www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gazigozoak
Tomas Agirre, «Barrensoro»
1933

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gazigozoak, Agirre'tar Toma (Barrensoro). Verdes-Atxirika, 1933.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LARRETXE-KO SORGIÑA!

(Irakurgaya)

 

        Ai; ene! Nori igesegin dautso agotik ustegabean itz gaiztoak? Ez al-dau oartu izleak entzuleen begietan dardaratu dan ikara? Ingurukoen gogoan bildurrikara larria sortarazi nai ezpa-dozue, uxatu arin ezpanetatik Larretxe-ko sorgiñaren izena. Beiñola aurraroan gure loaldiak amaika aldiz naigabetu zituan izena da. Lozorroa biziki laritzen euskuna. Olakoetan oñaze bizian eta biotz-neke zulagarrian ibilli oi dira ames-iduriak. Bereolan igitzen dira kezkapean larri Dostoiewsky aipatuak margozten ditun giza-irudiak.

        Ez al-dozue ikusi iñoiz Anboto-mendiaren babesean etxe zar bat, gaztelu zarpilkatua iduri? Ziklopeen eskuz arkaitz bizian zartaka eregia dirudi. Landugabeak ditu ormak. Bata bestearen gain orpoka jarriak arkaitzak. Noizpait guda-gaztelu izana. Gaur, ordea, larrak eta untzak ayen-luzeka janzten dautsoe bizkarra. Leyo-zurak eta ate-olak erdi-usteldu yakoz. Saretu dira oro leyondoetako leyarrak. Ekaitzaldian aizeak zirrituetan zinkurin dagi negarka. Saguzarrak eta armiarma-sareak dira marandioetan nagusi.

        Etxealde aberatsa izana da aintzina Larretxe. Artalde ugariak morrozten zituen negualdietan inguruko otadiak. Etxeburuko belardietan ere bei-talde ikusgarriak larratzen ziran zintzarriei dilindalan eragiñaz.

        Orra, ordea, zelan sartu zan etxepean zorigaitz izugarria ustegabe. Urtearen buruan etxeko biztanle guztiak makurtu eutsoen eriotzari burua. Batbatean joan ziran nagusia ta bost seme-alaba sendokoteak. A izan zan eriotzaren ostubear galgarria! Amona zarra bakarrik lotu zan etxean.

        Ba-zan arrezkero errialdean marmarra ta jarduna atergabe. Edesti bildurgarriak jalkitzen zituen errikoak or-emen urrekoai belarrira ixilka mintzoa ixuriz. Larretxe-ra urreratzean, gizon sendo ta bulartsuai ere biotz-taupadak etetzen yakezan batbatean. Zurrun tinkatzen ziran. Ezkerraldeko piñudia gaberdian zearkatzean, bidaztiak asperen ituna entzun ebala nunbait? Eleiz-dorrean ontzak auspo-otsa ta oyua egiela? Ixo! Au bildurra! Larretxe-ko sorgiña dabil erratz-gañean egazka. Sartu zadize arin etxebarrura. Zaindu zuen aurren loa. Atso gaizkilleak begiz jotzen dauna, urrengo egunean ilgo da. Txinpart gorriak argiztatzen ditue sorgiñaren begi-zuloak. Erne ezpa-zabiltze, gañera, ogean atzemango ditu umetxoak eta zanpatuko ere. Uuuu...! Au bildurra! Au ikara!

        Gabez Larretxe-ra zerbait urreratzen ausartu diranak entzun izan ditue, barriz, ots erdiragarriak! Pertz-ots; burruntzali-tangateko; ijiji ta iskanbil erogarriak. An biltzen baitira gau-jolasetara inguru areitako sorgin zar biurri ta tximadunak. An egosi ta maniatzen ditue laratz-pertzetan gizon eta emakumeak zorarazteko nastekari arrigarriak. An gaitzen ditue igortzkai ezaugabeak. Gaberdian kebidetik karrasika ta oyuka irtengo dira emakumeen eta umetxoen loaldiak kezkatuz.

        Egun batez, orratio, zentzunbakoarena izan zan nire txepelkeria. Mutilko zorabiatua nintzan, agian. Txorlkume bati arrika jarraiz, Larretxe-ko etxeazpira iritxi nintzan eroki. Errekondoko sarats ondoan kuzkurturik arri-koskorra jaurtitzeko zai nengoalarik, itzotsa entzun neban sorbalda-aldetik. Norbait ondoratu yatan nik oartu gabe. Itzuli neban burua. Zutundu nintzan. Aaa...! Larretxe-ko sorgiña! Aiztoz sabela urratu izan ba-leuste, e'neban biozpetik karrasi garratzagorik jaurtingo. Eztarrian ito yatan, ordea, mintzoa. Kordegabe erori nintzan eta buruaz lurra jo.

        Zoralditik esnatu nintzanean, Larretxe-ko oge bigun batean oartu neban nere burua. Jaugoikoaren izena! Sorgiña egokidan begira begi-erne. Begiak zabaldu ordukoxe, aurpegitxoan laztanduz, jaulki eustan:

        —Ez izan bildurrik, umetxo. Ez dautzut nik gaitzik egingo. Guzur uts dira erriko mingain gaiztoak ixurtzen dituen zitalkeriak.

        Au esanaz gero, katilutxo epel bat urreratu eustan ezpanetara. Larranbillo-ura zurrutatzeko agindu eustan. Zorabioak aldenarazteko egokia dala edari ori. Bildurrez gainditurik neukan artean gogoa. Joan zan, orratio, lengo larria. Ikusmiñak zirikatu nindun une aretan. Orra oartu nebana.

        Begi urdin ederrak zitun Larretxe-ko amonatxoak. Ez txingarrik begi-ninietan. Ezta ere surik begi-zuloetan. Are gutxiago, barriz, begiratu errerik. Artillea bezain zuri buruko illeak. Mataillak zurbil. Zimurrez zearkatuak. Astiro ta mintzo-dardarka mintzatu zan. Artu neban luzatu eustan katilutxoa ta bai aurki txukatu ere. Ixuri eutson, nunbait, atsotxu begikoak laranbillo-urari gozakia oparo. Izaten al-dabe, ba, sorgiñak edariak gozatzeko gokakirik? Bai, itxuraz. Biotz-onekoa iduri yatan Larretxe-ko amonatxo ortzgabea.

        Asia zan ordurako mendietan bera illunabarra jaisten. Eta burua ta mataillak esku zimurragaz laztanduz, esan eustan barriro atsotxuak:

        —Zoaz arin etxera eguna zearo illundu baño len. Kezkatuko litzakez zure etxekoak ara garairako elduko ezpa-ziña. Ez esan, orratio, iñori emen izan zaranik. Betiko galdua zarala usteko dabe, bestela. Ez sinestu or nitzaz esaten dituen biozgabekeriak. Ez dautsot egundo iñori kalterik egin. Ezta egingo ere. Ala ere, erriko biztanle guztiak biozki gorrotatzen nabe. Jaungoikoaren zigorra da. Bizitza latza nirea, benetan. Etorri zaitez nai dozun guztietan etxe onetara. Zure amonatxoak baño ere maitekigo zainduko zaitut. Maitasunaren egarri naiz, ba, eta gizadiak gorroto utsa itzultzen daust. Agur!

        Laño baltz lodiak txanoz jantzi eben garai aretan Anboto-mendiaren gandorra. Eleiz-torreko joaleak burdin-burunba geldia zabaldu eben erriaren gain. Gau-otoya entzun zan eleiza inguratzen deben etxeen tellatupeetan. Aurki asiko dira ontzak auspo-otska ta oyuka. Bereala dardartuko ditu aizealdiak ildegiko zugaitz jeikien adaburuak. Eta erriko biztanleak ao batez begi-ikaraka esango dabe: «Larretxe-ko sorgin gaizkillea dabil or egazka. Sartu gadizan etxebarrura. Zaindu daiguzan umetxoak». Eta giltzaz eta atagaz estutuko ditue atadiko ateak eta maratillaz leyoak.

 

(AZKENA)

 

aurrekoa hurrengoa