zarete orduan. Ahots erlastu sakonez mintzo zen.
—Lasai, gazte. Esaiozu Haitz Zumetak berarekin hitz egin nahi duela. Sakelean bere lagun baten agendatxoa duela.
«Zapelaitza»k mesfidantzaz so egin eta une batez ezbaian egon ondoren, barrualdetik ate ondoko harresian eskegirik zegoen telefonoa hartu zuen.
Guk ez genuen ezer entzuten, baina behingoan guregana urreratu zen aurpegi adiskidetsuagorekin.
—Sartzeko!
Baratzeak, oso antzetsuki zaindua, langile baten esku trebea erakusten zuen: belardia inongo soilunerik gabe, murritz murritz ebakia; nonahi ezpelesiak itxurarik bitxienetan moldaturik. Ifarraizeak kamaxa batzuen adar-lumak maitekiro orrazten zituen gu bidean gora gindoazela
Etxaurrean Datsun 200-SX eta bost zilindrotako Audi 5000 Turbo bat zeuden, zein baino zein berriago eta dizdiratsuago. Auskalo zenbat pagatuak. Drogaren etekina!
Terraza zabal bati oinarri ematen zioten arkupe bikainetan zehar sartu ginen etxe barrura.
Zaintzaileak sarrerako zintzarria jo zuen.
Begiak arre nahasiak, ilea harbel kolorekoa, aurpegia gaixotasunez edo garraztasunez ozkaturik zeukan gizon bitarteko, adintsu batek zabaldu zigun atea. Bere buru haundi eta gorputz zabala hanka motz samarretan tinkaturik zeuden.
Honek, gu aurrera baino lehen, irmoki agindu zion Zapelaitza-ri:
—Araka iezazkiek jantziak, ea pistolarik ote duten. Burugainetik txorkatiletaraino miatu gintuzten. Niri, jaka azpitik, neure —Harrington and Richardson, Model 930— errebolberra kendu zidan.
Begiak ingurunera zuzendu nituen. Haritz solairuzko hall hedatu batetan apaingarri aunitzek. Pertsiako alfonbrek, marmolezko mahai gainetik brontzezko lorontzik, 19. gizaldiko Frantziako chaise longuek eta Murano kristalezko argimutilek agur hotza egin ziguten.
Ezkerretara goiko geletara igotzeko horma osoari inguru egiten zion gaztainazko mailadiak areagotu egiten zuen hallek zeukan filmetako antza.
Handik gora eraman gintuen bigarren gizonak. Kobrezko maratila zuen bi atalezko ategaitz baten aurrean gelditu eta botoi bat zanpatu ondoren, «aurrera» adierazten zuen argia piztu zen.
Zaharrak atea zabaldu eta gure atzetik itxi zuen. Han zegoen, kaobazko idazmahai barniztatu haundi baten aurrean eserita, serio serio, burua atzera, Mentxaka Maranon jauna.
Aitonen seme itxurazko agure luze, garaiz baino lehenago ajeaturik, begi nabar, bekoki garai eta estu bat zen. Bere begikunde zorrotzak agintzen ohiturik zegoela adierazten zuen.
Ba zen haren baitan zerbait ilun, izugarri eta bai bizkorgarri ere bere zain gorriez zeharkaturiko begietan.
—Arratsalde on. Zumeta jauna eta...
—Txema Apalategi, nire idazkari eta lankide. Honen aurrean edo nire aurrean hitz egitea berdin berdin.
—Eseri zaitezte.
Gelaren aberastasunak edonor txunditzeko bezalakoak ziren.
Erdiko horman zintzilikaturiko Zurbaran-ek, Arrue eta beste euskal pintoreren laukoek eta atzerritik ekarritako erredizek, goi-goieneko mailakoak, Aalto, Breuer, Mies van der Rohe, Eames eta abarrek giro barnekoi eta berezia ematen zioten gelari.
Apaingarri haiek, halere, ez zuten nonbait Txema gehiegi erakartzen, begi jakinmintsuak leihotik kanpora baratzean tinkaturik bait zituen.
—Ederki. Alabeharrez harrapatu nauzue. Etxeko guztiak Canariasetan dauzkat eta neu ere datorren astelehenean noa hara. Zer nahi zenuten?
Euskaraz ongi eta baritono doinuz mintzatzen zen, baina ereta bitxiz. Geroago jakin izan nuen haurtzaroa Londres-en igaroa zuela.
Solasa motel motelean ateratzen zitzaion, inongo nabardurarik gabe. Noiz behinka irriño dekoragarria agertzen zitzaion ezpainetan. Mahai gainean zegoen bonboi kaxatxo batetatik goxoki bat ahoratu zuen.
—Orainez gero jakin duzu, noski, Izarrako kapitaina atzeman eta espetxean sartu dutela-esan nion gezurrez.
—Nik ez dakit ezer.
—Droga zure aginduz ekarri duela eta lehenago ere sarritan ekarri dizula aitortu du.
—Droga kontuetan ez naiz sekula sartu eta ez dut ezagutzen kapitain hori.
—Izarra zurea denik ez duzu ukatuko.
—Ez. Nire ontzietan kapitain edo marinel nor dabilen ez dakit, ordea.
Mentxaka hark ba zituen kopetan zazpi azal.
—Eta droga zeure hotelean zabaltzen zuten Dolores Petrirena eta Milagros Hernandez nork hil dituen ez duzu jakingo!
—Nire hotelean ez da drogarik zabaltzen. Hilketa konturik jakiteko, berriz, poliziari galdetzea onena. Sail bat horretarako jarrita daukate.
Mentxaka barrutik amorratzen bazegoen ere, hormaziriak baino hotzago zegoen kanpotik.
—Zer gehiago, Zumeta jauna?
—Atzo kotxez itsasoan behera amildu zen Fernando Gartzia ere ez zenuen ezagutuko, ez da?
—Izen hori lehenengo aldiz oraintxe entzun dut.
—Bai, jakina, zuek haundikiok, ez duzue holako arratoi klaserik ezagutzen. Berak, ostera, zu hagitz ongi ezagutzen zintuen.
—Ba liteke; askok ezagutzen naute. Sakelatik agenda gorria atera nuen.
—Mentxaka jauna, agenda gorri honi esker jakin izan ditugu zure heroina gorabehera guztiak. Fernando Gartziak, Hotel Irantzun lan egiten zuen eta Izarratik zuretzat droga zekarrela Galindo ibai ondoan porrokatu zen zure morroiak zure telefono zenbakia, zure pipermina noiz zetorren eta holako gauza jakingarri asko jarrita zeuzkan kuaderno honetan. Bai eta aurreko txandetan noiz ekarri zizun pipermin hori. Oso morroi ganorabakoak ditugu.
Mentxakak ezpainak estu estu, bihurrituak zeuzkan, hitzei heltzen ariko balitz bezala.
—Ez dakit zertaz ari zaren. Inori agenda kentzea halabaina, ez zait gauza zuzena iruditzen.
—Halaxe da. Ez eta bakean Hotel Irantzutik irten eta lau lagun guri oldartzea.
—Tira, tira!
—Bai, horixe: tira! Ongi tiratu zidaten labana bular aldera. Eta honi makilkada galanta ere bai.
—Gauza okerren bat egingo zenuten.
—Egiaren bila ihardun. Dena dela proposamendu bat egiten dizut. Bizkai osoan droga hornitzailerik nagusiena zu zarena ba dakigu. Irabazpide hori utziko duzula agindu eta Dolores Petrirenaren erailea nor den esanez gero, nik agenda hau eskuratuko dizut.
—Oker ari zarela berriz ere esaten dizut. Droga konturik ez dakit nik. Eta agenda arazo hori zuk bakarrik edo beste batzuekin asmatu al duzu?
—Asmatu ez, baina guk biok bakarrik dakigu agenda honen berri.
—Benetan, zein gezurretan ari zaren ez dakit. Dena dela, nire izena zikintzeko gauza zarela ikusten dut. Niri baketan bizi izatea atsegin zait, ordea. Beraz, neuk beste eskaintza egiten dizut. Agenda hori eman eta arazo hauetatik alde egitearren milioi bat pezeta.
—Um!
—Bi milioi!
—Um!
—Lau eta kito!
Ukabilkada bat eman nuen mahai gainean.
—Inola ere ez, Mentxaka jauna. Ez nauzu erosiko! Nik eginkizun bat hartu dut neure gain eta ez dut etsiko, bete arte.
Hura gehiegi zen. Mentxaka jauna, begiak meharturik, jaiki egin zen. Ezpainertzak busti egin zitzaizkion, ez dakit izerdiz ala gorrotoz.
—Nahiko egonarria izan dut zurekin. Esaten ari zarena zeure asmazio hutsa besterik ez da. Berehala ez baduzue alde egiten, zakurrak deitu eta puskatu egingo zaituzte, madarikatu horiek!
Txemaren hazpegiak gogortu egin ziren, kromoaren kolorea hartuz. Borrokan hasteko gerturik zegoen, doike.
—Ederki, Mentxaka jauna. Aurki beste dantzatoki batetan elkar ikusiko dugu.
Hark argi botoiari sakatu egin zion.
Agureak atea zabaldu zuen eta oinak aretotik atera genitueneko, bi pistola geure bularrerantz zuzendurik ikusi genuen, bata baino bestea itsusiago.
«Zapelaitz»ak Walther bat zeukan niregana makurturik eta agureak mutur luzeko Star berri berria.
—Zer, lagunok, zer berri dugu? —bota nien lasai samar.
—Hor daramazun agendatxoa behar dugu, maite —esan zidan «Zapelaitza»k, txitak jateko prest balego bezala, sudurra berez zen baino ere luzeago egiten zitzaiola—. Jaso gora eskuak, bestela laster zarete ibaian, korrokoien janari.
—Tira, gazteok, ez har gauzak horren larri. Bestela luzaro baino lehen zahartxo zaudekete.
Nire sakelak arakatu, agenda atera eta «Zapelaitza»k bere lagunari eman zion.
—Ederki —jarraitu zen gero—. Lapurrari ebasteak hoben guztietatik barkazioa omen dakar. Eta orain kanpora eta isilik. Kontsejutxo bat ematen dizuegu, gainera. Eduki oso gorderik gertatu zaizuena. Maiz, gehiegitxo hitz egiteak kalte egiten du. Gibelarentzat ere ez da on.
—Ongi esana —ebaki nion nik— orain arte gelditu gabe berriketan ari zara eta.
Kanporaino lagundu gintuzten pistola eskuetan zutela.
Burnizko atea itxi baino lehenago, «Zapelaitza»k nire errebolberraren balategitik balak atera, urrutira jaurti eta atzera eman zidan.
—Guk ez diogu inori berea kentzen.
Kotxean sartu ginen eta ia ahoa zabaldu gabe etxera etorri.
Gentzanek galderaz josi gintuen iluntzean etorri zenean. Txemak ba zuen kontagairik.
—Orduan, agenda hori galdu egin duzu? —galdetu zidan neskatxak.
—Ez.
—Nola?
Biek harriturik begiratu zidaten.
—Eskuratu diedan agenda ez zen egiazkoa. Beste gorri bat, haren antzekoa eraman dut. Nire gelan dago benetakoa.
Haiek egin zituzten barreak! Geroago, ordea, egingo genituen nigarrak!
—Hori da ziria sartzea! Kokotzetik utzi diezu.
Luzaro gelditu ginen egontokian mila gauzaz mintzatzen. Ez nik nahi adina luze, halere. Gentzanek ohera joan behar zuen, biharamunean goiz samar jaikitzeko.
Neba-arrebek zenbait euskal kantu ere abestu zuten, «Alostorrea», «Beterretxen kantoria», eta abar.
Nik ezin lagundu. Musika kontuetarako astoak baino belarri gozagaitzagoak ditut.
Haiek bai, ordea, ongi kantatu bi doinutan!
Gentzane! Gero eta ederrago —oso ederra ez bazen ere— aurkitzen nuen. Ez nizkion ikusten beste neskatxa askorengan hain nabarmen diren arintasuna eta snobismoa. Egunaren zikinak ikutu gabeko goiztiria zirudien.
Izurri berria |