www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bizia garratza da
Jon Andoni Irazusta
1950, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bizia garratza da..., Jon Andoni Irazusta (Joseba Amundarainen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

—V—

 

        Beste iru lagunak, bata ernai lengusuk nun agertuko ote ziran eta besteak aberriko lurreri begira, mutuk zeuden.

        Nolako gozotasuna izan bear dun aspaldiñ ez ikusitako aberriaren lurra berriro ikustea! Aundia edo txikia, aberatsa edo beartsua, ona edo txarra... aberria. Jaiotetxea, begik alaitzeko besterik ez bezelakoa, ongiena ezagutzen ditugun eta ezagutzen gaituzten adixkideak, maitasunak, gorantzik, lenengo gure begik ikusitakoa, urruntasunak eta denborak itzaltzen ez duena... Argatik Eduardo ta Rafael zoraturik zeuden. Ogei etxe aien ondorean zer ikusten zuten ba?; lur orizka?; arte antzeko txaga ta sastrakak?; sasik; kaskardik suge gaiztoeenetakoak gordetzen dituztenak? Bai, zera! Aberria, ta Batezere aberri usaia.

        Bostak elkarrekin lurreratu ziran. Pozgarria izan zan ermutarraren lengusua zai egotea. Ondartzan zegon bar batean garardoa edan zuten, eta bai pozik bero gogor artan. Antxe antolatu zuten jarraipena, Eduardo ta Rafaelek Cartagenarako ta beste biak Bogotarako. Lenengoak autobusean, besteak ontzin Magdalenaren barrena, al zuten beziñ len, jan bear ba zuen irabazten asi bearra zeukaten da. Zori onez arratsalde artan bertan aterako zan «Pichincha» izena zun ontzia eta ez zitzaien gelditu betarik bazkaldu ta ermutarren sendia ikusi bestetarako.

        Parragarria izan zan Uriaurreri ostatun gertatua. Busti nai zula ta ortarako gelatxoa eskatu zun. Eman ziotenean pixkanbat arritu zan, bai, krixtalezko apaltxo baten gañean ainbeste ukendu, usai gozo, margo ta gañerakoak ikusi zitunean. Alakorik batean emakume bat ate joka:

        —Nor dago barrenen? Zer egiten du? Atera bereala nere senarrari ots egitea nai ez ba dezu.

        Uriaurrek erantzun zion:

        —Gauza ederra ikusi nai dezu, etxekoandre. Nagon bezela eziñ atera neike. Barkatu, bañan legortu eta jaztean aterako naiz.

        Gero jantokin ikusi zun emakume gaixo ura zarra zala, eta bere senarra errena, bi makuluren gañean zebillena, ez bera bañan gaztegoa.

        Arratsaldeko lauretan sartu ziran «Pichincha»-ra. Ermutarrek lagundu zioten. Aien agurrarekin batean galdu zuten aberri kutsua. Orduntxe iruditu zitzaioten Euzkadi urrutitxo zegola.

        Illunabarrean irten ziran. Ontziaren baporeak egiten zun txas!, txas!, txas!-ek lagunduko zioten uts egin gabe beste bost egunean. Gelak txikik. Ez zemaikien gauza aundirik, ez, bañan kutxa ta maletatxo erdiuts aiek naiko ziran bi gelatako lasaitasuna galtzeko. Gelak alakoak! Metro terdi zabalean, bi luzean eta beste bi goitik berara. Burnizko oiak motx xamarrak ankaluze aientzat. Eskumusuk garbitzeko txarro bat urarekin eta kaiku bat. Aizea nastutzeko tximixta indarrez zebillen tresnatxo bat. Atearen gañean leiotxoa, ibai aldera bestea. Biek eltxoak ez sartzeko sarez jantzita. Bigarren mallako bizitzan zijoazen. Bizitza artan, ontziaren bi aldetara gelak eta erdin jantokia. Atzekoaldean garbitasunerako tokia, ur arrearekin garbitu nai zuenarentzat. Aurrekoaldean alkik, bere aietan etzanda ibai, basamortu ta mendik ikusteko.

        Illundu zun. Ezer ez zan ikusten ontzitik kanpora. Apaltzera biltzeko ezkilla jo zuten, eta maiera inguratu ziran. Dena arrigarria: lagunak, janaria, bi motots luzeko neskame origorri zar bat... Andonik eta Anderrek aurrekoaldean zeukaten igali aundi bati begiratzen zioten, ikutu gabe.

        —Ez al zaizue gustatzen?, galdetu zioten neskameak.

        —Ez dakigu, oraindaño ez genduan ikusi ta.

        —Papaia izena du. Urdallerako oso ona ta gozoa da.

        Ala zan. Andik aurrera gogoz jaten zuten. Ez ain gogoz gañerakoak. Zancocho, eltzekaria zan; ura alakoa; yuka, arrakatxa, lursagarra, usaidun belarrak eta aragi puskatxar bat. Gero arrautza prejituk arrozarekin, ia eziñ janekoak, ezagutzen ez zuten koipe batekin egiñak ziralako; gaizki ebakitako aragia ta arekipe izeneko goxoa.

        Lenbailen jeiki eta aurreko alkitara joan ziran eltxo saillak ikusiko zituelakoan. Barrankillan ziotenez, an ziran anopheles izenekoak, malaria itxasten dutenak, stegomia fasciata, fiebre amarilla sortzen dutenak, jejen izena duten txiki txiki goikarri batzuek, besteak beltzak, odolez betetzean gorri antzekoak jartzen diranak. Bildurra, beti gertatzen dana, egia izango zana bañan aundigoa. Bide guztin ia ez zuten eltxorik ikusi.

        Urrengo goizean neskameak esnatu zitun argitxintan «tinto» eskañiaz. Goizetik ardoarekin ez zuten asi nai eta ezetz esan zioten. Gero jakin zuten «tinto» akeita beltzari esaten ziotela. Jeiki ta aurreko alkietara joan ziran. Uraxe bai gauza ikusgarria. Magdalena ibaia, toki batzuetan kilometro bat zabalekoa, ur motel arrea, ez bere erritan utzi zituzten erreka txixtor dantzarik bezelakoa. Ibai ertzean aldizka aldizka egazti ankaluze batzuek, garzak edo, zurik eta auts kolorekoak, arraia jateko egokiera noiz izango zuen zai, ateak nunai; luritoak erruz beti binaka; arrosa koloreko egazti aundi bat, lepo luzea, egoak geldirik, ibaiaren alde batetik bestera tximixtak egiñean. Dena ikusgarria. Basamortu illun ikaragarrik kilometrotan eta kilometrotan besterik ikusten ez zala bukaerarik gabeko zelai artan. Basamortuaren barrenen, esaten zuenez, putzu zabalak, eta an kaimanak, suge aundik urean gordeta aberen bat ura edatera inguratu arte, orduan kokotzetik eldu ta aberea edozein dala oñak lokatzetik eziñ azkatuz azkenean uraren barrura ito eta gero legorrean jan. Putzu ertz askotan manzanillo izena dun zugaitza, puzoni aundikoa, eurite aundinetan putzuko ura gañezka Magdalenara dijoanean ibaia bera puzonitzen duna kilometro bat bidean arrai guztia galtzeraño.

        —Zer esango ote lueke goiaztarrak au ikusi ezkero?, zion Anderrek.

        —Aizkora gogoratuko litzaieke. Aiek ez dakite basamortu ontan bidea irikitzeko aizkora bañan matxetea obea dala, aizkora besterik ez dute ezagutzen eta. Orratik, Brasilen erdi erdin dagon erri batek Goiaz izena du ta esan leike goiaztarren batek asiko zuala ta aizkoraz sartuko zala.

        —Bai, ta ura nor zan iñork ez daki. Konkixtadorea izan ba zan denak jakingo zuten zein zan eta nolako neketan ibillia zan: nola alde guztitatik eltxo, suge ta katamotzak sortzen zitzaizkan; nolako sukarra izan zuan; nola bere lagunak bidetan galtzen joan ziran; nola iltzen ziran zaldikin egiten zituzten zagik edateko ura gordetzeko; nola askotan gerrirañoko uretan sartzen ziran... eta abar. Dana dala, basamortuko bakartasun ori, illunpea, ixiltasuna ez dira neretzat.

        —Orratik bein sartu ta oitutzen danak ez emen du geiago ateratzeko gogorik izaten.

        —Ala izango da, bañan nai duenarentzat. Nere gogokoa gizonek apaindutako lurra da.

        Karnakeko elizak, Esfinjek eta Cheopsen piramideak izango lueke au jantzi ederrena, eta irurak beste antzeko batzuekin margo onenak basamortua alaitzeko. Dagon bezela, ezer ez. Buruz bakoitzak igarri nai duana. Baserritarrak esango lueken bezela: elusiok.

        Urrengo egunean iritxi ziran Zambranora. Ordu laurden batez aurretik «Pichincha»-ren txixtuak ots egin zioten zambranotarreri ba zijoala. Ontzia lurrera inguratu zanean, an ikusi zuten beste gauza berri bat geiago: ol zabal bat ontzitik lurrera jarri ta andik sartu zan mutill koskor talde bat, pardel, kutxa, ta ara zijoazenak zemaizkien trasteak jasotzera. Lurrean, lenengo errenkadan, neska mutillak, jantzi geiegi gabe, luritoak, egazti politak eta tximuk saltzen. Tartetan emakume batzuk, almojabanaz eta iukarekin egindako ogia zeramatela. Atzen, gañerako jendea, Point-a-Pitren bezelaxe ontzia ikustera zijoana. Gero, ibaitik amabost metrora, lenengo etxeak; erdin bat bi bizitzakoa, aldamenetan bat urdiña, bestea gorria eta beste amaika orizkak, denak bizitza bakarrekoak. Lenengoak ez gañerako guztik tellatu ordez eneak zeuzkaten (enea ori ibai artako belar luze gogor bat da). Atzerago, erria izan bear zun. Ingurutan basamortua. Ibaiaren beste aldean basamortua. Ander eta Andoni legorrera joan ziran nagik ateratzeko; ez ibiltzeagatik, bero izugarri artan zailla zan da. Andik ikusi zuten patxaran «Pichincha», bere bi tximinik ezker eskubitan zitula eta atzekoalden ol zabal aundikiko kurpilla urari bultzeaz ontzia ibiltzeko. Irugarren bizitzan, lenengo mallakoan, gelak erdin zeuden, eta ez bigarrenean bezela aldamenetan. Beian, irugarren bizitza, uretik metro batera; ura bezelako zikulusaltsarik ez da: an makina, an sukaldea, an bertako langilleak eta an irugarren mallako jendea. Naiz egunez eta naiz gabez an ikusten zan jendea amaketan etzanda lo, eltxoen bildur aundirik gabe. Antxe, bizitza artan, agiri ziran bi indio ruana luze batzuekin (kapusai antzekoak) jantzita, ille beltz, gogor, zutia, lepotik pitxiak zintzilika zituztela; an agiri zan ama bat bere bost aurrekin baxtar batean, an ume beltz bat bere aitaren belaunetan exerita, noizean bein «mojiko» esanez, aitak sudur motx artara inguratzen ziran eltxoak uxatzeko; langilleak kai lanean eta kapitana, patxarako nagusia, dena ikusten eta zer egin bear zan esaten, edo agintzen.

        «Pichincha»-ren ziztuak adierazi zioten ba zijoala, eta ala ontziratu ziran aurrekoaldeko alkitan exeritzeko.

        —Bogotan zer egin bear degun erabakitzen asi bearko degu orratik.

        —Bai, bañan nolakoa dan eta zertsu egin leiken ikusi arte... Oraindaño ikusi ditugunak bezelakoa ez al da izango. Eduardo eta Rafaelek ziotenez: «Bogotá es culta y se pasa sabroso».

        —Nolanai dala arkitektoren baten lantegin sartu bearko det nik laguntzalle bezela. Sartu beñepein.

        —Nik ori bera egin nezake legegizonen batekin, bañan txanpon batzuek azkar irabazteko izparringietan idaztea errezago izango det. Ikusten al dezu?: Nola ekarri bear nuan Bixenta?

        —Ezaguera aundiko mirabea.

        —Ez parrik egin, ala da ta.

        —Nola par egingo det ba, zuk Mirenengatik berdiñ egiten dezula uste bearko nuke ta?

        —Esango dizut ba bere ezagueraren itxurazko beste gauza bat. Azkenengo zenbakitan izparringik agertzen zuten laterri bateko nagusia neskatxa batekin dantzan. Neskatxaren bizkarra larru gorrin eta agurean eskuzabala neskatxaren bizkarrean. Eta ala zion: «Noiz parragarri gabiltzan ez degu beñere ezagutuko. Beti geok lasaitzeko diñako arrazoi koxkorren bat sortzen degu, eta tira. Gañera, langilleen gosea kentzeko ez zait iruditzen biderik onena».

        —Zoriontsua zu, maite dezun neskatxaren itzak gogoratu lezazkitzukena.

        Ontziko beste jendearekin itzik egin gabe igaro zituzten Barraca, petrolio ateratzen dan erria eta beste koskor batzuek. Bañan «Pichincha»-n jendea janda bizi zan eta Barrankillan artutako aragia bukatu zitzaiotenean, lur ertzeraño joan eta bei bat jaso zuten. Eta errez. Itxitura batean zazpi zortzi zeuden ortarako; bestela ontziratzerik ez zegon eta mutill bat jetxi zan soka luze bat eskuetan zuala; sokari mutur batean txilibixta egin, beste muturra andik pasa, ordun ura beiaren adarretara bota ta beia lotua; soka muturra ontzikoeri eman zioten, beia ibairaño arrastaka eraman ere bai eta an jaso zuten uretik ontzira ezer askotarako gauza ez zala. Berriro aragia ba zan.

        Baztar aietan ibilli ez danak beroa zer dan ez daki. Tropikoan itxasotik zenbat eta bertarago bero aundiagoa izaten da, bañan naiz ibaian gora lareun metro igo, mendi tartean sartzean, aize zantzurik gabe, itxas ertzean bañan berogo. Ito bearrekoa. Arriturik zeuden ontzia zemaikien gizonak zeñen egoki lana egiten zuten ikusita. Magdalenan, ainbeste lur daraman ibai ortan, ondartzak egun batetik bestera aldatzen dira, eta nun dauden ez da ikusten. Ontzirentzat bide jakiñik ez dago. Sumatu egin bear. Alakorik batean, «Pichincha»-ren ondo zabala ondartza baten gañean oieratuta gelditu zan. Orduan txalopa batean lau gizonek kable luze bat eraman zuten legorreraño, ura zugaitz aundi bati lotu ta kabrestantez atera zuen bere oietik. Lau oñeko ondoa bear eta ura billatzen lanak.

        Azkenetako egun batean arritu ziran: etzanda zegon mugarro baten gañean bi tortuga, eta atzetik kaiman bat, besteak arrautzak noiz ipiñiko zituen zai. Geroxeago, ibai erdiko ondartza aundi batean, bost metro luzeran izango zitun kaiman bat, aoa zabal zabalik, elbiz eta eltxoz noiz beteko zitzaion zai, aoa itxi ta motel motel ureratu zan.

        Europatik toki oietara joatean aldiero agertzen dira gauza ikusgarrik. Ander eta Andonik ez zuten asko uste gau artan bertan ikusi bear zutena. Gau illuna zan; kapitanak eta pilotoak ez zuten ausardirik izan illunpe artan jarraitzeko; ala, ontzia ur ertzera eraman zuten eta an egon zan gau guztin kable batez zugaitz bati lotuta. Ontziak lurra ez zun ikutzen; ontzitik lurrera kablea beste lokarririk ez zegon; eta ala ere bide bakar artatik armiarma txaxtarrak sartu ziran argitara millaka. Ixtanpatean ontzia armiarmaz josia agertu zan.

        Seigarren egunean iritxi ziran Puerto Lievanora. Andik amabi ordun igoko ziran Bogotara, naiz trenez naiz berebillez. Goizeko zortzik zirala, berebillez ekin zuten menditan gora, menditzar izugarri aien barrena. Lenbizi dena orlegi biziz jantzia, zugaitzak beti ostoz beteak dauden tokik, beti udara balitz bezela; gorago, kanpoa illuntzen, utzitako bezelakoak ez ziran ango landareak; azken aldera, garoa, eukaliptus, piñarik, soro soillen bat edo beste ta otza. Egun berean izan zituzten bero izugarrina ta otzik zitalena. Ala iritxi ziran La Sabanara, 2.640 metro itxasoa bañan gorago dagon zelai aundia. Eta an, zelai arren baztarrean, Bogota, bere argik ortze garbi dagoneko izarrak ziruditela.

        Ezin esan leike aize medar artan, otzak, erri-koskor bat izan balitz bezelako ixilltasunean, bi lagunen biotzak zer zioten. Ez ziran alai joan eta ez zeuden alaiago. Bat, kutxa ta maletakin gelditu zan kale erdin, bestea ostatu eske zijoan bitartean. lenengoa, betea. Andik, beste batera, eta berdiñ. Azkenean txoper batek eraman zitun izen aundiko ostatu txar batera.

        Urrengo goizean etxetik ateratzeakoan gertatu zitzaioten gauza xelebrea: Nagusiaren ordekoak galdetu zioten: «Mandan algo los Doctores?». Batak besteari begiratu ta esan zuten: «To!, ustez ixillik getozen eta norbaitek itz egindu emen». Gero, atetan, kale garbitzalle batek besteari: «Pues sí, Doctor; los conservadores están sobaos». «Alare, esan zuten, kale garbitzalleak gerala uste dute».

        Izparringi bat erosi zuten. Españako berririk ez. «Au dek gurea», esan zuten, eta ala arratsaldean joan zan Andoni izparringiko nagusiarengana.

        —Nagusi jauna?

        —Ni naiz.

        —Ara ba. Ni ola ta ola nator. Iñor ez det ezagutzen, dirurik ez det, jan bear eta izparringi ontan lanik izango ote nuken jakitera etorri naiz.

        —Zer lan?

        —Idazten.

        —Zer gaietan?

        —Edozein, politika ez dan bitartean.

        —Noiz asita?

        —Gaur bertan.

        —Ia ba; nai dezunean lenengo idazkia ekarri.

        Eta ala, aldi batean izparringi artan idatzi zun. Bertakoak idazle obeak eta ortan aberastutzerik ez zegon. Gañerakoan nagusi arrek Jainkoak dakin loxintxak egin zizkan.

        Ander ere arkitekto batekin oso ondo lanean asi zan.

        Sendi on baten etxean bizitzen jarri ziran. Iñork bekaitz izateko zorin ez, bañan ezta errukarri ere. Bogota zarrean, apaiza ta ezkilla ugari; gure lagunen erritan ere ba ziran, bañan angoak langillegoak ziruditen. Bañan itxura ori alde guztietan aldatzen ari da. Erri aundik aldin aundigoak dira, jendea mordoan eziñ sarturik bizi balitz bezela, zabaltzen, zabaltzen dijoaz, eta alde berri oietan ez apaizik eta ez ezkillarik ez da ikusten; gutxi. Bogota berrin orixe gertatzen zan. Etxeekin bezelaxe: alde zarrekoak, bizitza banakoak, eskalleak ez igotzeagatik an asnasa artzea zailla dalako, eta berrin bi ta iru ta amarrerañokoak bere aszensoreak dituztela. Jakiña dago Andoni ta Ander alde zarrean bizi zirala.

        Artan, Zubibururi bere arrebaren eskutitza etorri zitzaion. Itun gelditu zan. Uriaurrek igarri zion naigabea zula.

        —Zer dezu?, galdetu zion.

        —Zer deten? Begira zaiozu nere arrebak zer esaten diran, eta eskutitza eman zion.

        Uriaurrek laixter ikusi zun okerra. Mirentxo Orreaga irakurri ordurako. Arrebak zionez, «...joan dan astean etxeaurreko lekaimetara sartu zan. Lekaimeak pozik artu zuten, bañan erri guztin ori nolatan gertatu ote dan besterik ez dabill. Neskatxa on onetakoa, polita, guztik maite zuena ta batbatean monja. Gaixoak izango zun zerbait biotzean gordeta».

        —Zure itunak ez nau arritzen. Izatekoa da. An ziñala gertatzea okerragoa izango zan. Urrutin gauzak lenago aztutzen dira.

        —Ni an izan banitz ez zan gertatuko. Gaixoa!

        —Orain aztu beste zer egiñik ez dago. Apika ura dagon tokin egoteak asko lagunduko dizu.

        —Ala izango da bañan naigo nuke emen balegoke. Gaixoa!

        Lasaitzeko bide bat bakarrik ikusi zuan: arrebari erantzutea. Ogeitalau ordu lorik gabe egongo zan eskutitz ura egiten. Eziñ utzi. Esaten zizkan gauza guztik onoko onen ondorean zebiltzan: «Bai; biotzean gordeta zerbait ba zun. Ni niñun, nik bera deten bezela. Onezkero alperrik. Mirentxo gaixoa... zergatik itxo egin ez dit ba! Geiago itzuliko ez naizela usteko zun. Itxuraz pentsatua zegon: lenengo lantegia ipiñi bear nualako eta orain au, beregandik urrundu nai banu bezela. Zer egin bear zuan ba? Gaixoa!».

        Bi malko mardul ixuri zitzaizkan paperera. Bere arrebak ikustean zer gertatu zan ikasteko diñakoak.

 

aurrekoa hurrengoa