www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bizia garratza da
Jon Andoni Irazusta
1950, 1991

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Bizia garratza da..., Jon Andoni Irazusta (Joseba Amundarainen edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

 

aurrekoa hurrengoa

—XIII—

 

        Deabrua beti ernai dago. Lagun baten bidez, Bixentak kapitanaren berrik izan zituan. Bere sendiak ezer ez zion esan, bañan adixkideak geienean bekaitzkor izaten dira ta lagun orrek adierazi zion. Zertarako? Bixentari zer on etorri zezaiokean berri aiek jakinda? Bañan adixkideari su ematea jaio zitzaion bere gogo okerrean. A!, adixkide on batek zenbat balio duan iñork ez daki! Argatik adixkide onari eutsi bear zaio biotz biotzez, amaren ondorengoa duala xinixtuz eta berarekin gauzak amarekin egingo lituzkean bezela egitekotan. Adixkide ona Jainkoak bialtzen digun aingerua da.

        Bixentari idatzi ziona ez zan onetakoa, baizik geienak bezelakoa. Bestela ez zizkan esango kapitana berriz errira etorri zala, Bixenta an zegolakoan; bera ikusteagatik bakarrik etorria zala; Andonirekin ezkondu gabe bizi zala esan ziotela; kapitana bera alargundu zanean Bixentaren eske etorria zala; eta Andonirekin ezkondu gabe zegoala jakin zuanean nola edo ala bere berrik jakiteko gogoa erakutsi zuala; ta berak, idazleak, gogoz laguntzen ziola... baezpada.

        Bixentari, egia esateko, nazka eman zion eta ez zuan erantzuteko asmorik. Orrek beste alde bat ba zuan: Andoniri esango ote zion ala ixillduko ote zan. Andoni zegon beziñ itxua egon ez ba zan, zalantzarik ez zegon: denak garbi esan; adixkide izeneko arren eskutitza erakutsi. Bañan Andoni zegon bezela, errez al zan?; zer irudituko zitzaion?; okerrenera ez al zuan joko? Lanak zeuzkan. Eta lenbaitlen erabaki bearra, Andonik egun batzuetan ixilldu zala ikustea okerrago izango zalako. Ixilltzea erabaki zuan.

        Goiz batean Andonik esan zion:

        —Zer soñeko dauzkaten edo ikusi bearko degu, biar United Statesera noa ta.

        Bixentak, ez dakigu ausardia nundik aterata, erantzupen ordeko bezela:

        —Ai zazu, Andoni: Ez ote litzake egoki ni ere illabete birako nere etxera joatea, nereak ikusi, beste gauza asko pixkat aztu...

        —Ba zoazteke nai dezun denbora guztirako.

        Berriz, askotan bezela, Bixentaren malkoak erruz erori ziran.

        —Iruditzen al zaizu ba zuk ots egiñ arte an egotea?

        —Egon, egon.

        Zalapartan, nolanai, Andonirentzat bi maleta ta besteentzat kutxa ta maleta antolatu zituzten. Urrengo egunean Barrankillara joan ziran. Ontziz, zemaikien trasteak egazkarirako geitxo pixatzen zuelako. Eskerrak ibai aundi arren inguruk ikuskarrik zirala, ortxe nunbaiteko joanera egin zuten. Andoniri berritzen zitzaizkan Anderrekin igo zaneko gertaerak. Bixentarentzat dana berria. Uraldea zijoan eta Barrankillara iru egunean iritxi ziran. Eta an, jakiña, kezka pixkatekin, ermutarretara. Egun gutxi barru Andoniren ontzia atera zan. Bixenta bere aurrarekin eta ermutarrak an zeuden kaian. Gure senar-emazteak ongixamar alegitu zituzten bere atsekabeak eta ermutarrak ez ziran konturatu egia zer zan, edo egia zenbaterañokoa ote zan beñepein. Bixentak negarra maramara egiten zuan. Ermutarretako batek, kupiturik, esaten zion:

        —Emakumea, zure buruari ez zaiozula eman orrelako tratorik. Senarra berriz ere etorriko da, zu ere bai, eta lenago bezelaxe biziko zerate.

        —Ori orrelakoa da, esan zuan Andonik.

        Andonik bakarrik zekian Bixentaren negarrak zer esan nai zuan. Ontzia irten zanean, emaztea ez zan gauza eskua jasotzeko ere. Andoni laixter barrenen ezkutatu zan, iñork malkoak ez ikusteagatik, ermutarren ustez.

        Beste astebete egongo zan Bixenta Barrankillan. Bere ontzia ere etorri zan. Berriz ermutarrak lagundu zioten. Colombiako gauzetatik beñere aztuko ez zitzaiona sendi uraxe zan. Jende ona, apala, biotzkorra...

 

aurrekoa hurrengoa