www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Gazigozoak
Tomas Agirre, «Barrensoro»
1933

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Gazigozoak, Agirre'tar Toma (Barrensoro). Verdes-Atxirika, 1933.

 

 

aurrekoa hurrengoa

I
GAZTELU ZURIKO ANDERETXOA

 

        Menditarteko zokondo zabal batean itxasaldera luzatuz doa Irizar. Uriaren biotzetik asko urrindu barik, itxasora bidean ezkerretera, gaztelu eder bat begiztatzen dau bidaztiak. Iru torre ditu. Zuriz jantziak irurak. Atetiko orma guztiak ere zuriaren zuriz, ez ete-dira edur-autsez zurizkatua? Orzkabietan, eguerdiko eguzkiaren galdapean, leyarrezko jauregia dirudi. Ainbesteraño dizdiztatzen da!

        Oraindik urte asko ez dirala, zaldun aberats bat iritxi zan urira. Oi, Irizar-eko atso berriketariak! Bai dozubezala min gaiztoak. Aterik ate atsoak iñoenez, dirutza izugarria ekarran zaldunak Amerika-tik Gizon baltzen salerosketan irabazia. Osasun barik etorran, ordea. An jasaniko zikoizkeriak eta baraurrak nolabaitan gozatu nairik eregi eban gaztelu zuria. Alarguna zan. Bere alaba bakarraz beste, ez eban lagunik. Zokokeriari zearo emana zan. Bakartia. Gazteluaren eskuiko dorre-goenean emon oi eban astia luzaroan eguzkiari ta itxasoari buruz. Gaitzak batpatean oro gainditu eban eta il zan.

        Aren alaba bakarrarentzat izan zan ondare ugaria. Loreti-rentzat. Umezurtz lotu zanez geroztik, amaika zaldun gazte igaroak ziran gaztelu zuriaren aurretik. Basakatua ollotegira sayets-biurrika urreratu oi danez. Zalantza bizian. Anderetxoaren biotza maitemindu nairik. Aren urre-metak aokada batean iretsiteko asmoz. Ba-ziran Madrid-tik bertatik joaniko zaldun garatuak ere.

        Izan ere gizon gosetienaren galea atsetzeko beste bai zan Loreti. Biotza eztenkatzako laingo ondasunak bai zitun soñean eta gogoan. Orzkarbiaren urdiña begietan. Kerexaren gorria ezpanetan. Urre-autsez bitxiztaturiko mataza bureztuntzat. Lerden eta garatu soña. Irribarreari esia askatzean, erion agotik leyar-bitxizko karkara zoragarria. Aspalditik, ondea, ez eban iñork aren aurpegiñoari irririk oartu. Ituntasunak oñazetua erabillan. Nundik sortu zan, bada, oñazearen iturria? Ixo, nire ezpanak! Edestiaren ariak asetuko dausku garayan jakinmiña.

        Bits utsa ziran, orratio, Loreti-ren gogoko ondasunen ondoan, soin-edertasunak. Usamukea bezain ikarati zan. Arkumetxoaren gisan garbi ta apal. Elizkoya, etxezalea, eskuzabala ta langillea. Etzebiltzan oker gai onetan Iritzar-ko atsoen min-artaziak.

        Gaztelu zurira agertu ziran zaldun arroak ezetz biribilla eruan eben. Urre dirdayak lilluraturik eruazala ara igarri nunbait Loreti-k? Edota bestela, arri-koskorren batez, ez ete-eban aldatu biotz-kuskua? Edozein andereñoren gogoa betetzeko adiñako mutil gazte yoriak azalduak ziran jauregiaren aurrera. Ala ere, ez eban iñork igitu Loreti-ren gogoa. Nork ezagutu emakumearen biotz-osiña? Nork igarri gaztien biozkadai?

        Ixo, ordea, irakurle. Ez nire ezkutua aizatu. Ezpai dau iñork ixilpekoaren barririk. Beronelaxen dirau autsontziaren barruko auspean txingarrak sutan, iñortxok oartu ere gabe. Ez, bada, orain aizatu, irakurle, nigandik urteniko ezkutua.

        Aintzinatik maitemiñaren gaitzak joa dabil Loreti-ren biotzondoa. Oñaze bizia dakartson gaitza. Ez izan bere maitasunak erantzunik maitearen gogoan. Mukerkeri orrek darakarkio aurpegira zurbiltasuna. Baita begiondoetako ugelduak ere. Bai ere, agian, gabeko esnaldiak.

        Bai al-da eguzkiaren bean ezkutu orren barririk daun gizonik? Bai; ba-da. Bat bakarra, ordea. Nor da orren besteko zorionaren jaube? Nor dala uste dozube Loreti gaxoaren adiskide bakan ori? Ara.

        Arritu zadize inguratzen nozuen sagasti zoragarriok. Ixildu nire alboan egotxoak igituz xirxirka ari zarien kirkirak. Eten egizue, txoriak, nire buruaren gañetik daruazuen ego-ukaldia. Geldi ta ixil guztiok. Ezpai dauste, bestela, sinestuko edesti arrigarri au.

        Aurki maldar-gora gaztelu-aldera atsanka ikusiko dogun agura zarpilkatu ta eskale zarkina da gaztelu zuriko ezkutuen jaube ixilla. Zelaiko ateondoetan eskalearen otoi-marmaria entzun orduko, artegatasunez egon eziñik dogu anderetxo maitemindua. Nork tinkarazi olakoetan Loreti-ren biotzean taupaka eroak?

        Onenbestekoz, asi gadizan, arilkaya eskupean dogularik, ari-mataza biurria egoki ariltzen.

 

aurrekoa hurrengoa