BERTSO BERRIAK OBRERO KATOLIKOEN PEREGRINAZIOARI JARRIAK
(1894)
Milla zortzireun laroi ta amalau
urte kunplitu gabiak,
bere etorrera egiñ zigula
zeru ta lurren jabiak;
aurten Erroman izan ditugu
guztiz funtziyo grabiak,
oriyek ondo deklaratzeko
apenas gauden trebiak,
oraiñ badaude Juan Jose baño
ofiziale obiak.
Lurrian gure Bikariyua
Erroman Aita Santuba,
aurten orrera persona askok
izan du juntamentuba;
ondo egiñak geroko ere
badu aprobetxamentuba,
peregrinaziyo au onratzeko
artu det pensamentuba,
zeruko Aita, argitu zazu
nere entendimentuba.
Zenbait nagusi edo obrero
parte oriyen artian,
sendaleia bat aundiya egon da
juan dan asko urtian;
Españi ontan bakarrikan ez,
mundu guziko partian,
junta eder au pensatu dute
txit borondate fuertian,
sujetatzeko Aita Santubak
ematen duan kortian.
Disputa aundiyak ikusi dira
publikuan ta klaruan,
arriturikan egondu gera
gauza orri erreparuan;
gerra bizi bat iya sortu zan,
bai, nola emen naguan,
peregrinaziyo eder orrena
premi aundiya zeguan,
Aita Leonen enkargu ederrak
artu ditzagun goguan.
Gure Erromako Aita Santuba
mundu guziko buruba,
Valenciako Arzobispuak
dauka bigarren graduba;
Aita Leoni presente egiñ diyo:
«nai degu lege puruba»,
berialaxen kontestatu du
tokatzen zaion moduba,
danon partetik desiatzen diyet
osasuna eta zeruba.
Obrero askok segitu nai du
zortzi orduko lanian,
nagusi askok amabiyan nai
aientzat ondo danian;
gauza txarrikan pasa ez dediñ
gero denbora juanian,
Aita Santubak erabaki du
formalidade onian;
kontentu gera asunto ori
orretan dagoanian.
Obrero onak izan biar du
lana egiteko etsiya,
nagusi jaunak ondo pagatu
arturik pazientziya;
Aita Santubak errejistatu
du bere konzientziya,
ordenak eman diyon moduban
bota digu sententziya,
errespetatu nai badegu
orra konbenientziya.
Aita Santuba eta Arzobispua
bakoitza bere klasian,
beste ogei ta sei Obispo ere
Españiatik bazian;
apaiz, fraile eta jesuita
zenbat geiago nai zian,
goiko erreinuan glori ederrak
logratutzeko pozian,
tormentu-pian nork egon nai du
eternidade luzian?
Leialtadian juan zaizkiyo
Aita Relijiosuak,
beste batzuek bertatik eman
geren limosna gozuak;
moduba zuenak gastuak berak
nekiak eta pausuak,
borondatezko ofrenda oiek
dirade baliosuak,
obra onak egiñ, pagatuko'itu
gure Jaun amorosuak.
Juan zaizkiyo katoliko eta
bere ministro lagunak,
obra onetan enpliatzera
orduko gau eta egunak;
kristau fielak izanakgatik
leialak eta bigunak,
asko gerade alako gauzen
berririk ez dakigunak,
gutxi emana sentitzen degu
limosna egiñ degunak.
Erriyetako Parroko jaunak
ala ziguten agindu,
uste dedanez persona askok
karidadia egiñ du;
gutxi duenak asko eziñ eman,
lotsetan gera egondu,
borondatia izanagatik
boltsak ez digu lagundu,
geiago ere luzatuko zan
moduba eduki bagendu.
Mundu onetan aberatsa da
diru edo gauzaz jantziya,
pobriak ere bagaude eta
guretzat penitentziya;
eskas degunak askotxo gera,
batzuek abundantziya,
emen ez dago beste modurik
artzagun pazientziya,
al daneraño saiatu danak
libre du kontzientziya.
Erriyetako Parroko jaunak
jarririk adbertentziyak,
limosnak bildu, berak egiten
biar diran dilijentziyak;
itxasoz edo tren eta kotxez
jendezko abundantziyak,
obra oder orrek izango ditu
geroko inportantziyak,
beste munduan aprobetxatzen
dirade induljentziyak.
Amasei milla persona omen zan
Españia onetatikan,
bertakuena ez da ainbeste,
asko txit apartetikan;
parroko edo sazerdotiak
segitu dute platikan,
jendiak asko asistitu du
paraje askotatikan,
gorroto edo bizitza txarra
desterratziagatikan.
Gure lurreko Bikariyua
Leon amairugarrena,
karitatibo leiala franko
allegatu da orrena;
Aita San Pedro jarriya zuten
enplio orretan aurrena,
oraiñ zeruban portero dago,
sartu nai gaitu barrena,
guazenerako ez degu izango
bitartekorik txarrena.
Aita San Pedro persegituba
izanagatik orduban,
oraiñ gloriyak gozatzen dago
altueneko graduban;
eskubak eta oñak garbitu
anima aien moduban,
aren bizitza nola izan zan
iduki zagun buruban,
fediari eutsi ark bezela ta
sartuko gera zeruban.
Tronu ederrian presentatzeko
errezibimentu tokira,
kondiziyuak konprenditzeko
klaro itzegiñ nai dira;
berrogei milla persona omen zan
denbora artan begira,
biyotz gogorrak ere alakuan
laister bigundu oi dira,
izerdi edo malkua lasai
bota dutenak badira.
An izan dira suspiriyo ta
guztizko sentimentubak,
dudarik gabe egiñgo zituben
biyotzak mobimentubak;
katolikuak unitutzeko
esan du Aita Santubak,
ari alaxe agintzen diyola
bere ordenamentubak,
desuniyotik zer datorkigun
gerok atera kontubak.
Pakiak edo uniyo ederrak
baliyo digu munduban,
lenago ori egiñ bagendu
oraiñ mesede genduban,
Aita Leonen enkargu ederrak
artu ditzagun buruban,
bide onian segi dezagun
agintzen digun moduban,
orrentzat kalteik ez degu izango
eriotzako orduban.
Erroma degu danen buruba,
ori da fundaziyua,
Españiako guzientzako
bota du bendiziyua;
aren laguntzaz bentzi dezagun
etsaien tentaziyua,
fede onian segitutzeko
artu disposiziyua,
gauzarik prezisuena degu
animen salbaziyua.
Indar aundiko bendiziyua,
doai ederrez betia,
kabu gabia iduritzen
ark digun borondatia,
askok beiñik-beiñ disponitu du
ofrendarekiñ juatia,
txiki eta aundi limosna askok
izan biaio botia,
karidadiak zabalduko du
zeruetako atia.
Emen egiten baldin badegu
biyetarako du baliyo,
falta duenak pozikan artu
iñork ematen badiyo;
gaizki egiñentzat billatzen dira
txit asko erremediyo,
mundu onetan gauden artian
arreglatze'ira seriyo,
anima asko salbatutzen da
limosna dala mediyo.
Españiako gizon noble bi
bienabenturadubak,
aspaldiyan ondo dakitela
zer gusto duben zerubak,
edozeiñ moduz logratze'ez dira
orrenbesteko gradubak,
oiek dirala katolikuak
animatzeko modubak,
egun oietan deklaratu du
Leon guziyon burubak.
Juan de Avila eta Diego de Cádiz,
Españiako Santubak,
aien bidian segitutzeko
badaude eskarmentubak;
desanparatu okerrerako
datozen pensamentubak,
ez du baliyo galdutakuan
artzen dan sentimentubak,
oriyen ditxa logratutzekoz
oraiñ atera kontubak.
Aurten Erroman izan ditugu
funtziyo gustagarriyak,
kutsutu dira Españiako
probintzi eta erriyak;
an izan danak ikusi ditu
gauza goguangarriyak,
peregrinaziyo eder orren onran
euskeraz bertso berriyak,
Juan Jose Alkain Usurbilkuak
al dan moduban jarriyak.
|