 |
BERTSO BERRIAK LARRE-BEIENAK
Udarregi juan da
aurten Aralarra,
betizu arrapatzeko
nago gizon zarra,
zenbaitek adituta
egingo du farra,
pena det mingañian
ibilli biarra,
aurreneko jornada
ez genduen txarra.
Aurten gelditu zaizku
Aralarren beiak,
etzituzten aditzen
etxerako deiak,
eraman gaitu aiek
errenditu naiak,
ezin billaturikan
gure ibilliyak,
onekin alderdirik
ez du familiyak.
Bi gizon da zakurrak
erritikan artu,
Jose Maria Azurza,
D. Bizente Portu,
beste lagun batzuek
an zaizkigu sortu,
Aralarko mendiyak
bapo dira neurtu
orra arro banitzan
juiziyuan sartu.
Zaldibiyan dauzkagu
bi sozionista,
mendira egiten zuten
iñoiz errebista,
larre-ganaduakin
disgustua maiz-ta,
azienda gaiztua
gelditutzen gaitz-ta,
neonek dakit ondo,
probatuba naiz ta.
Zaldibira juanda
biyaramonian,
mendiz-mendi asi giñan
koraje onian,
sustantziyan biar da
alako lanian,
zerbaiten aitzekiya
bazan geienian,
ez ditugu ikusi
iru egunian.
Urte zar eguna zan
señaladamente,
banuen inguruban
makiña bat jente,
napar artzaitxo batek
eman zigun parte,
puntu artatik beiak
etzirala aparte,
ankak dantzatu ziran
aiek ikusi arte.
Salida egin degu
urte berri goizian,
zazpi gizon juan giñan
guztiko pozian,
beiak jarri ditugu
nai degun klasian,
balazua bezin zuzen
txit bide luzian,
baña kontrariyuak
guretzat bazian.
Beiak bota ditugu
nai degun mendia,
ustez egin genduen
aziyo grandia,
an fortunatu zaigu
Gaintzako kondia,
bi aldetara beiak
saltaka juan dia,
bapo izorratu du
orretxek jendia.
Beiak salto, guk segi,
zer dibersiyua!
ez nintzan nai orduko
araño iyua,
Ataungo aldera
urrengo saiua,
ni ez naiz fortunoso
mundura jaiua,
zori gaiztoz sortu zan
konde arraiua.
Mateo Garmendia
etzan apartian,
alegiña egin du
bere suertian,
ganadu agurua
guretzat kaltian,
baña segitzen ziyen
onradamentian,
ark batu ditu oiek
aitz-zulo batian.
Aitz-zulo orretara
laister giñan bildu,
zakurrak irrintziyaz,
guk ezin ixildu,
bati ezpañetatik
an ziyoten eldu,
ankaz gora botata
genduen uzkaldu,
alegiña egin gabez
ezta ezer galdu.
Bat bota genduen da
bestia aurrera,
zakurrak arengana
urrengo sarrera,
eldu ziyotenian
egin zuen kera,
ni ta Bizente Portu
abiyatu gera,
amildu egin zaizku
arkaitzetik bera.
Amilduta osin-zulo
batera sartu zian,
luzaro egon gabe
laiste irten zian,
txala igesi zijuan,
gu berriz atzian,
ikusitzen genduen
noizik bakoitzian,
ura sentimentuba
nere biyotzian!
Eguna pasa degu
txit neke aundiyan,
tabernaz aukerarik
eztago mendiyan,
laiste giñaden zerbait
pentsatzeko gaian,
aulduta jarri gera
alimentu naian,
gauba pasa genduen
Ataungo Aian.
Gau ura pasa nuen
oso penatuba,
txala bere salletik
abandonatuba,
betiko gelditu naiz
eskarmentatuba,
sopa eta ura zan
gure alimentuba,
amalauna errial
genduben kontuba.
Ango ostalariyak
baloriak ditu,
gauza gutxitxorekin
dirua du bitu,
paraje garestira
degu akuditu,
gure kuarto apurrak
laiste ziran aitu,
Ataungo atsu orrek
zikiatu gaitu.
Beia agertu da baña
txal gaxua galdu,
esanda ere zenbaitek
sinistuko al du?
datozen kastiguai
biar zaie eldu,
leku aldatzera
genduen bialdu,
Naparruako Etxarrin
gero da azaldu.
Mateo Garmendia,
juan zan Etxarrira,
pozez zoraturikan
txalari begira,
berak ekarri zuen
andik Zaldibira,
Artikulara zuten
gero urrengo jira,
ezurrak berarikan
etorriyak dira.
Noizbait osatu zaizku
ganadu guziyak,
makiña bat funtziyo
gaude ikusiyak,
San Migeletan giñan
aldrebes asiyak,
geroztik izan dira
modu itxusiyak,
orain kontentu gera
Jaunari graziyak.
Orra bertsuak jarri
Udarregi gaztiak,
euskeraz eman ditu
bere albistiak,
ni konfesatu naiz ta
aditu bestiak,
erotu ote naizen
diyo emaztiak,
arrazoia daukala
deritzat tristiak.
|
 |