www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bizia garratza da
Jon Andoni Irazusta
1950, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bizia garratza da..., Jon Andoni Irazusta (Joseba Amundarainen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

—XVII—

 

        Zeñen egia dan mundu onetan zori onik ez dagoala. Atsekabeak atsekabearen atzetik. Bixentaren eskutitza Colombia bidean zijoala, Colombiatik beste bi zetozen beretzat. Karteroak neskameari, «Etxekoandre gaztearentzat», esan zionean, arritu zan. Andonirena ote zan ba? Bestela zeñena leikian? Neskameak, igo zanean baten ordez bi eraman zizkan. Biak Colombiakoak. Dardar jarri zan, eta bere amari esan zion gauza onik ez zala. Bat, garbi, olakoa; besteari antzik ez zion eman, emakumeak idatzia zala besterik. Amaren alboan exeri ta ia asnasik gabe olakoa iriki zuan Andonirena izango zalakoan. Nagusitako batena zan: «Gure etxekoandre agurgarria: Ez dakizu zenbaterañoko samintasuna daukadan zuri ondorengo egi au esateko. Andoni, guztiok ainbeste maite genduan Andoni, eranegun arratsean ill zan eta atzo elizkizunak egin geniozkan» (Bixenta korderik gabe erori zan. Amaren deadarrera etxekoak billdu ziran eta oiera eraman zuten.

Laixter pasa zitzaion. Bere anaiari mesedez irakurtzen jarraitzeko esan zion). «Osasunez ongiena zebillenean ezerezkeri batek eraman zuan. Zoritxarreko makina batean langille berri bati erakusten ari zala, arramaska bat egin zuan. Aintzakotzaz artu gabe, lanean jarraitu zun, bañan bigaramonean gaiztotu eta pasmoak jo zuan. Septizemia edo alakoarekin, al egiñ guztik ezertarako balio ez zutela, adixkide asko bere inguruan giñala, Jainkoaren besoetara joan zitzaigun. Nagusi guztien izenean esaten dizut zenbaterañoko nekea sortu zaigun. Andoni bezelako bat ez daukagu billaturik. Emen barrenen dijoakizun kartestalki au, aspalditxoan Andonik gure eskuetan utzia zeukan zuri bialtzekotan baldiñ illtzen ba zan. Emen, edo emendik edozein gauza nai ba zenduke, gogoz, sendikoak ba giñake bezelaxe, egingo dizugu. Bitartean jakin zazu zure oraingo samiña gurea dala».

        Zer egiten zuan ez zekiala, berak Andonirena ideki zuan. «Irudipenak, arrokeriak eta zipotzkeriak ekarri naute ontaraño. Emen dauden nere ezur oiek eraman ditzazu orrera gaur edo biar zurearen ondoan gure aberrin izan ditezen. Ez nuan uste orrenbeste maite ziñuanik. Andoni». Algara batean, marru bestean, samiñez eta pozez lertu bearrean, benetako eroa zirudin. «Andoni nolakoa zan ba nekian, bai. Au zan Andoni, orain betiko galdua. Gizajoa!»

        Beste eskutitza egun batzuetan aztua egon zan. Miren Orreaga, lekaimearena zala usandu izan ba zun lenago irikiko zuen. «Naiz ez ezagutu, nere adixkidea: Ez arritu orrela izentatzea, beste iñork itz egiñ ezin lezaizuken bezela itz egingo dizut eta. Ba dakit olatik idatzi dizuela ta Andoniren gertaeratzaz jantzia zaudela. Nagusi oiekin bein bañan geiagotan itz egin det gaixo zegonean eta gero elizkizunak antolatzeko, ta ez arritu nik jakitea. Lenengo, xinixtu zazu Jainkoaren ondoan dagola. Nik illtzen ikusi nuan eta an daukazute zuk eta zure bi seme-alabak laguntzallerik onena. Gero, jende mordoak billdu zirala elizkizun ederrenetakoetarako; iñork ez zuan uste ainbeste ezagun eta ainbeste maite zutenik zituala; izen ona utzita joan da. Nolatan tarte ortan azaldu nitzan? Nagusik ba zekien noizean bein gure etxera etortzen zala, eta gaixotu zanean iruditu zitzaioten izparringikoarekin batean guk jakin bear genduala. Bereala agertu nitzan ospitalera, eta etxera lotara bakarrik etortzen nitzala al egiña lagundu nion. Gure ezaguera nundikan zetorren jakingo dezu noski: Medellinera joan zanetikan. Andikan aurrera norbaitekin lasaitu bear eta neri esaten zizkidan denak. Nik gogoz artzen nuan bestela erotzeko zorin ikusten nualako. Pozik ba zeudezke: zuk maite zenduan ainbat berak maite ziñuan. Asieran bere kezka ta irudipenak ba zituan bañan laixter utzi zitun. Andik aurrera, zurekin garbitasunak nundikan asi ez zekiela joaten zitzaion denbora. Azkena esan zituan bi itzak oitxek izan ziran: "Ama... Bixenta...". Oso ona zan. Nexka beti zure ondoan izango dezu ta ez dago bildurrik; mutill orri erakutsi zaiozu aita beziñ ona izaten. Uste det asieran "adixkide" esan dizuanean oker ez nebillela. Ander eta Andoni andik etorri ziranean, zu ta ni alatsuk giñan elkarren berri asko jakin gabe. Orain, naiz nik borondatez utzia izan eta zuk eriotzak eramana, biok berdintsuk izatera etorri gera. Ez dago zer esanik, emen edozein gauza egin nai ba zenduke oso zure mendean naukazula nai dezuana egiteko. Agindu besterik ez daukazu. Bitartean eta gero, nere otoitz beroenak zu eta zure bi aurren aldez izango dira. Jainkoaren laguntzarekin, Miren Orreaga».

        Eskutitz ori Bixentak amar bider bata bestearen ondorean irakurri ez ba zuan, ezta batere ez zuan irakurri. Eziñ ase. Ain egokia iruditzen zitzaion. Gañera, orain beste alde batetik egia jakin zuan. Betirako zalantzak joan zitzaizkan. Bedeinkatua Andoni bakarrik Medellinera joan zan eguna! Eta bedeinkatua Miren Orreagak bezelako biotza duan emakumea!

        Andikan aurrera, Bixentaren burutazio guztia Andoniren ezurrak noiz eta nola ekarri zezazkian jakitea zan. Zeruk eta lurrak nastu zituan. Izparringiko adixkide aundiak, Mirenek eta olakoak garbi esan zizkaten. Baita ere garaia irixtean berak ezertarako joan bearrik ez zeukala. Berak denerako.

        Asteak joan ziran adixkideen bixitak zerbait arindu arte. Ez bere errikoak bakarrik, baizik Andoninekoak ere etorri zitzaizkan. Izketak alperrikakoak ziran. Emakume arren samiña ez zan berriketakin kentzekoa. Noizbait aztutzen joango zitzaion (bestela nola bizi?) bañan orduan Andoni biotzaren barruan sartua zeukan eta ez zegon alaitzerik. Illabete egin zuan etxean atera gabe. Lenengo atera zanean saletxe aldera artu zuan. Ez bat eta ez beste, bidean kapitana inguratu zitzaion, bañan Bixentak ain barrundik asarreturik esan zion: «Zoaz ortik, likixkeria». Kapitana ez zan geiago erri artan agertu.

 

aurrekoa hurrengoa