www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Beste zenbat itzulpen
Jose Antonio Uriarte
1857-1866, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

RUTEN LIBURUBA

 

LELENGO KAPITULUBA

        1. Juez baten egunetan, juezak Israel gobernetan ebenian, izan zan gosete andi bat lurrian. Eta Judako Belengo gizon bat juan zan Moabko lurrera arrotza legez bizitera bere emazte, eta seme bigaz.

        2. Bere izena zan Elimelek, eta bere emaztiarena Noemi: eta seme bijena, batarena Mahalon eta bestiarena Zelion, Judako Belengo Efratarrak. Eta sarturik Moabko lurrian, an bizi ziran.

        3. Eta il zan Elimelek Noemiren senarra, eta gelditu zan Noemi bere semiakaz:

        4. Zeintzubek ezkondu ziran Moabko neskatillakaz, zeintzubetatik batari eritxan Orfa, eta bestiari Rut. Eta bizi izan ziran an amar urtian.

        5. Eta bijak il ziran, au da, Mahalon eta Zelion: eta gelditu zan Noemi seme bijak eta senarra bagarik.

        6. Eta erabagi eban Moabko lurretik bere errira biurtutia bere erreñ bijakaz: entzun ebalako esaten, Jaunak biurtu zituzala begijak bere erriruntz, eta zer jan emon eutsela.

        7. Urten eban bada arrotza legez bizi izan zan lekutik erreñ bijakaz: eta Judako lurrera biurtuteko bidian eguanian,

        8. Esan eutsen: Zuaze zuen amen etxeetara; Jaunak egin dagijala errukija zubekaz, zubek egin zenduben legez illakaz eta nigaz.

        9. Atsegiña aurkitu eragin dagizubela, adu onak emoten deutsubezan senarren etxeetan. Eta laztandu zituzan. Eurak jasorik boza, asi ziran negar egiten,

        10. Eta esaten: Zugaz juango gara zure errira.

        11. Zeintzubei Noemik erantzun eutsen: Biurtu zaiteze, ene alabak, zegaitik zatoze nigaz? Seme geijago al daukat nik neure sabelian, nigandik beste senar batzuk itxaron daikezubezan?

        12. Biurtu zaiteze, ene alabak, eta zuaze: zerren ni zartzaz amaituba nago, eta ez naz gauza matrimoniorako; eta gaur gabian seindun gelditu, eta semiak egin al banitu bere,

        13. Eta itxaron gura bazeuzkijue bere, ezkontzeko edadera eurak allegau ditezen artian, lenago zartuko zintzatekeze ezkondu baño. Ez egizube arren, ene alabak, onelakorik egin: zerren zuben naibagiak geituten dau niria, eta Jaunaren eskua dago jasorik nire kontra.

        14. Orduban eurak barriro asi ziran didarrez (sic) eta negarrez: Orfak laztandu eban bere amaginarreba, eta biurtu zan: Baña Rut gelditu zan bere amaginarrebagaz.

        15. Zeñi esan eutsan Noemik: Orra nun zure kuñatia biurtu dan bere errira eta bere jaungoikuak gana: zuaz beragaz.

        16. Rutek erantzun eban: Ez zakidaz geiyago jarki itxi zaidazan, eta juan nadin: zerren juango naz zuazan leku guztijetara: eta zu bizi zarian lekuban, ni bere biziko naz. Zure errija izango da nire errija, eta zure Jaungoikua izango da nire Jaungoikua.

        17. Zu ilten zarian lurrian, an ilgo naz ni bere: eta an eukiko dot nire sepulturako lekuba. Jangoikuak kastigau nagijala, erijotziak baño beste gauzak zugandik aldenduten banau.

        18. Ikusirik bada Noemik, Rutek ain gogo senduagaz erabagi ebala beragaz juatia, ez jakon geijago jarki nai, ez beriakgana juateko esan eutsan ezer.

        19. Eta bijak batera juan ziran, eta eldu ziran Belena. Sartu ziranian urijan, beriala zabaldu zan barrija guztijen artian: eta emakumiak esaten eben: Au da arako Noemi.

        20. Zeintzubei esan eutsen: Ez egidazube deitu Noemi (au da, ederra) ezpadabere deitu egidazube Mara (au da, mingotxa) zerren guztija dakijenak mingoztasunez guztiz bete nau.

        21. Urten neban beterik, eta Jaunak biurtueragin deust utsik. Zegaitik bada deituten deustazube Noemi, Jaunak umillau naben ezkero, eta Guztija daikianak naibagetu?

        22. Biurtu zan bada Noemi Rut Moabtar, bere erreñagaz arrotza legez bizi izan zan lurretik: eta eldu zan Belena, garagarrak ebagiten asten ziranian.

 

BIGARREN KAPITULUBA

        1. Eta Elimelek bere senarrak eukan senide bat, gizon altsua, eta guztiz aberatsa, Booz eritxana.

        2. Eta Rut Moabtarrak esan eutsan bere amagiñarrebari: Aginduten badeustazu, juango naz kanpora, eta batuko ditut garagar epallen eskuetatik iges egiten dabeen garagar burubak, arrera ona aurkituten dodan edozein lekutan, familijako guraso, niganako errukiorra agertuten danen bategan. Erantzun eutsan Noemik: Zuaz, ene alabia.

        3. Juan zan bada, eta batuten zituzan garagar burubak epallen ostetik. Eta ain zuzen, kanpo aren jaubia zan Booz, Elimelek-en senitartekua.

        4. Eta Ona nun Booz bera eldu zan Belendik, eta agur egin eutsen garagar epallai, esaten ebala: Jaungoikua izan dedilla zubekaz: eurak erantzun eutsen: Jaunak bedeinkatu zaizala.

        5. Eta esan eutsan Boozek, garagar epaillak zaintzen zituen mutil gaztiari: Zeñena da neskatilla au?

        6. Zeñi erantzun eutsan: Au da arako Moabtar, Noemigaz Moabko erritik etorri zana,

        7. Eta eskatu dau, itxi dakijola ibilten garagar epallen ostetik, geldituten diran garagar burubak batuten; eta goxetik orain artian dago kanpuan, une bakar baten bere, biurtu bagarik bere etxera.

        8. Esan eutsan orduban Boozek Ruti: Entzun egizu, ene alabia, ez zaite juan beste solotara garagar burubak batutera, eta ez zaite bere aldendu leku onetatik, ezpada ibilli zaite otsein neskatillakaz batera,

        9. Eta jarraitu egijezu garagarra ebagiten diarduben lekura: zerren agindu deutseet neure otsein mutillai, ez dedilla iñor ezetan sartu zugaz; baitabere egarrituko baziña, zuaz ornija daguan lekura, eta edan egizu, nire otsein mutillak bere, edaten dabeen uretik.

        10. Orduban Rutek makurturik arpegijaz lurreraño, agur andi bat egin eutsan, eta esan eban: Nundik eta nora niri, zure begijetan grazija aurkitu izateko, eta izanik ni emakume arrotz bat, nor nazan jakin gura izatia ontzat zuk eukiteko zorijontasun au?

        11. Zeñi berak erantzun eutsan: Kontau deuste zer egin dozun zure amagiñarrebiagaz zure senarra il jatsun ezkero; eta zelan itxi dituzun zure gurasuak, eta jaio ziñan errija, eta etorri zarian, len ezagututen ez zenduban errira.

        12. Jaunak emon dagizula zure egite orren sarija, eta artu dagizula aloger osua Israelgo Jaun eta Jaungoikuagandik, zeñegana etorri zarian, eta zeñen egen azpijan jarri zarian.

        13. Erantzun eutsan Rutek: Aurkitu dot grazija zure begijetan, ó neure Jauna, bada poztu nozu, eta berba egin dozu zure serbitzari onen bijotzera, zein ez dan zure otsein neskatilletatik bategaz bere bardinduteko duin.

        14. Eta Boozek esan eutsan: Bazkalduteko orduba danian, etorri zaite ona, eta jan egizu ogija, eta busti egizu zeure kopauba binagrian. Jarri zan bada garagar epallen albo baten, eta artu eban beretzat aijaren zati bat, eta jan eban, eta ase zan, eta sobrau zana gorde eban.

        15. Eta jagi zan andik garagar burubak batutera, oi eban legez. Eta Boozek agindu eutsen bere otsein mutillai, esaten ebala: Berak zubekaz garagarra ebagiten jardun nai badau bere, ez egijozube galerazo.

        16. Eta zuben eskumenetatik bere, itxi egijezube berariz jausten garagar buru batzubei, lurrian egonik, batu dagizan lotsa bagarik, eta batuten dituzanian ez begijo iñok agirakarik egin.

        17. Egon zan bada garagar burubak batuten kanpuan arratsalderaño: eta astindurik eta zigor bategaz jorik batu ebana, aurkitu eban garagar ephi baten neurrija legez, au da, iru modio.

        18. Eta arturik eurak, biurtu zan urira, eta erakutsi eutsazan bere amagiñarrebari: onezaz ganera atera eban, eta emon eutsan, bera aseta gelditu zan janaritik, sobrau jakona.

        19. Eta esan eutsan amagiñarrebiak: Nun ibilli zara gaur garagar burubak batuten, eta nun biar egin dozu? Bedeinkatuba izan dedilla zugaz errukija euki dabena. Eta adierazo eutsan nogaz biar egin eban, eta esan eutsan gizonaren izena, zeñi eritxan Booz.

        20. Eta Noemik erantzun eutsan: Jaungoikuak bedeinkatuba izan dedilla, bada bizijentzat euki eban borondate ona, axe bera dauka oraindik illentzat bere. Baitabere esan eban: Gizon ori gure senidia da.

        21. Eta Rutek esan eutsan: Baitabere agindu deust batu nadilla garagar epallakaz, garagarrak ebagiteko denporiak dirauben artian.

        22. Erantzun eutsan amagiñarrebiak: Oba da, ene alabia, juan zaitiala garagar burubak batutera bere otsein neskatillakaz: besteren baten garagar ondora juaten bazara, norbaitek galerazo ez dagizun garagar burubak batutia.

        23. Batu zan bada Boozen otsein neskatillakaz, eta ibilli zan eurakaz garagar buruben billa denpora guztijan, arik eta garagarrak eta garijak troxetan gorde zitubezan artian.

 

IRUGARREN KAPITULUBA

        1. Eta bere amagiñarrebagana biurtu ezkero entzun eutsan oni: Ene alabia, zuri atsegiña billatu biar deutsut, eta zu ondo izateko moduba egin biar dot.

        2. Booz ori, zeñen otsein neskatillakaz zabiltzan kanpuan, gure senidia da, eta gaur gabian axetuten dau garagarra bere larriñian.

        3. Garbitu zaite bada, eta igortzi, eta jantzi egizuz soñekorik oneenak, eta zuaz larriñera. Ez zaizala gizon orrek ikusi, jatia eta edatia amaituten daben artian.

        4. Eta lotara juaten danian, begiratu eikezu ondo zein lekutan lo egiten daben: eta juango zara, eta jasoko dozu bera estalduta daguan kapia oñen aldetik, eta etzungo zara, eta etzango zara an: eta berak esango deutsu zer egin biar dozun.

        5. Rutek erantzun eutsan: Egingo dot, aginduten deustazun guztija.

        6. Eta juan zan larriñera, eta egin eban amagiñarrebak agindu eutsan guztija.

        7. Eta Boozek jan eta edan ebanian, eta poztxubago gelditu zanian, eta juan zanian lotara eskumen meta baten ondora, eldu zan Rut ixiltxurik, eta jasorik kapia bere oñen aldetik, etzun zan.

        8. Eta orra nun gaberdijan iratzartu zan gizona ikaraturik eta izuturik, ikusirik emakume bat eguala etzunda bere oñetan.

        9. Eta Boozek esan eutsan: Zeñ zara? Eta berak erantzun eutsan: Rut zure menpekua naz: zabaldu egizu zure mantuba zure serbitzarijaren ganian, zerren nire senidia zara.

        10. Eta Boozek esan eutsan: Jaunak bedeinkatuba izan zaitiala, ene alabia, lengo zure ontasuna orainguagaz goitu dozulako: ez zarialako juan mutil gazte pobre, ez aberatsen billa.

        11. Ez egizu bada bildurrik euki, bada nik egingo dot zugaz, esaten deustazun guztija. Zegaitik eze, nire uriko ateen barruban bizi dan jente guztijak daki, zu zariala emakume birtutetsu bat.

        12. Ez dot ukatu bere egiten zure senidia nazala, baña badago ni baño urragokua dan beste bat.

        13. Atseden egizu gaur gabian; eta eguna argituten dabenian, berak nai badau zugaz gelditu senitasun urkuaren eskubidez, izan dedilla ordu onian: barriz arek gura ez badau, Jaungoikua bizi dan legez dirautsut, duda bagarik neuk artuko zaitudazala. Lo egizu goxera artian.

        14. Lo egin eban bada bere oñetan gaba igaro zan artian. Eta jagi zan, gizonak alkar ezagutu al euken baño lenago, eta Boozek esan eutsan: Begira ez dagijala iñok jakin ona etorri zariala.

        15. Baitabere esan eutsan: Zabaldu egizu mantuba, zeñegaz estalduten zarian, eta eldu egijozu esku bijakin. Rutek zabaldu eban, eta eukirik elduta, neurtu zituzan sei modio garagar, eta imiñi eutsazan ganian. Bera eurakaz kargauta sartu zan urijan,

        16. Eta juan zan bere amagiñarreba gana, zeñek esan eutsan: Zer egin dozu, ene alabia? Eta Rutek kontau eutsan, Boozek beragaitik egin eban guztija.

        17. Eta esan eban: Orra emen sei modio garagar emon deustazanak, esaten deustala: Ez dot gura biurtu zaitezala zeure amagiñarrebagana esku utsakaz.

        18. Eta Noemik esan eutsan: Itxaron egizu, ene alabia, ikusi dagigun artian zetan geldituten dan gauza au: zerren Booz da gizon bat, geldituko ez dana, esan dabena kunplidu artian.

 

LAUGARREN KAPITULUBA

        1. Igon eban bada Boozek uriko atera, eta jarri zan an. Eta ikusirik igaroten zala arako senidia, zeñegaitik berba egin dan goijan, deitu eutsan bere izenez, eta esan eutsan: Erdu ona puska baten, eta jarri zaite emen. Bera juan, eta jarri zan.

        2. Eta arturik Boozek uriko zarretatik amar gizon, esan eutseen: Jarri zaiteze emen.

        3. Jarri ziranian, esan eutsan bere senidiari: Noemi Moabko erritik biurtu danak, dauka salgei, Elimelek gure anaijiaren kanpuaren zati bat:

        4. Gura izan dot zuk au entzun dagizula, eta esan inguruban dagozan guztijen, eta neure erriko zarren aurrian. Gura baldin badozu zuk bere jaube izan senitasunaren eskubidez, erosi egizu, eta izan zaite bere jaube: barriz ori egin gura ezpadozu, adierazo egidazu, jakin dagidan zer egin biar dodan; ez daguan ezkero beste seniderik zu baño, zein zarian lelengua, eta ni bigarrena nazana.

        5. Eta Boozek esan eutsan: Erosten dozunian Noemiren kanpua, ezkondu bere biar zara Rut Moabtarragaz, zein izan zan bere senar zanaren emaztia, biztu eragiteko zure senide zanaren izenari bere herenzijan.

        6. Berak erantzun eban: Itxiten deutsat senitasunaren eskubidiari: zerren ez ditut nik amaitu biar neure familijako ondorenguak. Zuk artu, eta euki egizu nire eskubidia, zeñi borondate osuagaz itxiten deutsadala autortuten dot.

        7. Eguan Israelen senideen artian antxiñako usadijo bat, bakotxak itxiten eutsanian bestiari bere eskubidia, itxiera onek balijoko beban, kenduten eban arek bere oñetakua, eta emoten eutsan bere senidiari. Au zan zerbait itxiten zanaren ezagungarrija Israelen.

        8. Esan eutsan bada Boozek bere senidiari: Kendu egizu zure zapatia. Eta berak beriala kendu eban bere oñetik.

        9. Eta Boozek esan eutseen zarrai eta erri guztijari: Zuek zare gaur testigu, zelan egiten nazan Elimelenenak, eta Zelionenak, eta Mahalonenak izan ziran gauza guztijen jaube, emoten deustazala Noemik:

        10. Eta artuten dodala emaztetzat Rut Moabtar, Mahalon zanaren emazte izan zana, gizon il zanaren izena biztuteko bere herenzijan, amaitu ez dedin bere izena bere familijatik, anaiakgandik eta erritik. Zuek, diñot barriro, zare gauza onen testigu.

        11. Atian eguan erri guztijak, eta zarrak erantzun ebeen: Geu gara testigu. Jaunak egin dagijala, zure etxian sartuten dozun emakume ori, izan dedilla Rakel eta Lia lakua, zeintzubek egin eben Israelgo etxia; izan dedin birtutiaren ejenpluba Efratan, eta euki dagijan izen ospetsu bat Belenen:

        12. Eta izan bedi zure etxia Fares, Tamarren eta Judaren semearen etxia lakua, Jaunak emakume gazte ona gandik emon leuskizuzan ondorenguak gaitik.

        13. Artu eban bada Boozek Rut, eta ezkondu zan beragaz, eta bizi izan zan Rutegaz, eta Jaunak emon eutsan grazija seindun geldituteko, eta seme bat egiteko.

        14. Eta emakumiak esaten eutsen Noemiri: Bedeinkatuba izan dedilla Jauna, zeñek ez daben itxi, gelditu zedilla zure familija ondorengo bagarik, bere izenak iraun egijan Israelen;

        15. Euki dagizun zuk bere, nok poztu dagijan zure arimia, eta nok lagundu zure zartzan. Bada jaijo jatzu seme bat zeure erreñagandik, zeñek maite zaituzan, eta zuretzat askozaz obiago da, zazpi seme bazeunkaz baño.

        16. Noemik arturik umia, imiñi eban bere altzuan, egiten zituzala beragaz iñude baten eta umezain baten lanak.

        17. Eta bere auzuetako emakumiak poztuten zirala beragaz batera, esaten eben: Seme bat jaijo jako Noemiri, eta imiñi deutsen izena da Obed. Au izan zan Isairen aita, eta au izan zan Dabidena.

        18. Orra emen Faresen gizadijak. Faresgandik izan zan sortuba Esron,

        19. Errongandik izan zan sortuba Aram, Aramgandik izan zan sortuba Aminadab,

        20. Aminadabgandik izan zan sortuba Nahason, Nahasongandik izan zan sortuba Salmon,

        21. Salmongandik izan zan sortuba Booz, Boozgandik izan zan sortuba Obed,

        22. Obedgandik izan zan sortuba Isai, Isaigandik izan zan sortuba Dabid.

 

aurrekoa hurrengoa