www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bizia garratza da
Jon Andoni Irazusta
1950, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bizia garratza da..., Jon Andoni Irazusta (Joseba Amundarainen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

—X—

 

        Medellingo sarreratan ostatu ordeko etxe batzuek ba dira, ingurutatik datozen nekazarik bere otorduk eta loak egiten dituztenak, atzekoaldeko ganbeletan abereak utzi ondorean. Bizitzeko, toki aiek bañan gutxigo gauza bat bakarrik: utsa. Gañera, aietan biltzen ziran Medellingo eskaleak eta beste batzuek biziro zuzenak ez ziranak. Batezere lo egitera.

        Illunabarra ezkero, edozein arratsaldetan etxe aietako batera zijoanak, ikusi zezakean agure zar bat baztar batean, zaldik eta mandoak bañan atzeraxeago, iñorkiñaren gañean etzanda, oialezko estali bat gañean zuala, lotan edo lozorroan argizkilla arte. Gabeko bost zentabo ordaintzen zituan oi arengatik; eta gero, ematen zioten zankotxo izena duan eltzekariarengatik (bezperan egin eta goizean berotutakoa) amabost zentabo. Gizonari arkakosoak, tximutxak eta gañerakoak batetik eta janari aulak bestetik irauten uzten ba zioten ez zan galesti. Argizkillarekin jeikitzen zanean, gizona bañan geiago sorgiña zirudin: estalia tolostatu, ganbelpean gordeta utzi, ta makilla baten laguntzarekin an joaten zan katedraleko zimitoriopera bidean bein bañan geiagotan exeriaz asnasa artzeko. Burua zurizka, bizarra zuria, sudurra medartua, belarrik obeki elbiaren egoak ziruditela, biziro okertua, lurreruntz begira bidean iñor ikusten ez zuala. Batak edo besteak bidean txanpon bat edo beste ematen zioten, eta noizbait zimitoriora irixten zan. An bere txoko jakiña zuan, ezkerretan sarrerako ate ondoan. Lurrean pikoxtu, eskua luzatu ta ler egiñ arte egoten zan. Iñork ez zuan xinixtuko, bañan ala zan: lotsak eta gaitzak Zubiburu artaraño eraman zuten. Ander Zubiburu uraxe zan.

        Ogeitalau orduko bakartasunean gizajoaren burua berotzen zan beti gauza batzuek oldozten. Soña zimitorioan eta burubiotzak bere errin. Luzarorako ez zegola antz ematen zion eta ordun eta gogo aundigoa sortzen zitzaion bere ama ikusterako; uraxe zirrikitu batetik ikusteagatik zeuzkan egun pixkak emango zituan. Alperrik, joateko gauza ez zan eta. Egunak eta egunak joan zitzaizkan eziñ erabakiz Andoniri idatziko ote zion, edo bestela Urabako lekaideeri edo naiz Barrankillako ermutarreri, eta lotsak ez zion uzten. Jakiñ izan ba zun zein egunetan Jainkoak eramango zuan, bezperarako batari edo besteari idatziko zion agertzeko esanaz... ain bakarrik, bakartasun izugarri artan ez illtzeagatik. Nolabait lertu bear eta bere amari idaztea erabaki zuan. Beta ba zeukan, eguarditik arratsalde erdiraño katedralera anima bat joaten ez zan eta.

        Milla bider asitako eskutitza ta beste millatan puskatutakoa. Beti, gaizki egiten zuala iruditzen zitzaion: asko esan nai, denak eziñ esan... lanak zeuzkan. Bazkalondo bateko garaiean an zeuzkan lau orri idatzik eta beste ainbeste idazteko itxuran an ari zan. Ara lenengo orriaren asiera: «Nere amatxo maite maitearentzat eta nere arreba Kataliñentzat ere bai. Lenengo, barka zaidazue orrenbeste denboran ez idaztea. Ezagutzen nazute. Nere andregai bear zunari bere garaiean itz bat ez esateagatik galdu nuan, eta orain berriz ez mintzatzeagatik zuek ia galdu zaituztet. Arren da arren, amatxo, zure barkapena. Benetan damu det. Nastua ibilli naiz eta errez al zan gauzak zuzen egitea? Toki gogorretan ibilli naiz. Edozein aspertzeko diñakoak. Emendik aurrera ez det lanik egingo». Geroxeago berriz: «Luzaro bizitzeko gogorik ez daukat eta uste det Jainko maiteak bere besoetara laixter eramango naula. Mundu au gauza pixka da ta ez da luzaro joango Bere aurrean guztiok elkar betirako ikusi gabe».

        Bostgarren orrin zijoala, bi lekaime azaldu ziran zimitoriopean katedralean sartzeko. Garai artan nor izan litekean arriturik Anderrek burua jaso zun, baita ondo luzatu ere ogi puska eman nai zion lekaime aietako batengana, «Grrr...» bezelako soñu bat eztarritik atera zitzaion eta saits batera zerraldo erori zan. Monjatxoak jasotzeko asmoetan inguratu ziran eta masusta koloreko arpegi ura ikusi zutenean bereala konturatu ziran biotzeko kolpe batek ill zuala. Nunbaitetik asi bear ta lekaimetako batek oraindik legortu gabeko orri idatzi berria jaso zun. Ala zion: «Guda madarikatu orrek sakabanatu ez ba giñun, nere Mirentxo Orreagarekin ezkonduko nitzan eta kito. Bañan apika emendik aurrera bearko det beñere bañan geiago Mirentxoren laguntza, neregatik otoitz egingo duala ziur nago ta. Baezpada esan zaiozue». Eskutitza irakurri zuanak, begik lertzeko zorin zabaldu, burua illdakoari jaso zion, eta garbi ezagutu zun Ander Zubiburu zala. Lekaimea belauniko erori zan; bi malko mardul ixuri zitzaizkan illaren musu gañera; ta bestea, zer gertatzen zan igarri gabe, bere ondoan belaunikatuta zeukala, mundu onetan leiken biotzkorrena asi zun: «Aita gurea zeruetan zaudena...»

        Mirenek illa ikusi zuanean ez zion Anderren itxurik eman. Milla bider bere ondoan igaro eta ez zuan ezagutuko, ain zartua ta galdua zegon. Gañera, nundik pentsatu bear zun Medellinen izango zala? Beste aldera berriz, aztua zeukan eta ez zuan beñere galderarik egingo Anderren aztarrenik ateratzeko. Anderrek bai, batbatean ezagutu zun. Bere biotz aulak ez zeukan indarrik orrelako kolpe bati irauteko. Ta ala joan zan.

        Gauzak ola izan oi dira. Iñork Mireni esan ba zion garai batean Ameriketara joango zala algarari emango zion. Bañan bera sartu zan tokiko lekaimeak erabaki zuten Ameriketan fundazio berri bat edo egitea, ta Miren beste batekin aukeratu zuten lan ortarako, maitekorra ta biotzkorra zala ta. Medellin edo Bogotan egiteko asmoa zuten. Gotzai jaunak eta adixkide batzuek egokiena bezela esaten zioten tokin. Medellinera egun batzuetarako bakarrik joan ziran, gero Bogotara jarraitzeko asmoetan. Eta egun oietantxe gertatu gertatu zana.

        Bereala Mirenek azalean zeuden paperak jaso zituan, gorde ta sakrixtira joan ziran zimitoriopean gizon bat nola illtzen ikusi zuten esatera. Egun artan bertan biali zizkion Anderren arrebari zer gertatu zan esanaz, zeñen beartsu ikusi zuan esan gabe.

 

aurrekoa hurrengoa