www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gazigozoak
Tomas Agirre, «Barrensoro»
1933

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gazigozoak, Agirre'tar Toma (Barrensoro). Verdes-Atxirika, 1933.

 

 

aurrekoa  

SILVIO PELLICO-REN BIOZKADAK

 

 

I

OÑAZEAN ZUTITASUN EDERRA!

 

        Solera-tik irten baño len, Maroncelli gizajoari barren-zaldar ikaragarri bat jayo zitzayon ezkerreko belaunburuan. Aurrenetik etzan jasan-eziñekoa oñazea; errenga ibili bearra bakarrik. Gerora, ordea, ezin erabilli ara ta ona burdiñezko lotukiak. Noizbeinik bakarrik irtetzen zan egurastera. Udazkeneko goiz batean nirekin atera nai izan zun. Edurrak zurizkatzen zitun bazterrak. Zorigaitzez besotik e'neramakin une batean, estapurut egiñik, ustegabean lurra jo zun. Tankatekoak biziki zitaldu zion belauneko miña. Zutik irauteko kemenik gabe lotu zan gajoa ta lasterka oeratu gendun. Gaitzaren gaiztotasuna oartzean, lotukiak kentzeko agindu zun osalariak. Arrezkero, egunetik-egunera gaiztotuz zijoan aunditasuna. Itxura erdiragarria, agian, belaunarena. Geroago ta oñazeak ziran zorrotzago.

        Etzeukan atsedenik ez ogean eta ez ogetik-at. Jeikitzeko edo ta ogean etzuteko igitu bearrean, artzen nion nik berna esku bigunez eta era berean zaindurik erabilli ta gogoko erara jarri. Aldaketa oek, orratio, bein baño geyagotan larrialdi illuna sorterazi zioten.

        Osagai guzietara jo zun osalariak. Izañak; erre-gayak; txatar busti ta legorrak. Etzan bigundu gaitza. Okerreragotu baizik. Naigabea bizitu. Erre ondoren, zornea zerion. Zauri beltz utsa biurtu zan aunditasun izugarria.

        Ni baño askozaz ere atsekabeagoa ta erukarriagoa zan Maroncelli. Ala ere, nork agertu noragiñokoa zan nire biozmiña! Adiskide maitearen ondoan, atsegarri zitzaidan gaxoa zaitzea. Argizaria sutan urtzen dan bezain lasterrean zijoan itzalduz bizitza ua. Oñaze-azpian biotz-urratuz oartu gizajoa ta adiskide onaren osasun-biderako ezin ezer egin. Jakin nik belaun ua etzala iñoiz sendatuko; ikusi errukarria eriotzaren zai buru-makur...; eta ezin ezer. Bere adorea ta gogo-zutitasuna ixillean aintzatu besterik ezin. Oi! Oldozkun oek nola erdibikatzen ziaten naigabe-miñez biotza!

 

* * *

 

        Zorigaitz ikaragarri oen pean ikusi izan ba-zenduten nere lagun ona bertsoak kantatuz, berritsu antzean itzegiñez...? Bere miñak neri izkutatu nairik zitun zinestu ezin leizken jolasak. Ordurako etziozkan urdallak bear bezela janariak urtzen; ezin zezakian lorik; eta argaltasunak eta indargetasunak zearo lurreratu zun. Noizpenka, ordea, barrengo adoreak arpegia bizikatzen zion eta ara ordun gajoa ni poztu ta argitu nairik.

        Eztira ager-errazak bederatzi illabeteen luzeran jasan bear izan zitun oñazeak. Azkenik osalariak epai-batzarrean batu ziran. Iritxi zan osalari-burua. Gaxoa astiro aztertu ondoren, besteak esana ontzat emanik atera zan. Bere iritzirik ez agertu nai. Ez esan nai gaitzak etzuala osabiderik.

        Geroxeago agertu zan espetxeko agintari nagosia ta, Maroncelli-rengana zuzenduz, onela mintzatu zan:

        —Osalari gurena ez da ausartu zure aurrean bere epaya azaltzen. Bearkizun anker bat entzuteko indarrik izango ez ote-zendun bildur baizan. Adorea ba-dezula erantzun diot nik.

        Maroncelli-k jaulki zun: —Onenbesteko oiñaze zulagarrien pean intxiritxo bat aotik atera gabe irautean, nere zutitasunaren naiko berri ba-dezakezutela deritzait. Osalariak agertu dun epaya...?

        —Bai, jauna, bai; ebakuntza. Ordea, zure indargetasuna oarturik, ezin ausartu. Zauden argaltasunean, jasango al-zenduke izterraren ebakitzea? Antola ondo buruzkatzen dezun galbidea.

        —Zer? Eriotza? Nola nai dan dala, zulakatzen nauten iltze zorrotz oen zulatua atertzen eztalarik, ez al-datorkit aurki eriotza?

        —Ala ba-derizkiozu, bereala gaztigatuko det Viena-ra zure naya. Betorkigula lenbailen ebakuntzarako baimena.

        —A! Beraz, ortarako ere baimen berezi baten bearra al-degu?

        —Bai, jauna.

        Zortzi egunen buruan eldu zitzaigun baimena. Areto zabalagora aldatu zuten gaxoa ta ni berakin batean juateko baimena eskatu zun. Nigana alderatuz jardetsi ere: —Ebakuntza bitartean il nindeke eta gitxienez nai nukeana da nere adiskide zoliaren besoetan azken-arnasa itzaltzea.

        Utzi ziaten sarbidea. Wrba, apaizak, eman ziozkan ikurtonak. Artean etziran iritxi ebalariak eta zai egon bear. Une larri artan olerki eder bat asmatuz eta oguziz eman zun astia Maroncelli-k. Ara emen olerki polita:

        «Noraño zuazte, Italia-ko aizetxo biguñak? Ez al-dezute egundo espetxeratu errukarriaren bekokia laztandu bear? Zenbat aldiz nabillen ni orrillari ta lorillari deika! Joanak dituk, ordea; eta etzekarkioe lotuari azkatasunik. Itunduz zoak Moravia-ko zerupean izadia. Eta ara ni, zorigaitzaren azpian, zinkurinka etengabe. Anbat uke aurki ba-letor egunsentiaren argiurratzea. Ordun nire senideak eta amak esku zoliz osatuko liatezkek zauriak. Laño-artetik len zetorkidan argi-txirrista, orra orain, zearo etena eta arresitu errukarria itxaropenaren izpirik gabe!»

        Eldu ziran noizpatean ebakitzalleak. Bi ziran. Etxekoa bat. Bizargiña. Ebaguntzaren baten bearrean, lenengoko eskubidea zeukana. Etzion iñori uzten zeregin ori. Viena-ko ikastetxeko ikasle gazte bat zan bestea. Ordurako aipatua. Jaurleak bialdua. Onek egin naiko zun ebaguntza. Ala ere besteak egianaren ikusle lotu bear izan zun.

        Oe-barrenetik bernak zintzilik zituala jarri zuten gaxoa. Nere besoetan eutsiz nedukala. Aiztoaren ibil-bidea ari-bilduz egin zioten belauna baño goraxeago. Asi zun lana ebakitzalleak. Lenengoz beatzaren sakoneragiñoko ebagia bira osoan. Alderatu zun alboetarantz azala ta zain tartean aiztoa barruratuz jarrai. Borborrean zerion odola. Ezurra zerratu zioten, azkenik.

        Bere berna gaiztuna zeramakitela barrundatu arte, etzuan tautik esan Maroncelli-k. Berna illari begiratu errukiora bialduz, ebalariagana zuzendu zan: —Arerio gaizto bategandik aldendu nazu ta eztakit nola ordaindu zure egite on-ona.

        Leyoan larrosa eder bat ageri zan ontzitxoan. Eta neri: —Ekaidazu, arren, larrosa ori.

        Eraman nion eta ebalariari eskeñiz esan zion: —Nere eskarraren adibidetzat ez daukat auxe besterik. Torizu arren.

        Artu zun onek larrosa. Baita malkoak, eutsi-eziñez, oparo ixuri ere.

 

 

II

BIOTZAREN URREA!

 

        Nere egurastoki polittaren ondoan bizi zan espetxeko agintari-burua. Aurrez-aurre, berriz, gudarien buruzagi bat. Ayen bizitokietatik norbait atera orduko, aringa aulkitik zutiturik, urreratzen nintzan. Maite-itzen egarri izan. Erruki-tantak milikatu nai gogoak. Biotza gozatzen bai-ziaten itz bigunak.

        Agintari burukoaren emaztea barrengo gaitzak joa zebillen aintzinatik. Egunetik egunera argizaria bezela urtuz zijoan gaxoa. Gurpildun esku-oe batean ateratzen zuten noiz-edo-bein. Nere bizitza urratuari gengozkion geyenean. Berdingabeko zorigaiztoatzaz mintzatzean, negarrari ekiten zion. Errukiak biotza ukitzen. Izakera zolia zan emakume arena. Begi beltz gozo ikaratiak zitun. Usakumearen gisan bildurrikarak bigunki atzemana. Ala-ta-ere ba-zekin, itzegitean, goiko soin-erdia oetik niganatuz, biziki mintzatzen.

        Bein batean esan nion: —Zure arpegi ori ikustean, nere aldi bateko laguntxo zoragarri bat datorkit gogora. Biozki maitatu nuana.

        Urresagarraren gorriz sutu zizaizkon matrail zurbillak. Samurki ta bear bezelako itzalez erantzun zidan: —Laster obiratuko naute. Ez bedi atertu an zure niganako oroitzapena. Egingo al-dezu nizaz otoi ta, batez ere, emen utzi bear ditudan aingerutxo-oetzaz?

        Etzan arrezkero irten emakume gaxoa. Gaitzak zearo gainditu zun ordurako. Illabete batzuen luzeran erdi-itzaliz ibilli ondoren, oro itzali zan aren bizitz-argia. Etzan geyago agertu nere agurastaldietara. Jaungoikoarengan beza betiko atsedena.

        Iru aurtxo utzi zitun Cupido-ren antzekoak irurak. Bularrekoa oraindio laugarena. Il baño len alkarrekin mintzatuz geundela, aurtxoak urreratzean, maiteki besarkatzen zitun eta nereganatuz esan ere: —Nor izango ote-dute errukarri oek amazurtz? Urrikal bedi Jaungoikoa. Amaren biotz samurra izan ez arren, sabel biguna beza beintzat ume gaxoentzat. Zaintzalle ernea bedi, beintzat.

        Malko-zidarrak dizdazatzen ziozkan bigi-niniak olakoetan andere doakabeari.

        Ama galdu zuten ezkeroz, sarritan jolasten ziran umetxoak nerekin. Beso-artean estutzen nitun maiz eta baita amagandik ikasitako otoya esan-arazi ere. Ontan, ordea, nere gogoetak ustegabean urrin egatzen ziran. Nere amarengana. Goraintzi paregabea! Zenbat aldiz otoya nitzaz zeruratzen ote-zun! Ara nola margozten zidan irudipenak aren irudia. Eskuak alkarri egotziz Goikoari zotiñez arrenga: «Aurtxoak txikitandik galtzen ditun ama baño ere errukarriagoa naiz ni, semeak azi ta azkenik besoetatik indarka aldendu diozkaten ama!»

        Amonatxo bi izan zituen umeak amaren ordeko. Agintari nagusiaren ama bat. Aren izekoa bestea. Nere bizitzaren berri jakin nai ta edestu niezten gorabera illunak. Ainbeste zorigaitzen aurrean bularra joaz zioten: —Au gure zori zitala! Al gendukean guzia egin nai zure alde ta ezer ezin egin. Jakizu, ordea. Arresi oen tartetik irtetzen zeran egunean, gure biotza ere pozaren pozaz gañeztuko da.

        Lenengoz aitatu dedana nuan geyenean lagun. Gogoa zutiarazteko lako itzak ixurtzen zizkidan gogora zoliki. Etzien seme batek nik baño itzal andiagoaz entzungo. Biotzean josita lotzen zitzaizkidan aren esanak.

        Etziran, ez, iñoiz entzungabeak zesaizkidanak. Ez ninduen aspertzen ala ere. Ez, ez. Alaxen dijoakio Mayatzean lurrari intz xea. Ez duala zorigaitzak gizona dollorkatzen. Goratu bai; aintzatu bai; saindutu bai. Ai, Jaungoikoaren epai ezkutura iritxi al-ba-gindezke. Amaika bider ikusiko giñuzke eukitsuak eta aberatsak eta garaitzalleak, beste errukarri ta azpiratu zenbait baño berago ta zokondoago. Oñazearen eta zorigaitzaren laguntzalle degu beti Jaungoikoa. Kurutzearen azpian gizonkiro irautea da gizonarentzat aintzarik gorengoena. Galtzairua sutegian bezala, barriztatzen du miñak giza-biotza. Ayek ziran esanak amonatxo baten aorako!

 

* * *

 

        Orgatilletik arrastaka nerabiltzkin burdin-kateak, biziki minberatzen zidaten oin-gaña. Ugeldu beltza atera zidaten bira osoan. Loa kentzen zidan miñak. Osasunaren kaltezko. Schiller-ek birritan esan zidan agintari-buruari adierazteko lotuki aren bidegabekeria. Osalariaren betebearra zala ua kentzea.

        Ez nion lenengoz jaramonik egin. Gerora, ordea, miñak bearturik erakutsi nion osalariari nere oñeko zauria. Itxaro e'nuana erantzun zidan. Etzala artean nere osasuna ainbesteragiño auldu. E'neukala katea erabiltzea beste biderik.

        Erantzun onek gogo-barrena bai sutu. Baita esana damutu ere. Eta aserrearen esia zearo askatuz, Schiller-i jaulki nion: «Ara zer gertatu zaidan zure esanera ibiltzeagatik».

        Itz oek latzki jaurti nitun aotik. Schiller ere, ordea, lazkar utsa zan izatez eta kolko-barrengo zirimola laster atera zun. Onelan jaulki zidan berea: «Etzaizu, beraz, atsegin zure eskaria ezeztutzea, maite? Ezta neri ere iñoren arrokeriak eta lazkeriak jasatea».

        Eta giltzakaz burdin-ots ikaragarria egiñaz urrindu zan. Erdi-zoraturik utzi nindun. Bereala asi zan gogoa mintzo ixillez gogora: Gizonaren azal latzaren azpian ez al-da urrea ageri? Egi utsa jaulki didana. Zenbat bider amorrazioaren suak garabiltzianian, gogoaren indarra somatu genduana, ez da zitalkeri utsa besterik. Jatordukoan Kunda-k ekarri zizkidan janariak. Schiller, oi ez bezala, ate-ondoan tinkatu zan. Deitu nion. Eztaukat orain betarik —erantzun zidan itz legorrez.

        Jauzi ikaragarri batez, basakatuaren gisan, jarki nitzan aulkitik. Arengana urreratuz didarkatu neutson:

        —Nik ezer jatea nai ba-dezu, kendu egizu bekañeko zimur ori.

        —Nolako arpegia jarri bear dizut, bada? —erantzunez bekokia zerbait leundu zun.

        —Gizon on baten arpegia; adiskide baten tankera.

        —Tira, ba, tira. Jatorduak zuri on-egiteko, dantzan egin bear dedala ba-derizkiozu, oraintxe nozu dantzan.

        Esan eta egin. Zango luzeak gerriragiño jasoaz asi zan parrezka dantzatzen. Irri-karkara ugaldeka ixuri zan batbatean nere kolko-barrendik.

 

(AZKENA)

 

aurrekoa