www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bizia garratza da
Jon Andoni Irazusta
1950, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bizia garratza da..., Jon Andoni Irazusta (Joseba Amundarainen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

—XI—

 

        Uriaurrek ola lanean ipintzeko zorin zeukan. Ez zitzaion ezertarako betik gelditzen. Nagusikin itz egitea zala, langilleak billatu, erosi bear zituan gauzen balioa jakin, berak egingo zituanarena zenbaki askoren ondorean erabaki; etxera joaten zanean ere buruan besterik ez zeukan. Ortan goikarri-xamarra zegon eta Bixenta aspertua zeukan. Zenbat bider esan zion: «Zurekin bizitzeagatik etorri nitzan eta ez naiz zurekin bizi». Andoni dirua irabaztearekin itxutua zegon eta erantzuten zionean lenengo dirua bear zutela esateko izaten zan. Bixenta bere senarrarekin sendi ezagunen batengana joan eta txokolatea edo tea artzeko ortxe nunbait, bañan bakarrik ibiltzeko gauza ez zan, jende arekin eziñ oitu zalako.

        Goiz batean, gosaltzen ari zan bitartean, Andonik izparringi bat aurrekoaldean zeukala, Medellingo berri bat irakurri zuan: «Atzo bazkalondoan, bi lekaime katedralean sartzera zijoazela, atetan zegon eskale zar bat illda erori zan. Bere paperak ziotenez, bere izena Ander Zubiburu». Andonik naigabe aundia izan zuan. Bixentari erakutsi zion eta bereala Medellinera joatea erabaki zuan. Egun batzuetan kanpoan izateko gauzak antolatu zitun eta amarretako egazkarin joan zan. Ibilli trixte asko egiña zan, bañan ura beziñ trixterik ez. Gogo bat bakarrik zeraman: gauza guztik sustraitik jakitea. Biotzak esaten zion lekaime aietako batek Miren Orreaga izan bear zuala. Amaika terditan Medellingo katedralean zegon. Zimitoriopeko baztarrak ongi ikusi zituan. «Emen ill uan», esaten zion bere buruari. Sakrixtira joan eta elizkizunak goizeko zazpita nola egin zizkaten jakin zuan. Meza entzuten bi lekaime bakarrik. Esan zioten bi lekaime aiek zein etxetan zeuden eta aietara joan zan. Naiz bazkaltzeko garaia izan, zilimoni askorik gabe atea iriki zioten.

        —Andoni Uriaurre naiz, Ander Zubibururekin Ameriketara etorri zan laguna.

        —Gizona!; zu zera beaz Andoni Uriaurre?

        —Bai, andrea. Zuetakon batek Miren Orreaga izan bear du.

        —Ni naiz, esan zuan arretik itz egindakoak.

        —Amaika bider Anderrek izentatua. Jakin det elizkizunetan izan zeratela ta biok bakarrik ziñatela.

        —Alaxe da. Nere erritarrari guk laguntzen ez ba genion nork joan bear zun? Gañera kanposantura joan gera bere ondorean. Gaur edo biar bere etxekoak ezurrak eraman naiko dituztela ta siñale garbi bat utzi nai genduan bere illobin gero zalantzarik ez izateko. Atzo bertan, sakrixtin gertaera esan ondorean argiñ batengana joan giñan eta illobirako arri bat erosi genion itz oiek altzairuz idaztekotan: «Zubiburu'tar Ander, Euzkaditik onera Jainkoaren besoetan bere anima uztera etorri zan. Goian bego».

        —Jainkoak ordainduko dizute. Jendeari erakusteko zuek bezelakoak bear dira. Eta Anderren gertaerak bai al dakizkitzute? Nun izan zan? Zer egin zuan? Nolatan etorri zan?

        —Ezertxoere ez dakigu. Bizi zanik ere ez genekigun. Zimitoriopean arkitu giñan gu biok, katedralean iñor ez eta otoitz batzuek egiteko garai onena zalako. Sartzerakoan, lurrean exerita idazten ari zan eskale batek, alakoxe «Grrr...» bat egin zuan eztarriarekin guri begi zabalez begiratuaz. Erori zan eta gu inguratu giñanerako illda zegon. Idazten ari zan paperean nere izena ikusi nuan eta bereala igarri nuan dena. Ander zan, Ander bere amari idazten azken gogo antzera. Ikusia zegon luzaro bizitzeko ez kemenik eta ez itxaropenik ez zeukala. Besterik ez dakigu. Orain zuk ikusi bearko dezu zerbait jakin ote leiken eta jakiten dezun ori ama-arrebari esatekoa ote dan.

        —Eskerrak arren da arren. Ez da errez izango nik ezer jakitea. Itxaropean geiago ez deala, gaur Anderren illobira joan ondorean Bogotara itzuliko naiz. Ola bat egin det bertako aberats batzuekin bazkunduta eta lanean asteko zorin oraintxe gaude.

        —Bakarrik bizi al zera?

        —Ezkondu nitzan. Nere erriko batekin.

        —Eta nolatan ekarri ez dezu?

        —Egia esateko, gaur goizeko berriak oso nastu nau ta ez negon ezertarako. Obe izan dala uste det gañera. Anderren illobiaren ondoan nere buruari galdetuko nion, aldamenean neukan Bixenta ura nik Anderri ain bero esaten nion ura bera ote zan. Ezkontzak akats asko ditu. Kanpoan daudenak sartu naiean, barrenen daudenak eziñ atera...

        —Zuek eta guk, esan zuan Miren lekaimeak, mundu pixkontako atsekabeak Jainkoari eskeñi bear dizkagu. Guztiri iruditzen zaigu gurea iñori gertatu ez zaiola. Orrek eta zer gertatuko zaigun bildurrak elbarritzen gaitu, eta gerta leiken ori geienean ez da gertatzen.

        —Nerea ondo gertatua dago.

        —Zer dezu ba?

        —Zer izango det. Etortzerako kapitan mingainluze batekin zerbait izan zun eta alabarekin etorri bearko zuala esan zidan. Etortzeko esan nion eta orain iruditzen zait kapitan ura eziñ aztu duala eta irudipen orrek nazka artuazi dit. Ez da arritzekoa: emakumeak lenengo izan duen gizona aztutzen dute azkena. Eta okerrena, alaba gaixo ori eziñ ikusi deala. Nere alaba bezela artzekotan, ondo ziñez, ekartzeko esan nion, eta gauzak ez dira izaten guk nai genduken bezela. Gauza baten atzetik elusioz beterik gabiltzanean, bidetako arantzak errezegi leuntzen ditugu. Ingalandarrez esan oi die oieri «wishful thinking» (gogoz edo desioz betetako oldozmenak).

        —Jainkoak lagunduko dizu. Zuk zintzoa izatea naikoa dezu. Bere eskuetan dena utzi zazu. Eta gaur bertan al zoaz?

        —Egazkaririk ba da bai. Bestela biar goiz goizean joan bearko det. Orain kanposantura noa. Bazkalondoan joan nai ba dezute, zuek esaten dirazuten ordurako an izango naiz eta Ander gizajoak izan dezala bere animatzaz gogoratzen danen bat.

        —Joango gera. Iruretan?

        —Iruretan.

        Anderrek ongi igarria zeukan Mirenen otoitzak uts egingo ez ziotela. Igarri ez zuena, Mirenekin batean illobi aurrean Andoni izango zala. Mirenekin topo egiteak asko lasaitu zuan Andoni. Andik aurrera, noizean bein norekin lasaialdi bat artua ba zeukan. Urrengo goizean egazkaria artu ta Bogotara joan zan.

        Iritxi zanean, Bixenta zerkausira aterea zan. Etxea utsik, umezai zeukaten nesga-koskor batek alde egin ziotelako. Etxe utsak barrunbea irauli zion. «Au dek nere etxea», esan zion bere buruari. Bixentari itxo egin gabe, olara joan zan. Etorria zala adierazteko maiaren gañean Medellinera eraman zuan pardeltxoa utzi zun.

 

aurrekoa hurrengoa