www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bizia garratza da
Jon Andoni Irazusta
1950, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bizia garratza da..., Jon Andoni Irazusta (Joseba Amundarainen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

—XVI—

 

        Andoniren ama beiñ bañan geiagotan bere errañaren etxera joan zan. Gajoak bere semearen berrik jakin nai zituan eta aztarren garbirik ez zuan ateratzen. Bixentak ezagutzen zuan egiak amagiarrebari atsekabe aundia emango ziola; ezagutzen zuan gañera Andoniren ama bere semearen alde jarriko zala, Batezere berak semearentzat zeukan itxutasunarekin, eta al egiña ixilldu egiten zan.

        Illunabar batean, beste guztietan bezela, an zetorren saletxetik muñatzean bera emakume eder bat, ez berez beziñ liraiña. Kamiora iritxi zanean, amagiarreba bere alabarekin zai zeukan.

        —Denak ba dakizkit, esan zion. Nere semea oso ona da, Bixenta. Ziur nago zure zurea dezula. Orain gizajoa bere lan goikarri oiekin nastuxamarra dabill eta baleike zuri beste gauza bat iruditzea. Bañan bereala xinixtuko dirazu egi egia esaten dizuala. Ongi entzun: Andoni seme bezela, zu alaba zaitut; biok berdiñ maite zaituztet; ez aztu gero zure amaren urrena, bigarren ama, egitazko ama, amak bezela maite zaituana, ni nazula.

        Bixenta besoetara joan zitzaion eta an egon ziran biak luzaro elkarri eantsita; eta alabarengatik izan ez ba zan aldi baterako ba zeuden. Emakume gaixo arrek ez zuan aspaldiñ alako alaitasunik izan. Ordun iruditzen zitzaion mundua ederra dala ta bizitzari eutsi egin bear zaiola.

        —Exur berrik dauzkat. Laixter amona izango zera. Andoniren semea edo alaba emen daramat.

        —Antz emana negon, musu bat emanaz esan zion. Berealaxe idatzi bear diot semeari. Zuk ezer ez esan. Neonek esango diot dena. Gañera esango diot zure gogoa litzakela mutilla ba da Andoni izatea ta nexka ba da nere izena ipintzea. Ondo al derizkiotzu?

        —Bai, ama, bai; au bezelako egunik ez nuan aspaldin izan.

        Bixentaren etxean exeri aldi bat egiñ ondorean, ama-alabak azkenengo trenean beren errira joan ziran.

        Ondorengo egunetan Bixentarentzat ixillik egotea errez al zan? Andoniri idatzi zizkan denak bere pozean, naiz Andonik erantzungo ez ziola jakin. Eta orduan, Jainkoak daki zergatik eta nola, buru barrunbeko gauzak orrelako mixterioak izaten dituztelako, batbatean bururatu zitzaion bere lagun txarraren eskutitzari zer egin ote zion. Asi zan billa bañan iñun ez zan agertzen. Zalantzarik ez zegon: Bogotako etxean aztua izango zuan. Ala gertatua ba zan nork Andoniri burutikan kendu kapitana aztua ez zeukala? Berriro, Bogotan egin zuan lez, ixilldu egin zion gertaera ori.

        Sei illabete ziran Bixenta jaiotetxera etorria zala. Zeñen egun zoragarria izan zuten mutill eder bat jaio zanean. Amagiarreba bereala agertu zan. Zionez, semearen arpegia berbera zuan. Bixentaren lenengo itzak, oitxek: «Esan zaiozue nere senarrari Uriaurre ta Ozama'tar Andoni jaio dala, eta orain, bera berandugo etorrita ere, ajolarik ez zaidala, bere irudia emen daukadala ta».

        Bixenta emakume sendo ta gordiña zan. Aurra egin ondorean, zilimoni gutxi. Irugarren egunerako jeiki zan, eta bostgarrenean bere bi aurrekin an igo zan saletxera, txorakeri ori egiten zualako etxeko guztik aserretu ondorean. Aur bat magalean eta bestea bularrean, an zegon luzaro Ameriketara begiratuaz, buruarekin bezela begiekin zerbait ikusiko balu bezela.

        Urrengo egunean senarrari idatzi zion: «Andoni, nere biotzeko senarra: Bi aurrek magalean dituala ez zenduke xinixtuko zeñen zori onean ari naizen zuri idazten. Gauza batek bakarrik ituntzen nau: zazpi illabete oietan zure eskutitz bat bakarrik ez izateak. Zer dezu Andoni? Itz egingo ba zenduke, ziur laixter alaituko ziñakela, bañan zure oldozmenak gorderik dauzkatzun bitartean nik eziñ ezer egin nezake. Askotan gogoratzen zait ongi ezagutzen ez nazualako kapitanaren irudipenak dituzula. Parragarria litzake. Zer esango ote zenduan nere emengo lagun zital batek orrera idatzi zirana ikusi ba zenduan?: ni zurekin ezkondua ez negolakoan nere billa errira etorri zala alargundu zanean; eta berak, lagun gaizto orrek, baezpada, nere aginduk egingo zituala. Ez, gizajoa, ez; Bixenta zurea bakarrik dala ta geiago beste iñorena izango ez dala ziur xinixtu lezazuke! Iru itz bakarrik esan zaizkidatzu, bañan aiek neri: "Osasunez ongi nago". Orduan, orain eta beti zuk ots egin zai egongo naiz. Ongi dakizu zure itz erdi bat naiko dedala egunik galdu gabe zuregana joateko. Zure zurea, musuz estaliz, Bixenta».

 

aurrekoa hurrengoa