www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bizia garratza da
Jon Andoni Irazusta
1950, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bizia garratza da..., Jon Andoni Irazusta (Joseba Amundarainen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

—IV—

 

        Egunero ordulaurden bat erlejuk atzeratuaz iritxi ziran Cuba izena dun erkalaren parera. Zemaizkin ontziaren izena. Cuba ez zan agiri. Urrutitxo zegon. Bero aundia egiten zun, andik aurrera itxaso guztin izango zuenan antzekoa. Eta orduntxe lenengo azaldu zan bere gelatik kilkerra zulotik ateratzen dan bezela, emakume gazte, mardul, sendo, erdibeltz bat. Rumbak, guaratxak, kongak eta zambak dantzatzen eroa zirudin, bera bezelako beste beltz antzeko batek marakak jotzen zizkanean. Biek Cuba aldera begiratuaz, «Vivan los cubiches» deadar egiten zuten. Izardi patsetan, soñekoa blai, ler egiñ arte ez zan gelditu. Umeek artza tximuiri begiratzen dien bezela danborraren soñuarekin dantzatzen diranean, alaxe zeuden danak ingurun emakume ari begiratuaz. Alberto, Eduardo ta Rafael gogoz, pozik, txikitandik ikusitako gauza zuelako.

        —Arrateko ermita aurrean asiko balitzake apaizak zer esana izango luke, esan zion Zubiburuk ermutarrari.

        —Arrate ta Arrate ez diran tokitan ere, apaizak eta apaiz ez diranak zerbait esango lueke, erantzun zion.

        —Aizazu, Andoni; Bixenta ta Miren jarri ditzazu oituera oietara.

        —Ez litzake erreza izango. Ikusi utsarekin lotsatu egingo lirake eta berak nola dantzatu? Erdi beltz oiek gu bezelakoak ez dira, ta ori da dena. Guk eziñ ezagutu bere tokitakoentzat onak ala gaiztoak diran.

        Ondorean Haiti, Santo Domingo ta Puerto Rico pasa zituzten, aiek ere ikusi gabe. Ordun berriz PuertoRicotar neskatx dantzari bat agertu zitzaioten txokolateak eskeñiz. Dantzaria izatea ez zan arritzekoa toki bero oietan, geldirik egoteko obeak diranetan, denak dantzarik dira ta. Boleroa ta hamacaren tartean bizi dira; batean ez danean bestean; sendi onenetakoak ere sei urtetik aurrera dantza ikastoletara bialtzen dituzte. Arrigarria txokolateak zeukaten usaia, sudurrentzat goxoa ta aosapaiarentzat nazkagarria. Neskatxaren poltsako usaia. Pasmorik sortuko ez zutela ta jan egin zituzten. Albertok bolero bi jo zituan pianoan eta txokolateak neskatxak eta Rafaelek atorrak ongi busti zituzten dantzan.

        Ez Andoni ta ez Anderrek artean ez zuten Amerika ikusi. Arazo ortan ixtoritan ikasitako gauzak eta indianoren bat edo bestek esandakoak zekizkiten. Zebiltzan inguru aietara joan ziran aidanean Colon eta bere lagunak, gizonen artean lenengo aldiz. Apika goraxeago arrantzale euzkotarren batzuek izango ziran lenago iritxik, bai, bañan izena beñepein Colonek eta eraman zuten. Eta gañera lur aieri Colonen lagun baten izena ipiñi zioten aurrenengo mapa berak egin zualako; mapa ori Americo Vespucek egin zualako gaur Amerikak Amerika izena du. Aurrena joan ziran ontzi txiki aietako ardalla gogoratzen zitzaioten, eta Batezere ondorean joandakoena. Colonek kutsu antzera indio batzuek, luriton bat, lumak eta abar ekarri zituanean bereala agertu ziran mota guztitako jendeak joan naiean: an lekaide bat edo beste gure dotriña erakusteko asmoetan, an etxekalte guztik aberastutzeko gogoan, ez orain gureak lanera joaten diran bezela, baizik bestek, indio gizajoak urtetan irabazitako urreak lapurtzera, an gudari biotz gogorrak gero bere ondorengoari izen aundia utziko ziotenak Jainkoak daki zenbat indio ill zituelako, an emakume lastaira zikiñak gero etxekoandre aundik izango ziranak. Amerikan konkixta orrek bere akatsak ba ditu. Bat baño geiago eta aundik. Batezere Cuba ta Santo Domingon gogor egin ziranean eta andik konkixta zaleak Panama, Peru, Colombia ta Mexikora joaten asi ziranean. Euzkotarrak ez emen ziran urrun, ez. Beste batzuen artean an agertu zan Lope de Agirre, Perutikan, Amazonasen bera joan, itxasoz Venezuelaraño iritxi, Jainkoak dakin gaiztakerik egin, azkenean bereen eskuetan eriotza gogorra izateko. Azkenengo eguneraño bere alaba izan zuan aldamenean eta besteren mendean ez uzteagatik bere eskuz ill zuan. Amerika, Amerika... Asierako gauza asko aztu eta orain dagon lur ederra bakarrik erakutsi al baleike... Euzkotarrak urrun ez zirala jakiteko naikoa da garai artan edo garai artatik berta-xamar agertzen diran izenak ikustea: Ispizua, Arteaga, Mendoza, Eskibel eta eunka geiago; bañan ori beziñ egia da langilleak eta izen ona utzi zutenak oiek ainbat dirala: or daude Garai eta Mendozaren izenak betirako Arjentirari itxasik, or, gure errien izenak berberak dituztenak gure aurrekoak ipiñik, or, gure aberrin galdutakoak Ameriketan onenen tartean irauten dutenak, Arziniegas eta Marulanda bezela... Gauza oiek guztik bururatzen zitzaizkaten gure bi laguneri izurde ta arraiegalarin laguntzarekin zijoazen bitartean. Itxaso mardulean besterik ez zan agiri. Izurdeak jolasean alboan eta arraiegalarik, txikik, zillarrezkoak ziruditela, ontzi ondotik atera, egoan irurogei larogei metro joan eta an kaxpajo egiten zutenak. Gizonak burutazio aundik dauzkanean itz gutxi egiten du eta aiek biek ere ez zuten asko egiteko gogorik. Ontzitik ura besterik ikusten ez zan eta egia da besteren bearrik ez zuekatela. Begiz ez zuten ezer ikusten, buruaz bai... sendia... neskatxa... lagunak...

        Urrengo goizean Guadalupe ikusi zuten. Ameriketan lenengo lurra. Bi zelaien erditik sartzen zan itxasoaren beso bat, eta an bide luzean joango ziran Point-a-Pitren sartzeraño. Aldamenetako bi zelai aiek bai gauza ikusgarrik: orlegi bizia, lur leuna orlegia besterik ikusten ez zala, palmerak uraren ertzean jaioak, uretara ixpillura bezela begiratzen, Narciso Hipokreneko iturrin bezela, bere liraintasunarekin zoratuta, ezagun zuten aurrean Debako itxasoa ez zeukatela. Ortz garbi garbirik ba da. Eguzkia itxutzeko diñakoa. Uste gabean, Pointz-a-Pitre, Guadalupeko burua.

        Ontziaren saits batean, neke asko gabe igari, mutil koskor beltzak, txanpon eske. Ontzitik botatakoak urean jasotzen zituzten bati bakarrik ondora joaten utzi gabe. Siriako emakume gizen bat, bere senar izandakoaren diruk jasotzera zijoana, ari zan arreta izugarrin txanponak al zuan indar guztiarekin botatzen.

        —Zergatik indarrean botatzen dituzu?, galdetu zion Zubiburuk.

        —Ara, emen tiboroi asko da agi danez; mutill oiek axalean dabiltzan bitartean ez dira agiri; ondorago izan bear dute; eta ia txanponak ondorago joanda tiburoien bat agertzen dan mutilla muturrean duala.

        —Bai, zera! Gixajo oiek kupigarrik dira. Oiek ere anima ba dute.

        —Txanpon bat ez dute balio. Oiek emen gauza merkea dira.

        Guyanera zijoan prantses liraña aserretu zan eta Siriatar atso ura bera tiburoietara bota bear litzakela esaten zuan.

        Ontziaren beste saietsean kaia. Oraindik ez zan oso gelditu bañan an agertzen zan jende saill aundia. Denak elizan bañan geldigo gora begiratuaz, ez ezagunen bat agertuko zan zalantzan, baizik onelako ontzik illean iru bider bakarrik irixten ziralako eta berarentzat gauza ikusgarria zalako. Jende mordo beltz aren aurrean agiri zan gizon beltz apain bat. Uraxe bai beltza. Ia ia urdiña zirudin. Ginballa, soñeko ta oñetakoak beltzak; atorra, lepokoa ta galtzerdik zurik. Jaun aundiren bat izan bear zun.

        Albertok aguakate ta koko ura artzeko bere biziko gogoa zeukan, eta artarako lagunek azokara eraman zitun. Aietan laurek pozik artu zituzten. Zubiburuk eta Uriaurrek eztarrin pasatzen lanak. Gero, ibillin, ibillin besteak beziñ gogoz artuko zituzten, bai. Uriaurre baztarrak miatzen an ibilli zan. Edozein erri berri nolakoa zan jakiteko lenengo zerkausia ikusi bear zala esaten zun. Baita asmatu ere. Ango aragi erreusak, birikak, arrai erdi-ustelak ikusi zituanean bereala esan zun: «Emen aberats gutxi dago». Errin ikusmira bat egin ondorean laixter konturatu ziran Prantzian mendean zegon bidez dena prantsesa zala.

        Andik Martiniquera. Bestea beziñ prantses antzekoa. Kaiako langillen oporrarekin batera iritxi ziran. Ango plaza nagusin, eztia saltzen zan bar baten ingurun erlea ugari, bañan beltzen lagunak izan bear dute ta beltzek barrean aintzakotzaz ez zituzten artzen. Martiniquen okerrena Puerto Ricoko ta Santo Domingokoen agur egitea izan zan. Bere etxetara joateko «Cuba»tik atera ta beste ontzi txiki batean sartu bear zuten. Ango musu, besarkada ta agurrak gogoratzekoak ziran. Malkoen bat edo beste ere bai. Iñork ez zekin noiz eta nola bañan puerto ricotar dantzari arrek norbaiti ezpañak musura geitxo inguratu zizkan. Neskatxak esan ziona bakarrik entzun zan: «Ergela ez bestena; zeorrek aspaldin eman bear zidazun». Santo domingotar beltxari Uriaurrek esan zion diru asko irabazten ba zun ortzetarako erratztxorik ederrena bialiko ziola; eta beltxak, galtzen atzeko poltxikutik atereaz Uriaurrek ongi ezagutzen zuna erakutsi zion pantesiz beterik.

        Urrengo egunean Trinidaden ikusi zituztenak zertarako esan?. Aurrekotan prantsesa bezela an dena ingalandarra dala?; alkatraz esaten dioten egaztik ogei metrotik kaxpajo egiñaz arrantza zeñen egoki egiten duten Orinocok araño bialtzen ditun zakarretara biltzen diran arraietan?; ango beltzekin kontu bear dala, kaiatik ontzirañoko bitartean itz egiña bañan geiago eskatzen dutelako?; edari gozoak pixkat garratztutzeko Angostura an egiten dala?; Port of Spain-engatik eziñ asko geiago esan leike.

        Bigaramonean Venezuela. Caribe bete betean zijoazen. An gogoratzen zitzaizkaten aspaldi ainbeste bider irakurritakoak. An, nola Caribeko indioak gizon aragiaren zaleak zirala; an, piraten itxasoa zala; an, nola batak bestearekin burrukan urre asko zemaikien ontzik nola ondatu zituzten; an, nola gero guda bizin bizitzen ziran itxasoaren nagusi egin naiean; nola itxas ertzeko errik esku batetik bestera joaten ziran. Guztin tartean ingalandar Drakeren izena gogoratzen zitzaioten, eta ura ixtorira izen aundiarekin pasa dalako. Jainkoak dakin lapurretak eta ondamenak egin zituan eta alaz guztiz bere erregiñ zan Isabelek al zuan geiena goratu zuan. Nolatan? Itxasoaren nagusi egin zalako. Aietako batean ill ba zan iñor ez zan beretzaz gogoratuko, bañan irabazi zuan eta irabazten duanan atzetik guztik joaten dira. Asmatu ezkero goratu eta errun erori ezkero ondatu; ori da legea. Bi gizon berdiñetan bat ondatzen ba da ta bestea gauza berak eginda igotzen bada, lenengoa laixter aztua ta bestea santua. Beartsu ona, ezer ez; aberats lapurra, dena.

        Azkenik, ba zijoazen Colombiako lurrak ikustera. An agertu zan La Goajira, kilometrotan eta kilometrotan arkaitz utsa. An Santa Marta izena duan menditzarra, azpikoaldea orlegi biziz jantzia, erdia illuna eta gaiña edur zuriz estalia. Gezurra zirudin: ontzin ito bear zun beroa ta aurrekoaldean, sudurretan, edurra.

        Artan iritxi ziran Puerto Colombiara. Erri-koskor ergel bat, Barrankillaren kaia izatea besterik ez zuana. Andik Barrankillara 18 kilometro. Puerto Colombia ori itxasoaren sarrera batean dago. Sarrera biribilla. Iru kilometro bañan geiagoko zabalera. Lurretik itxasora kilometro bat bañan geiagoko zubi bat, gañean trena zula, zijoazen ontzik ustutzeko.

        —Emen gera, esan zion Zubiburuk Uriaurreri.

        —Bai, emen; nun gauden ezer asko ez dakigu ta.

 

aurrekoa hurrengoa